Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993

 

 

g. TCHAIKOVSKIREN PATETIKA

 

Oker nengoen.

Inor ez da hiltzen sexu ezagatik.

Amodio ezak akabatzen gaitu.

 

Sarritan bururatu zait

jadanik ez dagoela maite dezakedan inor,

maite nitzakeen guztiak hilik daudela

edo beste tokiren batean.

Zeinek daki non,

zeintzuk diren beren izenak?

Hala ere batzutan ikus ditzaket,

iluntasunaren aurka,

beren aurpegiak

aintzineko katedraletan,

argizarien argitan,

santuen irudi dirdilariak bezala.

Eta oroitzen naiz nola bizten genituen kandelak

—burnizko hesi artistikoaren aurrean belaunikatu baino lehen—

esperantzaren esperoan.

 

Badakit berbizieraz ditzakedala

xarmarien bitartez,

baina irudiak dira, iragankorrak.

Beraz, nork egingo nau errudun

benetazko gorputz bat

—besoetan laztandu dezakedana—

nahi izateagatik?

 

             Hori gabe

             ni neu ere

             gorputz gabea

             nintzateke.

 

Eta ez.

 

             Oheko burkoaren aurka

             bihotzaren taupada

             entzun dezaket,

             maindiren iluntasun pean

             neure haragia

             fereka dezaket...

 

baina lehor aurkitzen naiz,

iragarkietako plastikozko elurretan

etzana.

Heriotzaren agorra!

Desertua!

 

Behin gertakariz beteta

era orain hutsik dagoen

gelaren antza hartu dut.

 

Leihotik kanpoko sastrakaren polena

besterik ez datorkit,

haizeak gelako zoruan

hedaturiko hautsa.

 

Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993