Hitzezko txirlorak
POESIA BIZIA
Bakardadean diktatzen dit gauak urliaren gorpuzkera emea; lagun gabeko maite-jolas lauak sortzen dit barnean amets-filmea.
Atzo lorakusku zen krabelina gaur ortzadarraren jantziz panpoxa lehengo neska koxkor txanbelina bizitzara irekia, txit airosa.
Ia haur adinez, gorputza lehertzear moldea emanik goizeko ihintzak, haren anatomia gurian zehar dizdiz dagi lehen maitasun-printzak.
Poesia biziaren iduri taxu gustagarridun izakia gure lorategiko apainduri barne-egitura eme ikaratia.
Goiz-sena dakar haren eskulturak pollitaren ildotik ederrera; ez beza txigortu negar-tristurak izadiaren pozezko leherrera!
Arte berritan ile eta jantzi modaren haize-boladan aldakor amets-hegotan maiteminez antzi, begi gosetien jaki dastakor.
Ez du zirrararik diseinu hutsak baizik izpirituaren isladak; barneko mezua dakar gorputzak arimaren ñabardura ziztadak.
Sentipen finen kilima minbera haragi lilurapean gordea ar-emetasun irrits kilibera maite-armoniaren akordea.
Bakardadean diktatzen dit gauak urliaren gorpuzkera emea; lagun gabeko maite-jolas lauak sortzen dit barnean amets-filmea.
Hitzezko txirlorak |