|
Komediaren Jainkoa
j. LEHEN MINISTRARIAREN BISITA
Hiriko giltzak odol herdoiez zikindurik daude. Misiletatik erori berri dira lore kimikoak eta atera berriak urpeko nuklearretatik izurriteak dakartzaten arratoiak.
Haurraren oinhutsa dakusat miseriaren lurrean eta Somaliako udaren bihotza estututa neguaren jelateetan.
Gerraren hondakinak desertuko hareetetan, eta armen industriaren zaldunak zamalka historiaren bizkarrean.
Banda jotzen hasi da. «The bridge over the river Kwai» ezagutzen dut, eta The Beatlesen «Strawberry fields for ever». Marrubiak eta ibaia, zirko utopietako musika, herri guztiek dantzari ekin diezaioten maisu-zartaildunaren agintepean.
Askatasun askearen lilura jaso digute agintari zahar eta taratu horien banderetan,
Eman biezaiete «La Cravate de la Legion d'Honneur», baina jakin bezate hiriko giltzak, manejatzen dituztenen eskuetan, odoleztatuta gelditu direla.
Komediaren Jainkoa |