Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985

 

 

ARRATSA

 

Egunaren haria

bukatzear dago

orduen gurpilean

egin baitu txango.

Urrezko ganbaratik

kukuka luzaro;

Iguzki logale da

goialdeko mago.

 

Iguzki-k betazalez

estali du begi,

su-harotzak ondoren

biztu du sutegi.

«Agur, bihar arte» ta

gorde du aurpegi,

«pa» emanez maiteki

bere muxu goriz.

 

Mamu gisa mendiak

itzal eta ilun

ortzeak oihal beltza

du beretzat irun

hiletarako deia

zabaldu du nahinun.

Zerbait hil zaigulako

denok gaude itun.

 

Ai! argizaiol honi

negarra dario

denborak biziari

erasotzen dio.

Gaua heldutakoan

egunak adio!

biziaren amaian

han dago herio.

 

Ardiak larrartean

ilea eskegiz

bizi-truke bizia

zatika eralgiz.

Gizona pausuz-pausu

aurrera ausardiz,

denboraren katean

odolez, izardiz.

 

Arratsak berekin du

zahartzaro itxura

maitearen joanak

dakarren tristura

baina gauak eguna

baitu bere muga,

ilunak argiaren

esnatze-lilura.

 

 

Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985