www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoatarrak plaza agirikoetan jokatu oi dituzten pillota-partidu, idi-tema, eta beste apustu mueta askoren errazoia.

 

        Gizon jakinti askok autortzen dute garbiro, Euskaldunak sortua dala pillota, eta pillotako jokua; Euskaldunak dirala pillotako lanbidean beste guztien buru ta nagusi; eta Gipuzkoatarrak jatorriz direala pillotari gaiñ gañekoak, eta jostallu gozarotsu onetara guztiz eresia andia dutenak. Jobellanos jakintsuak España guztiko jostaldien gañean izkribatu izan zeban liburuan, pillotariaz itzegitean esaten du onela.

 

«Tambien en esto se distingue el pais Bascongado. No hay puebli considerable en el que no tenga su juego de pelota grande,cómodo, gratuito, y bien establecido y frecuentado; y asi como juzgamos que los bailes públicos influyen en el caracter moral, hallamos tambien en ellos, y en estos juegos la razon de la robustez, fuerza y agilidad de que están dotados aquellos naturales».

 

        Egiazki ikusgarria da txit pillotariak plazan oi darabilten pizkortasun, azkardade, eta arintasuna. Probinzia onetako jaiotarrak jai guztietan jostaldiatzen dira pillotan Andizki eta Apaizetarañokoak langilleakin batean. Erriak Erriai, Probinziak Probinziai, eta azkenik Franzesai ere, Gipuzkoatarrak jokatu izan diezate pillotan dirutza andiak asko aldiz. Ez ordea ustekabezean alkargana biribillaturik, baizikan gizon prestu gisa, aldeaurrez batak besteari gaztigatu, eta bide erdira irtenik adiskidetasun andian erabakitzen dituztela garbiro, zenbat diru jokatu, zein egunetan, nongo plazan, nolako pillotakin, zenbat jokutara, eta lanbide oni dagozkion argibide osterontzeko guztiak.

        Modu onetan egindako pillota-partidu ondra andikoetan ikusi izan dira onza urreak millaka jokatzen.

        Hernaniko plazan lau Nafartarri, beste lau Gipuzkoatarrak jokatutako pillota-partidu batean, ikusi izan ziran oe osoak beren janziakin, eta kosna ta koltxoi bakarretarañokoak ere, bertako jendeak Erritarren alde balio jakiñaren truke ifinirik pillota jokuaren aldameneko zumar gañetan itxekita zinzilika zeudela, partidua bukatu arte guztian. Pillotako partidu andi au jokatu izan zatekean milla zazpi eun eta ogeigarren urte inguruan. Gertatu omen zan Gipuzkoatarrak irabaztea; bañan txit estutik eta etsi ezkerokoa. Gipuzkoatarrak sei joku, eta Nafartarrak amar jarri omen ziran amaikarako. Oek partidua irabazitzat biraldu omen zuten mandataria beren Errietarontz. Bañan Erribera deitzen zitzaion Oiarzungo galai gazteren bat arras mindurik, asi omen zan sakatzen pillota andia, eta Jesus-garrengo ziplatu omen zien Nafarrai partidua. Denpora aetan eta geroztik ere oitura izandu da Gipuzkoan, partidu andi bat irabazitakoan itzneurtuak ifintea, beretan adierazten dirala oso ta garbi, pillotariakin plazan igarotako gertakari guztiak, ondorengoak are gogoan izan zitzen, aurreragokoak egindako azaña andiak, oraiñ zer-nai gauzaren barriak paper moldizkidatuetan zabaltzen diraden bezala. Oitura maitagarri Euskal-errietako au noiztik eta zeren bidez datorren esanik daukat lenago, zeñari bere kolkoan arkitzen zaiozkan askok eta askok uste duten baino gauza miraritsuagoak.

        Izendatu dedan pillota-partidu Hernanikoa irabazitakoan, Gipuzkoatarrak ifini izan zituzten bersoetako iru ezarriko ditut emen, Probinzia onetako edozein atsok gaurko egunean ere kantatzen dituenak, eun ta ainbeste urteren buruan, atzo ateratako berri berriak balirake bezalaixen. Berso oek dira iruna puntukoak, eta beren okasta edo tonu berezitu ederrean, txit egoki datozenak.

 

                Amar joku ta sei zeudenean

                Erriberaren kopeta,

                Bazirudien bazekarrela

                Elurrarekin tormenta;

                Elizaraño sakatzen zeban

                Zortzi onzako pillota.

 

                Baztandarrak itzak eder

                Malmotea kolkoan

                Erraz irabazi uste zuten

                Partida galdutakoan,

                Negarra mardul egiten zuten

                Hernanin Eliz-ondoan.

 

                Astigarran mutil txiki bat

                Probestuaren semea,

                Non billatzen da errestorako

                Bera dan baino obea?

                Ikaraturik biraldu bait du

                Nafarroako jendea!

 

        Pillotara ezezik beste apustu mueta askotara ere zaleak dira txit Gipuzkoatarrak. Eta batez ere, idi-tema, aizkol-joku, balenka-partidu, ari-joku, pulsuan, saltoka, lasterka, eta beste onelako apustu, gorputzaren azkardade, aritasun, eta indarleiari dagozkionetara.

        Iru urtez onontz Azkoitiko plazan idi-apustu batean jokatu dira eun ta irurogei milla erreal igaroak; eta dirutza andi onen zatirik geiena edo guztia, begira izan etzitekean errenta pagatzen dutela bizi diran maizter jende nekazariena. Apustu onen ondoren bereala beste bat jokatu dute Bergarako plazan, uztar-idi galaren galakoak egindako arraiaren kontra bederatzi gizaseme Gipuzkoatarrak; baita irabazi ere aixa aski. Idiak bi ordu ta erdian egindako marra, gizonezkoak ondu omen zuten iru ordu-laurenean; eta bederatzi lagunetatik bi kendurik, beste zazpiak nai omen zuten bereala jokatu apustu berpera. Irureun arroba igaroa omen zan, apustu artan erabilli zuten froga-arria.

        Idi eta bei-tema oek Gipuzkoan jokatzen dira sarriro txit. Beragaitik dute Probinzia onetako nekazariak eresia andia, abelgorriak aiñ guriro, gizen ta indartsu azirik, plaza agirikoetan erakusteko. Askotan ikusi izan dira mugape onetan jaio ta azitako idiak, eun bana erralde ta geiago pisatu izan dutenak. Albisturko Errian ikusi izan da urte gitxiz onontz, sei illabeteko txaala ogei ta amabi erralde pisatzen. Beasainen ere, Franzisko Maria Mujikak bere etxean jaio ta azitako zekorra izandu du, amasei illabeterekin berrogei ta bi erralde aragi, eta laurogei libra sebo pisatu dituena. Beia ikusi det Donostiako baserri Amara deitzen zaion etxean, sei pitxarra ta erdi ezne ematen ogei ta lau orduren barruan. Gisa onetako gertakariak millaka konta nitzake, Gipuzkoako nekazari zintzo saiatuen artean igarotzen direanak; bañan uste det, ezarri ditudan apurrak badirala, jendadi maitagarri onen eresia ta griña zer ta nolakoak diraden ezagutzeko lainbat; eta jarraitzera noa nere saillari.

        Baso-abereakiko indarleietan ere, gaiñ gañekoak dira Gipuzkoatarrak. Amezketako plazan S, Bartolome arratsalde batean Erri-zezena jokatzen zebillela, esan zukean Ataungo etxejaun Arzelus deitzen zitzaionak, ezen, beraren Errian bazala emezortzi urte bete bageko mutila, plazan zebillen zezen ari adarretatik itsatsirik buruaz lurra jo-erazoko ziona. Erronka andi au zezen jabearen belarrietara iritsi zanean, eman omen zion arpegi Arzelus jaunari, eta biak gizon prestu gisa egin omen zuten apustua bostna onza urre bigaramun arratsaldean plaza berean zezen arekin Arzelusek ifinten zeban mutilak jokatzeko. Ordurako bazukean Arzelus jaunak entzuera, bazala beraren Errian mutila, Amilleta deitzen zaion etxe batean, basa-beiak ankatik eldu ta ardia bezala gelditurik, eznea edan oi ziena nai zeban guztian; bai ta ere, bestek ezin atzeman zituen sasi-bei ta idisko izuak, adarretatik oratu eta menderatu oi zituela. Uste oso onetan apustua egin izan zeban bezala, bertatik joan zatekean gabaz Amilletara mutilaren eske, eta beraren gurasoak esan omen zioten, ezik, etzala gabaz etxeratzen, neguko elurte andietan baizik; eta nola etzeban txabolarik eta etzanleku jakinik ere, alper alperrik irtetea zala beraren billa, alik eta eguna argitu artean. Atera omen ziran, bada, goiz-alderontz mutilaren eske, beraren aita, anaia bat, eta Arzelus jauna. Oen ojuetara agertu omen zan, noizbaiten ere, baso illun batetik, bañan ikusi zebanean Arzelus gizon arrotza, onen ondora ez omen zeban alderatu nai iñolako moduz ere. Geroenean ere, aitak eta anaiak ondo esanaren bidez limurtu omen zuten ekartea berentarontz, zer esan nai zioten aditzera, eta entzun zebanean Erri-zezen bat bear zebala menderatu Amezketako plazan, pozkidaturik, jarri zatekean gogoz joatera; zeñari atsegintasun geiagorako Arzelusek eskiñi omen zion, mendi artan zebillen beirik oberena erosirik emango ziola beretzako, baldin apustua irabazten bazeban.

        Mutil gazte au guztiz omen zan ederra ta galanta, eta orduraño plaza inguruko lagun-artetara beñere jatxi bagekoa. Beragaitik janzi modu onekorik ez omen zitzaion arkitzen, toki agiriko batera aurkeztutzeko, eta denporarik nola etzegoen berriak egiteko, alabearrez Lazkaun omen zegoen egun aetan Bikario gizon lodi andiren bat; eta onen alkandora ta frakakin abarka mantarrak janzi, eta beste soñekorik bage joan omen zan Amezketako plazara, apustua jokatzera.

        Arzelusek eta zezen jabeak jokurako bost onza urreak bertako Alkate jaunaren eskuetan ifinirik, izendatu ere omen zituzten itzal andiko gizon eldu biña, despitarik izaten bazan erabakitzalle. Oiturazko argibide oek guztiak bear bezala zuzendutakoan atera omen zituzten zezena ta mutila plazara, hura, okulluan akulluarekin ziritatuaz arras aserra-erazorik, eta au, jaten ondo eta edaten bere moduan emanik alaitu ta pizkorturik txit. Mutil au jaiotzetik omen zan itzegiten tatalea, eta zezenari ots egiten omen zion plazaren goen-aldetxotik, Atol, Atol. Begira zeudenetako askok esaten omen zuten Ai au mutilaren guri mardul eder galanta! Negargarria da txit zezen likits orren adarretan beraren gorputz liraña ikusi bearra! Zezena omen zebillen plazan bazter batetik bestera jira ta bira, eta mutila beti ere beragana alderatuaz, deitzen ziolarik bere izkera tatalean guztiz gogoz eta txit sarriro, Atol onala Atol. Noizbait bear ta alakorik batean, zezena aserreturik arrabia bizian omen zijoakion erasotzera, eta kolpea emateko burua makurtzearekin batean, oratu omen zion adar bietatik irmeki. Lenengo abantadan zezenak altxatu omen zeban gora mutila; bañan onek, beera jatxitzean oñak lurrean ifini bezin prest, lepoa biurriturik jo-erazo omen zion buruaz lurra, bein alde batera, eta gero bestera; eta lurrera botarik azpiratua zeukala galdetzen omen zeban bere tatalean Ein bealiot geio? Esango bazukean bezala Egin bear diot geiago? Bereala lau Erabakitzalleak plaza guztiarekin batean eman omen zioten apustua irabazitzat legez ta bidez Ataungo Amilletako mutil emezortzi urte bete bagekoari. Apustu gogoangarri au jokatzen Amezketako plazan ikusi izan zuten gizon zarretako askori, nere gazte denporan entzun izan nioten gertakari au, emen ezarri dedan modu berperean. Izendatu dedan mutil Ataungo au, geroztik izan omen zan toreatzallerik oberenetakoa; zeña laurogei ta geigo urterekin ill zatekean ni jaio ezkeroztik.

        Probinzia onetako plazaetan jokatu oi diran bertako baso-idiskoak arrapatzen ere, guztiz portizak eta txit azkarrak dira Gipuzkoako mendi mutilak, beste gauza guztietan bezalaixen. Ez da oraindik urte asko, Debako mugapean gertatu izan dala lanze bat adigarria txit, eta gogoan ondo eukitzekoa. Tolosako plazan jokatzeko lau zezen arrapatzera joan ziatezkean mendira Lasturko bost mutil gazte bei eziak arturik, oekin batean etxera ekarteko asmoan, beste askotan bezala. Begiztatuak zeuzkaten lau zezenetatik irurak atzemanik, ifini omen zituzten bei eziakin batean etxerako bidean; bañan laugarrena izanik besteak baino indartsuagoa, pizkorragoa, eta ibiltari geiagokoa, sartu omen zitzaien txara andi batean. Ordurako arras nekatuak arkitzen omen ziran zezen arrapatzalleak. Guztiaz ere bost mutiletako batek artu omen zeban asmo sendo betea, ezik, zezen izu igestuari etziola laga bear, alik eta atzeman zezan arteraño. Jarraitu omen zion berak bakarrik, txara zabal andia igarorik mendi zulo guztiak barrena atxi atxika; eta noizpaiten ere, zezena beragana jirarik jarri omen zitzaion aurkez aurke erasotzeko moduan. Bereala alkarganatu omen ziran biak bat batean, kolpea nai erara emateko lekurik zezenak etzeban unean, eta oratu omen zion mutilak adar bietatik portizki; bai ta eutsi ere irme, zezena arras aunatu zan arterañoko guztian. Ordu bian bezalatsu iraun omen zeban jazarra andi onek. Mutilak ez omen zeban besterik egiten, ezpada, adarretatik irme eustea; bañan zezena nekatu zatekean arras, aiñ karga pisua beregandik ezin kenduaz. Geroenerako, zezena kemen bageturik erori zakean lurrera, eta berari eutsiaz zegoela, asi omen zan mutila lagunai ojuka, eta nekez bederik biribillatu omen zituen beretako bi bei ezi batekin, zeñari loturik eraman omen zuten ardi malsoa bezin humill etxera laugarren zezen indartsu ibiltari andi hura. Jazarra gogoangarri au zezenarekin egin izan zeban gizona, oraindik bizirik arkitzen omen da Lasturren.

        Milla, zazpieun, berrogei ta amasei urte inguruan, Ataungo plazan bertako mutil batek esku utsik egin izan omen zion burruka, artzakur andi bati. Erri bereko artzain batek omen zeukan zakur indartsuren bat mendian ardiai kontu egiteko, otsoak ere burrukatzen zituena. Artzain au bere zakur andiaren ipuinak kontatuaz erronka zeriola egon oi omen zan iristen zan toki guztietan. Beingo batean Ataungo ardangelan jardunki berperean ziarduala, jabetu omen zitzaion bertako mendi-mutil gazte indartsu bat, esaten ziolarik, ezen, aren artzanora andiari bera jarriko zitzaiola atzapar utsak beste erramientarik bage Erriko plazaren erdian, baldin zerbait ondotxo jokatu nai bazeban. Bereala egin omen zuten apustua, onza bana urre eta amarna ardi jokatzeko, urreneko Igande arratsaldean beren Erriko plazan. Mutil onek eragin omen zeban plazaren barren-aldetxoan arrizko eser-aulki bat, al zeban indar guztia bizkarrarekin atze-alderontz egin arren mugitzen etzala. Apustu onen barria zabaldu omen zan goierri guztian, eta ikustera batu zatekean guztiz asko. Jokatu bear zan denporan jarri omen zan mutila bere esertoki arrizkoan, eskuiko belaun-burua larrugorriturik zakurragana begira zebala, eta deitu omen zion zakur jabeari, bota zekiola bere artzanora andia. Esan ta egin, bota omen zion aixeatuaz, eta mutila, belaun-buru larrugorrikoa aurrera zebala, berarekin ari omen zitzaion zirika. Artzanoratzar orrek iritsi bezin prest oratu nai ziokean belaun-burutik; bañan, aoa al zeban guztia zabaldurik ezin ondo moldatuz ari zan bitarte labur artan, mutilak artu omen ziozkan ao sapai biak esku banaetan, eta egin zion batetako indar portitzaren bidez, iriki omen ziozkan masalla-ezur biak arras, alde banaetara; non gelditu izan zatekean artzain erronka andiak boteaz zebillena, onza urrea eta amar ardiak galtzeaz gañera, ainbeste maitatzen zeban zakurra bage. Nere aitak ikusi omen zeban apustu au jokatzen, zeñari, eta aurreragoko gizon askori entzun izan nioten gertakari au bein baino geiagotan.

        Gisa onetako azaña andi Gipuzkoatarrak egindakoak, badira ezin kontatu ainbat; bañan bertako jaiotarrak nola ez duten gogorik beren itzkuntza ederrean ezertxu ere izkribatzeko, guztiak daude arras illak giza-aldia bat igaro orduko, baldin ezpadira itz-neurtuetan ifiniak. Abereakiko indar leiean ez ezik, gizonak gizonen kontra egin izan dituzten jazarra andietan ere, Gipuzkoatarrak beti izan dira gaiñ gañekoak, eta beñere iñork azpiratu ez dituenak. Oen azaña gogoangarriak azalduko ditut argi eta garbi, España barruan izandu diran guda gogor portitzaz itzegitean.

        Gauzarik arrigarriena, et ondrarik geienekoa da, izendatu ditudan apustu andi oek jokatzeko denporan, Gipuzkoatarrak alkarren artean irozotzen duten pakeazko anaiatasun maitagarria. Probinzia barruko Erri askotatik batutzen dira plaza agirikoetara gizonak millaka. Beretako geienak baserritar atxurlariak izan arren, nolako txukuntasunean eta zein ederki janziak ordea? Bakotxari bere langintza ta bizimoduak agintzen dion eran, ezin egokiago apainduak ager litezkean bezalaixen. Jendadi maitagarri onek soñean daramazkien edergarri guztien artean ikusgarriena da beren emazte ta alaba zintzoak etxeko liñoarekin egindako alkandora zuri eder taldea. Gipuzkoako baserritarrak jatorritik dute oitura, txamarrak janzi bage bizkarretik zinzilika dituztela, mauka-utsean plazan egotekoa; eta beretako geienak edo guztiak izan oi dituzte alkandora zurien gañetik gerriko gorriak. Bost edo sei milla gizonezko langilleak plaza agiriko batera biribillatuak ikustea apainduak aiñ garbiro ta txukunki, txuri ta gorri ta kikirriki, nork ez du bear gogoan iduki, beren izaera gozo pozkarria beti? Agirian daramazkiten soñeko alegereaz bezin ondo janziak joaten dira Gipuzkoako nekazariak partidu ta apustuetara, ixil zizkuetan ezkutuan oi daramazten zortzi dukatekoz: zeintzubek ikusten diran maiz aski, beren neke izerdizkoa beste etorririk iñondik ere ez dutenak izan arren, onzako urreak bostnaka, amarnaka, eta ogeinaka ere ifinten, nork bere gogokoaren alde. Dirurik une artan arkitzen etzaiotenak orobat jarten dituzte idiak, beiak, mandoak, zaldiak, auntzak, ardiak, eta beste edozein gauza esku artean darabiltzatenak. Ikusi izan ditugu plaza agirikoan gizonak beren soñetako txamarra ta gerrikoak ifinten, batak bataren, eta besteak bestearen alde.

        Probinzia onetako barri ez dakiten gizon arrotzai, iñoiz edo berriz suertatu zaiotenean partidu edo apustu oetakoren bat jokatzen ikustea, arri ta zur eginik gelditu izan dira bertako jendearen prestutasunaz. Partidua jokatzen dabillen bitartean plazako jende guztia ikusirik, ojuz ta deadarka dagoela nor bere gogokoaren alde egin-al guztian, esan izan diezate kanpotar oek aldameneko lagunai, ezen, partiduak dirauela edo bukatutakoan, nai ta naiez izan bear dutela plaza artan, aserre gogorrak, burruka andiak, eta eriotza negargarriak ere. Bañan gero, beren galdu gordeak egindakoan ikusi izan dituztelako alkarrekin daudela anaiatasun andian, batak bestea gonbidatuaz berriz jokatzeko partiduren bat moldatzen, autortu izan dute garbiro, ezen, bere begiaz ikusi ez dabenak, ezin sinistu dezakeala zenbatetarañokoa dan Gipuzkoatarren gizabidezko ondratasun pare bageko maitagarria.

 

                Gipuzkoako jende leial eta piña,

                Onean goixoa da, gaitzean samiña;

                Plazan egin arren nork bere alegiña,

                Alkar maitatzeko du jatorrizko griña.

 

aurrekoa hurrengoa