Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993

 

 

i. CELINE

 

Le Pont Neuf gurutzatzen ikusi du

ilunabarrak,

istear dagoeneko

egunaren liburu lizuna.

 

Senaren beste ertzean gelditu da,

eserita aurrena, etzanda gero,

pobreziaren hamabost urteko alaba.

Notre Dameko dorreek

babesa emango diotelakoan,

bertan bizi bait dira, usoen urrumak kulunkaturiko

teilatu distiratsuaren pean,

Jainkoa, bere Ama eta bere santuak.

 

Nolabait badaki pobrezia ez dutela

inoiz deklaratu errugabe. Eta halere, halere,

luze begiratu dio eliz zaharrari.

 

Egunkari paper gainean zabaldu du

zakua.

Gaueko lotzarrak eman dio elkarrizketaren

argudioa eta orain bi mila urteko Palestinako

hareeta gorrien arteko presentzia xamurrak.

 

—Zer dezu, alaba? Esaidazu egia, egia hutsa.

 

Eta pobreziaren egia esaten hasi da neska.

Pobreziaren alaba omen da,

eguberriko oporretan hila.

Ordurako mila aldiz korritu ditu kaiak,

hainbat aldiz edan ditu, irritsez,

desioz, Rivoliko ametsak.

 

—Ile zikina daukat, Jauna,

belaun zikinak,

eta jertse lodi zikin honen azpian

txikiak bularrak.

 

Irribarrez begiratu dio Nazareteko Jaunak.

Badaki ez dela erromantzeetako heroia,

amodio historio sentibera

bateko liburuska. Badaki

izuak zitzelatu diola neskatxari

aurpegian daraman lilura,

haurra izango duela konturatu

berri den haurra dela.

 

—Baina...

 

Bapatean gizonezkoez bete da Sena eta Palestina

arteko eremu zolia.

 

Luzeak jakitunen irribarreak

eta luzeak fereka erosietara

ohituriko hatzaparrak.

Hareeta gorrira makurtu da palestiniarra,

hitz bitxien oihartzun

lurrean idatzitakoaren

uhara.

Jainkoari begira gelditu zaio neskatxa.

 

—Koltxoi gainean, ametsetan nengoen etorri zenean,

nire anai-arreben alboan, Jauna.

Hormaren aurka, zurrungaka, ama,

gure etxeko musikaren zitara.

 

—Pobreziaren haurra zarenez

eta pobrezia denez zure haurraren aita...

 

Banan banan urrundu dira gizonak.

Neskatxari bapatean zabaldu zaizkio begiak, argitu...

Hotzez esnatu da.

Gauaren horma hotzak

lapurtu dio ametsak eman ziezaiokeen

hitz ulerkorra.

 

Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993