Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993

 

 

l. MARELLA

 

Oi, zuok, historiak maite dituzuenok

zatozte eta entzun Marellarena.

 

Bella Marella, udako arrastiri batez,

nire besoetan Bois de Boulogneko

zuhaixka baten atzean, etzanda

nire besoetan, garagardo eta Coca Cola

baten ondoan. Bella Marella eta ni

eta eguzkiaren islada batetan

gure ezkontz haren

lekuko bailitzan.

 

Egin itzazue Tour Eiffeleko argazkiak

eros itzazue inpresionisten postalak

moz itzazue Le Jardin de Fleurseko loreak

itxi itzazue etxeko ateak eta jalgi,

jalgi zaitezte Montmartreko kalbariora.

Hila bait da nire amodioa,

nazkaren nazkaz bota du

Senan bere burua.

 

Oi, zuok, historiak maite dituzuenok,

agian ezagutzen al duzue Marellaren mina?

Hamazazpi urte, eta hamazazpiak

urratuak, bruxa bakarra

gaueroko egurrezko oherako, parkean,

noizbehinkako janari orbainez

eta izerdi zaharrez

orbandua.

 

Egin itzazue Tour Eiffeleko argazkiak

eros itzazue inpresionisten postalak

moz itzazue Le Jardin des Fleurseko loreak

itxi itzazue etxeko ateak eta jalgi,

jalgi zaitezte Montmartreko kalbariora.

Hila bait da nire amodioa.

Nazkaren nazkaz bota du

Senan bere burua.

 

Eta enbatak jo du Sena

eta uhinek erauzi dituzte erroetatik

Eiffelen zutoinak, suntsitu ur

asaldatuetan Louvreko zintzilikarioak

haizatu haserrearen dantzan

Le Jardin des Fleurseko loreak,

hila bait da Bella Marella,

hamazazpi urterekin hila

nire amodioa.

 

Eta egin itzazue Eiffel hilaren argazkiak

eros itzazue inpresionista beztuen postalak

bil itzazue Le Jardin des Fleurseko lore ihatuen petaloak

ireki, ireki itzazue etxeko ateak eta

sartu etxean Montmartreko kalbarioak.

Hila, hila bait da nire amodioz

Bella Marella, hila Senan.

 

Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993