Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985

 

 

LARATZ ONDOKO KOPLAK

 

Aiton-amonak eta bilobak

belaunaldien lotura,

ipuinen hariz dator gugana

arbaso zaharren kultura.

 

    Betoskoz ilun arratsa

    ilentiaren lorratza

    kontakizunen lekuko dugu

    kedarrez dagon laratza.

 

    Behi zaharra kortan adarka

    amona otoitz-marmarka

    su-bazterrean aitona dago

    esku-igurtsiz dardarka.

 

    Kea han doa gorantza

    sukaldeak tailer antza,

    txir-txir ta txinpart soinu goxoan

    egun hartako balantza.

 

    Umetxoa kuman datza

    jarraipenaren arnasa;

    lo egin, maite, zu zara eta

    gure geroko ardatza.

 

    Gauaren babes goxoa

    etxeko bake osoa;

    sorgin-eztitan igeri dabil

    haurren arima inozoa.

 

    Basajaun eta jentilak

    horiek ziren mutilak!!!

    Haritz-enborrak bezalakoak

    haien hanka-orkatilak...

 

    Laminak eta sorginak

    ipuinetako erreginak;

    sasi gainetik, hodei azpitik

    erratzezko hegazkinak.

 

    Zapaburua igarian

    marasma bere harian;

    handi ta ttiki kontu-kontari

    jario hegalarian.

 

Aiton-amonak eta bilobak

belaunaldien lotura,

ipuinen hariz dator gugana

arbaso zaharren kultura.

 

 

Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985