Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985

 

 

LURRAREN MEZUA

 

Etxe aurrean ortua

esku ohituek sortua;

berdez pintatu du oihala

ortulauaren pintzelak

euriaren akuarelaz,

urgaziz foko epelak.

 

Markotzat du harresia

bere baitan berezia.

Izadiarekin batera

biziaren edergintzan;

artista askoren eskuak

dira ortuko ekintzan.

 

Aitzurketaren ahotsa

xark, xark! xamur berba-hotsa.

Ortulaua da kakoturik

lur etzanaren erdira

biziaren ohantzea

zertzen argirik argira.

 

Biziaren atarian

maitasunaren harian;

geroaren altzo naroan

esperantzaren irria,

aitzurraren altzairuak

pozezko keinu-zirria.

 

Lurraren gorputz etzana

larrugorriz beltzerana;

barne-ikara miresgarriz

bizi-indarrez zara jantzi,

izpiritu sorgindua

muinetara zaizu jatsi.

 

Iguzki-euri orekan

mendi tarteko ordekan.

Esku trebeaz ortulauak

ukitu zure hariak...

Laster azalduko dira

bizitzaren mirariak.

 

Nekazariaren lanak

eta denboraren planak

urtaroetan eraginik

amodiozko zirkinak,

Lur-Andere, joko zaitu

zeure garaiz erdiminak.

 

Jantzi zarpaildun artista

aurpegi ximur gorrista,

euri nahiz aterri zabiltza

lurraren eskulturgintzan...

aintzat hartzen ez den arren,

funtsezko den kulturgintzan.

 

Hor zaude lur maitagarri,

bizidunen bizigarri.

Azkenez zuregan biltzean

lur barnean naiz lurtuko,

biziberritzeguneak

ez nau, hortaz, beldurtuko.

 

 

Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985