www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoako biztanle prestuen doai, griña, izaera, eta eginbideak.

 

        Gipuzkoatarrak jatorriz dira, Españatar are lendabiziko etorkien ondoko odol garbikoak; berenez ondraduak, leialak, oparoak, alaiak, ernaiak, langilleak, jostatiak, azkarrak, portitzak eta bulardetsuak. Doai gaiñ gañeko oek guztiak dituzte Gipuzkoatarrak beren berenkiak, eta ez beste jaiot-errikoetatik erantsiak, egiztatu dedan bezala bertan aixa aski. Euskaldunak gerala eta Euskaraz itzegiten degula on egitea asko da, Españara lendabizi etorri izan ziran Etxetar ondraduen odolgarbikoak gerala adierazteko. Gipuzkoatarrak ondraduak, oparoak, langilleak, alaiak, eta jostatiak dirala, gizon arrrotz jakinti askok agertaratu izan dute beren izkribu gogoangarrietan. Gipuzkoatarrak leialak, ernaiak, azkarrak, portitzak, eta bulardetsuak denpora guztietan izan dirala, Españako Errege guztiak autortu izan dute nork bere txandan, egiazko naitasun andia iragarritzen diotelarik Probinzia oni. Andizkatze oek legez ta bidezkoak dirala ezagunmendura etorzeko, aski da begiratzea, Errege Don Fernando eta bere Alaba Doña Juanaren aginduz, gure Ama maitati Gipuzkoak bere Eskutarmaetan ifinirik agiri agirian dauzkan amabi kañoi andietara, zeintzuben kondaira jarriko dedan zearo berari dagokion tokian.

        Edozeñek daki, bada, Probinzia onetako jaiotarrak berenez dirala gorputz liraiñ, galant, larmintz me zuri-gorri ederrakiko osasuntsuak; erbestekoai arpegiera ona egiten dakitenak; soñean garbitasun andian txukunki jazten diradenak; eta jai arratsaldeetan plaza agirikoan beren oiturazko jostaldi erritarkietan olgatu naikoak. Beragaitik Igande ta jai andi guztietan batutzen dira plazara zar ta gazte, txiki ta andi Erri barruko geientsuak: non bertako Alkate jauna, eta Arimazaitzallea begira daudela, jostaldiatzen diraden naierara onestasun andian, batzubek danboliñaren soñuan dantzan, besteak pillotan, palankan, bolan, saltoka makillarekin, eta makilla bage, idiskoakin, iskintxoka, txotx aldaketan, atxi atxika, zama jasotzen, pulsuan, indar leian, burruka, azpiraketan, burumutxika, txingoka, bilinbolaka, makillurtika, makillaka, makillaz-aldaketan, jomuga edo terreroan, eta beste onelako egikera, gorputzaren azkardade indar ta arintasunari dagozkiotenetan, igarotzen dituzte jai arratsaldeak Erri guztia pozkidatzen dutelarik ezin geiagorañoko atsegintasunean.

        Izendatu ditudan jostaketa oiturazko oezaz landara, beste bat badute jatorriz Gipuzkoatarrak guztiz miraritsua eta txit atsegingarria; zeña dan itzneurtuak kantuz zortzikoan edo beste edozein neurritan, supituan aotik aora alkarri ematea, anziña anziñako denpora doatsu aetan Arkadiatar ospatsuak egin oi zuten bezalaixen. Oitura gogoangarri onek irauten du Gipuzkoan gaurko egunean ere, bere sasoirik oberenean bezin irme ta sendoki. Sarritan ikusten dira, bada, Gipuzkoako plaza agirietan itz-neurtulariak apustu andiak lendanaz eginik jokatzen buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra ere, erabakitzalle gizon adietuak ifinirik. Birjiliok esaten du, bada, bere Artzain-jolas edo Eglagaetako batean, nola Tirzi eta Damon alkarren kontra ikusi izan ziran itz-neurtuetan apustu andi bat jokatzen, Platon erabakitzalle zutela; eta onek itz-neurtuan eman izan zebala bere epaia, jokalari biak berdinean uzten zituela. Greziatarrak denpora batean zuten bezalako gogoa, Gipuzkoatarrak balute beren oitura jatorrizkoak jasotzeko, ikusiko lirake goienengo mallara igoak, mundu osoak begirune alaiarekin begiratzen diezatela. Bañan, nork eskua eman ezdalako, arkitzen dira arkaitztarte oetara bazterturik arras ezkutuan.

        Probinzia onetako barri ez dakitenentzat, guztiz arrigarria eta txit sinistgaitza da, bertako jaiotarrak itz-neurtuak kantuz egoki emateko duten doai berenezkoa. Letra bat bakarra ere ezagutzen ez duten artzain, atxurlari, ikazgin, eta oen gisako asko ikusten ditugu sarriro, edozein gauzaren gañean ematen zaioten itzpidea, erabakitzen dutela kantuz bersoetan zuzen ta garbiro, gizon jakintsuak arritzen diran moduan. Iñongo eskolatan beñere sartu bageko Gipuzkoatar oen esaera egoki, eta epaira zorrotzak baldin zabalduko balira Kebedo eta beste askorenak bezala, ikusi naiko nuke norenak izango ote lirakean txistagarrienak, jostalluenak, eta geiena zor zaiotenak. Bañan Euskaldunai gertatzen zaikuna da, gauzarik bikañena ta ederrena ere, Euskararen izenekoa baldin bada, ostikoperatzea geiago bage bera azaletik bedere ezagutzen ez duten txoriburu puztuak. Dana dala, Gipuzkoatarrak arkitzen dira ondra andiarekin, Arkadiatarren anziñako oitura itz-neurtuak ematekoa, millaka urteak igarota ere maitaro gordetzen dutelako.

        Munduaren lendabiziko adiñetik jarria da plaza agirikoetan itz-neurtuak kantuz emateko oitura gozo Euskal-errietako au, zeña dan gizon ernaietatik sortua, eta askok uste daben baino miraritsuagoa. Denpora doatsu aetako guraso zintzoak, beren seme alaba ta ondorengoai lege zuzen bidezkoak erakutsi eta gogoan euki-erazteko, izkriburik etzutelako asmatua da, beren esakari onak bersoetan egoki ifinirik kantuz ondo adierazteko. Nork ez daki, bada, bersoetan ederki apaindurik jarten dan edozein itzpide lasterrago ikasi, eta luzaroago bizi izaten dala? Egiazko ispillu argi au begien aurrean dakusku Euskaldunak, eta batez ere Gipuzkoatarrak; zeintzuk gorde dituzten maitaro, anziña anziñako gurasoak ateratako itz-neurtu aldi asko beren tonu jakin berezituakin, izkriburik bage buruz batak besteari erakutsirik. Oetako zenbait beren musikarekin argitaratu nituen milla zortzi eun ogei ta seigarren urtean, Gipuzkoako soñu zar eta itzneurtuen izenarekin, lau milla ta geiago urteren buruan Probinzia onetako mendi-zelai, ta plazaetan kantatzen eta dantzatzen ere diradenak, izkribuz ezarriak izan ezbadira ere, esan dedan urte ogei ta seigarreneraño. Gizon jakintiak esaten dabe, ezik, Jubenalek asmatu izan zebala musika, burni apaintzen ari ziraden mallukarien otsetatik; bañan burnia sortu baino askoz ta askoz lenago ere, kantatu eta dantzatu ere oi zituzten Gipuzkoatarrak soñu zar izendatu ditudanak. Txilibituagatik esaten du Madrilko Ikasola andiak, Probinzia onetako jostaketaz itzegitean, Instrumento propio y peculiar del Pais que algunos autores creen ser la famosa Vascatibia de los antiguos, comos si dijeramos la flauta de los Vascongados (Dic. geog. de España, tomo I pag. 326).

        Gizon jakintsu anitzek, beren iritzian, lendabiziko soñu edo oslankaitzat daukate Txilibitua; eta au sortu baino lenago ere, Euskaldunak plaza agirikoetan dantzatu oi zituzten aipatu ditudan soñu zarrak, beren itz-neurtu gozo adigarriak aoz kantatu, eta danbolin-arratza makillatxoarekin joaz. Soñu anziñako oek, zortzikoak bezala neurri batekoak ez diralako, eskatzen dute jakinduria geiago, bear bezala dantzatzeko; eta ikusi nai debanak zeren bidez ta nola, begiratzea dauka, Gipuzkoako dantza gogoangarrien izenarekin milla zortzi eun ogei ta laugarren urtean agertaratu neban liburuaren eun ta zortzigarren orrikatik aurrera; non arkituko dituen beren izenakin garbiro bat banaka ezarriak, bakotxak zenbat zati eta zenbatna konpasekoak dituen, eta berak ondo dantzatzeko bear diran argibide guztiak.

        Itz-neurtuak ifinteko, eta soñu zar miraritsuak dantzatzeko Gipuzkoatarrak jatorriz dituzten doai ta griña maitagarriak ez lirake egongo dauden bezin baztertuak, baldin ezagutuko balirake ondo, berak adierazten dituzten anziñaerako gauza balioso goi me diradenak. Gure asaba ernaiak ifini izan zituzten oitura guztiak dira miraritsuak; eta beretako bi begiragarrienak ezagutzen ditut, eskolatu bageko nekatzalleak supituan itz-neurtuak aiñ egoki ta zorrotz ematea, eta soñu zar konpas desberdiñetakoak utsaldiarik bage dantzatzea. Dantzarekiko lanbide au ez da erraza adieragiten soñu zarrak beren bersoakin ez dakizkitenai; zergatik zortziko, kontrapas, bolero, bals, kontradantzak, minue, rigodon, baile Ingles, eta beste soñu askok konpas jakiñak dituzten bezala, aek diraden zati askotakoak, eta konpas desberdiñak dituztenak. Zortziko bat, bolero bat, edo beste soñu berri oetako edozein ondo dantzatzen dakienak, dantzatu ditzake beretakoak milloika; bañan ez soñu zarra, bakotxak zenbat zati, eta zenbana konpasekoak dituen, bat banaka ikasi bage. Egia onen argibidea ikusi nai debanak begiratzea dauka oarrez ta artezaz lenago izendatu dedan liburu dantzaetakoaren eun ta zortzigarren orrikatik aurrera, non ikusiko daben argi eta garbi, soñu aek ondo dantzatuko dituenak, gorputz biguñ, belaunak indartsu, eta ankak ariñ izateaz landara, bearko dabela buru ona ta zintzoa txit, konpas guztien kontua zuzen eramango badu.

        Euskal-erriaz kanpora beste tokietan ezagutzen ez diran oitura gogoangarri oek biak, baldin balirake Franziakoak, Inglaterrakoak, Turkiakoak, edo Akerlakoak, or ibilliko lirake paperetan edergarri askorekin apaindurik munduz mundu gauza anditzat txit; bañan anziña anziñakoak eta Euskaldunen izenekoak diradela enzutea aski da zenbait aizebelatsek ostikoperaturik aintzakotzat ez artzeko. Ez al dute, bada, uste suertez ere txori buru oek, aipatu ditudan itz-neurtu eta soñu zarrak ez dutela serbitzatzen beste gauzatarako, ezpada, menditarrak moldakaizkiro jostatzeko? Bai, nere anai maite euskaldun prestuak! Oitura miraritsu oek adierazten dituzte jakitea on lirakean gauza balioso asko, baldin berai arretaz ondo alde guztietara begiratuko balitzaioketeke. Aur txikitxo gaixorik dagoenari botikako sendagarria goixo tartean artu eragiten zaion bezala, Euskaldunak beren humeai onbideak emateko jarriak dira ezin obeagoko oitura maitagarri oek, askok eta askok uste ez badute ere. Eta zergaitik ori? Ez bestegaitik, ezpada, aurtxoak goixo tartean artzen duten botikakoa baino geiago, oitura ezkutapetsu oen barrunpeko onbidea ezagutzen dez dutelako.

 

                Probinzia onetan guztiz ondrosoak

                Beti izan dirade dantza ta bersoak;

                Idurikatuz ongi geren gurasoak,

                Gorde bear ditugu maitaro jasoak.

 

aurrekoa hurrengoa