Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985

 

 

MONASTEGI ZAHARRA

 

Horma zahar urtetsuak

historiaren kontalari

harrizko hitz itzaltsuak

gizaldien mandatari.

 

Monastegi-molde gotor

Erdi Aroko mezuaz,

eliz hotsen entzule gor

barnekoen errezuaz.

 

Lehengo altxor miresgarri

bake-egoitzaren traza

monastegi interesgarri

mendeetako arnasa.

 

Mutu! Noizbait kanpai-hotsa

bere metal-eresian

gazteentzat arrotza

erlijiozko krisian.

 

Hormen hezurdura trinko,

klaustro-uztaien geriza

orpo sakonetan tinko;

denaren ardatz eliza.

 

Arku sendoak ileran,

erretaula urreztatuak;

santuak hantxe bileran

artedun zur sakratuak.

 

Kandelen argi-keinua

otoizlarien marmarra

korutik dator soinua

misteriozko dardarra.

 

Hau melodiaren fina,

arrats-trixturan-bustia,

melankoliaz egina:

Gregoriano eztia!

 

Doinu zaharren oihartzun

eliz-barrunbe santua,

uhinen hegotan zen entzun

fraile umilen kantua.

 

Horma zahar urtetsuak

historiaren kontalari,

harrizko hitz itzaltsuak

gizaldien mandatari.

 

 

Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985