Hitzezko txirlorak
GELAN
Gela barnean nago ametsez neure gelatxo txiki txokoan horma sendodun kabi bitxian gaztelu honen amets-kolkoan buru-laneko saio hertsian.
Leiho meharrak kanpoko mugan laukiak mutu horman zintzilik, ate itxia bake-jagole ene lagunak beti ixilik, irudimena musika-jole.
Irudimena musika-jole bere gisako erromerian eten gabeko jario bero margo-dantzaren ihauterian; sargori horrek jarri nau ero...
Toki barnekoi, kabitxo maite, eguneroko testigu kutun, bakar-laneko bazter eratsu batzutan alai bestetan itun, beti niretzat lagun txeratsu.
Bakardadeko lantegi goxo, hortxe naukazu poza xurgatzen; hor egiten dut lana, hor amets; malkoak ere hortxe txukatzen... Zure berotan badut nik babes, gelatxo txiki, horma xaharduna, zure itzalpean aurrera doa eguneroko ene jarduna.
Itsas kolkoan bakezko uharte, basamorduan iturbegia! hori zatzaizkit neke ordutan pausaleku on den jauregia. Egunez eta gau-desordutan hor daukat gogo ameslaria... Zure aurrean agortuz doa polliki ene bizi-haria.
Gela barnean nago ametsez neure gelatxo txiki txokoan, horma sendodun kabi bitxian gaztelu honen amets kolkoan buru-laneko saio hertsian.
Hitzezko txirlorak |