www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

BOSGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoako Arrobi baliosoen ugaritasuna, eta berak ematen dituzten arri bitore ikusgarrien doaiak.

 

        Probinzia onetako mugape guztia da Arrobi eder naigarri anitzekin guztiz erara eta txit ondo janzia. Egia garbiro au autortu izan dute argiroki, lanbide onen gañean izkribatu izan duten gizon jakinti arrotzak ere; esaten dutelarik, ezen, Gipuzkoako Eliza, Jauregi, Etxe, Plaza, Murru, Gaztelu, Karrika, eta gañerontzeko Ekida ikusgarriai begiratzea aski dala ezagunmendura erorteko, zenbaterañokoa dan bertako Arrobi ederran ioritasuna. Beragaitik andizkatu izan dituzte bada ainbeste bider Probinzia onetan arkitzen diran arrizko Egitade ederrak. Egiazki alaixen dira izatez ere! Eta ditxa andi au zor zaio, Izakiak Gipuzkoari oparo eman izan ziozkan arrobi bikain begitangoai.

        Ez da bada arkituko Erri bat bakarra ere Gipuzkoa guztian, arrobi ugaritsu oetakoren bat bere menpean ez debanik, ez eta ere, beretako arri ederrakin egindako Ekida ikusgarriren bat edo geiago, agirian ez dauzkanik. Izendatuko ditut bada arrobi oetako berezituenak, non ta nola eta zer gisatakoak diraden.

        Artxipi deitzen zaion mendi Errenteriakoan dago arrobi bat, nabarri ederra ugari ematen debala; zeñetatik ateratako arriakin egiña arkitzen dan Erri bereko Elizan dagoen Aldare nagusiko Erretabloa. Egitade ikusgarri au egin izan zeban Don Franzisko Asurmendi Gipuzkoatarrak, izen andiko Don Bentura Rodriguez'en buruz; eta azkenengo apaindura eman izan zion, edergarri askorekin, Don Alonso-Bergaz Maisu andi San Fernandokoak.

        Oiarzungo mendietan badira arrobiak, Nabarri ederra, eta Kisu ona iori ematen dutenak. Andrerregia esaten zaion Elizatxoaren aldamenean dago arri bat emakume baten idurinekoa anzinaerako letraz betea; eta jendea oi dago sinistpen osoan, ezik, toki berperean izan zala lurperatua Julio Zesarren emaztea. Andrerregiak esan nai du Euskaraz, Andre-Erregiña, eta izen onek adierazten du garbiroki, ezen, Erregiñaren baten autsak estalitako arria dala au. Erri bereko Eliza nagusiaren Epistola aldeko orman ikusten da arri bat guztiz miraritsua, zeñetan dauden otallatuak Aballa, eta Lanzak, gure asaba maitagarriak irabazi izan zituzten batalla andi anitzen oroitpengarri. Beragaitik dauzka, bada, Oiarzungo Eliza txit anziñakoak ain maitaro gordeak, Kantauritarren Eskutarma joia oek. Beste leku batean ezarriko ditut argi eta garbi Eliza onen asiera, bizitza, eta mirariak noizdik, nondik, eta nola diran; eta orain jarraitu bear diot Arrobien sailari.

        Lezoko mendi guztia da arrobi areatsuz ondo josia; zeintzuk ematen dituzten ugari, arlanza eder naierakoak, eta eotarri galant aukerakoak.

        Usurbilko mugapean ere ateratzen dituzte eotarri bitoreak toki askotarako; baita txorrotxketarakoak ere, iñon ere diran oberenetakoak.

        Astigarragako Santiago mendian arkitzen dira Maskorra idurin duten arriak. Milla sei eun larogei ta irugarren urtean arkitu izan zan mendi onetan, balio andiko arriarekin egindako giza-buru bat; eta sinistaturik Santiagorena zala, jarri izan zuten maitaro, beraren izeneko Elizan Aldare nagusiko nitxo batean; non arkitzen dan geroztik agirian, inguromaiko jendeak jaiera andia gordetzen diola.

        Donostiako mugape guztia da arrobi areartsu aberatsez betea. Begiratzea baizik ez da, denpora labur baten epean berriztatua dagoen Uri gogoangarri onetako Etxe ederrai; bertako plaza zar ta berri bitoreai eta batez ere, Batzartoki gaiñ gañekoari; zeintzubetan agiri diran garbiroki, jakinduria andiko Maisu Gipuzkoatarren bidez, ondo landu eta egoki ifinitako arri eder galant begitango anitz, guztiak bertako mugapean atereak. Eta ez dira gitxiagoakoak batere, Uri onetan lenago egiñak arkitzen diran Murru sendo goitituak, eta Santa Mariako Eliza nagusi andientsua. Murru oek egiten asi izan ziran milla bosteun ta amaseigarren urtean; eta bukatu zituzten milla bosteun berrogei ta bigarrenean. Santa Mariako Eliza berria da egiten asia milla zazpireun, berrogei ta irugarren urtean, eta bukaera eman izan zioten milla zazpi eun irurogei ta laugarrenean. Eliza onen azala ta barrua arkitzen dira, gizonak arrian egin litzakean edergarri guztiaz gaindiroki apainduak. Arri areatsu au dalako berez ateratzen ain erosoa, eta landutzen txit gozoa; zeña luze laburrean, zabal medarrean, eta lodi mean txit erraz ifinten dan neurri guztietara, irteten da merke, eta beragaitik izaten du jaso andia beti toki askotara. Milla zortzi eun, ogeita amabigarren urtean eraman zituzten Donostiatik Puerto Rikora, bertako karrikak apaintzeko, berrogei milla arlanza, lau aldeetara iru oñeko neurria betetzen zutenak; bakotxa amasei erreal pagaturik, ontzira sartu baino lenago. Eta oezaz landara nork daki zenbat arri kakaoa zeatzeko, eta txorrotxketarako eramaten dituzten ontziak betean itsasoz urrutietara? Errazki esan diteke bada, ezen, urrezko meatzeakin berdintzen direala Gipuzkoako arrobiak.

        Hernaniko mugape guztia da, karearri piñakin ondo janzia. Ez da urte asko oraindik arri ikatza ere arkitu dutela Erri onetan bertako biztanleak, eta jarraitzen diote gogoz lanbide balioso oni, baliatzen diralako berarekin ondo karobia egosten, eta beste gauza geiagotan.

        Urnietan ere badute kara-arri bikañenekotik naiko guztia; zeñarekin egindako Etxe eder galant anitz ikusi izan ditugun Erri onetan, erreki txarra eraman badute ere milla zortzi eun, ogei ta emezortzigarren urtean guda gaiztoen bidez.

        Andoaingo mugapean badira arrobi asko, Nabarri ederra ugari ematen dabeenak. Beretatik ateratako arriakin Azpeitiko seme Don Franzisko Ibero Maisu andiaren buruz egiña arkitzen da Erri onetako Eliza nagusi bitore begitangoa. Eliza berriztatu onetan aurrenengo Meza eman zeban Urnietako Erretore jaun Don Juan Bauptista Adarragakoak, milla zazpi eun, irurogei ta amaikagarren urteko otsaillaren bian, Ama Birjiña Kandel egunean, eta itzaldiatu zeban, bertako seme Apaiz Don Sebastian Arizkun jaunak. Billera gogoangarri onetara batu izan zan alderrietatik guztiz jende asko, eta oen artean kontatu izan zituzten (jai egun andia zalarik) irurogei ta zortzi Apaiz.

        Amasa Billabonako mendi Loazu esaten zaion batean, Erritik iru legua-laureneko bidastian arkitzen da arrobi bat, Nabarri beltz bikañenetakoa iori ematen debana; eta beste asko, karekizko arri urdin ederra ugari ematen dutenak.

        Zizurkilko mendian badira arrobiak karegaia ugari ematen dutenak. Erri onetan aiñ eroso arkitzen da arri mueta an, ezik, non nai, soroaren aldamentxoan karobizuloa egin eta egosten dute, lurrak ongarritzeko bear ainbat kare. Kisua ere badute ugari eta guztiz ona.

        Asteasuko mugapean ere badago kisua iori; baita kare-arria ere txit eroso.

        Tolosako mendietan arkitzen dira arrobi asko, karezko arri eder piña naiko guztia ematen dabeenak; zeintzubetatik ateratako puska bikañakin egiñak ikusten direan Erri onetan, Ekida bitore anitz, beste gauza begitango askorekin batean.

        Leaburuko mugape guztia da, arbela ta kisua iori ematen dituzten arrobiz josia. Erri onetako jendearen irabaz-biderik erosoena da kisuarekiko lanbidea. Ain gertu, eroso ta ugari daukatelako arri mueta au, eta izanik berez, ateratzen txit erraza, eta egosten neke gitxikoa, edozein baserritarrek bere etxe-inguruan dauka prestaturik, lanbide onetarako leku egoki aukeratua, non bear bezala landurik, eramaten duten beren abereetan Erri andietara txit modu onean; iru edo lau errealean ifinten dute beste ainbeste legua bideko Erribilduetan.

        Aldaba mendian arkitzen dira arkantoin batzuk erpiñ zorrotzak; beste asko, leiarraz beteak; baita arritik askatuak dauden leiar zatitxo txau garbiak ere txit ugari, Boloniako meatze Semniskoan arkitzen direanen idurin berperekoak, eta bardin bardiñak; zeintzun gañean itzegiten dan garbiro ta luzeki, Bergarako Euskaldun Lagunkidak mill zazpi eun irurogei ta amaseigarren urtean zabaldutako izkribuetan.

        Albizturko mendi Urlis izendatuan dago arrobi bat, Nabarri beltz bitorea ugari ematen dabena; eta beste bat ori-gorri eder bikaña ateratzen zaiona arkitzen da, Azkuendaran deitzen zaion mendi Erri berekoan.

        Goiaz Bidanietan badira, karezko arri urdin piña iori ematen dabeen arrobiak. Damurik arkitzen dira toki desegokian, berezaz jendea baliatzeko.

        Errezilko mendi Mauria eta Loteburua deitzen direanetan badira arrobiak Nabarri ederra ugari ematen dabeenak; zeintzubetan lana izan oi duten bertako Argiñak geienean, eta irabazten dituzte alogera onak txit, lekuko barri ondo ikasiak daudelako.

        Zestonako mendi Izarraitz, eta Ertxina deitzen zaiotenetan badira arrobiak kolore mueta guztietako Nabarria iori ematen dabeenak; zeintzuk izan oi duten guztiz jaso andia.

        Azpeitiko mendi ospatsu Izarraitzkoan arkitzen dira arrobi balio andiko asko, eta beretatik ateratzen dituzte ugari Nabarri lasto kolorekoa, auts-antzerakoa, arretarakoa, eta ozpin iduriñekoa. Arauntza mendian ere badira auts-koloreko Marmol-arri pin ederrak. Arri bikain oetakoakin egiñak dira Erri onetako Eliza nagusiaren sarreran arkitzen dan Egitade begitangoa, eta Loiolako Ekida andi bitore gaiñ gañekoa. Ainbesterañoko aomena ta jasoa artu dute Azpeitiaren mugapeko arriak, ezik, ifini dituzte bi lantegi urarekikoak Nabarria zerratzeko, eta landutzen dituzte beretan, lodi ta me, luze ta zabal, nai dan neurri guztirakoak.

        Azkoitiko mugapean ere arkitzen dira, kolore askotako Nabarria iori ematen duten arrobi aberatsak; eta oetatik ateratako arriakin egiña arkitzen da Loiolako Aldare nagusiko Erretablo eder ikusgarria. Erri onetako mendietan badira beste arrobi mueta anitz ere, ondasun asko ematen dabeenak.

        Zumaiako Indo deitzen zaion mendian arkitzen dira arrobiak, Nabari ederra, areatsu ona, karezko piña ugari ematen dutenak.

        Debako mugapean ere badira arrobiak karezko arri urdin pin ederra iori ematen dabeenak.

        Motrikuko mendietan arkitzen dira arrobiak karezko arri urdin begitangoa ugari ematen dutenak; zeintzuk idurin duten, ondo landutakoan, Nabarri eder pin piña. Kisua ere ateratzen da mendi oetan, iñon ere dan oberena.

        Elgoibarko Galdaramuño deitzen zaion mendian badira arrobiak, karezko arria, eta areatsua iori ematen dutenak.

        Eskoriatzako mugapean arkitzen dira arrobiak, kisua eta arbela naroro ematen dabeenak.

        Mondragoiko mendi guztiak dira arrobi baliosoz beteak; zeintzubetan ateratzen dituzten kolore guztietako Nabarri eder anitz; baita arri areatsua ere ugari. Guztien gañekoa da Udalako aitza, zeñaren oñetik asi eta bururañoko guztia arkitzen dan, Nabarri pin ederrez apaindua. Aitz ikusgarri oni kendutako arri bikain ederrakin egin izan dira Ekida begitango asko, eta oen artean bat guztiz begiragarria, Erri bereko Batzar-etxe ospatsua, zeña egin izan zuten milla zazpieun, berrogei ta amargarren urte inguruan.

        Aretxabaletako mugapean ere badira arrobiak Nabarri ederra ematen dutenak.

        Oñatiko mendi andietan arrobi asko dira txit, Nabarri ederra, eta kisu oberenetakoa iori ematen dabeenak. Euretatik ateratako arriakin egindako egitade bikain anitz ikusten dira Erri onetako mugapean. Guztien gañekoa da, Eliza nagusiko Dorre berri goititu bitorea; zeña arkitzen dan eun ta larogei ta amar oñean jasoa, autsanzerako Nabarri illun garbi txauaz egiña guztia, aomen andiko Maisu Don Manuel Karreraren buruz. Ekida andi onen asierako lurra iriki izan zuten milla, zazpi eun, irurogei ta emeretzigarren urteko apirillaren amabostgarren egunean, eta bukaerako laburua ifini zioten erpiñean milla zazpieun larogei ta irugarren urteko urrillaren ogeita bederatzigarrenean. Lan andi onen balio igo izan zan, ogei ta amabost millatik berrogei milla dukatetaraño. Aldare nagusiaren aurreko Apaiztokia dago Elizaren bardiñetik bederatzi oñean goratua; zeñaren anditasun itzaltsuak eta bukaera egokiak edertzen dabeen Elizan txit asko; bai ta lagundu ere irozgarri sendo irmetzat. Bederatzi oñetan gora igotzeko dauzka amabost malla arrizko, bakotxa amabostna oñ luzekoak, eta guztiak puska osokoak. Ekida ikusgarri eder au arkitzen da Nabarri beltz pin ondo landuakin egiña guztia.

        Legazpiko Erriaren mugapeko mendi Aitzgorrikoan arkitzen dira arrobiak, Nabarri ederra, eta karezko arri urdin piña ugari ematen dabeenak. Brinkola deitzen zaion baserri etxetik, Urolako ibaia jaiotzen dan tokira bitartean dago arrobi areatsu bat guztiz aberatsa, eta txit aomen andikoa; zeñaren erraietatik ateratako arriakin egiñak ikusten direan Erri onetako Eliza nagusia, eta beraren atari-aurreko leorpe begitangoa. Arrobi onetako arriakin milla zortzieun, ogei ta seigarren urte, eta urrenekoan egiña arkitzen da Zumarragako Elizaren aurreko estalpe bitorea. Lakirolako mendiaren aldatsean dagoen izen bereko baserri-etxearen alboan arkitzen da arrobi bat, eotarri eder galant anitz ateratzen zaiozkana. Aizeleku esaten zaion mendian ere badago beste arrobi bat, arri areatsu bikañenetakoa ugari ematen dabena.

        Billarealko mendi goititu Irimo izendatuan badira arrobiak Marmol-arri piña, eta areatsu ona iori ematen dabeenak.

        Zeraingo mendi Hoa deitzen zaion artan ere badira arrobiak areatsu arri ederra ondo ematen dutenak.

        Idiazabalko mugapean badira arrobiak, karezko arri piña, eta areatsu ona naiko guztia ematen dabeenak.

        Ataungo mendietan arkitzen dira arrobiak, karezko arria, eta areatsua iori ematen dutenak, baita arroka oberenetakoa, eta zorrotz-arri ederrak ere ugari.

        Zaldibiako mendietan badira arrobi mueta anitz. Ernaitzaga esaten zaion baserri-etxearen ondoan dago bat arri areatsuarekikoa, bañan garbitzen neke andikoa, aspaldiko urteetan lurrikara andiak gañera erori izan zaiozkalako. Gaintzola deitzen dan tokian arkitzen da arrobi bat, pizarri piña guztiz ugari ematen dabena ateratzeko neke bage. Albitzeta mendian beste bat, karezko arri ederra iori kentzen zaiona. Zuazolarekin Zubietako Errota inguru guztia da arri urdiñetarako lasai bigun gozandetsuz josia; zeña atera ta landu egiten dan kare arria baino errazago askoz ere, biak kolorez alkar idurin arren. Arbela eta arroka ere badira mendi oetan. Gauza arrigarria da, Erri onen mendiak arriz josiak diralarik, plaza inguruan ain gitxi arkitzea.

        Amezketako mugape guztia da kare-aitzez betea, non ateratzen duten arri mueta onetatik, neke andi bage, edozein lanbidetarako bear duten guztia.

        Abalzisketako mendian ere badira arrobiak karezko arri urdin piña ugari ematen dutenak.

        Isasondoko mugape guztia da, Arbel, ta Tupaarriz osotoro janzia; non ateratzen dituzten aixa aski, arlanza eder zabal galantak, eta landu bear andirik ez dutenak.

        Legorretan ere badira arrobiak, karezko arria, eta, Lapitza ematen dabeenak.

        Aipatu bage lagatzen ditudan Probinziako Erri banaka oetan ere ez da arriaren bagetasunik, beren bizimoduari dagozkion arrizko lanbideak egiteko.

 

                Gizon arrotzak ere gure ondragarri

                Autortu izan dute argi eta garbi,

                Gipuzkoan dalako arria ugari,

                Etxe ederrak non nai dirala agiri.

 

aurrekoa hurrengoa