www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoako Erri askotan nekazariak alkarren artean egiña daukaten anaiatasun pare bagekoaren azaldurea.

 

        Probinzia onetako nekazaririk geienak gordetzen dituzte, oraindik ere, beren anaia artzain ondraduai ikasitako oitura oneski maitagarriak. Jende leial onek bere bizimodurako ifiniak dauzkan alkardade gozoak dirade, bada, ezin obeagokoak. Beretakoren bati gertatzen bazaio iñoiz edo berriz, adu txarren baten bidez uztarriko abelgorririk elbarritu edo illtzea, lagunkida guztia alkargana baturik, jarriko diote ordaña berpertatik. Baldin suertatzen bada nekazari oetakoren bat edo beste edozein abelgorririk ez daukana, eritasun gaiztoaren batek arrapatzea, onen soro ta alorrak landuko dituzte beraren aide, adiskide, eta auzoak, beren berenkiak balituzketeke bezin ondo, mugaz eta txukunki alogera ta sasirik bage; eta geienak, nork bere etxean jaten dabela. Nekazari maitati oek badute beste oitura bat are geiagokoa.

        Baldin gertatzen bada iñoiz langille prestu oen arteko seme alabaren batzuk, alkarganako duten amodiozko naitasunaren bidez gaztelimuriturik, bear ez litzakean aztaporen batean irristatuta erortea, eta berai ezpazaiote une artan arkitzen etxe bazter bat alkargana baturik beren langintzari ekiteko, oen gurasoak atsekabeturik lotsa andian ixil ixillik daudela, osterontzeko aideak, auzoak, eta adiskideak alkarturik batutzen dira jai egun batean Erriko etxera, galai irristalariarekin batean: eta emen beren txurruta edaten daudela, asten da gizonik elduenetako bat itzegiten, esaten dabelarik, ezen, Jaunak, gure gaurko billera gozo au zeren bidez eta zertarako dan, nai dizutet adierazo al dedan modurik oberenean, eta uste det nere eskariak entzungo dituzutela gogoz, aide onetsi, auzo ondradu, eta adiskide leialtzat ezagutzen zaituztedan bezala.

        Begien aurrean dakusku, bada, argiro, gure odol garbiko gaztelimuritu oek arkitzen dirala, orain orain bezala, izan al ditekean egoitzarik negargarrienean, eta baldin nork lagundu ezpadute, gelditu bearko dutela betiko urrikarri, Erri osoaren farragarri, eta aide guztien desondragarri. Ez degu, bada, zer miretsi zoragarritutako gazte argal oen aztapoaz. Badakigu gerala guztiok Adanen zañetik sortutako geldo aul irristalariak. Beragaitik egin bear degu, bada, al dezakegun guztia, gaztelimuritu oek, Ama Eliza Santeak agintzen daben bezala lenbait len alkarri joerazorik, beren bizimodu onean ifinteko. Onetarako, badakigu etzaiotela arkitzen orain orain bezala, ez non nekatu, eta ez zer jan; bañan asiera on baten bidez izan litezke zorionekoak berak eta beren seme alabak gure odoleko guztien ondrarako. Eta atsegintasun andi oni begira egunen batean egon gaitean, guk orain aide guztien artean egin bear deguna da, berentzako labaki andi bat zillegi lurretan jo, atxurtu, erre, esitu, eta garia bertan ereiñik ifintea, lendabiziko aboztua artu dezaten gure izenean, gero beren lanbideari gogoz jarraitzeko; eta bitartean ere zer jan izan dezaten bear diegu eman, bakotxak al dezakean moduan, gari, arto, bigantxa, txekor, zerri, ardi, bildots, auntz, auntztika, ollo, ollanda, ollasko, eta beste zenbait gauza bizitza berriari dagozkionak.

        Itzgille ondradu onek bere otoiz-aldia bukatzean, aurrenengo eskiñiko du onelako edo alako gauza ezkondu bear dutenentzako. Bereala asiko dira besteak, batak emango dabela onelako, besteak orrelako. Modu onetan egiñeratzen dute Gipuzkoako atxurlari prestuak oituraz, buruzpide txarrean iñoiz arkitzen diran gaztelimurituak beren bizimodu onean ifinteko bidea. Senar-emazte aldia asko ezagutu izan ditut nere jaio-tokian eta auzo-errietan, gisa berperean alkarganatuak, eta beren seme alabai buruzpide ona eman izan diezatenak. Beragaitik, eta izendatu dedan moduko billeraetan bein baino geiagotan nerau izan naizalako, ezarri nai izan det Gipuzkoatarren oitura gozo au aiñ luze ta zearo.

        Guztiz maitagarriak dirade, bada, Gipuzkoako nekazariak jatorriz dituzten oitura miraritsuak; iñork aintzakotzat artu bagez, bazterturik txokoan ixil ta geldi badaude ere, ez balira bezalaixen. Eta zergaitik ori? Ez bestegaitik, ezpada anziña anziñakoak eta Euskaldunenak diralako, eta Euskaldunak Euskarazko itzkuntza garbian agertaratu nai ez dituztelako. Badakit nik, txorotzat emango nautena askok eta askok lanbide onetan ari naizalako; baita ere, Euskaldunak izango dirala maixiatzalle oek. Ordea zer da ansi, erausle oek eman al degikidaten atsekabe apurra deus ez baldin bada, oitura maitagarri oezaz itzegitean nere barruak artzen daben pozkida betearen aldean?

        Esan bear det, bada, beste oitura bat ere txit anziñakoa, eta bera irozotzea guztiz ondo dana. Mundu negargarri iduripen utsa baizik ez dan onetatik, betiko leku pozkidatsura gure Egille andiak deitzen gaituen denporan, eta berari kontu estuak emandakoan ere, oitura jatorrizko maitagarriak gordetzen dira Gipuzkoan ardura andiarekin txit.

        Gaixorik arkitzen danean bat, Sendagiñak etsipena emanik Elizako gauzak artuta, beraren aide, auzo, eta adiskideetakoak etzaiozka aldamenetik kenduko asnasa deban arte guztian, gau ta egun alkarri txanda emanaz serbitatzen dutelarik leialkiro, berari dagozkion gauza guztietan; eta pozkidatzen ere dute txit asko, munduari utzi bearrak burura ekarri leizkiokean atsekabe samiñak desegiten diozkatelako arras, lanze estu artan berari egiten diozkaten eskeñi oparoakin. Baldin aur txiki askoren gurasoa bada gaixorik arkitzen dana, eta oen bizimodurako ezer gitxi lagatzen dabena, esango diote bere aideak, eta aiderik ezpadu, auzo edo adiskideak, ezen, ez dezala aurren ardurarik eduki; bertatik izango dirala jasoak, lagunduak eta ondo begiratuak, oitura dan bezalaixen. Eta oraindik are geiago egiten dute, eri dagoenaren atsegiñerako. Deitzen dituzte beraren aurrera aur txiki lanerako adin bageak, eta aideren batak esaten du; onako mutiltxo au nik artuko det nere etxera, aziko det ondo, erakutsiko diot lana egiten, eta bere bizimodua artutzera datorren denporan lagunduko ere zaio dagokion moduan. Besteak artuko du neskatxatxoren bat eskutik, eta esango du; au nere alabatzat ezagutuko det onezkero, eta bertatik daramat nerekin batean gerorako utzi bage.

        Gisa onetako eskeñi oparoak bere seme alabaentzako entzutean, jarten da eri gaixoa indartsu erioari darraizkion etsai portitz guztiak garaiturik, Jaungoikoaren arpegi ederra ikustera lenbait len joateko pozean. Eta mundu deserritu onetatik beti betiko tokira joatean ere, beraren aide leialak egiten diozkate arimaren onerako Elizagandik egin al dagizkiokean laguntza guztiak.

        Beste oitura bat ere gai oni dagokiona eta anziñakoa txit, ezagutu izan da Gipuzkoan milla ta zazpieun urte ingururaño. Euskal-errietako Jauregi, eta Etxalderik aurrenengoak, beretako Nagusi Etxekoandreak Jaungoikoak beregana deitzen zitueneko ifinia oi zuten legezko oitura, nori bere ondasunak agintzen zioten modukoa, nork daki, ordea, noizkoa? Illtzen zanaren gorputzarekin batean eraman oi zituzten Elizako ate nagusiaren ondora, batarentzako uztar-idi galaren galakoa txintxarriz beterik; bestearentzat zekor galanta adarretan lore ta errosetak zituela; ark ari andia; onek txikiro gizena; egaztiak, sagarrak, gaztañak, eta beste gauza asko, nor nolako emankizunaren azpian arkitzen zan, gisa berperean bear zeban erantzun utsaldiarik bage. Iñork asierarik billatu ezin leikion oitura onetatik atera litezke gauza balioso asko, anziña anziñako denpora doatsuari, eta Euskaldun zorionekoai dagozkiotenak; zeñak adierazten daben argiroki, Elizak gogortzen asi baino lenago ere, Euskaldunak begiramen andia zutela Jaungoiko egiazko bakarraz oroitzeko, beren guraso, aide, auzo, ta adiskideak mundu onetatik bestera igaratakoan ere.

 

                Bizian ta illean Gipuzkoatarrak,

                Alkarri laguntzeko txit dira leialak:

                Ikusi dira ondo beren egiñ-alak,

                Ditxa andia bait du emen bizi danak.

 

aurrekoa hurrengoa