Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985

 

 

 

KANTARI ERROMESA

 

Gitarratxo bat besarkaturik

erti-laneko eskale

mendiez haruntz munduko plazan

askatasunen maitale

 

    Urretxuren bihotzean

    aintzinaren arnasa

    kale mehar bihurriak

    garai zahar baten traza

    erdigunean eliza

    Udaletxe ta plaza.

    Hori zen Joxe Mariren

    oroitzapen-arasa.

 

    Jaioterri-esparrua

    mendizko kate-hesi

    txoko polliki gordea

    Jaunak zian berezi;

    menturazale urduri

    hara-honaka ihesi

    Zeraingo osabaren

    eskolan hintzen hezi.

 

    Hamabi urteko hintzen

    hire egon ezina!

    amets-hegotan biraka

    zurrunbilo irakina;

    apaiztegiko itxitura

    ez zen hiretzat dina

    han gurutzatu zitzaizkian

    euskara ta latina.

 

    Amorruzko arnas-hotsa

    zabaldu da aidetik

    arma-lege aihertia

    indarraren hildotik;

    odol biziz, Joxe Mari,

    On Karlosen aldetik.

    Utz itzak guda-jantziak

    hoa erti-bidetik.

 

    Errekatxoa gau t’egun

    glu-glu doa saltari

    orpoetan mun dagio

    ertzeko sustraiari,

    askatasun jarioan

    darraio bidaiari.

    Joxe Mari, ibiliz hoa

    bidez-bide kantari.

 

    Hire kolkoan xoko bat

    mundurantza lehertzear

    kantari-senak barnetik

    zirri eta deihadar

    lilurazko zelai zabal

    egiaz aski mehar,

    kantu-airea arnastuz

    Europa lurra zehar.

 

    Gitarraren mur-mur hotsez

    doinuzko barne-guna

    sor, berean murgildurik

    «kantari euskalduna»;

    herriminez da zuri so,

    Euskal Herri urruna,

    irten Endaiara ta igor

    zure eder oihartzuna.

 

    Asper gabe begiz jaten

    mendi zelai soroak

    pozez laztantzen hinduen

    jende xume xaloak

    hire kantek erauzirik

    haien esker-txaloak;

    lur asko zapaldu arren

    hemen dituk erroak.

 

 

Hitzezko txirlorak
Luis Baraiazarra

Elkar, 1985