Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993

 

 

d. MIRUAK

 

Airearen urradura bailiran

edo Michelangelo Buonarrotiren

Egunsentia, Ilunabarra,

Eguna eta Gaua,

hegaka, laurak batera

haraneko lau miruak

bordaren gainean

jarri dira.

 

Biraka inguratzen dute

basoa, biraka borda arestiko

janaria.

 

Salbamen historia da:

zirkuruan ez du etenik

esperantzak

eta Calderonen Munduaren Antzerki Nagusian

aktore guztiek jantzi dituzte, patuaren aurka,

hegoak: apaizak eta laborariak

inkisilariak eta nobleak.

 

Orain, miruak bezala,

eustea izango da

komeria.

 

Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993