www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO KAPITULUA

 

Gipuzkoatarren erlijioa zer ta nolakoa dan.

 

        Munduaren lenengo adiñetik Euskaldunak adoratu izan dute beti arimako begiakin baizik ikusten ez dan zeru ta lurren Egille andia; zeñari deitzen diogun aoa bete beteko izen gozo ezin egokiagoarekin JAUNGOIKOA. Euskal-erriaz landarako toki guztietan adoratuak izandu dira gezurrezko Taiu ustelkor modu askotakoak. Persia ta beste Erri anitzetan adoratzen zuten Sua, Jaungoikotzat, Eternen izenarekin. Ejiptokoak eta Greziatarrak Lurra, Gea ta Titearen izenarekin. Ura askok, Neptunoren izenarekin. Batzubek Aizea, Eolorenarekin. Eguzkia, Illargia, Izarrak, Abereak, eta azkenik Landareetarañokoak ezagutu izan zituzten Jaungoikotzat munduko gizon arro, itsu ez jakiñak. Bañan Gipuzkoatarrak ez dute adoratu izan beintxu ere beren Jaungoiko ill-ezkor egiazko bakarra baizik; eta sinitsmen onetan irme beti izan ziralako, Jesukristoren Ebanjelioa entzun bezin laster gogoz laztandu izan zuten aiñ gozotoro.

        Denpora berean Españako Erresuman bizi ziraden Euskaldunai San Saturnino lenbizi adierazo izan zien kristauen ikasbide egiazkoa, zeña etorri zan eginkizun onen bidez Tolosa Franziakotik Iruñera, non limurtu zeban prest bereganontz Fermin gaztea, bere guraso ta etxetar guztiakin. Gazte odol oneko au kristautzarako bidean eskolatzeko, berari etxean utzi zion Apaiz Honesto; zeña gelditu zan atsegintasun andian, Fermiñi onbideak emanaz, jende talde andiari Jesukristoren ikasbide zuzena erakusten; eta San Saturnino, Ebanjelioa laztantzeko Euskal-erria aiñ sasoi onean arkitu izan zebalako pozkidaturik, biurtu zan Franziara.

        Gauza jakiña da Santu oni naitasun andia artu izan ziotela Euskaldunak, eta batez ere Gipuzkoatarrak. Egia garbiro onen sinistmenerako begiratzea baizik ez da Nafarroarekin mugatzen dan Erri txiki Zaldibiakora; non ikusten dan argiroki, bertako biztanleak mendi ondoan lendabizi egin izan zuten Elizatxoan, Jaungoikoarekiko bitartekotzat artu izan zutela San Saturnino; zeñegana joaten dan Erri guztia jaiera andiarekin premiña ordu guztietan; eta beraren izen gozoa ifinten ere diezate seme ta alaba askori, Santu andi onengan fede oso betea dutelako. Beragaitik ezagutzen dira Zaldibian ainbeste Saturnino ta Saturnina; baita ere izen bereko Elizatxoaren ondoan bi etxe purubetar deitzen zaiotenak batari Saturdia, eta besteari Eleizegi; zeintzubek adierazten daben argi eta garbi, ezen, Erri onek bere Santu Godartaritzat autatu izan zebala, Euskal-errira Ebanjelioa aurrena ekarri izan zeban San Saturnino, eta izen onekin arkitzen dan Elizatxoa dala, Zaldibian lendabizi egin izan zana.

        Begien aurrean dakusku, bada, argiroki, ezen, Ebanjelioa Gipuzkoatarrak entzun izan zuten une berean laztandu zutela gogoz, eta geroztik, amodiozko naitasun bero bizi gartsua diotela berari. Egia ziertoro onen sinistgarririk garbiena ta indarrik andienekoa da gure Ama maite maitagarri Gipuzkoak bere Fueroetako liburu andi baliosoan, berrogeita batgarren Tituluaren lenengo Kapituluan, ezarria daukan lege zar zuzen bidezkoa; zeñetan arkitzen dan erabakirik garbiro, ezen, kristau ez diranai, ez ezik, egin-berriai ere, ezin emango zaiotela bizilekurik Probinzia onetako mugapean.

        Eliza Ama Santari dagozkion gauza guztietan dira Gipuzkoatarrak begiramen andikoak txit. Errietako Alkate jaun, eta gizonik aurrenengoak jai egun guztietan joaten dira Meza nagusi ta mezperak entzutera; bai ta letei, illeta, ondra, eta beste billera agiriko guztietara ere. Elizako eginkizun Jainkozkoak dirauten arte guztian itxiak egon bear dute, Ama Gipuzkoaren aginduz ta oituraz, ardandegi, sagardotegi, denda, eta beste toki saldu-erosiko guztiak; eta are gitxiago plaza agirikoetan ibilli diteke iñor pillotan, palankan, danzan, eta beste edozein jostaketa modutan, alik eta Elizako eginbideak bukatu arteraño.

 

                Erlijio Santua Gipuzkoatarrak

                Maitatzen dute anitz gazte, eta zarrak;

                Doai on au emanik Jaungoiko bakarrak,

                Zer nai gauzatarako dirade azkarrak.

 

aurrekoa hurrengoa