Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985

 

 

HARRIAREN MEZUA

 

Harkaitzaren harrizko giharra

marmar, hagin-kirrixkadaz

sortu da barrunbetatik lakar

leherketa-lurrikaraz.

Eta harrobiak aurrera darrai

haurgintzan barneko ikaraz.

 

Harritzar harro, erraldoi gordin

garraxi sorrez sortua,

lur orpotatik hargin gogorren

izerdi lorrez lortua.

Marmol mokorra, haitzezko ezpal,

hezur markaz gogortua.

 

Lur-sabeleko haitz-izpiritu,

gai jatorrez osatua,

preshitoriako sustrai-erro

iraunkorrez gauzatua;

harpeetako arbaso haien

aterpe ta ostatua.

 

Gure Herriak hor omen dauka

aintzinateko oihartzun,

haitz sakonetik datorren hitza

gaur ere badaiteke entzun...

Euskal hizkuntza ez ote dugu

harkaitz kutsuko erantzun???

 

Hor dugu geure harkaitz emankor

sostengutzat ezarria,

gure geroa ziurtatzeko

azpi-azpian jarria.

Ez bedi gerta inoiz soil-soilik

aintzinako oroitarria.

 

Hor dugu geure harkaitz emankor

dorretxetan ezarria,

Erdi Aroko arnasaz datza

aurpegiko armarria.

Ez bedi gerta Aberri zahar

kutun honen hilarria.

 

Harrian daude inskripzioak

harria zen mandatari,

garai zaharren lekuko argi

etortzekoen atari.

Jaungoikoaren Legea ere

bi harritan zen irarri.

 

Harri arotik gaur arte hemen

kontatu ahalako ekaitz:

asmapen berri erabilgarriz

sortu dira zenbait emaitz.

Plastikoaren abiaduran

harria gogor, moldakaitz!!!

 

Enparantzako oroitarrietan

finkaturiko gorpuak

urteen urtez afrontupean

erosioz idortuak;

harri zaharrak museoetan

momia sor bihurtuak.

 

Moda eroen erasopean

harriak ziren estali,

haien aurpegi leinargizkoak

kare zuritan itzali...

Orain harrien hezurdurara

nahi omen dugu itzuli.

 

Baina nik uste, harriak harri,

guztia dela hilotza;

ahorik aho arnas-estuka

Euskal Herriko bihotza,

haren inguru-minguru beti

zemaika da heriotza.

 

Hortxe daukagu arbaso haiek

utzitako herentzia

noragabeko muga estutan

lur meharrean hertsia.

Birsorturik da gauza zaharren

aldeko kontzientzia...

baina euskarak ez ote dauka

bere azken sententzia???

 

Gure ahotsa grabaturik da

aiton-amonen harrian

museotako haltzari dugun

haien arnasa larrian.

Arrotz hots hitsa antzematen dut

gazteen hitz mingarrian

gazteen hitz mingarrian...!!!

 

Eta harrobiak aurrera darrai

bere gisako haurgintzan;

haitza ageri da oinarrizkotzat

aintzinakoen ekintzan.

Nik neure herria eskoriatzen

hemen dihardut hargintzan

hemen dihardut hargintzan.

 

 

Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985