Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985

 

 

ENE OPORRAK MENDIAN

 

Izadiaren altzoan nago

haren taupadak dastatzen

giza-bortxatik jarein zaizkigun

basanderekin jostatzen.

Pago azpiko orbel iherrak

hots kraxkatuz ahoskatzen,

goroldiotan ene oinatza

bigunki da sehaskatzen.

Hemen naukazu, Izadi sorgin,

zure mahaian bazkatzen.

 

Kale arteko gris goibelduan

suntsituriko irria,

erlojuaren mendeko gizon

urduriaren larria...!

Oihan barnean aurkitu nuen

galdutako aberria

zeruak hantxe gordea duen

bere zatitxo berria.

Maitemindurik somatuz noa

zure lilura-zirria.

 

Uda garaia heldu orduko

moda berritan jartzera...

nora etorri ote zara zu

lore-jantziok hartzera?!

Zain zauzkat eta banatorkizu

zure barnean sartzera;

maiteminduak joan ohi dira

misterioz elkartzera...

egunak «agur» dionez goazen

amets xuriz lokartzera.

 

Itsas ertzeko lamina bipil

etzanik hondar oritan

brontze-kolorez apaindu nahirik

iguzki-pintzel goritan,

anatomia-erakusketa

giza-merkatu joritan...

beste zenbait hor errepidetan

abiada urduritan;

eztai eztitan ni, berriz, lotan

gaueko hilargi xuritan.

 

Gorbeapeko zokondoetan

lanbruak tristuraz negar;

harkaitzen plazan Anboto goia

omen da txapeldun bakar.

Oiñatin orpo, Aizkorrin buru

Urbia lepotik zehar...

goirik goi noa Nafarroarantz,

Lekunberritik Aralar:

euskal asaben mendi sakratu

sorgin-ipuinen akelar.

 

Kendu-ipiniko etxola dakart

pago xahar baten azpira,

zirrikitutik keinuz dakusat

izar bitxien dirdira.

Gauaren hotsa ozenki dator

oihal-gelatxo erdira;

hego-dardarka gau-kontzertua:

olerkariak han dira,

koba-atean kirkerrak kantuz

hilargiari begira.

 

Haur bat bezala lokartuko naiz

haiek gitarra jotzean,

Izadi amak ondoan jarri

didan kontzertu-hotsean.

Argi bitako muga beltza den

gaueko tarte motzean,

hantxe etzan naiz oihalpe hartan

ustez ohe arrotzean,

horma gabeko paret xumedun

sehaskaren bihotzean.

 

Izadiaren etxean nago

kale arruntetik urrun,

Ama Lurrean nereganatzen

erraietan duen lurrun.

Zorabiatuz ene arima

harriturik eta zurrun;

itsasaldea eta mendia

biak elkarren ezagun,

gure inguru berdingabea

maiteki jagon dezagun.

 

Egunsentia minbera dator

mendi gaineko hegian,

jaiotza berri zalantzazkoa

goizaldeko ikuspegian.

Baldarño noa atariraino

loaren marka begian,

gauez iruntza ixil-mixilka

pausatu da belardian;

goixak eman dit patxo heze bat

haize leunez aurpegian.

 

Zurru-murruka «agur» esan dit

aidez datorkidan uhinak,

bidenabar nik izadiari

eman nahirik eskumuinak,

—bisita honek unkitu dizkit

bihotzaren barne-muinak—

ikusaritzat opa dizkiot

sentimenduzko hitz biguiñak.

Etxerakoan oroituz noa

basa-amuñaren ipuinak.

 

 

Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985