www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoako Probinzia noiz ta nola, eta zeren bidez Nafarroagandik aldendurik jarri zan Gaztelako Erregeagana.

 

        Milla ta berreungarren urtean On Santxo Santxez indartsua Nafarroako Erregea zala, berari arpegi emanik esti eragitera etorri zan Gaztelako Errege On Alonso zortzigarrena Bitoriako ondoraño; baita Uri au ertsitu ere alde guztietatik. Egun berperean Nafarroak eskatzen zion laguntza Gipuzkoari, estura larrian arkitzen zalako; bañan Probinzia au izanik ernaia ta zentzu andikoa, oroitu zan zori onean, nondik eta nora zeukan biderik erosoena, Nafarroak egiten ziozkan txarkeri ta billaukerietatik igesturik, begirune alaiagoarekin begiratua izango zan Errege ondra andikoagana jarteko.

        Esan ta egin, era doatsu ezin obeagoko au ikusi bezin laster, Gipuzkoaren mugapeko Alkate jaun guztiak batu ziran Mondragoiko Erri leialera, beren Batzar guztiakiko andientsua egikaritzera, non erabaki zuten gogoz Nafarroari lagarik, Gaztelarekin alkartu eta pakea oso betean bizi izateko.

        Bereala Batzar itzal andiko ark, mandatu balioso onekin igorri zituen Bialkiñak Alonso zortzigarren Gaztelako Erregeagana Bitoriako ondora, zeñari ustez ustekabeko albiste pozgarri gozo andiko onek zabaldu zion biotza ezin geiagorañoko atsegintasun oso bete betean; zergaitik Gipuzkoako Probinzia bere alde izatea guztiz asko naikidatzen zeban lenagotanik ere, eta ez gitxiago estura larrian arkitzen zan egun berperetan.

        Errege au pozaren pozez bera etorri zan Mondragoiko Errian arkitzen zan Gipuzkoako Batzar guztiakikora; eta emen, amodiozko naitasunaren bidez laztandurik josi zitzaiozkan alkarri adiskidetasun andian; erabakitzen zutelarik garbiro, ezen, Gipuzkoak lagundu eta serbitzatu bearko zituela leialkiro eginal guztian, Gaztelako Erregeak beren premina eta estura larrietan; eta Errege oek gorde bearko ziozkatela Probinziari, jaiotzatik bere berekiak dituen oitura eta eskubide guztiak oso ta garbi, akatsik txikarrena ere egin bage; eta baldin gertatzen bazan noiz edo noiz, alkarri eman ziozkaten itz onorezko oetakorik alde batetik edo bestetik ausitzea, Gipuzkoari utzi bearko zitzaiola bere mugape, oitura, eskubide, eta ondasun guztiakin lokabekiro berak nai deban buruspidea artzen, ezertan ere eragozpenik ifini bage.

        Gipuzkoako Probinziak bere nai izatez, iñork ere beartu bage, Gaztelako Errege Alonso zortzigarrenarekin egindako alkardade au ondorengo guztiak ere ikusi zezaten argi eta garbi, egin zuten Mondragoiko Errian milla ta berreungarren urteko Urri-illaren zortzigarren egunean sinisgarritzat agerkai ziñezkoa, zeña ezin uka dezakean gizon fede onekok, ikusten dalako ainbeste urteren buruan arkitzen dala bizirik bere oñean.

        Amodiozko alkartasun maitagarri oni zegozkion gauza balioso guztiai beren zuzenbidea emandakoan, Alonso Erregea, Gipuzkoako Ekautu guztiarekin batean, igaro zan Beloagako, Ondarribiako, Donostiako, Iturriozko, Ataungo eta beste gaztelu Probinzia onen mugapean arkitzen ziradenetara menpetasuna artzera, eta zer gisatan zeuden ikustera. Geroztik irauten du alkartasun zoriontsu onek urratu bage, etsai ozpindu txar askoren esker gaiztoan bada ere. Guztiz baliosoak, eta txit gogoangarriak dirade, bada, sei eun berrogei ta geiago urteren epean Gipuzkoako Probinziak Gaztelako Erregeai egindako mesede, serbitzo, eta laguntza andiak. Baita ere, oen saritzat Gaztelako Errege ondraduak Gipuzkoako Probinzia leialari eman izan diozkaten gallaldia maitagarriak, eta autormen gozo pozgarritsuak.

 

                Errege ondraduak gizon prestu gisa

                Badakite gordetzen emandako itza;

                Lege on bidezkoak zuzen badabiltza,

                Izan ta izango da Españaren ditxa.

 

aurrekoa hurrengoa