|
Komediaren Jainkoa
a. NI ETA ELISEO IGARLEA
Armairuan ezkutatu ditut nylonezko galtzerdiak eta zabortegira bota aldareko plastikozko azken loreak. Argitasunaren pentagraman ezabatu ditut ahots ezezagunak eta itzalak. Zazpi egunsentitan garbitu ditut ihintzaren ibaian nire haragiak.
Denboratasunaren tapizera igo naiz gero eta atzeraka egin ditut arbasoak historiaurre ziren hartarainoko bidaiak.
«Oraintxe ni neu nauk», pentsatu dut eta, gorputza baldintzapen balitz bezala, «hoa hemendik» oihukatu diot nire historiari.
Hutsal sentitu naiz ordea eta harri azpitan, liburutan, komuneko katiluan, bainugelako ispiluan begiratu arren ez dut aurkitu nire trazarik.
«Agian ez nauk ni neu izateko duin» bururatu zait eta birao egin diot paradisuko lehen arrastiri hura izorratu zidan sugeari.
Komediaren Jainkoa |