www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

 

Arabeen etorrera, eta Godoen ondamendia noiz eta nola izandu zan.

 

        Arabeak Españara sartu ziranean, arrasatu zuten Erresuma andi onen zatirik geiena, bañan Gipuzkoatarrak beren lurrera alderatzen ere etziezaten utzi izan. Beragaitik Probinzia onetan etzuten Arabeak izan eskubiderik batere; zeña gelditu izan zan lokabe ta garbiro ondamen kaltarkitsu, eta jendadi itsusi nazkagarri argandik, Lenapezpiku On Rodrigo Toledokoak laugarren liburuko lenengo Kapituluan esaten daben bezalaixen.

        Godo urgulloso mundu inguruaren irabazkindariak, ainbeste urteren epean Españako silla andian beren jarlekua izan bazuten ere, geroenean, Jaungoikoak alan nai izanik, nozitu zuten ondo beren arrokeri neurririk bagekoa, Jesusen jaiotzatik zazpi eun, ta emeretzigarren urtean, patu txarreko Errege On Rodrigok errinatzen zebala.

        Errege au menderatu zutenean Arabeak, jabetu ziran berak Españako tokirik geienentsuaz. Andik amabigarren urtean, zeña zan Kristoren jaiotzatik zazpi eun, ogei ta amaikagarrena, Kantauriako Dukearen seme Fededun Pelaio lendabiziko Errege Españakoa, ondamendi aiñ gaiztoak ikusitakoan, asi zan bere Erritarrakin batean Asturiaskoak lagun zituela, Mairu beltzak eta Arabe itsusiak Españatik kanpora botatzen. Zorioneko asiera Pelaioren au izandu zan Asturiasko mendietan; zergaitik Arabeak beren beldur andiarekin Kantauritarretara alderatu nai etzuten; eta asmo on au izandu zan ezin obeagokoa. Pelaiori Gipuzkoatik eta aldamenetako Euskal-errietatik biraltzen zitzaiozkan gazteria samalda andiak laguntzalle aldian sarri; eta bere estutasunik larrienetako batean joan zitzaion mendi-mutil talde andi batekin, bear bearreko, On Alonso Kantauriako Duke On Pedroren seme ernai azkarra; zeñaren bidez porrokatu zituen Pelaiok aldi artan iritsi al zitzakean Arabe zikin likits guztiak. Alonso au ezkondu zan gero Pelaioren billoi batekin; zeñari deitu izan zitzaion El Católico, eta bera izandu zan izen onetako Errege lendabizikoa; baita ere jarraitu izan ziona bere sallari portizki, Mairu nazkagarriai kenduaz bidebage berenduak zeuzkaten toki ta lur asko.

        Denpora artan, eta askoz geroago ere, Erribildurik ez oi zan Gipuzkoako mendi inguruetan, ezpada, baserri-etxe purubetar barraiatuak; eta Arabeak jakiñaren gañean zeudelako, toki goititu latz oetara igotzeko asmoa artu izan zuten guztiai, lenago zer gertatu izan zitzaien; etziran azkortu izan, berai erasotzera, ez ezik, begiratzera ere. Arabeen erkindade au ezagutu zebalako joan zan Pelaio Asturiasko mendietara, beretatik Mairuak zirikatzera.

        Pelaio ta beraren ondorengoak ikusi izan ziranean indar andiak artuaz zijoatzela Asturiasko mendietan, irten zan Nafarroan Pirineoko arkaitz tarteetara Bigorrako Baroiaren seme leial Inigo Arista Euskaldun gazteria talde andi batekin, Arabeai erasotzeko bideak Asturiasko gisa berperean prestatzera, Jesukristoren jaiotzatik bederatzi eun ta amabigarren urtean, zeñari deitu zitzaion ondorean, Errege Nafarroakoa.

        Godoak azpiratu eta Arabeak gañeratu izan ziranetik, Inigo Arista azaldu bitartean igaro ziran eun ta laurogei eta amairu urte. Denpora luze onetan lenago ta ondorean ere, Gipuzkoatarrak guda gogor portitz bizian jardun zuten, alik eta Mairu billau itsusien kutsua arras aienaturik España osotoro garbi garbi ifinia izan zan arterañoko guztian. Ez ordea bakarrik beren mugapea ezin gordez, ezpada, Nafarroako ta Arabako muga inguru eta auzoerrietan Arabe likitsai gogorkiro erasorik, irabaziaz lur zelai asko ta andiak. Guda luze goaikarri onetan Gipuzkoatarrak azaña andiak egin izan zituzten beren Erriaz kanporako toki askotan.

        Anziñaerako denpora doatsu aetan Gipuzkoako mendi-mutil gudariak oi zerabiltzaten armak ziran ballestak, lanziak, geziak, eta dardai eta pordon andi erpiñetan burni zorrotzdunak. Soñekoak ere garbiak eta ariñak txit, gorputzeko jonturaen neurrian din dina egindakoak, zinzilika zabuan oi dabiltzan egal aize-artzalle aetakoen zantzurik ere bagekoak. Etsaiari erasotzeko asmoa artzen zutenean, aurreneñgo egin oi zuten lana zan, Martiztiaren gordetzalle beraren ondoren zijoan samaldatxoagana, tokirik amilkorenetako batean aldra andi bat ojuz ta kantari bat batean sartzea; eta aurre aldetik zijoatzenak oetara irauli orduko, an izango zan prest beste aldetik talderik gogorrena; non igesbiderik bageko lekuan erdian arturik, porrokatu oi zituzten Erribilduetatik iñoiz edo berriz irteten ziran Mairu beltz igingarriak.

        Modu onetako azaña andiak egiñaz, mendiz mendi zebiltzan Gipuzkoatarrak jakin zutenean, nola Nafarroan altxatu zan, lenago aipatu dedan Inigo Arista, bereala onekin alkartu eta bat egiñik, zeatu ta abarrakitzen zituzten, iritsi al zitzaten Arabe nazkagarriak; bai ta geroenean biraldu ere España guztitik igesi, berriz etorteko gogoak kendurik.

        Noizpaiten bear ta, gure Egille andiak alan nai zebalako. España guztia garbitu zan Mairu arraza gaizto kaltarkitsuetatik. Bañan etsai arrotzak urte askoren buruan neke andien bidez kanpora bota baziran ere, etzeban iraun izan luzaro Españan pakeazko bizimodu gozatsuak. Gizonaren arrokeriazko andizkatu naiak askotan urratu izan ditu lege zuzen bidezkoen katerik sendoenak. Auxen berpera gertatu zan, bada, Españan, kanpotarrak aienaturik Erritarrak bakarrik gelditu ziradenean.

        Bereala asi ziran indarrik geiena zeukaten Probinziak gitxiagokoak menperatzen. Bañan gure Ama ernai zintzo Gipuzkoak, ezaguturik goseti aen asmo galgarriak, aldeaurrez artu izan zituen neurri zuzen egoki ezin obeagoak. Ikusirik, bada, Nafarroako Errege Garcia Jimenez indarretan ugarituaz zijoala, berarekin adiskidetasun andian alkarturik egin zan bat Gipuzkoa, Kristoren jaiotzatik zortzi eun ogei ta bostgarren urtean. Amodiozko anaiatasun au leialkiro gordetzeko itz onorezkoak alkarri ematean, erabaki zituzten garbiro ondorean gertatu al zitezkean etorkizunak modu onetan.

        Gipuzkoako Probinziak serbitzatu bearko zebala Nafarroako Erregea, gudarako gizon bearrean arkitzen zan denpora guztietan. Nafarroak orobat lagundu bearko ziola Gipuzkoari, baldin atakatzera iñor etortzen bazitzaion. Gañera, Probinzia onek jaiotzatik dituen bere oitura ta eskubide guztiak gozatu bearko zituela oso ta garbi, akatsik txikarrena ere egin bage. Eta suertatzen bazan noiz edo noiz alkarren arteko desegokiren baten bidez, edo beste edozein gertakari uste bagekoengaitik anaitasun au autsitzea, Gipuzkoako Probinziak izan zezala eskubidea, berak autatzen zeban Buruzariagana jarteko, edo bazerizkion, bera bere gaiñ gelditzeko, jatorriz bere berekiak dituen Erri, etxe, mendi, baso, lur, ibai, abere eta osterentzeko ondasun guztiakin.

        Modu onetan beren arteko joan etorriak garbiro erabaki eta gogoz alkar laztanduak izandu ziran urte askoan, eta oraindik, milla ogei ta bostgarren urtean ere, Nafarroaren egopean arkitzen zan Gipuzkoa. Garzia Aznarez eta bere emazteak San Juan de la Peña Olazabalko Bakarlekuaren alde egin zuten doariak eta Moretek aipatzen daben gallaldia batek adierazten dute argiroki, ezen, Gipuzkoa ta Nafarroa beren arteko alkardadea urratu bage zeudela milla irurogei ta seigarren urtean.

        Milla irurogei ta amaseigarren urtean Errege On Santxori Peñalenen, bere anaia On Ramonek eta beste urritarrak bortxazko eriotza gogorra eman izan ziotelako, asaldatu zan Nafarroa portizkiro, eta Gipuzkoatarrak ikusirik odolgirodi aiñ itsusi bide bagekoa, Nafarroagandik aldendurik, jarri ziran On Diego Lopez Konde Bizkaikoaren babesera, lenago Nafarroarekin egiña zeukaten gisan, beren eskubide guztiak oso ta garbi gordetzeko itz onorezkoaren azpian. Bizkaiarekin egindako anaiatasun onek iraun zeban berrogei ta zazpi urtean zeña ausia izan zan atsekabezko gertakari baten bidez. Ara nola eta zergaitik.

        Milla eun ogei ta irugarren urtean Aragoiko On Alonso Batallariarekin Doña Urraka Kastillakoaren arteko ezkontza gozarotsua samindurik, bizialargutzara biurtu zalako, gertatu ziran, ustez ustekabe, naspilla eta goibeetze andiak txit. Katranbilla itsusi oren bidez sortu zan Aragoirekin Gaztelaren artean guda portitz bat. Iñigo Konde Bizkaiakoa jarri zan On Alonso Batallariaren alde; bañan Gipuzkoak lanbide onetan sartu nai izan etzeban ez bataren eta ez bestearen alde; eta Bizkaiagandin aldendurik biurtu zan ostera Nafarroagana, lenago berarekin egon izan zan modo berperean; eta alkardade azken aldiako onek iraun zeban irurogei ta amazazpi urtean.

        Esan al guztien gañeko pozkida betean gelditu zan Nafarroa, Gipuzkoa beragana biurtu zitzaiolako; zergaitik ondo ezaguturik arkitzen zan Probinzia onetako jaiotarren pizkortasuna eta leialtadea ziradela ezin geiagoak. Ez ordea bakarrik, berarekin alkartua egondu zan denpora guztietan ondo serbitzatua izan zalako; bai ta ere Gipuzkoa bera bere gaiñ zegoelarik, Nafarroari gertatu izan zitzaiozkan estura larri askotan, laguntza andiak egin izan ziozkalako, auzo-erri leialaren gisa. Gertaera oetako bat izandu zan gogoangarria guztiz, Nafarroarentzako ezin obeagoa, eta Gipuzkoarentzat ondra andikoa txit.

        Errege Aragoiko, Balenziako, eta Kataluniako batek azaldu zion guda gogor bat Nafarroako Erregeri; eta au, batalla andi batean garaitu eta atzemanik artu izan zeban are bere menpera. Bañan Gipuzkoatar leial erru andikoak jakin zutenean, beren auzo-erri Nafarroako Erregea arkitzen zala Aragoi, Balenzia eta Kataluniakoak azpiraturik itsaspendua, bereala irten ziran garailari oei erasotzera kanpo zabalera, sinistu ere ezin leikean bezalako ausardiarekin, eta martizti garailaria zegoen tokira nai baino nekezago iritsirik, jarri zitzaiozkan bere aurreko aldean batalla eskatzen ziotela; non ordu gitxiren epean guztia zatitu, urratu, eta abarrakiturik menperatu ondoan, biurtu zuten Nafarroako Erregea bere lengo jarleku andientsura, adierazten ziotelarik mundu osoari zenbaterañoko indarra zuten Probinzia onetako mendi-mutilen dardai erpin zorrotzak. Egia onen argibiderako Baziller Zaldibiak Gipuzkoako Kondairaren ogei ta zazpigarren kapituluan esaten du onela.

 

        «Hay muy gran argumento para ser creido en que los Guipuzcoanos, de antiquisimo tiempo acá, tienen puesto en su Escudo de Armas al Rey que libertaron sentado en su Escaño, y con su Corona en la cabeza, y su espada desnuda de punta arriba en la mano, en la señal que le libertaron, y le restauraron, y pusieron en su Trono y Reino. Y en el privilegio y titulo de Armas de la Provincia se dice como tenian por Armas antiguas al Rey como arriba se refiere».

 

        Orra nolako mesede ta laguntzak egin izan ziozkan Gipuzkoako Probinziak Nafarroari auzo-erria zebalako naitasunarekin; eta beragana alkartua egon zan denporan, batez ere azken aldiako irurogei ta amazazpi urteetan, guztiz asko nekatua izandu zan Gipuzkoa, Nafarroako Erregeak eta beren Erriburutarrak egiten ziozkaten bidebagekeriak ezin eramanaz. Bañan nola ez dan munduan eperik betetzen eztanik, oni ere iritsi zitzaion bere azken ordua, usterik gitxiena, eta preminarik geiena arkitzen zitzaion egunetan.

 

                Gipuzkoak luzaro zintzoki eta piñ

                Serbitzo asko zion leialkiro egin;

                Bañan azkenerako artzen zebala miñ,

                Asperturik zegoen Nafarroarekin.

 

aurrekoa hurrengoa