Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993

 

 

c. TIOBIBOAK

 

Tiobibotako kartoiezko zaldiek

ez dute eritasun larririk izaten;

zeharkako euriaren zastada noizbait

larru trinkoa bigundu

eta kolore biziak muxintzen dituena.

Baina mafrundiarik ez,

ezta neumoniarik ere.

Haur beldurtuaren azkazalen

atximurka agian

eta abiadura izugarriaren

zorabioa.

 

Haatik, denok dakigu zein erraz

orbantzen den paperezko haragia.

 

Ardatzarekiko kablea mozten diotenean ordea,

gu denoi bezala,

datorkio heriotza.

Berari ere orduantxe deitzen dio,

Verdiren musikaz,

Aidarekin batera, Irisek

Niloren beste ertzera.

Poliki poliki sartzen da ibaian.

Gurutzaketan uzten du

jaiegunetako dotorezia

eta hegalari izan zeneko

diztira.

 

Komediaren Jainkoa
Patxi Ezkiaga

Euskaltzaindia/BBK, 1993