Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985

 

 

AMILDEGIRA HURBILTZEN

 

Gazte-indarraren noragabeko su!

bular kezkatien foko goria

ametsetako zurrunbilo itsu,

non ote da paradisu joria?

 

Dena ukatzen, lehena gaitzesten

gaztea higikun irakinduan;

nagusien hitzik ez du sinesten,

saminez dabil aire suminduan.

 

Esperantza gisa aldarrikatua...

gaztea katigu datza bizitzan,

goiko jauntxoek madarikatua

hor utzia bide ertzeko sasitzan!!!

 

Hor dago drogaren amildegia

galbideko ezten ihesgarria

atsegin gisako izterbegia

gaitz etsiaren eremu larria.

 

Oztopoak, zangotrabak, kateak

eraman dute drogan murgiltzera

odola garrez, hertsirik ateak,

amildegira doa hurbiltzera.

 

Ezin onetsi gizarte moldea

ez baita hor paradisu berria...

marjinatuen zorigaitz oldea:

askapen ordez, gazte-hilerria!!!

 

Fantasma gisan gorpu bidaiari

gizarteko gaitzen isladapena

hilobi zurituen epailari

gaurko izurriaren adierazpena.

 

Bizi-hilen mugak suntsitu dira

izurri berriaren zigorrean...

baina biztu da itxaropen dirdira

ilunbetako gau izukorrean.

 

Borrokarien herriko gazteri,

erroien haragi ustel ez izan!

Zertan zaude hor lokatzean eri?

Amets-egunsentiz zuti gaitezan!!!

 

 

Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985