Hitzezko txirlorak
GABONAK HAURREKIN
Ume aldra bat kanta-kantari dantza-algaran jostari... sehaska biran ekin festari!!!
Soinu ozenez kantari Gabon-kanpaia dilin-dan hain kaxkarin ta dantzari bere ardatzaren biran. Zer den asmatu ezinik denak haren ikusmiran, metal-ahotsez arrenka dio: «zatozte segiran»!
Argiz dizdizka kaleak dena kolorezko dantza, sartu-irtenga dendetan janari ta txanpon-saltsa. Salerosketa gorantza gizatasuna beherantza, Gabon-giroak ez al du azoka haundi baten antza???
* * *
Negu buru-urdinak goialdetik irri elurrak agur xuriz bihotzean zirri. Abendu giro Gabon pozkiro kanpoan hozkirri; Eguberri-haizea guretzat ze berri?
Ilunaren kolkoan keinuz izar xuri azken esperantzaren irriño iduri. Bihotz lauean Gabon gauean bakea ixuri zorionaren bila gabiltza urduri.
Tan-tan! Gabon alaia deika atez-ate Euskal etxe guztiek onartu bezate. Xamurtasuna ta nortasuna da zure izate, zurekin etor bedi zerutiko bake.
Barne-taupada goxoz kantuz eztarriak egunotan ditugu bihotzak jarriak. Ongi etorri amets-iturri Oi Eguberriak! zugan aseko dira gure egarriak.
Belengo izarño batek maitezko dizdira begi-keiñuen jokoz dantzatzen ari da. Gabon garaiak festa alaiak atarian dira; pozaren oihartzuna betor gure herrira!
Etxolatxo ttikian han da kumatxoa, haren gordairua da Jesus umetxoa. Euskal bertsotan bihotz hotsetan eman nahi «patxoa»; polliki loratu du irriparretxoa.
Hitzezko txirlorak |