Hitzezko txirlorak
HEGO HAIZEAREN HEGOETAN
Goizean leihora noa ingurua agurtzera. Hego haizea emakoi dator bidekrutzera hegada leunez eguna goizerik xamurtzera, sorgin-erratzez hodeia gardatu ta ultzera... poeta sentikor honen arima lapurtzera.
Hostoak hortxe dabiltza jolasketa eroan zurrunbilo bihurretan jausgailuen hegoan. Haizeak eragin die —zaldiko-maldikoan— bidaia ilaun zoro bat bere altzo beroan. Gu ere aidez gabiltza ametseta-aroan: zer zori izango ote du herri honek geroan?
Haizeak, kolore gabe hor inguru-minguru, edonongo espiritu bidaiari ditugu; buruarin aldabera zoriaren aiduru. Haizeetan idatzi da historio-liburu: gaur honela, bihar hala, ez da ezer seguru!
Izpiritu aldabera gure barnean dago haizez elikatzen baita gizona egunero. Airezko puxikak gara lur gainetik gorago, egiaren plazan baino fantasian gurago... haizea baita munduan ikusgaitza den mago.
Haize, moda berri zale, margo gabeko jantziz denak lastantzen dituzu zeure antza erantsiz; dantza nahasiko mataza, biraka xistu-antziz, izpiritu ero hori sorginari ebatsiz. Gure bidea ere hor zuk utzitako herentziz: orain aurreraka eta gerora alderantziz orain aurreraka eta gerora alderantziz.
Hitzezko txirlorak |