|
Komediaren Jainkoa
k. CENTRE GEORGE POMPIDOU: erroak eta musika
Pariseko hilabete hartan sarritan etorri zitzaigun, deika, heriotza. Guk, ezetz; musikaz beteta geundela eta, erroen magiak dirauen artean, salbatuta.
Centre Georges Pompidou. Arrastiria. Akordeoiak eta bi balalaika. Joseph, Andrei, Irma eta ni.
Aberri urrutiko bidean jarri ginen. Iristerakoan, hara han, kaleetan, politburoko idazkari nagusia, bandera artean desfïlea ikusten. Musika jo genion eta, katurik mitxinoena bailitzan, berehala genuen atzetik, soka batez lotuta, herri batetik bestera. Haiek zaharren festak, haiek emakume eta haurren algarak! Hiriburura iristear geundenean, ordea, gizon lodikote irribartsu bat agertu zitzaigun:
Zazpi bizitza dauzkat eta bihotza berrogeitamar izarrez osaturik. Satelitetatik ezagutzen ditut herriak eta, nahi izanez gero, robotikaren bitartez prestatzen aldaketak. Hona hemen nire tarifa: irribarreak nahi ditut egunero, —ongi—, esan zion politburoko idazkariak. topatzen ditudan edertasunak etxeratzeko eskubidea, —ongi— edertasunari larrujotzeko askatasuna, —ongi—
nire amuranteei xorien kantak eta errugabeen ametsak oparitzeko aukera, —ongi— eta nik egiten dudanarekiko adostasuna. —ongi, ongi, ongi, ados—.
Irribarrez utzi gintuen idazkariak lagun berriaren dezibelioen atzetik. «Live your life with Pepsi» zioen puxika izugarri batera igotzera gonbidatu zuen eta lurraldeari bira eta bira egin zioten. Baina laster ezer ez egiteaz aspertu egin zen idazkaria.
Ez zaitez kexu! Nahi izanez gero hemendik bota eta hil zintzaket! Gainera, behazazu, beha! Zure aulkian izarrak eta marrak jarri diren ezkeroztik herria dago jaiez.
—Dagoeneko ordea, ez dakit hori ote den nire herria. Ez dut ezagutzen. Zer egin dezaket?
—Zaude, zaude.
Hori esan eta bisitariak lur hartu ondoren, idazkaria puxika barruan utzi zuen. Haize bolada bortitz batek handik eraman zuen. Betirako.
Pariseko hilabete hartan sarritan etorri zitzaigun deika heriotza... eta guk, akordeoi eta balalaiken magiarekin ezetz.
Komediaren Jainkoa |