Hitzezko txirlorak
LOKATZETIK BIRSORTUKO DA
Euria, tximista, trumoia betoskoz jantzirik da goia zeru-zola burrunbadaka tximista-geziz grakadaka. Bestetako oihal urdina herio-mehatxuz gordina, milaka zatitan urratuz goiak behean hots amorratuz.
Oporraldiko jai-giroan bero ohi den aro eroan festa orduko uda-udan hau tristura! Zer gertatu dan! abuztuak hogetasei fetxa honi ez jakin nola dei! Lan eskergaitzaren herentzi uholde ankerrak irentsi.
Dena ezinaren ezina ondamendiaren samina urek dena trumilka bilduz lur-zintzurretatik amilduz guztia hautsiz atzaparka hor zehar utziz lokatz-marka... horra tristurazko trixkantza! Badu honek gerraren antza.
Baina urek ez dute hesirik ez eta itxitura hertsirik, indar hezigaitzez oldartsu abiada zoroan itsu; bebarruko zokondoetan lur-orpo sakon ondoetan beren indarra erakutsiz bide ertzean negarra utziz.
Noragabe uren ahoan lokatzezko zurrunbiloan bizirik jaso dute ama. Hura zen, baina, hura drama! hiru seme eraman ditu, urak brastadaka txikitu; berez bizigarri den ura eraile zakar bihurtu da.
Atzo bare ziren zeharo; orain, berriz, zoramen aro. Urak kalera irten dira... zorigaitzezko kalegira! errotik dena erauzirik bere erraietan egosirik zalaparta borrokarian sartu da basa-ihauterian.
Aurrera basa-ihauterian bazterrak utziz miserian. Ama bat dago han begira goibel, zulo beltzen erdira zulo hartan ehortzi baita berak gehien zuena maita. «Ez dut hitzik; hortxe da dena» —lurra seinalatuz— Hau pena!!!
Lurra seinalatuz! Hau pena!!! hamaika bihotzen auhena. Ondamendi biharamona: haurrak dardar, triste amona, ondakin-zakar multzo itsusi ezin da besterik ikusi; horra hor trixkantzaren lorratz, etorkizuneko ordu garratz!!!
Hau etorkizunaren garratz eta ikuskizunaren narratz! Euskal bihotza da mingostu umorezko sena izoztu. Hoberena lurrak irentsi, baina zuk, Euskadi, ez etsi! gaurko lana biharko lore herri batuaren ohore.
Herri batuaren ohore lanari darion birlore, lokatzetik erneko da Euskal Herri, azpitik gora itxaropenaren hegotan izerdi-jario berotan; oraingo ondamendi larria geroko poztasun-irria.
Hitzezko txirlorak |