Hitzezko txirlorak
LEA-ARTIBAI
Oiz, basandere haurdun lurrezko ohean etzana azal-ile beltzeranak, zugandik sortu dira bizkiak: Lea-Artibai haranak.
Zuri darizun izerdi zilar-iturri gardena hor-hemen lurrak dastatzen, uharka bitan, erreka gazte, ibar bizkiak laztantzen.
Maldan behera dantzari gazte-alaitasun garbi euskal doinuz ajuika. Helikoptero gisa haltzetan sorgin-orratzak kuika.
Haltz eta sarats artetik Iguzki-k ispilu hautsi; hostoek, maite-kulunka; Ibai, gainbera, zilar-ezpaiñez, sustrai-orpoetan munka.
Amandrearen altzoan ikasitako ipuinak esanez bere ildoan, txutxu-mutxuka kontu-kontari, basajiran nola doan!!!
Urezko martxa freskoan garo-orolditan zehar, sorburuaren abesti Lea-Artibairi borbor dario arbasoen soinu ezti.
Behera helduz hirian higidura astun nagian asfaltoaren estutik, satsuduraren salda loditan sorgin arrotzen eskutik.
Menditik itsasoraino sorgin arrotzek ahuldua; itsasamak euskal graziz zuzpertuko du edoskitzera emandako esne gaziz.
Hitzezko txirlorak |