Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993

 

 

5. VERSAILLES le trianon

 

 

a.

 

Erregeen erreginak

erregeen ezpatak

erreginen ispiluak

errege eta erreginen

oheak

eta Clodovisen garaitik

Napoleonen Wagraneraino

Frantziak irabazi dituen

guduak.

 

David eta Delacroix margolariei

ahaztu egin zitzaien Waterlooko

odolaren kolorea,

ezpaten soinua.

 

Abuztuko Amabirjinaren arratseko

Ur Haundiak —les grands eaux—.

Argazki makinaz eta presaz

bete dira ikusleon

harridurak.

Norbaitek botatako tanpasak

hartu du L'Encelade ondoko

lorategiko hesiaren oina.

 

Bizitzak ez dio barkatzen Frantziari

Madame de Montespan

emakume historikoen galeriatik kanpo

utzi izatea.

 

 

b.

 

Isolderen obertura

malenkoniatsua,

            tronpetak

            bibolinak

            kontrabaxua

            danburinak.

 

Urjauzia kontenplatzen duten

bikote guztien amodioa

ez da berdina

eta belarrean etzandakoen

hurbiltasuna

bezain hurbila

seguraski

ezagupen luzearen tartea

nahiago duten

zaharren distantzia.

 

Danburinen azpia

behar du bibolinak,

kontrabaxuaren sakontasuna

tronpetaren jauziak.

Eta bizitza taiutuz,

Isolderen obertura

malenkoniatsua.

 

 

c.

 

Neptunoren kobazulotik,

baso eta urrezko itsaso eginak,

isladak datoz, uhainka,

jauzika.

Vivaldi eman dio aireak,

barrokoko sirena linburkoia,

auskalo nora

deika, deika.

 

Bostak arte iraunen duen

fikzio honetan

—oraintxe bertan bururatu zait—

oroitzapen eta mitoz

bizi garela gizonak

eta —ikuskina bezala—

iragankortasuna dela

gure oinarri bakarra.

Hala ere denok daukagu

gure Itaca:

ez da zama makala.

 

Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993