www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA LAUGARREN KAPITULUA

 

Zeñetan kontatzen diran Gipuzkoatarrak itsasoz sarritan egindako azaña gogoangarriak.

 

        Ezin kontatu al ainbat, eta sinistatzen ere errazak ez diran bezalako azaña gaiñ-gañekoak egin izan dituzte Probinzia onetako seme azkarrak itsasoz. Beretako banaka batzuk ezarriko ditut emen, gure Ama on maite maitagarri Gipuzkoaren ondragarri eta beraren biztanle leial guztien pozgarri izan ta izango diradenak.

        Milla bost eun ogei ta seigarren urtean, Errenteriako seme ontzi-kapitan Martin de la Renteria deitzen zitzaiona bore Galeonarekin Levante inguruan zebillela, urte bereko Pazkua Espiritu Santukoaren mezperan Alicantetik irten zan Siziliarako asmoan; eta Ibizako Ugartearen ondoan arkitu zan Barbarrojaren ontzidi Arjelko Erregeren izenekoarekin, zeñaren menpean zegoen Arjel. Ontzidi au konpontzen zan amazazpi Fustarekin, eta oen artean baziran bost Galera. Turkoak aiñ eraso arkitu zutenean Galeon bakarra, lasterrean zijoatzen beragana burniz ta kakoz bertan loturik gelditzeko uste oso betean. Bañan Martin de la Renteriak gogor egiteko asmo sendoa arturik, itxoron zien Turkoai donario ederrean. Bere Galeoneko jende guztia zeban Gipuzkoatarra, zeña alaiturik pizkortu eta beldurbagekiro jarri zeban bear bezala prestatua, etsaia urreratu zitzaioneko. Bereala alde batekoak bestekoai eraso zioten portizkiro. Egin zituzten iru jazarraldi ezin gogorragoak sutunpadi anitz tireaz, eta pelea garratz onek iraun zeban egun bat osoan. Bost gizon bakarrak ill ziozkaten Galeonari Turkoak, eta eritu ogei ta amalau; oetatik sendatu ziran lau ez besteak. Erre zioten mastil nagusia, zeña bela ta jarzia guztiakin bota zuten urtara: popa puskatua zioten arras; eta alere, Kapitan Renteriak bere Erritarrakin alkabuz ta sutunpak tireaz amazazpi ontzi eta beretako jende talde andiaren kontra egun bat osoan peleaturik, nork daki zenbat Turko ill izan zituen? Eta geroenean ere, Turkoak gauaren illuntasunaz baliaturik igestu bearra izan zuten lotsa gorrian, beren Fusta Galera ta guzti Ibiza alderontz; zeintzubek Martin de la Renteriaren menpean gelditu bearko zuten, baldin bere Galeonak osasuna izan balio.

        Gipuzkoatar gogoangarri au arkitu zanean norekin peleatu etzebala, biurtu zan barah barah Balenziako Urira, Galeona arabatzera ta eriak sendatzera. Beraren etorrera ikusi izan zuten guztiak arri ta zur egiñik gelditu ziran etsai talde andiaren atzapar garratzetatik aiñ ontzi elbarriarekin salbatzeaz.

        Aipatu dedan Martin de la Renteria onen seme Juan Perez de la Renteriak, urreneko urtean, are azaña andiagoa egin izan zeban Galeon berperarekiñ. Galeon au bear bezala antolaturik Yacako kargalekuan lanbideari itxoroten aingurak botarik Juan Perez zegoela, San Blancantoko Baroiaren izeneko Franzes ontzi bat etorri zan esan dan kargategira, lenago ondo irteten oitua zegoen bezala, gauza errazen billa. Franzes ontzi onetako Kapitana zan Griegoa, eta beti korsuan zebillen itsas lapurrik andienetakoa; zeñaren izenak ikaratzen zituen itsasoz zebiltzan guztiak, eta buruz buru, ez ezik, indar geiagorekin ere, iñor etzitzaion ausartatzen arpegi ematera. Bañan Juan Perez Gipuzkoatarrak ikusi zebanean Yacako kargaleku alderontz zuzenean zetorrela, bere Galeon arabatuari aingurak altxaturik, irten zitzaion bidera, eta eraso zion goien beren gogorkiro. Peleatu ziran portizki, eta jazarra berean ill zuten Kapitan Griegoa, baita beste gizon asko ere berarekin zetozenak. Ontzia artu zuten Gipuzkoatarrak nai ta nai ez, eta beren arekin pozkida betean biurtu ziran Yacako kargategira. Juan Perez de la Renteriak berrogei ta amar gizon arrestatuak biraldu ziozkan Erregeorde Siziliakoari Galeraetarako. Gertaera gogoangarri au zearo ta luzeago ezarria arkitzen da Enperadore Don Carlos Jaunak Kapitan Errenteriakoari azaña andi onen saritzat eman izan ziozkan Eskutarmaetan.

        Juanes de Isasti Errenteriako semea Mairuakiko gerran Españako Errege serbitzatzen ontzi bitako Kapitan zebillela, gertatu zan beste egikera bat guztiz oroitgarria. Españako Erregek nai zukeana zan, Tripolko Uria Mairuai kentzea; eta eginkizun andi onetarako bear ziraden prestamenai zuzenbidea ematen ari zan bitartean, Juanes de Isasti Gipuzkoatarra bere ontzi biakin, zer asmo zerabillen iñori ere esan bage, Tripolko ondora joanik eraso zion Uriari gogorkiro; bai ta irabazi ere Mairuai iru Bandera iru dorretan zeuzkatenak. Zeñean, azaña onen oroitpenerako Andre Erregiña Doña Juanak milla, bosteun ta amaikagarren urtean Juanes de Isastiri bere Eskutarmaetan ifini ziozkan iru Bandera aek beren iru dorreakin.

        Ontzi-Kapitan Martin Perez de Irizar Errenteriako semea bere Galeonean merkaderia arturik Cadiza zijoala topoz topo arkitu zan itsas zabalean korsuan zebillen Franzes Juan Florin otsandikoarekin; zeñak ezurretaraño beldur-ikara emanak zeuzkan beren bizimoduaren billa itsasora irteten ziraden guztiak. Franzes urgullusu au zebillen bi ontzi ondo armatuakin, eta beretan naiko jendea zebala. Itsasoan arkitzen zeban txiki ta andi guztia osotoro ebasten zeban larrugorrian ifinteraño; eta lanbide lotsagarri onetan egindako ondasun bidebagekoakin aberastua zegoen txit, denpora laburraren epean guztiai laga bearrean arkitu bazan ere. Lenago oitua zegoen bezala, garailari irteteko ustean aurkeztu zitzaion Galeonari ausardi andian, bañan Martin Perez de Irizarek bere Galeon bakarrarekin gogor egin zien Franzes ontzi biai portizkiro. Peleatu ziran erruz, odol asko alde bietatik ixurteraño; eta azkenean Gipuzkoatarrentzat gelditu ziran Juan Florin otsandikoaren ontzi biak beren jende eta armadi guztiakin. Korsukoetatik ogei ta amar gizon ziran illak, eta berrogei ta geiago erituak. Juan Florinek ogei milla dukat eman nai ziozkan Irizar Kapitanari libre lagatzeagatik, bañan alperrik egin izan zeban bere eskaria; zergaitik gizon argidotar onek bere ondra maiteago zeban, munduko diru guztiak baino ere. Eta alaixen irauli zituen Cadiza berrogei ta amar gizon arrestatuak bi ontzi irabaziakin; zeñaren leialtade piña saristatua izandu izan bear bezala. Enperadore Don Carlos Jaunak agindu zeban, urkatu zedilla Juan Florin itsaslapurzat; eta Kapitan Martin Perez de Irizarek bere Eskutarmetan izan zitzala, ondorengo guztien oroitgarri, Galeona eta batallan irabazitako Bandera ta arpoiak; zeintzubek jarri zituen milla bost eun ogei ta zazpigarren urtean.

        Milla bost eun ogei ta amabostgarren urtean, Enperadore Don Carlosek Tunezko Goleta ingurutua zeukala, berari asaltoa eman bear zitzaion egunean, lendabizi Bandera jarri zebana izandu zan Gipuzkoatar kapitan Tristan de Ugarte Oiarzungo semea, zeña Turkoak ill zuten beste zenbait Gipuzkoatar berari jarraitu ziotenakin; bañan bereala indar geiago igorik, menperatuak gelditu ziran Turkoak.

        Milla bost eun ta berrogeigarren urtean Don Bernardo de Mendoza Españako Galeraen Kapitan guztiakiko zegoela, peleatu zan itsasoan Caramami Turkoarekin, zeña armada lodi batekin zijoan Jibraltar sakeaturik, eta batalla portitz gogorra egiñik, Don Bernardo gelditu zan Caramami Turkoaren jaun ta jabe. Jazarra gogoangarri onetan azañarik andienak egindakoak ziraden Kapitan Domingo de Arriola Murgia Debako semea, Kapitan Garro Donostiakoa, eta Alferez Don Bernardino deitzen zitzaion Domingo de Irizar Errenteriakoa, zeña ill zan zazpi alkabuz-tirorekin.

        Españako Errege eta Indietako Jaun Don Carlos zorionekoak ikusirik, Franzes ontzi korsuan zebiltzanak kalte andiak egiten ziezatela jendadi prestu itsasoan arontz onontz zebiltzanai, zeramaten eta zekarten guztia bidebagekiro kenduaz, gaitzgille oei beren lanbide artua gai eragitera milla bost eun berrogei ta bostgarren urtean biraldu zeban Juan Lopez de Isasti ontzi-kapitan Errenteriako semea. Gipuzkoatar itsas-gizon ernai au irten zan txit gogoz, Erregeren agindea betetzera, eta itsasora atera bezin prest arkitu zan topoz topo, Franzes ontzi bi armatu korsuan zebiltzanakin. Bereala ekin zitzaiozkan alkarri portizkiro; peleatu ziran erruz, eta batalla izandu zan guztiz aserrea; alde bietatik ziran illak asko; bañan geroenean ere, Kapitan Isasti irten zan garailari zeñaren menpean gelditu ziraden Franzes ontzi biak. Azaña andi au egin ta ondorean Isastik ibilli anitz egin izan zeban Franzes ontzi korsuan zebiltzanen billa, eta arkitu zituenak azpiraturik, osterontzekoak uixatu zituen ariñ aski; eta alde oetarako itsasozko ibillera balio andikoa ifini zeban denpora artan, itsas lapur txarrik agertzen etzala.

        Españako gizon talde bat arrestatua Franzesak Baionako Uri barruan istegira sartua zeukala, Irarrazabal deitzen zaion etxe andiko jaun ta jabe eta nagusi argidotarrak bere Galeonarekin Gipuzkoatik berariaz joanik, Uri andi artako kate lodi burnizkoak urraturik, atera zituen ariñ aski uste artan etzeuzkaten Españatar arrestatuak; baita ekarri ere fite Gipuzkoara. Zeñean, azaña gogoangarri onen bidez Irarrazabalko etxe argidotarrak bere armaetan jarriak dauzkan Erregeren aginduz Baionan urratutako kate lodi burniazkoak Santiagoko benera birekin.

        Azaña andi au egin ta ondorean laster, Irarrazabalko Nagusi berpera arkitu zan beste lanze estu batean. Gipuzkoako seme argidotar au bere Galeonarekin armadan zebillela idoro izan zan topoz topo, korsuan zebiltzan iru Franzes ontzi ondo armatuakin. Ikusi bezin prest ezagutu zuten oek Irarrazabalen Galeona; eta egun gitxiz aurretik Baionan berak egin izan zien ixeka lotsagarriaz mendekatu naiean, ekin zitzaiozkan Galeon bakarrari iru Franzes ontziak bat batean; baita bera ere oei arras mindurik portizkiro. Ari ziran pelean erruz alkar ezin garaiturik eta batalla esturarik larrienekora iritsi zan denporan, Irarrazabal ernai azkarrak egin zeban bizarria izan zan batela itsasora botarik Galeoneko jendearen erdiarekin bera an sartu, eta Franzes ontzietako baten albora iristean, bere batelaren bularka burni balanka batekin urratzea; au ondatzera zijoala ikustean, bera ta beraren lagunak nai ta nai ez etsaiari gañera igo zekizkion. Ezan ta egin, batela zulodunean zeudenak oberik etzekustenean, bata bestearen leian ill edo bizi saltatu ziran ontzi gañera, uste zuten ainbat gizon galdu bage; zergaitik, oen ausardi pare bagekoa ikustean arras ikaraturik kemen bage gelditu izan ziran begira zeuden Franzes guztiak. Asalto gogor onen bidez berealaixen menperatu zuten ontzi au; baita beste biak ere fite, eta Irarrazabalko Nagusi argidotarra gelditu zan iru Franzes ontziren jaun ta jabe eginik, lenago irabazitako ondra andiaz gañera.

        Kapitan Domingo de Amasa Debako semea bere ontziarekin Beleislara ustez ustekabe iritsi izan zan batean, bertako jende biurriak, gaizki tratatzeaz gañera, kendu ziozkan ontzian zeramazkian gauza eder balioso anitz; toki artako barri ondo jakin bagez, Ugartetarrak supituan gañera sartu zitzaiozkalako. Bidebageko txarkeri onek miñ andia eman izan zion lazki Domingo de Amasari, bañan une antan bere burua ardura bagetzat egiñik, ixil ixilla gelditu zan, dollorkeri hura ordaintzeko egin bear zeban gauza biotzaren erdi erdiko mamian ondo eratsia bazeukan ere. Ugartetarrak begira zeudela aldondu zan bide zati batean, bere bidajeari jarraitzera bazijoan bezalako abiaduran, eta aen begietatik ezkutatu zanean gelditurik, bere jendeari agertaratu zien, Ugartetarrak egin zioten bidebagekeria ordaintzeko arturik zeukan asmoa; zeñari guztiak ondo iritzirik jarri ziran txit gogoz, beren Kapitan ernai azkarrak agintzen ziotena egitera. Leialtadezko alkardade indartsuaren bidez alaitu eta bear bezala prestaturik bigaramun goizean egunaren antza asitzerako zegoen itsas bazterrean Domingo de Amasa bere jende armatuarekin Ugartetarrai erasotzeko prest jarria. Bereala, Galeonetik irtenik asi ziran tiroka, eta Erri barrura sarturik zuzen zuzenean joan zan Domingo Kapitana Obispoaren etxera, zeña zegoen lurbira artako Gobernadore, eta bertan arrestaturik Galeonera eraman ta beren arekin irten ziran itsaz zabalera. Ugartetarrak beren Obispo Gobernadorea itsasoan zeramatela ikusi zutenean, Galeoneko jendeari deadarrez ta keñuka aditzera eman zioten, itzegin nai zutela berarekin. Domingo de Amasak donario ederrean itsas zabalean itxoron zien bajeletan zijoazkion Ugartetarrai; eta alkarganatzean konpondu ziran, biurtzen zituztelarik oek, aurreko egunean bidebage kendutako ondasun guztiak obari geiagorekin; eta ark lagatzen zebala Obispo Gobernadorea libre. Esan ta egin, Kapitan Domingo de Amasari eraman ziozkaten zegoen lekura berperara agindu baino ere gauza geiago, eta Obispoa irauli zan bere tokira; zeña Galeonetik irtetean eta bidean zijoala ere ezkutatu arte guztian, Kapitan Domingori bedeinkazio ta gurutzeak egiñaz joan zan atsegingarrizko pozkida gozo betean.

        Gipuzkoatarrak itsasoz egin izan dituzten agerkera, azaña eta irabazkidak, guztiz dira andiak. Gipuzkoatarrai zor zaiote, bada, milla irureun laurogei ta amairugarren urtean egin izan zan Kanariaetako Ugarteen agerkera baliosoa, bai ta ere milla bost eun irurogei ta bostgarren urtean Miguel Lopez de Legazpiak bere lagun Frai Andres de Urdanetarekin irabazkidatutako Filipinas eta Marianas deitzen zaioten Ugarteen izatea beste gauza geiagorekin.

        Baldin suertez ere, izango balitz nor edo nor Gipuzkoatarrak itsasoz egindako azaña oek geiegikotzat dauzkana, are arrigarriagoa ezarriko det emen, iñork ere ezin ukatuko dabena.

        Portugalko eta Andaluziako itsasaldeak zalagardatuak zeuzkan korsuan zebillen Ingeles urgullusu batek, zeñak zerabiltzkien bi ontzi, bata sei eun toneladakoa eta bestea txikixeagoa, eta oekin ikaratzen zituen alde artan zebiltzen ugarotar guztiak. Errege Felipe irugarrenak jakin zebanean Ingelesak egiten zituen bidebagekerien barri, agindu zion D. Luis Faxardo Lisboan armadarekin egun beretan arkitzen zanari, ezen, igorri zitzala buke batzubek etsaia garaitzen oitutako buruzari azkar batekin, ezin ontzat eraman zitekean urgullu andi hura azpiratu zezan. Lanbide onetarako agintari izatea nai zutenak asko ziran onoreak irabazteagatik; bañan guztien artean autatua izandu zan Gipuzkoatar D. Antonio Okendo, ogei ta zazpi urte baino adin geiago etzebala. Irten zan, bada, Tajoko uretatik milla sei eun ta laugarren urteko uztaillaren amabostgarren egunean bi bajel Eskoziako Delfin ta Dobladilla zeritzan bost eun toneladatik sei eun bitartekoak, jendez eta osteronzeko gauza guztiaz ondo orniturik. Zenbat ibilli egin izan zeban, gelditu ere bage, San Vicente ta Santa Mariatik Cadiza arterañokoan korsuan zebiltzenen billa, etzituen arkitu izan, alik eta aboztuko illaren zazpigarren goizean eguna argitzen asi zan arteraño. Ingelesa aurreratu zan sutunpadi eta alkabuzakiko karga itxi andi bat disparatzera Okendoren kontra, eta onek erantzun zion otslankai berperakin, non geiago bage ekin zitzaiozkan alkarri erasotzen portizkiro. Alboratu zitzaion Ingelesa Okendori, eta onen barkura ere sartu zituen eun gizon, zeintzubek etartuak izan ziraden merezi zuten ongietorriarekin. Ekin zitzaiozkan jazarra, gogorrari, zeñak iraun zeban bi orduan eskuz esku peleatzen zirala. Korsuko ontzi andiak jende berria unetik unera Okendoren barrura biraldu-arrea, onek desaraitu bage jardun zeban garboso, zijoakion guztia itsasora boteaz, odol ixurte andiaren bidez bañan ere. Ingeles arrotuak ikusi zebanean bere jenderik oberena eta geientsua arras galdua, egin zituen eginal guztiak igestutzeko bañan alperrik. Geroenean ere nai ta nai ez izan zeban errernditu bearra, gelditu zitzaion jende apur eta bi ontzi korsukoarekin D. Antonioren menpean; zeñean, oek arturik, bere barko balaz galbaiaren gisa zulatuarekin biurtu zan ondra andian garailari Cascaesara, eta Lisboan sartu zanean, agiriko deadar gozo pozkarriakin gloriaz estalirik igo zuten odeiaz goiti ogei ta zazpi urte baizik etzeban galai gazte Don Antonio Okendo Gipuzkoatarraren aomen gogoangarria sekula betiko. Erregeren gogoan sartu izan zan txit galai gazte onen izena. Egun beretan gertatu zan Bizkaiko Eskuadran zegoen Jeneral Bertendonaren illtzea, eta onen orderako Errege Jaunak autatu zeban Okendo, esaten zebalarik modu onetan. «Siendo yo informado de los buenos principios de vos D. Antonio de Oquendo por la satisfaccion que habeis dado en algunas ocasiones en que mi Capitan General de la armada del Occéano os ha encomendado Navios de ella para salir á buscar los enemigos, con quienes habeis peleado y rendídolos con valor, y echado á otros á pique á imitacion de D. Miguel de Oquendo vuestro padre, Capitan General que fue de la Escuadra de la Provincia de Guipuzcoa, y confiando que cada dia ireis procurando asemejarle mas en las obras, he resuelto hacer eleccion en vuestra persona para que goberneis y tengais á vuestro cargo la Escuadra de Vizcaya».

        Berealaixen izan zeban Okendok bere azkartasuna eta ondra are goiagora altxatzeko era ona txit, Holandes armada andi bat gure itsas-aldeetako portuetan billatu al zitzakean bajelak erretzeko asmoan berariaz egindako injeniozko suakin zetorrena, biraldu izan zebalako astinaldi onak emanik berriz etorteko gogo bage. Egikera au egindakoan bereala izendatua izan zan Okendo Kantauriako Eskuadraren Kapitan Jeneral, zeña konpontzen zan Gipuzkoa, Bizkaia, eta Lau Erriakin. Jarduera onetan egondu zan denporan egin izan zituen serbitzo andiak eta azaña asko, naiz zala korsuan zebiltzanetatik itsas-aldeak garbitzen, naiz berak arrapatzen, naiz zala Lisboara ta Cadiza ontzidi ta Galeonai laguntzen; zeñean eginbide balio andiko oen saritzat beraren izen gozoaibi geiagotu zitzaion General de Flotas de Nueva España. Gitxi bat jeroixeago izandu zan Almirante armada errealeko Prinzipe Filisbertoren agindeen azpian; eta milla sei eun ogei ta bostgarren urtean egin zan Galeonen Jeneral; eta orduan Erregeren armadan izan zeban agintza arterañokoa eta Galeonarekiko bidajeak bukaturik, igo zan milla sei eun ogeita seigarren urtean, itsasoetako armadaren Almirante Jeneral izatea. Toki goititu artara igo ta laster izan zeban Okendok bere bizarriazko azañak egiztatutzeko izan al zitekean deretxarik oberena. Milla sei eun ogeita zortzigarren urtean Mairu samalda ikaragarri batek ertsitu zeban inguru guztitik Mamorako Plaza, eta bertan Gobernadore arkitzen zan Diego Eskobedok gaztigatu zion Okendori Cadiza zer gertatzen zitzaion, eta baldin berpertatik ezbazitzaion laguntzarik joaten, galduak izango zirala nai ta nai ez Plaza ta Gaztelua. Gertakari onen barririk etzekiten Gortean batere; eta Plazaren galdu gordea aiñ irrisku andian ez lagatzeagaitik, Erregeren agindeen begira egon bagetanik, Okendo irten zan supituan, Mairuakin peleatzeko pozkida betean. Bañan oek, bera zijoakiotela igerri zuten bezin fite, Mamora-ri zegoen zegoenean lagarik, igesari eman zioten itsumustuan. Alere Okendok eraso zien iritsi al zitzakeanai portizki; bai ta kiskaldu ere arrapatu zituenak. Egikera andi onen bidez geiagoturik, are goiagora igoak izan ziran D. Antonio Gipuzkoatarraren garboa eta ondra; zeñari Felipe laugarrenak bere eskuz itzkribaturik esker andiak eta asko eman izan ziozkan oparo.

        Milla sei eun ogei ta amaikagarren urtean Eskuadra Holandesak Brasilen Pernambucoko eta Santa guztieneko Plazak desegindurik buruz beeratuak zeuzkaten beretako jendearen saldu erosiari lur joerazo ziotelako; eta oberik etzekustenean eskatu zioten laguntza Gorteari. Bereala Felipe laugarrenak agindu zion Okendori irten zedilla itsasora denporarik galdu bage, ongiena prestatuak arkitzen ziraden bajelakin. Esan ta egin, maiatzeko illaren bostgarren egunean Lisboatik ateratu zan amasei ontzi bakarrakin. Oetako bost andienak etzeramaten bear zuketekean jendearen erdia; beste bost irureun bana toneladan etziran igarotzen, eta bakotxak berrogei soldadu Portuges buru burutik zituen; osterontzeko seiak ere, zeintzubetan ziraden La Capitana eta Almiranta etzijoatzen sarritako modura jendez janziak. Eskuadra txiki onek amabi karabeletan zeramazkien esan diran Plaza bietarako señalapenduak zeuden sokorruak Conde Bañoloren agindera. Almirante zijoan Jeneral Vallecilla, eta tropa guztien zenbatetsua zan iru milla oñezko bezalatsu. Egun gitxiz aurretik Santa Martako Ugartea sakeatu zeban Jeneral Holandes Adrian Hanspaterrek jakindu zeban fite, gure barku txiki indar gitxirekikoak nondik, norekin, nora eta zertara zijoatzen. Gizon urgullusu au ainbesteraño arkitzen zan arrotua, ezik, iduritzen etzitzaion ondo Españatarren kontra indar geiagorekin peleatzea; eta bere armadan zeuzkan ogei ta amairu ontzietatik aldondu zituen amasei ez besteak; zeñean gureakin buruz buru berdindu arren, anditasunean eta jendez askoz geiagokoak ziraden berarenak. Bederatzi eun toneladatik millarañokoak ziran aren Capitana eta Almiranta, eta sutunpadituak ogei ta amaseitik berrogeirañoko kanoiakin. Agorrillaren amabian urkusi ziran armada biak Brasilen aurrean emezortzi goi-mallatan zabaltasun eguerdi aldekoan Abrojostik ogei leguaz E. alderontz, Holandesak barlobento usbetatzen zebala. Conde Bañolok guda-konsellua baturik bere iritzia eman zeban, ezik, oberen-oberena izango zala, karabeletan sokorruarekin zijoan jendea ontzi gudakoetara igarorik indarrak geiagotu, eta gordezkera seguruan jartea. Zeñari erantzun zion Okendok, ezen, iñolako modura ezin zezakeala ark esaten zebana, bada, Errege gandik zeukan agindea zala esan dan jendea sartutzeko Pernambucon, jazarran izan litezketekean otz ta beroen irriskuan ifini bage. Onetan geiago bage La Capitana Españakoak disparatu zeban pieza bat, kontuan ifinteko osterontzeko ontziak jarri zitezela batallarako moduan. Bereala beste tiro bat disparatu zion etsaiari ataikatzen zebala peleara eta luzatuaz denpora berean estandarte erreala. Holandesak naitzat arturik, erantzun zion beste sutunpada batekin, eta Eskuadra biak bata besteagana begira jarri ziran, hi baldin baiz, ni banauk. La Capitana Holandesa beste barku andienetakoarekin aurkeztu zan Okendok zeramanaren kontra; beraren Almiranta ere zuzendu zau Españatarraganotz, zeñari egin izan zion agitz su gogorra, eta Santa Barbaran irazekirik ondoratu zan bat batean, eta Almirante Vallecilla gaizkieritua eta eskuak errerik erori zan urtara. Gertakari au ikustean Jeneral Hanspaterrek bere Kapitanarekin eraso zion Españakoari, beste lau Galeon ondoren zituela, eta iritsi zan abordatzera arrabi andian ezarten ziola arpoia, jarten zalarik aiñ urrean, ezik, Holandakoaren zuaitzearra edo baupresa sartzen zan gurekoaren makilla nagusi eta messanaren tartean; alako moduan ezik gelditu ziran trebesaturik alkarri josiak bezala. Etzitzaion denpora asko igaro Buruzari Batavoari bere arrokeriazko sarrera moldakaitzaz damutu bage, uste bazeban ere aixa ta fite, astinaldi ona emanik, ateratu Okendoren bajeletik. Hanspater andia aiñ buruzpide txarrean arkitu zanean nai zukean aldondu, bañan Okendok kalabrote lodi batekin barkua loturik, gelditu zeban nai ta nai ez seguruturik; eta lemari laga zion bere erara, etsaiaren ontziak egin zegikean indarrezko astinaldi eta danbatakoarekin irabazi al bazezakean, barlobento gelditzen ziralarik Kapitana biak saietsetik saietsera alkarri lotuak. Egoera onetantxen berperean irauli ziran sua urratzera. Egia da etsaia bere indarraz baliatzeko era obean arkitzan zala, zergaitik gure Capitaneko sutunpadi beeko endanakoa ezin jokazitekean, eta beraren balak ogei ta bikoak ziran; bañan Holandesak disparatzen zituen goiko endanada eta beekoa bala berrogeiñakoakin. Etsaiak ausardi andian saltatu ziran Españakoaren Plaza armaetakora, bañan beretakorik bat bakarra ere etzan gelditu izan bizirik. Peleatu ziran ezin geiagoraño beren izateaz etsitako gizonen gisa, eta odoltzatu ziran itsasoak gorputz ill montoi erorten ziradenakin. Aserreagotu zan jazarra geiago, etsaiaren beste Galeon batek bigarren saietsetik Okendori eraso zionean, eta abordatzen zitzaiola, gelditu zan Capitana gurea su biren erdian estukiro, alde batera ta bestera ardura andiarekin arretaz begiratu bearrean. Estura aiñ larritasun gogorrekoan D. Antoniori laguntzalle iritsi zitzaion ontzi Placeres berreun toneladakoa; bañan erratu zeban ekinera, zeñean etsaiaren branka biak alkarri josi naiean aurreragi sartu izan zalako, galtzeko zorian arkitu zan jende guztia uraren gañean zebala, baldin Okendoren azkartasunak bere Capitanera artzeko bidea fite egin izan ezbalu. Masibradi zeritzan gure beste ontzi bat Kapitan Juan de Prado agintari zebala soma obean eta egokiago sartu zan etsaia zirikaturik, beregana begira ifintera, zeñak Holandes Galeona beartu zeban nai ta nai ez buruz buru peleatzera, lagatzen ziezatelarik La Capitana biai bakar bakarrean, nor geiagokoak ziraden ikust zitezen. Itsas batalla onek iraun zeban goizeko zortzi orduetatik arratsaldeko lauak arteraño. Denpora onetan guztian Okendo beldur bagea ezpata eskuan zebala, eta gorputzean oialezko soñeko senzilloa beste gordegarri bage peleatu izan zan etsaien kontra, ontzi-gaztelutik kendu ere bagetanik. Lanzerik gogorrenetan berari ongiena lagundu ziotenak ziran Sarjento nagusi D. Lazaro Egiguren, eta bi Kapitan Martin Larreta eta D. Jose Gabiria. Azkenean gure La Capitanak disparatu zeban pieza bat proatik Holandakoaren poparen kontra, zeñari sartu zion sua takoarekin Santa Barbararen ateetako batetik. Asi zan irazekitzen portizki, eta egin al guztiak egin arren illtzen ziran Holandesak montoika beren seta gogorrean. Jeneral Hanspaterrek ikusirik erretzera zijoala garretan, edo arras ernegaturik, edo ta irriskuaren igesi bota zeban bere burua urtara, non ito zan salbatu zitekeana baldin nai izan balu Españako Capitanera igaro. Oni ere sei edo zazpi lekutatik itsatsi zitzaion sua, etsai irazekituaren urrean arkitzen zalako; bañan ontzi Masibradik ateratu zeban irriskutik, eta seguru jarri zeban kalabrote batekin. Irabazi zan Estandarte Batavoa, Españakoa gelditzen zalarik arraintzarako sarearen gisa zulatua sutunpadi eta muskete tiroakin. Ill ziran etsaiaren aldekoak milla ta bederatzi eun gizon igaroak bakarrik La Capitana eta Galeon bietan, beraren armada osterontzekoak galdu zituenaz gañera. Gureetakoak ziran illak bost eun laurogei ta zortzi eta erituak berreun ta bat. Holandesaren ontzi gañerontzekoak ikusirik beren Capitanaren ausiabartza ikaragarria, belak luzaturik jarri ziran igesbidean, zeintzubei supita bizian jarraitu zitzaien gauak lekurik eman etzeban arterañoko guztian. Gure armada ere irten zan zatikatua txit, eta La Capitanaren etzan-lekuak, ganbara ta saietsa balazoz josirik arkitzen ziran desegiteko zorian. Bañan batalla irabazitako pozaz, eta Pernambuco ta beste Plaza Brasilkoetan sokorruak sartutako atsegintasun parebagekoak, gozarotu zituzten gañez eragiteraño, jazarran igarotako atsekabe guztiak. San Agustinen ongitu zan gure armada, Oztugartera iraultzeko lainbat izan zedin moduan, eta alaixen sartu ere zan Lisboara azaroko illaren ogeigarren egunean, non bere azaña andiaren saritzat etartu zeban consejero de Guerra edo Gudako konsellariaren titulua.

        Milla seieun ogei ta emeretzigarren urtean are geiagoko mirariak egin izan zituen Okendok, Holandako almen guztiaren kontra. Paises-Bajos deitzen zaion tokikoak Franzia ta Holandaren kontra sokorru andien bearrean arkitzen zirala, Españako konsellu batiztuak eta gudakoak Okendo esleitu zuten estura larrian zeuden urrikarriai laguntza emateko. Irten zan eginkizun balioso onetara bere armadarekin Cadiztik aboztuko illean, eta Coruñaren urrera iritsi zanean alkartu zan Don Lope de Hocesen jendearekin. Kantauriako eta Galiziako itsasaldeak zalagardatuaz zebillen Franzes Eskuadra Bordeosko Arzobispoak agintzen ziona, ezin billatuz jarraitu zeban Kanalera, zeñetara iritsi zan agorrillaren amargarrenean; eta amaseigarrenean agertu zan. Dunastik amalau leguara, amabi ontzirekiko Eskuadra Holandesa, zeñagana batu ziran beste bost bereala. Oek ikustean Españatarretako batzubek nabarmendurik joan ziran lasterrean berai erasotzera, eta Okendo ikusi zan bakarrik bere La Capitanarekin, etsai armada guztiak ingurutua. Lanze irrisku andikoan bazegoen ere etzan estututzen potoko esnea baino geiago, eta beraren eginal guztia zan etsaiaren La Capitana billatzea buruz buru peleatzeagaitik; zeña ikusten zeban zegoela kanoi tiro batekoa bidastian beraren bajilak illargi erdiaren modura naspillatua, eta guztiak Españako La Capitanari su egiten ziotela. Guztiaz ere, gitxika gitxika bidea epakirik noizbait bear ta iritsi zan Okendo La Capitana Holandesaren albora, eta ekin zitzaion sutunpa ta musketeakin portizki abordatzeko ustean; bañan bete etzeban bere naia, bela luzaturik igestu eta aizapean zeudenen babesera sartu izan zalako.

        Etsaiaren La Capitana aldondu zanean ekin zitzaion Don Antonio Almirantari, eta kanoi tiro batekin bota zion belatxo proakoa. Bereala etsaiak, zabaldurik geiago bere belak, laga zeban jazarra, bajel bat ondaturik bi gizon baizik salbatu bage. Egia da gure La Capitana ere, bakarrik peleatu zalako, destresnatua gelditu zala berrogeita iru gizon illak eta beste ainbeste eriturekin, oen tartean Quiros, Escoronzeta eta Oramoro, irurak kapitanak. Bigaramunean illaren amazazpigarrenean ikusi zan berriro etsaia amasei ontzi geiago zituela eta emezortzigarren goizeko ordu batean aizaldea irabazi ezkero, peleari ekin zioten gureakin. Batalla onek iraun zeban arratsaldeko lauak arteraño. «Habiendo llevado el mayor peso, dice al Rey el mismo Don Antonio, La Capitana y Almiranta Real Santa Teresa, y algunos pocos galeones, porque los demas se sotaventaron».

        Patu obeagoaren diña zan Almirante Mateo Blajain balientea izandu zan aldi onetan suerte bagea. Gizon garboso au bere ontziarekin aurreratu zan etsaia biratzera irriskuari begiratu bage, zeñari sutunpadiko bala batek eraman zion burua. Ustez ustekabeko ezbear donge au gertatzean, Ujalainen ontziko jendea gelditu zan korde bagetua bezala, ez non zegoen eta ez zer egin bear zeban etzekitela. Etsaia aiñ era onean arkitu zalako abordaturik errendatu zeban fite eta erraz aski Ujalainen jendea bere ontziarekin, bañan Okendok, zeñarentzako etzan ezin egiñik, bere La Capitana prestamenak urratuarekin eraso zion berriro etsaiari gogorki, baita oska erazo ere itsaspendua zeukan ontzia bere jendearekin. Arratsaldeko lau orduak izaugo ziran Calais eta Douvres bitarteko goaiak eraman zutenean Okendo Inglaterrako itsasaldeetarontz, eta gertatu zitzaion Dumas-ko portuan sartu bearra nai ta nai ez. Egoitza doakabe onetan arkitu ziran gure La Capitana eta ontzi Santa Teresa, iñola ere ezin ugarotu zezaketekeala; eta emendik biraldu zituen Okendok bajel batzubetan sokorruak Mardie-ra, zeñetara iritsi ziran nai bezain ondo, eta bera zan irrisku andiko lanbide onen eginkizunik aurrenengoa. Gure barku urratuak arabatu bezin prest portu berera sartu zan Holandako armada, eta bota zeban aingura aen aldamenean. Portu artan bere armadako berrogei ontzirekin arkitzen zan Almirante Inglaterrakoa, ez bataren eta ez bestearen alde irteteko, eta ez bere menpeko tokian arrotzai batallan lagatzeko ifiniak dauden lege zuzen indartsuak beartu zuten Españakoaren eta Batavoaren erdian jartea; bañan etzeban balio izan oarpen ain bidezkoak, zergaitik Holandesak, indar geiagokoakin arkitzen zalako arrotasunean, toki aiñ itzal andikoari begiratu bagetanik eraso zion Okendori itsumustuan zegoela portu berperean. Bidebagekeri au ikustean Don Antoniok egin zeban bizarria zan bereal-bereala portua lagarik itsas zabalera irtetea, atakaitzen zebala etsaia baldin peleatu naiean arkitzen bazan atera zedilla bere armadarekin kanpora. Esan ta egin, jarraitu zion onek garaipenaz kontatzen zebala bere indar geiagokoen bidez, zeñean zeuzkan guztitara eun ta amalau bajel, eta Okendok ogei ta bat baizik ez. Alkarganatu bezin laster ingurutu zeban Okendo bere La Capitanarekin erdi erdian artzen zebala, bañan damutu zitzaion prest aski gisa artan jarria, ezin buruatu zebalako Don Antoniorekin. Bereala ingurudeari lagarik etsaia sakabanatu zan zatika, gure bajel banakakoari ekitera. Talde beetako bati lendabizi arpegi eman zion ontzi Santa Teresa, Capitana Don Lope de Hocesenak; zeñak etsaiaren zortzi bukeri gogor egin izan zien luzaro, botatzen ere zituela beretako batzubek ondora, alik eta ezbearrez ontziak su artu eta jenderik geienarekin Don Lope bera erre zan arterañokoan. Etsaiaren kopurua izanik ain geiegia, beste sei ontzi ere errendatu ziran arras nekatuak, eta oen artean La Capitana Galiziakoa, zeñaren agintari zan Feyjoo. Ordurako etsaiak ere galdu zituen ogei ontzi bere aldekoak, eta gañera Españatarrai lenago arrapatuak. Armada Holandesa garaitpenaren aztarna oekin guztia arrotu eta antasterik jarri zan, Okendo bere La Capitanarekin beste eragozpenik itsasoan ikusten etzebalako, eta azkenengo bere indar guztiakin eraso zeban humanta Euskaldunaren kontra; «caso raro! una armada entera contra sola una fragata!» dio kondairak. Egiteko andi au gaizki irten zitekealako beldurrarekin bazituen nork esanondu D. Antoniok, obeko zebala irauli Dumas-ko portura, zeintzubei erantzun izan zien «No permita Dios que con una mancha tan grande menoscabe mi reputacion. Jamas el enemigo me ha visto las espaldas. Lo que se ha de hacer es arriar las velas, y esperar resuelto al enemigo». Eskuadra Holandesa arritu zan lazki, Okendoren garbo aiñ beldur gitxikoa ikustean; eta bere indar guztiakin erabaki zeban, sutunpadiarekin portizkiro erasorik ez lagatzeko, alik eta errendatzera beartu zedin arteraño. Ontzi bakarraren kontra etsai samalda aiñ andia ikustean, sartu zitzaien izuikara gogorrak gure soldado eta itsasgizonak jatxierazo zituen eskotillapera; eta Okendo ustebageko gertakari onen bidez atsekabeturik, joan zitzaien alaitzera, eta asi zitzaien esaten onela; «¿Que humor es, ¡oh soldados y compañeros mios! el que vilmente discurre por vuestras venas? ¿Habeis olvidado que aun no ha ocho dias que este enemigo, estos mismos bageles y este generel que vemos delante, habiéndo los embestido con sola esta Capitana, teniendo él 17 navios, nos volvió infamemente las espaldas? Considerad que no tenemos mas medio que pelear; porque retirarnos no puede ser viviendo yo. Si Dios fuese servido que en esta ocasion perdamos la vida, moriremos en defensa de la religion católica contra tan implacables enemigos de ella, por el crédito de nuestro Príncipe, y por la reputacion de nuestra nacion.... No os espante el número, que cuanto mas fueren tendremos mas testigos de nuestra gloria, Santiago y á ellos». Jeneral maitagarri erru andiko onen itzaldi sutsuak bere soldaduen biotzai irazekirik, eskotillapetik irten ta irauli ziran nor bere tokiak betetzera. Etsaiak bere sutunpadi guztiarekin jardun zeban sutan egun artan gelditu ere bage, Okendo azpiratuko zebalako uste oso betean; bañan alper alperrik. Alde guztietatik ertsitua egon arren gure La Capitana garaitezgarria, etsai samalda izugarriari gogor egiñik gorde izan zan, mundu osoa arritu leikean moduan. Batalla onetan ogei ontzi galdu ziozkan etsaiari, eta beretako geienak arras ondora botatuak. Azken azkenean ikusirik Holandesak bere indar guztiakin ezin desalaitu zebala ontzi bat bakarra, artu zeban bukaerako asmoa bere La Capitana, Almiranta, eta beste bi bukerekin abordatu bear zitzaiola Okendori; bañan etzan batere estutu gudari Gipuzkoatarra. Arazo oetan etsaia zebillela beraren indar andiaz ixekaturik itxeden zion D. Antoniok zeuzkan bela apurrak jaso eta donario ederrean; eta bajelak urreratu zitzaiozkan bezin prest, bala mueta askorekiko deskarga itxi lodi batekin atzeratu zituen guztiak arin aski. Akaballako golpe erruzu onekin arras etsirik biurtu zan Holandes armada urgullusoa, burua makur makur zebala, eta beraren agintaria gelditu zan nasitua lotsa andiarekin; zeñari, batalla gogoangarri onetan igarotako gertakarien kontu estuak artu izan ziozkan Estados-Unidosetako Gobernuak; eta lanbide au aipatzeaz bakarrik artzen zeban izuikara ta lotsarekin etzeban erantzun izan beste gauzarik, ezpada itz oek; «Que la Capitana Real de España con D. Antonio de Oquendo era invencible». Itz labur oetan etsaiak berak egiten dion alabanza baino andiagoa zerekin ta nola egin al dakioke D. Antoniori? Holandes au ez ezik badira beste geiago ere, Gipuzkoatar gudari andi onek egindako azaña gogoangarriak goienengo mallara igo izan dituztenak; eta gaurko egunean ere, toki guztietan da beakurtua eta txit ezaguna D. Antonio de Okendoren izen ondra andikoa.

        Gipuzkoatar oroitzarri au, Holandesai batalla irabazitako gauean, olagara ta gloriaz estalirik sartu zan Mardieko portuan, non igaro zeban negua. Bañan bere ibilliko nekeak, jazarraetako erasoak, eta berrogei egun ta geiagoan gorputzetik erroparik kendu bageak ekarri izan zion berotasunaren bidez indarrak gitxiturik beartu zan oian jartera, zeñetan zegoela begiratzen zion leio batetik bere La Capitana ta lagun maite gloriaz beteari, esaten ziolarik onela: «A mi, no me falta mas que morir despues de haber traido aquella nao y aquel estandarte con reputacion á este puerto». Emendik irten zan milla sei eun ta berrogeigarren urteko maiatzeko illean, eta Donostiaren urrera iristean, kupidaturik soldadu ta itsasgizonak ondo esate asko egin izan zioten gelditu zedilla bere etxean, alik eta zuzpertu arteraño. Bañan bere lagunen ondo esanai, eta jaioterrira sartutzearekin artu bear zeban pozkida beteari begiratu bage erantzun izan zeban: «La orden que tengo es de volver á la Coruña; nunca podré mirar mejor por mí, que cuando acredite mi obediencia con la muerte». Esan bezalaixen sartu zan Coruñan eta geiagotu zitzaion elgaitza; bereala eman zioten etsimena sendagiñak. Gaitzaren berotasunak erretzen ziozkan bere erraiak, eta desengañoa arturik zegoen ezkeroz eskatu zeban mesedez laga zegiotela edaten baso bat ur. Eman zioten gogoz atsegin egitearren; bañan eskuetan zeukala, izanik bera aiñ erlijioso ona, nola gudari andia, etzeban gozatu nai izan denpora laburreko atsegintasun hura; eta Jaungoikoari egin zion azkenengo eskani edo sakrifizioa, guztiz asko naikidatzen zeban edariari lagarik. «Habia recibido (dio bere azkeneko orduetan lagundu zion Aita Gabriel Henao Elizagizon Kondairatzalleak) los Sacramentos de la Iglesia con religiosa devocion, y estando muy de peligro el dia del Corpus, y al tiempo que comenzaba á salir de la Iglesia la procesion solemne de esta fiesta, oyó el estruendo de la artilleria que disparaba la Real armada y escuadra de Flandes surtas en el puerto, y teniendo algo turbada la cabeza por la enfermedad, aprendió que se disparaba contra enemigos que las acometian. Hizo esfuerzo para incorporarse en la cama, pronunciando remisamente; enemigos, enemigos; dejenme ir á la Capitana para defender la armada y morir en ella. Reconocí eran los últimos alientos, y poniendo yo á su vista un crucifijo, y haciéndole las exhortaciones acostumbradas, espiró. Entré en persuasion que el ahinco para salir de la cama habia apresurado la muerte.... Despues fué abierto el cadáver para embalsamarle y llevarle así al templo de la Compañia de San Sebastian, y notamos como cosa particular que el corazon era muy grande, aunque el cuerpo pequeño, y que el corazon brotaba un pelo crecido, que en heroes tan de primera magnitud que D. Antonio Oquendo es para reparado».

        Henaok berak dudarik bage segurututzen du, Felipe irugarren, eta laugarrenaren esakuntzaz batera, ezen, Españaren lendabiziko asieratik beren egunetaraño ezagutu dan Kapitanik irriskatuena, balerosoena, eta jakintsuena izandu dala, itsasorako, Don Antonio Okendo. Autormen berpera egiten dute, bada, itsasozko batallaen gañean izkribatu izan duten gizon ernai guztiak.

        Ikusten da, bada, argi eta garbi, gaiñ-gañekoak eta guztiz gogoangarriak diradela Gipuzkoatarrak, leorrez ez ezik, itsasoz ere egin izan dituzten azaña sarritangoak. Eta, nork somatu al dezake Juan Sebastian de Elkano Gipuzkoatar Getarian jaio ta azitakoak zenbat ugarotu izan zeban? Bera izan zan, bada, itsasoz mundu guztia lendabizi ingurutu zebana; zeñagaitik esaten daben Indiaetako kondaira guztiakikoak berrogei ta amaseigarren orrian onela; «Grande fue la navegacion de la Flota de Salomon; un poco mayor la de estas Naos del Emperador, y Rey Don Carlos. La Nave Argos de Jason, que pusieron en las estrellas navegó muy poquito en comparacion de la de la Nao La Victoria, la cual se debia guardar en las atarazonas de Sevilla por memoria. Los peligros y trabajos de Ulises fueron nada en respecto de los de Juan Sebastian; y asi él puso en sus armas el mundo por cimera, y por letra, Tu primus circundedisti me; que es decir; El primero eres, que me rodeaste; que conforma muy bien con lo que navegó; y a la verdad, él rodeó todo el mundo.»

        Au esaten du, bada, beste gauza geiagoren artean, kondairak Elkanoren azaña andiaz itzegitean; eta berari berriro Don Carlos jaunak eman izan ziozkan kargu ondra andikoen aipamena ere egiten du argiroki.

 

                Mendietan ez ezik itsasoan ere,

                Gipuzkoatarrak txit azkarrak dirade

                Beren azañak ongi gordeak alere,

                Urteak joan arren agirian daude.

 

aurrekoa hurrengoa