Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993

 

 

III. EGUNSENTIA SENAren ondoan

 

 

a.

 

Berriro ere bitxiloreak

             —egunsentiaren remolkalariak—

ireki dizkio ezpainak egunalbari.

Eta berriro altzatu da

eguzki ibiltari eta buhamea.

Utzi du zubipeko eta harri gaineko loa,

utzi du ibai ertzeko bigizta

eta esku epelez ilargiaren

gaueko soinekoari eskotea urratu ondoren,

poliki poliki hasi da egiten

orratz eta dorreetatik ekialdeko

arrosetoieranzko bidaia.

Kolorez mozkortu du espazio barnekoia.

Jainkoaren besoetan

esnatu da berriro ere

Birjina.

 

 

b.

 

Parisen egunsentia laino dago.

Unetxo batez, halere, eguzkiak

izutiki jo ditu Austerlitz zubi gaineko

metro bagoi berriak.

Gutxi gora behera eguneroko gizon emakume berdinak

daramatza ibaiaren eskuin ertzetik ezkerrera,

ibaiaren ezker ertzetik eskuinera.

Eta unetxo batez esnarazi du

Jardin des Planteseko lehoia,

ederra, izugarria, harrizko kartzelatik

ezin aldentzeagatik

etsipendua.

Zeini bota diezazkioke, beraz,

bere ametsetan ahantziriko

kaiolako barroteak,

zeini gaueko giza inozokeriaren

miseria ergelak?

 

 

c.

 

Le Roi des Pontsen gelditu da

eskale zaharra.

Atsegin du negu, udaberri, uda

eta udazken, urak

zutoin borobilei egiten dien

erronda begiratzea.

Ur biziaren

urlasterkariaren

handitasun monotonoak

liluraturik dauka

eta goizeroko listukada bota dio,

omenaldi gisa,

bertan garagardoaren apar miketza

eta aspaldi laztandu ez dituen

ezpainen larrosa.

Lagun zaharra du Sena,

eta bere arreba,

bera bezala lurraren erraietatik

sortua,

lurra bait da ama guztien ama

eta heriotza lurraren ama.

Horregatik desira dio

lehen bait lehen jan dezan

itsasoak,

horregatik taupada bortitza

dio bihotzak oroituz

behin, aspaldian, berak ere

bazuela bere itsasoa

eta alkondara garbia kenduz

egiten ziola amodioa.

 

Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993