www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO KAPITULUA

 

Gipuzkoako Probinziaren asiera noiztik eta nola dan

 

        Lau milla ta geiago urte dira Noeren billoi Jafeten bostgarren seme Tubal bere etxetarrakin Armeniatik Españara etorri izan zala; Ujola andia izan zanetik eun ta berrogei eta irugarren urtean, Jesukristo jaio baino, bi milla eun ta irurogei ta amalau urtez lenago, esaten duten bezala Flabio Josepho, San Jeronimo, San Isidoro, Don Rodrigo Lenapezpiku Toledokoak, eta beste askok beren egitade gogoangarrietan.

        Zori oneko Aitalenen Tubal maitagarri au leorreratu izan zan bere jendearekin Gipuzkoako itsas bazterretan, eta ikusi zituen bezin laster emengo toki, lur, mendi ta aitzak, ezagutu izan zituen arkiroki, guztiak zireala, Armeniakoen antz berperekoak. Beragaitik abiatu izan zan gogoz ta fite bertako ta Nafarroako Oianetara janari billa: eta irten zitzaiozkan txit bete osoak, bere gogoko uste ta asmoak.

        Gizonaren laguntzarik orduraño, eta askoz geroago ere, artu bageko aitzondo ezadetsu oetan arkitu izan zituen ugari, izakiak doaindurik berenez ematen dituzten garau eder gozoakin ondo janzitako Gerixa, Aran, Udare, Txermen, Muixika, Albertxigu, Sagar, Masusta, Baixaran, Mats, Irasagar, Urki, Piku, Intxaur, Laranti, Zidroina, Almendra, Gaztaña, Mingrana, Mizpira, Marrubi, Onto, Gibelurdin, Gibelori, Kurinto, Ziza, eta beste anitz Ezkur mueta gozo, iturri garbi on, eta berar osasungille askorekin. Zer gisatan ordea? Aiñ eroso, aixa ta iori, non, neke andirik egin bage errazkiro txit biribillatzen zituen nai ordu guztian, bera ta bere jendadi andia bazkatzeko laina ta askoz geiago.

        Ikusirik, bada, bere begiaz argiro, eta eskuz artu ta gozatu ere egiazki, toki arrotz ustez ustekabekoan zoriontasun aiñ maitagarri doatsueraz betea, Jaungoikoari esker onak eta asko emanaz autatu izan zeban Oian oetan berarekin bere jendearen bizilekua pozkida gozo bete betean.

        Gure lendabiziko etorki doatsu oen bizilekua, mendietan izan zala, inork ere ezin uka dezake bada, zergaitik gaurko egunean ere beretan arkitzen diran, Euskaldunen sustrai ta zain garbi pin guztiz iraunkorrak, zeintzutatik sortuak diraden Españako Uri ta Erri txiki ta andi guztiak.

        Armeniatik etorri bezin prest mendi ondoetan txabolatxoak egiñik, jarri izan ziran beretan gure asaba maitagarriak, euren bizi modu berriari jarraitzen, guztiz naitasun andian alkar maitatzen zutela. Modu onetako bizitza gozatsuak oi dakartzien seme ta alaba askoren bidez, jendea ugaritu zan denpora laburraren epean, sinistu ere ezin leikean ainbateraño. Bereala asi ziran zabaltzen aldamenetako ingurumaietara, ez alkarren arteko aserre ta gorrotoz, ezta ere batak bestea ikusi ezin zebalako, baizikan lasaitasun geiagorekin era obean bizituaz, beren neke izerdizkoaren bidez kanpoa txukunki landu ta apaindurik, egunen batean lurbira guztia Tubalen jatorriz ondo betea ikusteagaitik. Esan ta egin; urte asko baino len ikusi izan ziran egiztatuak euren asmo zuzen bide onekoak.

        Tubaltar doatsu oek asi izan ziran, bada, tokiak adierazten zeban erako izen egokiak emanaz etxeak egiñik, Erri txiki bilduak ifinten, ibai andietatik aldendurik, begietaratzen zitzaiotelako argiro, denpora gutxiz aurretik izandu zan Ujola andi izugarriak, zeñaren beldurra zeukaten sartua ezurretaraño. Bañan denpora nola joan, gauzak alan aztu oi diran bezala, Ujolaren beldurra gitxituaz, eta beste alde, ordeka zelaietako lur guri ezadetsuen gizentasunaz zaleturik, abiatu zan jendea mendi ondoetatik ibar zabaletara jesten; non landa luze mardul galantak ederki landu ta ondo prestaturik bete izan zuten laster, Tubalen jatorri txau garbiak, España guztia osotoro. Tubalen etorreran ez ezik gerozko aldi bitan ere, aitztarte oei zor die Españako Erresuma andiak bere izate guztia.

        Jesukristo jaio baino milla, ogeita amar urtez lenago izandu zan España guztian leorte bat ain ikaragarria, non ogei ta bederatzi urteren epean euri pitin bat ere ixuri izan etzan; zeñaren bidez bertako biztanleak al-zuten tokietara joan izan ziralako gelditu zan España uts utsa, menditarte oezaz osterontzeko guztia. Aitz goititu oetan izakiaren doaiaz jaiotzen diraden iturri ugaritsuakin batean, mendi koipatsuai ixurten zaiezkaten berenezko izerdi ezadetsuen bidez, gordairutu izan ziran bertako jaiotarrak, eta oen babesera España barrutik etorritako asko; zeintzutatik bete izan zan bigarren aldian España guztia osotoro.

        Irugarren txanda gertatu zan Arabeak Españan egondu ziradenean. Oekin batean España barruan gelditu izan zan bertako jende apur bat, ez andizki ta aurrenengoetakoa, ezpada gauza errazen zale izan oi diran aietakoa; gañerontzekoak biribillatu ziran, Españaren zaintzalle ta gordeleku beti izan ta izango ere diran, mendi goititu latz gogor bizar-beltz oetara; nondik asi izan ziraden, bertako jaiotarrakin batean, Mairu itsusiai erasotzen portitzkiro, eta astin-aldi gogorrak sarriro emanaz, etziezaten utzi pakean, alik eta arraza gaizto hura osotoro kanpora botarik, España guztia garbi garbi ifinia izan zan arteraño.

        Aipatu ditudan iru aldi oetan España izan da, Tubaltar garbi Euskaldun leialen bidez osotoro janzia bertako jaiotarrakin. Egia onen argi-bidea ikusi nai debanak begiratzea dauka, D, Pedro Salazar Mendozako Jaun Irakasleak azaldu izan zeban Españako Monarkiaren 33garren orrikan arkitzen dan kapitulu XXIIgarrengoa.

 

                Tubalen etorrera txit anziñakoa

                Izandu zalako ain zorionekoa,

                Oroitutzen ere pozturik gogoa,

                Naierara bizi da beti Gipuzkoa.

 

aurrekoa hurrengoa