www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoako Orube gogoangarria zer gisatakoa dan; beraren mugapean nolako nekazaritza egiten dan, eta zer labore mueta artzen diraden.

 

        Gipuzkoako mugape guztia da arkaitzez josia, eta aldapatsua; bañan geiegiko latztasun bage izakiak ondo doaindurik egoki ta erara ezarria, muno goitituai dariozkaten koipe guri txit gozatsuak, erriberaetara emekiro ixurtzen diraden moduan. Begiratu batean idurin badute ere aldats oek, amiltzeko zorian daudela zinzilika erori naiean, aiñ irme ta sendo arkitzen dira alkarri laztandu ta itsatsiak, non, ez diran aspertzen beintxu ere, batak bestea naitasun andiarekin leialkiro maitatzeaz. Erribera, ibar, ta ordeka zelaiak; aldapa, egi, muno, ta malkorrak; gizen, argal, lodi ta meak; zail ta samur, biguñ ta gogorrak, ezadetsu ta elkor, azal ta mami, barru ta bazter, guzti guztiak dira Probinzia onetako lurrak, bakotxak bere gaiean, gizonari serbitzo andiak egiten diozkatenak, eta ondo begiratzea merezi dutenak.

        Egiazki, non billatzen da Lurbira bat osoa, Gipuzkoako Probinzia bezalako txukuntasunean landu ta ongarritua? Lanbide onen gañean izkribatu izan duten gizon arrotz jakinti guztiak autortzen dute, bada, Gipuzkoako nekazaritza arkitzen dala goienengo mallara igoa. Eta alaixen da izatez ere. Beraren mugape guztian ez da arkituko oña bete leku, alper dagoanik. Edozein aldetara begiratu eta ikusten da ederki apaindua. Beragaitik esan izan dute askotan Probinzia onetan igaro izan diran gizon kanpotar andizki anitzek, ezen, galaren gala janzitako baratza zoragarri bat dirudiela Gipuzkoako mugape guztiak.

        Esan-al guztiak esan ta ere ez luke, bada, iñork bear ainbat andizkatuko Gipuzkoako nekazaritzaren garbitasuna eta txukundadea. Nork bere menpeko alor guztiak dauzka arreta andiarekin egoki ta zearo esituak, dala esolaz, arantzaz, arriz, edo lubakiz, tokiari nolako gaiak eraratzen zaiozkan alanberean. Ordeka zelaietan errolla andiak iriki ta urai igesbidea emanaz, eta goi amilkorretan euskarri orma leortxoak unetik unera egiñaz, guztiz ikuskarriro prestatua arkitzen da Lurbira osoa.

        Gipuzkoako Probinzia laburraren zatirik geientsua arkaitzez josia bada ere, laboretza andiak egiten dira beraren mugapean, nekazari bakotxak bere soro ta alorrak ondo landurik, guriro ongarrituak dauzkalako.

        Garia, Artoa, Zikiroa, Oloa, Baba, Baberruna, Illarra, Patata, Artatxikia, Txirta, Arbia, Allorbea, Pagatxa, Zalka, Liñoa, eta beste gauza asko egin ta biltzen dira Gipuzkoako lurrean, Españako Erresuma andiaren ordeka zelairik mardulenetan bezin bikañak eta ugari, edo are obeagoak eta geiago kanpoz kanpo, edo neurriz neurri.

        Don Gaspar Meltxor de Jovellanos jakintiak nekazaritzaren gañean agertaratu izan zeban libru gogoangarrian, gauza anditzat esaten du, ezik, Gaztelan badirala lurrak, anega bat gari erein eta ogei anega ematen dituztenak, zeñari nik erantzuten diodan, ezen, Gipuzkoako mugapean badirala alor asko ta asko, anega batekin ogei ta amar artzen dituztenak. Egia garbiro onen ezagungarritzat nai det izendatu toki bat, bikañenetakoaren billa ibilli bagetanik alere. Bazter Erri txiki Zaldibikoan arkitzen dan baserri-etxe, Mugerza deitzen zaionaren lurretan biltzen dute, esan dedan bezala, batekin ogei ta amar, urtabe ona dan guztietan. Badakit Donostiako mugapean Etxazar izendatzen dan baserri-etxearen lurretan, bertako nagusi Don Jose Ramon de Elosegik, milla, zortzi eun, ogei ta amairugarren urtean lakari bat gari txuloka artoa bezala erein, eta bildu izan zituela irurogei ta lau lakari gari.

        Gipuzkoako mugapean egiten dan gari guztia da txit bikaña, garbia, pisu andikoa, ore onekoa, eta jate gozarotsukoa. Sarritan ikusten dira emen, larogei ta amabost libra pisatzen duten anega gariak, eta iñoiz bai eun librakoak ere. Gaztelatik datorren anega gariak ozta ozta pisatzen du larogei ta bi edo iru libra. Zertan dago au? Ez bestegan, ezpada, Gaztela eta beste toki askotan ereiten dutenetik batutzeraño dagiana dagiela, bere modu lagatzen diotelako, eta berriz Gipuzkoan, erne orduko jorran asirik aretuaz berar zakar itsaskin kaltarkitsu guztiak arras galdu, eta ale garbi garbi txaua etxeratzen dutelako.

        Probinzia onetako nekazariak gariaganako baino ere, begiramen andiago dute artoarekiko langinzara, zergaitik au duten beren bazkarik aurrenengoa, eta premiazkoena; izatez bera dalako aiñ gose-illtzalle ona, indartsua, iraupen andikoa, eta osasungarria txit. Bizikai maitagarri au España barruko jendeak ostikoperatzen badu ere, esanaz, guztiz lela eta txit pisua dala, indarrik ez debala, abereen janaria dala, eta beste onelako anitz astakeria; Gipuzkoan artoa ugari jaten dutenetatik agertzen dira, Gaztelako errietan bezain aztal eder galant ariñak, arpegi zuri gorri piñak, eta larmintz leun me guriak dituzten mutil ta neskatxa mardul lirain alaiak.

        Probinzia onetarako bear dana da txit janari oneretsu naigarri au, batez ere artzain, ikazgin, eta beste langille mendietan ari bear dutenentzat. Askotan ikusten dira, bada, oek, neurri ta balio bardiñean ez ezik, geiagoan ere naiago dutela artoa, garia baino; zergatik ondo dakiten oituraz, talo bero guria obea dala, bera bakarrik jateko, ogi erre zar elkortua baino. Beragaitik dute Gipuzkoako nekazariak guztiz arreta andia, artoarekiko langintzari gogoz jarraitzeko. Egiazki, zer izango da beste bizikai bat artoa bezin laster kanpoak ematen dabenik, ain ugaririk, gose-iltzalle oberik, indar geiagokorik, eta bera bakarrik jateko, guriago, goazoago eta obeagorik? Ereiten danetik bostgarren illabeterako arkitzen da eldurik. Ematen ditu oparo orria, gara eta zorroa aberentzako janari, makilla ongarritarako, koskola su egiteko, eta ale gozo indartsua ugari jendea naierara bazkatzeko.

        Ez da erraz izango billatzen beste landare bat, gai guztietara artoari alderatzekorik. Azal ta barru, lasto ta mami, oso ta bizi, apurrik txikarrenerañoko guztia du oneretsua, eta gañera guztiz aberatsa. Nere jaiot-erriko soro batean billatu izan det, beste askoren artean, arto landare bat lau buru ondo beteakin, et oetan kontatu izan ditut bi milla irureun ta zortzi ale, guztiak ondo elduak, eta obetandezkoak. Orra zenbaterañoko ondasuna ematen deban, Gipuzkoatarrak beren gogokoa duten landare maitagarri onek!

        Garagar gitxi egiten da Gipuzkoan. Ez emengo lurrak emango ez lukealako, baizikan gari artoakin obeto baliatzen diralako.

        Zikiroa, Baba, eta Baberruma biltzen da ondotxo, bañan ez gari artoak bezin ugari, zergaitik oekin kontu obea duten aekin baino.

        Oloa egiten da zertxo bait, bañan ez okuntzaetan, ez bada labakietako galondoetan; batetik okuntza-lurrak begiko ninia bezin maite dauzkatelako arto garientzat, eta bestetik doarikako mendi lurretan labakiak, lenengo urtean garia artu, eta ondorengo bietan olo zartaratxo onak biltzen dituztelako.

        Batataren geiena ere artzen dute oloaren gisa berperean.

        Beingoan guztia esatekotz, Gipuzkoako lurrak berenez ezadetsuak eta aro onekoak izateaz gañera, arkitzen dira txukunki landuak, guriro ongarrituak, eta ondo prestatuak, zer nai gauza mueta aiñ oparo eta ugari emateko, nola beste edozein lekutakoak.

        Gizon jakinti ustekoai entzun izan diotet bein baino geigotan, ezik, Probinzia onetako mugapean ezin batu leikeala txitxirioa. Jakin bezate, bada oek, eta osterontzeko guztiak, ezen, Don Franzisko Ignazio de Urretabizkaia Zaldibiako Bikario jaunak bere etxeko baratzan txilla erdi bat txitxirio erein, eta artu izan dituela zazpi lakari; zeñean batekin berrogei ta amasei biltzera datorren. Txitxirio onetatik neurk jan izan det, Gaztelatik ekarten dan oberenari ezertxu ere zor ez diona, ez anditasunean, ez biguñtasunean, ez guritasunean eta ez gozarotasunean. Izendatu dedan Bikario jaunak urte guztietan artzen du bere lurrean, etxerako bear deban ainbat txitxirio, eta esaten ere du, ezik, zenbat eta leorte andiagoa izaten dan, orduan are geiago eta obeagoa biltzen debala.

        Gipuzkoako mugapean biltzen diran laboreen gañean izkribatu izan duten gizon guztiak ezarri izan dituzte uts-aldi andiak; eta oek agirian garbiro ifinteko, billatzen det ispillu bat ezin argigokoa.

        Badarauskite bada kanpotar guztiak, ezen, ez dala batutzen Probinzia onetako lurretan bertarako bear dan laborearen erdia ere, eta ezin bildu ere leikeala toki ain labur eta arritsuan. Bañan ez da ori egia.

        Begiratu bedi bada ondo milla, zortzi eun, ogei ta amairugarrenetik emeretzirañoko sei urteetan, Gipuzkoako mugapean zenbat gari, arto, ta aragi ezkutatu izan dan bertako jaiotarraz landara, kanpoko soldadu talde anitz, eta abere samalda andiak bazkatzen. Eta suertez ere; esan ote dezake iñork Probinzia onetara ekarri izan zala urte aetan kanpotik labore eta aragirik? Ez, ez dezake esan orrelakorik egia maite dabenak; bañan edozeñek segurutu dezake, sei urte aetan eraman izan zituztela Gipuzkoatik Nafarroara gari, idi, eta bei samalda andiak martiztiak bazkatzeko.

        Izanik badu au, geren begiaz argiroki ikusitako

 

                     Egia zierto garbia,

                     Ez da gauza mingarria?

                     Billatzea paperean jarria,

                     Balitz bezala fedeko egia!

                Gipuzkoan biltzen dan arto ta garia,

                Ez dala bertan bear danaren erdia

                Eta nork daki zenbat onelako astakeria?

                     Jakin beza mundu osoak,

                     Gipuzkoako lur gozoak

                     Ematen dutela maitaro,

                     Bertan bear dana ta geiago.

 

aurrekoa hurrengoa