Hitzezko txirlorak
BIZIA ITZALIZ
Bizitzaren epe labur misterio kezkagarri, halabeharrezko agur... Oi, ustekabean herio-gauean bere legea ezarri.
Lurrean daude orbelak biziaren lorratzak hezurdura biloizian zurbildurik zuhaitzak. Edonon ikus daitezke Herio-ren oinatzak, edonon entzun daitezke haren pausu garratzak.
Bizitzaren epe labur misterio kezkagarri, halabeharrezko agur... Oi, ustekabean herio-gauean bere legea ezarri.
Untzorriz estali dira horma zahar urtetsuak kateaturik dauzkate estu, sare erpetsuak berde iluna du koroitzat harresi ohoretsuak. Haizearen eresia: hiletako bertsuak.
Bizitzaren epe labur misterio kezkagarri, halabeharrezko agur... Oi, ustekabean herio-gauean bere legea ezarri.
Geriza beltza dakusat hurbilduz datorrela, pausuz-pausu besalagun denborak dakarrela. Amets bezala badoa gaztaroa horrela... badakigu jaioz gero heriotza zor dela.
Bizitzaren epe labur misterio kezkagarri, halabeharrezko agur... Oi, ustekabean herio-gauean bere legea ezarri.
Denbora zintzelkariak aitona du makurtu badirudi jainkoren bat nahi lukela gurtu bere tantai-eskultura kako zaio bihurtu... Zugan nahi nituzke nik arbasoak agurtu.
Bizitzaren epe labur misterio kezkagarri, halabeharrezko agur... Oi, ustekabean herio-gauean bere legea ezarri.
Zure aurpegiko markek haritz sustrai iharrez ehunduak dirudite, zakuki idor zakarrez. Lan eskergaitzaren lorratzak nabarmendu beharrez iduneko sare trauskil zainen zehar-meharrez... Urre, urtetan urtua, bazoaz halabeharrez.
Bizitzaren epe labur misterio kezkagarri, halabeharrezko agur... Oi, ustekabean herio-gauean bere legea ezarri.
Arnaspeko hitzak entzunik etxerantz itun nator; aitonaren irudiak maiz jartzen nau pentsakor: harekin joango baita euskal sustraiko altxor, han errauspean dirauen gure espiritu jator.
Bizitzaren epe labur misterio kezkagarri, halabeharrezko agur... Oi, ustekabean herio-gauean bere legea ezarri.
Hor, bizitzaren borrokan gure espiritu zahar! Oraindik dizdizka dago iraupenaren izar. Haitzari ura dario, guri euskal hitz ñabar, tresna zaharren museoan ez biezagute sar.
Bizitzaren epe labur misterio kezkagarri, halabeharrezko agur... Oi, ustekabean herio-gauean bere legea ezarri.
Hitzezko txirlorak |