www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoako abereen izaera, eta berak ematen dituzten etekiñak.

 

        Gipuzkoako mugapea beti ezagutu izan da aberez ondo janzia, zeintzubei zor zaioten bertako jendearen zoriontasunik geieana; ez bakarrik berenez dituzten etekin baliosoak oparo ematen dituztelako; bai ta ere tokiaren laztasun geiegikoaren bidez neke andiko lan gogor asko egiten gizonari leialkiro laguntzen diotelako.

        Probinzia onetan komunkiro jaio ta azi oi diran abere eskurakoiak dira abere txea edo geria, abelgorria, abere zamari edo zamarakoa, eta azienda beltza esaten zaion aberea.

        Abere txe edo geriaren izenarekin adietutzen dira Ari, Moixo, Aritxikiro, Ardi, Bein-ardi, Bildots, Arkume, Aixuri, Umerri, Aker, Akertxikiro, Auntz, Auntztika, Auntxume, eta Arteliari dagozkion gañerontzeko guztiak.

        Abelgorria esaten zaiote Zezen, Idi, Zekor, Idisko, Idigai, Bei, Bigaintxa, Txal, Bigain, Aretxe, eta Beitaldeari darraizkion osterontzekoai.

        Zamariaren izenaz ezagutzen dira, Garaino, Gañezari, Gegua, Beor, Beoka, Zaldi, Zaldiño, Moixal, Potxo, Mando, Mandaeme, Mandako, Asto, Astoeme, Astokume, eta beste abere zamarako direanak.

        Azienda beltza deitzen zaiote, Apote, Bargo, Bargasta, Ordots, Zerri, Zerrama, Arkotx, Zer-ardi, eta gañerontzeko Zerri-abereari dagozkiotenak.

        Lau abere mueta oek Euskarazko itzkuntzan orobat dituzte bakotxak bere izen jakin txit ezagunak, ernari jarteko sasoiak arrapatzen dituen denporan, nor nola eta zeren eske dauden adierazteko. Arkera dago, entzutea beste bage daki edozein Euskaldunek, ardia dala umea artu nairik dagoena. Susara dago, esaten bada, gauza jakiña da abelgorria dala. Yel dago, aditzearekin bakarrik daki, zamarietakoa dala. Irausi dago, esatea aski da, azienda beltzetakoa dala jakiteko. Orra zein erraz, egoki, ta garbiro adierazten daben gure Euskara jakintsuak, beste itzkuntzak ez bezala, abere mueta oek, esan dedan sasoira iristean, nor nola arkitzen diran. Arkera, Susara, Yel, Irausi, lau izen bakar oetatik dakite Euskaldunak, ardia, beia, beorra, edo zerria dan ume eske dagoena, erdarak bezala esan bagetanik, la obeja está alta; la baca está alta; la yegua está alta; la cerda está alta.

 

 

Abere txea, Geria edo Ardi-elia

 

        Gipuzkoako mendi goititu zorionekoak beren jatorrizko doaiaren bidez ematen dituztelako larre piñ gozarotsu indar andikoak ugari, ezagutu izan dira beretan beti aberetxe geri, edo ardi-eli samalda andiak; eta iñoiz ere baino geiago urte oetan. Probinzia onetako nekatzalle zintzo argiak jaiozatik dira mendirakoiak, eta ikusirik garbiro ardi-abereak ematen dituala ondasun andiak, ekin zaiozka gogoz beretako talde andiak ifinirik, geiago ta geiago ugaritzeari. Egiazki, guztiz da arrigarria Gipuzkoako mugapean gaurko egunean arkitzen dan ardidia, eta ez da gitxiagokoa berak modu askoz ematen dabeen lakaren balioa. Lanbide onen gañean ifiniko dizutet begien aurrean argi eta garbi Gipuzkoako Erri txiki bateko izaera doatsua.

        Zaldibiako Erri labur ta medarrean (zeña dan nere jaio-tokia) arkitzen dira eun ta amalau etxe. Oetatik laurogei ta amasei, nekazaritza darabiltenak, eta beste emezortziak dira, plaza-etxe lurrik ez darabiltenak eta baso bagekoak; zeintzubetan bizi diran milla ta irureun arima bezalatsu; eta oek badarabiltzate mendian eun artaldetan, amar milla ardi, eta bi milla bildots urte betenakoak, gitxi gora bera. Artalde bakotxa kontatzen da komunkiro eun ardi eta ogei bildots urte betekoakin. Samalda oetako bakotxak urterik geienetan izango ditu laurogei ardi umegitekoak, beste ogeiak lagatzen diralarik antzu eta illurtu gertatzen direanentzako. Laurogei arkume jaiot-berrietatik, ogei ta amar bezalatsu utziko ditu Artzainak aurrerako azitzen, leneko oñean artaldea irozo dedin, eta osterontzeko berrogei ta amarrak gelditzen zaiozka berritan saltzeko. Udako bost illa beteetan egingo ditu Artzain bakotxak bere artaldeak ematen dion esnearekin berrogei ta amar arroba gazta bezalatsu. Bi motxaldietan amairu arroba ille gauza gitxi gora bera kenduko ere diozka. Gazta egiten daben denpora guztian gazurarekin bazkatuko ditu guriro bost edo sei zerrikume beren amarekin. Uda-azkenean amar bat ardi zar izango ditu saltzeko, artaldea leneko oñean art-gazteakin ornidurik lagatzen dabela.

        Agertaratu det, bada, garbiro artalde bakotxak zenbat etekin, zer nolakoak ematen dituen; eta ikusi ere bear degu Erri txiki onetako eun artaldeen obariak pilla batera batu, eta noraño igotzen dabeen.

 

        Bost milla arkume berritan saltzekoetatik ezbearren baten bidez, artalde bakotxean lau galtzea gertatzen dala ere, gelditzen dira lau milla ta sei eun, eta oek bataz beste seina erreal egiten dutela dakarte ogei ta zazpi milla eta sei eun erreal:27.600

        Bost milla arroba gaztaetatik artzai bakotxari bi arroba uzten zaiozkala bere galdu-gordeetarako, gelditzen dira lau milla ta zortzi eun arroba; eta oek arroba ogei ta bost errealen balioan dakarte eun ta ogei milla erreal: 120.000

        Milla ta irureun arroba illeak bakotxa ogei ta emezortzi errealean balio dute berrogei ta bederatzi milla eta laureun erreal: 49.400

        Zerri samalda bakotxak gazurarekin bazkatzen dan denporan ematen daben irabazia da amar dukat bezalatsu bataz beste, eta guztien balioa dator amaika milla erreal: 11.000

        Milla ardi zarrak bakotxa ogei errealean ogei milla erreal: 20.000

        Igaburutzen dute errealak: 228.000

 

        Guztiak batera jorik, igotzen dira berreun, ogeita zortzi milla errealetaraño; zeña dan Zaldibiako esku artaldeak urte oro ematen dituzten etekiñen balioa. Ardi aberearen barri dakiten guztiak ezagutuko dute garbiro, ifinia dagoela apaiñgarri bage, eta ez dakitenak ere ikasi dezaten, nai izan det ezarri zearo lanbide au, zeñari arkitzen diodan beste obari bat ere aipatzea merezi dabena. Bañan nor da gai bear bezala erabakitzeko zenbaterañokoak diraden eun artalde oek egindako zimaurtza andiaren bidez Zaldibiako buztin lur gozakaitzak ematen dituzten ondasunak? Erri onetako artzaiak eta artzain ez diranak ere txit gitxi izango dira, asto ta zaldi txikitxo bana edo biña ez dauzkatenak, menditik altxeria ekarteko; eta baldin onekin ez balituzteke ongarrituko bertako lur elkor gogorrak, ez litzake artuko biltzen dan laborearen laugarren zatia ere.

        Abere mueta onek modu askotara ematen daben aberatstasuna ikusirik dala aiñ andia, Gipuzkoako biztanle ernaiak berari jarraitzen diote gogoz ta zintzoro. Eta gauzarik arrigarriena da, zenbat eta geiagotutzen dan ardi-abere au, orduan ta geiago balio izatea berak eta berai kentzen zaiozkaten etekiñak. Oraiñ irurogei urte inguruan Gipuzkoako mugapean ez oi zan, gaurko egunean ikusten diran ardien erdirik; eta alere ezagutu izan nituen gizonak ifinten zituztenak artalde osoak erdirako izenarekin, ogeita biña errealeko balioaren oñean bakotxa, eta zenbat buru, ainbeste erreal beste irabazirik bage urte guztirako. Denpora artan arkume berritakoak erosten ziran launa errealean. Gazta ere bai libra bost koartoan. Ardi-larruak zortziña koarto; Arkumeenak bostna; Illea emezortzi erreal arroba. Bañan ikusten da orain noraño igo diran oen balioak.

        Oroitzen naiz, bada, Probinzia onetako ola, burni, eta langilleaz itzegitean nola esan nizuten, Itztegi Luzeazaltar Barzelonan moldizkidatuari, Gipuzkoako kapituluan arkitzen niozkan utsaldi andiak agertaratuko nintuela zein bere toki egokietan. Ara emen beretako bat, lenago ezarri nebana baino ere agiriagokoa.

 

        Abere eliari dagokanaz, berak ematen daben laka bekaldutzen da.

        Zekorrak: 2.100

        Arkumeak: 14.400

        Antxumeak: 584

        Zerriak: 1.227

        Illea: 9.800 ar.

 

        Eta oraindik are geiagokoa dana esaten du Itztegi onek kapitulu berean ausardi andiarekin, egia balitz bezala.

 

        «Probinzia onetan dala arkumeen bagetasuna, zeñetara batzuk sartzen diran Nafarroa eta Franziatik».

 

        Baldin aomen andiko Itztegi onek Gipuzkoako Kapituluarekin baino azertada oberik egin ezpadu beste Probinziaetakoetan, badagoke txokora bazterturik ixil ixilla.

        Gipuzkoako barri dakitenak nola sinistu al dezaketeke bi milla ta eun zekor baizik jaiotzen ez dala urte osoan bertako mugape guztian? Kontura bedi, bada, nor nai, Probinzia onetako arategi eta etxe berezituetan urtearen buruan iltzen dituzten abelgorriaz; baita ere Nafarroara, Arabara, Errioja eta beste tokietara eramaten dituztenaz; eta ezagutuko dau argiroki, egiagandik zein urrun dabillen izendatu dedan libru andi ospatsua. Begira izan ez lezakean Gipuzkoak bere mugapean Erri bat bakarra ere, bi milla, ta eun zekor jaiotzen zaiozkana urte barruan.

        Amalau milla, ta laureun arkume dirala esaten dau Gipuzkoan urte osoan jaiotzen direanak, zeñari erantzuten diodan, gezurtatzeko beldur bage, ezen, Amezketa, Zaldibia, Ataun, eta Idiazabal, lau Erri Probinziako oetan diraden ardiak, urte bakotxean egiten dituztela ogei milla arkume, gitxi gora bera. Eta zenbat onelako osterontzeko Erri Gipuzkoaren mugapekoetan?

        Bost eun laurogei ta lau antxume dirala, dio, urteoro jaiotzen diradenak Probinzia guztian. Uste det bada nik, ezen, Idiazabalko mugapean bakarrik jaiotzen dirala kopuru au ta geiago; eta ori, Gipuzkoak debekatua daukalarik, nork bere lur esituetan baizik, auntzak erabiltea.

        Milla, berreun, ogei ta zazpi zerri bekaldutzen ditu urtean Gipuzkoaren mugape guztirako; eta badakit seguru oek baino geiago jaio ta azi egiten dirala Ataun, Zaldibia, eta Idiazabal, iru Erri oetan bakarrik bestera bage.

        Esaten ere dau, ezik, bederatzi milla, eta zortzi eun arroba ille biltzen dirala Gipuzkoan. Bere itzetik arrapatzen da, bada, Kondairatzalle au, zer ifinten zeban etzekiela jardun izan zebala Gipuzkoako Kapitulua ezarten; eta egia garbiro au jarriko dizutet begien aurrean argiroki. Ara zein erraz, eta ondo ezagutzeko moduan.

        Ardi bakotxak bataz beste ematen daben illeak pisatzen dau iru libra; eta bederatzi milla ta zortzi eun arroba ille batutzen diran tokian, nai ta naiez bear dute izan laurogei ta bat milla, sei eun, irurogei ta sei ardi bezalatsu; eta kopuru au ardiz betetzen dan lekuan, jaioko dira gitxienaz, irurogei ta bost milla, berreun, laurogei ta sei arkume. Izanik, bada, au aiñ gauza jakiña nola izango ez da arrigarria, Itztegi aomen andiko artan ifintea amalau milla arkume jaiotzen dirala, bederatzi milla ta zortzi eun arroba ille biltzen dala berak autortzen daben Probinzian? Illearekiko pisu onen gañean ere arkitzen det desberdintza, bañan, nola ez dan aiñ andia, lagatzen det bere oñean.

        Azkenik esaten dau, ezik, ez dala izaten Gipuzkoan bertarako lainbat arkume, eta Nafarroa ta Franziatik etorten direala. Auxen da, bada, itsasoko uren bagetasuna, leorretik dijoatzen ibaiak ornidutzen dutela esatea bezalaixen. Egia da Eguerrietako denporan iñoiz edo berriz, arkume banaka batzuk ekarten dituztela Nafarroatik erregalo Gipuzkoako Andizkietara, bertakoak udaberrira artean jaiotzen ez diralako. Eta geienera jota ere zenbat izango dira onela datozen arkumeak? Berrogei edo berrogei ta amar buru burutik. Bañan nork ez daki, Pazkua garaizumakotik asi ta ondorengo illabete ta erdian, mando erreku osoak betean arkumeak millaka eramaten dituztela Nafarroara? Nere ustez ez du, bada, inork ere gogoan, arkumeen bagetasunik ikusia Gipuzkoan. Gaztaren gañean ez digu ezertxu ere esaten Itztegi andi ark; iñolaz ere usteko zeban esne bageak dirala Gipuzkoako ardiak.

 

                Zer nai gauza jarten da paper berrietan,

                Argaitik nago, bada, orain erriertan;

                Mundu guztiak dakuts bere begietan,

                Arkume asko dala gure mendietan.

 

 

Abelgorriak

 

        Esan al guztien gañekoa da Probinzia labur onetan jaio, azi, eta gizentzen dan abelgorri taldea, baita berari eragiten zaiozkan neke andiko lan gogorrak, eta denpora berean oparo ematen dituan etekin baliosoak ere, eta ez da gitxiagokoa batere azkenean larru ta aragitan lagatzen daben aberastasuna. Beragaitik ikusten da Gipuzkoako nekazari jendea ari dala aiñ goaltsu, abere mueta au geiagotutzeko bide zuzenak iriki ta zabaltzen. Badakizkit Probinzia onetan baserri-etxeak, lenago bei bat bakarra doi doi bazkatzen zutenak, orain uztar-idi galaren galakoa, eta iru edo lau bei txaaldun naierara ornidurik dauzkatenak. Desberdintza andi au zeren bidez etorria dan, nai dizutet adierazo kapitulu onetan.

        Nere adiñeko Gipuzkoatar guztiak badakite irurogei urtez onontz abelgorria ugaritu dala Probinzia onetan txit asko, eta batez ere, Erri-bildu andien ingurumaian. Izendatu dedan denporaren aurretik, eta geroago ere, ikusten ziran argiroki, nolako abelgorri samalda andiak sartzen zituzten Franziatik txit sarriro, Probinzia au aragiz ornidutzeko. Beragaitik emengo arakiñak zillegi zuten diru jakin bat lanbide onetarako Franziara eramatea. Bañan geroztik gure Ama zintzo Gipuzkoak bere mugapean ikusirik abelgorria ainbesteraño ugaritua, artu izan zituban bereala bere seme langilletsuen onerako bear ziran bide zuzen egokiak.

        Milla zortzi eun ogei ta bederatzigarren urtean Tolosako Erri leialera biribillatutako Batzar guztiakikoan, Ama jakinti onek erabaki zeban garbiro, debekatzen zebala Franziatik abelgorria sartzea Gipuzkoa barrurako; eta bertatik eskubidea ematen ziola edozeñi, Probinzia onetan jaio ta azitzen diranetik nora nai eramateko. Eginbide onetatik ezagun da argiroki, abelgorriz dagoala ondo betea Gipuzkoako mugapea.

        Giza-aldi onetan ikusi dira Gipuzkoan bi gertakari gogoangarriak txit; zeintzuben bidez etorri izan dan nere ustez, mugape onetako abereen ioritasuna. Gertaera oetako bata da Donostiako merkataritzaren batetako erortea, eta bestea guda kaltarkitsuak oi dakartzien ausiabartza gaiztoai arpegi emateko Erri leialak beren otadi mardul, txillardi zabal, itsasti andi, eta beste zenbait mendilur gozo saldu bearrean arkitu diralako. Itsumustuan jauzitako lanze oek biak izan dira Gipuzkoako nekazarientzat, etorrera baino ondore obea erakutsi dabeenak. Askotan gertatu izan da sendatzea barrunpeko gaitzak, gogo bage artutako edari minkaitzak. Bada auxen berpera ikusten da Gipuzkoan, izendatu ditudan bi gertakariakin. Esango det zeren bidez ta nola.

        Donostiako merkataritza irabazi eroen bidez beroturik pill pill irakiten zegoen denpora ospatsu aetan, bertako nekazaritza arkitzen zan arras eroria, eta alde Errietakoa ere zabuan zinzilika; zergaitik irabazi berriaren billa langille guztiak amilka zijoatzen. Gauza jakiña da, bada, nekazari gaiñ gañaean ez dauden guztiak atxurra, laia eta osterontzeko lankaiak zokora botako dituztela egunoroko irabazi apurragaitik. Donostiako saldu-erosia goienengo gailurrera igoa arkitzen zan denpora txintxarri andiakiko artan, beraren mugapeko baserri-etxerik geienetan etzan arkituko bei txaaldun bat bakarra ere. Baziran zenbait etxetan uztar-idi banaka batzuk, kaia, portu, eta karrika lanetarako zeuzkatenak, eta beren oekin itzaiak irten oi ziran eguna argitzen asi orduko lan billa Urira; baita etxetarrak ere otarra ta iritaia arturik errolla bazterretara idientzako janari eske. Zalantzako irabaziaren pozean zijoatzen itzaiak, baldin arkitzen bazuten lanbidea, ekingo zitzaiozkan berari bero beroan portitzki, bai ta jardun ere goaltsu, beren lagunari aurrea artu nairik ito itoka, idi gaixoak lertzeko zorian zerabiltzatela, ibil-aldi bat geiago arrapatzeagatik. Eta baldin ez bazuten irabazbiderik, idiak edozein bazterretan nola nai utzirik, sartuko ziran sagardotegietara, non igaroko zuten egun osoa barbullerian ta jokuan bakallao kiskaldu ta sardin gaziak janaz, sagardoz bete bete egin arteraño; eta oek zeramaten diruagana begira egongo ziran beren emazte ta alabak, etxetarren afaria ifinteko. Arrastegian guztiak alkargana biribillatutakoan, baldin itzaiak diruaren otsa zirrin zarran eragiten bazion zizkuari, pozkida betean sagardoz aserik guztiak jarriko ziran dantzari. Bañan eramaten bazeban itzpide luzea eta irabazi motza, gau artan izango zan sagardo gitxirekin apari otza. Eta jakiten bazuten itzaiaren sagardotegiko egona, gizonezkoak kopetak zimur ta illun, eta andreak txipiritona. Alako bizimodua nekazari-etxerako ez da txit ona!

        Merkataritzako irabazi ots andiko aek iraun zuten arte guztian, nekazaritza onik egin izan etzan Donostiako mugapean. Egia garbi onen ezagungarri agirienetako bat, ifiniko dizutet begien aurrean argiro. Gaur bizirik arkitzen diran gizonetatik asko ta asko dira Gipuzkoan, ikusi izan zituztenak Donostiako Uri-barruan zimaur pilla andiak karrika bazterretara atera, eta beretan iñor itsumustuan sartu ta zikindu etzedin, inguru guztitik esituak zeuzkatela, baserritarrak beren lurretara doarik ere eraman nai etzituztelako. Gertakari onetatik ezagutu diteke bada ondo, nolako nekazaritza egin al zitekean, ongarriari aiñ aixa lagatzen zitzaion tokian. Onela oi ziran orduan Donostia inguruan nekazari anitz bizi, beren langintzari ziotelako utzi; zorroa alzopean, eta laborea azokean. Bañan oraiñ bestera; goazen ikustera.

        Merkataritza erori bezin laster, nekazaritza asi izan zan altxatzen. Gaur emen, bigar an, eta etzi Akelarren oi dabillen irabazi apur airekoak iges egin zebanean, ekin zitzaion nekazaria, oberik etzekutsanean, denpora ta leku guztietan beti balio deban, eta balioko ere daben atxurkintza ondrosoari. Bereala bata bestearen leian abiatu ziran, lenago arras lagatuak zeuden soroak ondeatu, zelaiak atxurtu, ondartzak itxitu, aldapak berdindu, sasiak erre, errollak garbitu, luberriak atera ta ongarritu, eta beste onelako lanbide ikusgarri eder asko egiñaz, laboretza andiak bildutzeaz gañera, abelgorriz bear bezala jantzitzeko pozean. Eta beren asmo zuzen bidezkoak ikusi dira ondo beteak uste baino ere lenago.

        Gizonaren neke izerdizkoari ondo erantzuten dakien lur leial maitagarria asi izan zan fite, beraren errai garbietan ifinten zituzten azi mueta guztietatik garau baliosoak oparo ematen; eta langilleak ezagutu zutenean garbiro, merkatarien atzapar eutsietatik noizean bein atera oi zuten diru pitiñaren aldean, ondasun andiak kentzen ziozkatela lurrari, egunean baño egunean goaltsuago jarraituaz berari, Donostiako mugape guztia ikusten da gaur abelgorriz ondo janzirik nekazaritza gaiñ gañekoa egiten dala. Ez du oraiñ iñork arkitzen zimaur pillarik Uri-barruan lenago bezala karrika bazterretan esituak daudela, doarik ere eraman naiezik. Gaurko egunean Donostiako baserritarrak alde aurrez ematen dabe dirua zimaurragaitik, batak bestearen leian; ez bakarri gorotza beren etxeetan seguru egiten dabeenai, baita karrikaetan bildutako satsakin gero noizbait izango dutelako asmo utsean daudenai ere.

        Milla baserri-etxe bezalatsu kontatzen dira Donostiaren menpekoak, eta guztiak merkataritzako denporan arras eroriak egon izan ziran bezala, orain arkitzen dira goratuak. Beretako bat ezagutu izan det Ginitzenea esaten zaiona, orain dalarik irurogei urte, alogerarako zaldi bat bakarra beste abere muetarik izaten etzebana; zeñetan ikusi izan diozkadan bertako maizter Jose Gil de Etxaberi milla zortzi eun ogei ta amabostgarren urtean, uztar idi galanta soro lanetarako, urte biñako zekor parea salmentarako, iru bei txaaldun, bat anzua, eta bi zerri gizenduak; eta gañera esan zidan nekazari beargilletsu onek, ezen, abere oek, eta amabi lagun etxetarrak bazkaturik, ogei anega arto bazeuzkala saltzeko. Guztiz begiragarria dan desberdintza andi au, abuntun ezarri dedala iñork uste izan ez dezan, aipatu ditut egikari au gertatutako baserri-etxea eta bertako maizter gaur bizirik arkitzen dana.

        Ikusi degu, bada, argi eta garbi Donostiako merkataritza ospatsua erorteaz, kalte baino mesede geiago izan zebala nekazaritzak. Eta goazen oraiñ, Erri leialak beren estukuntza andietan saldu izan dituzten lur, mendi, ta basoen buruzpideari arretaz begiratzera.

        Erriai erositako tokietan berrogei urtez onontz Gipuzkoako mugapean egiñeratuak arkitzen dira baserri-etxe asko, berai dagozkioten alor, baso, berardi, eta abere mueta guztiaz ondo janziak, zeintzuk ematen dituzten ondasun andiak, bertako jaiotar beargilletsuen neke izerdizkoaren bidez. Esan al guztien gañekoa da, bada, erostura oen bidez Gipuzkoako nekazaritzak egin daben aurrerapena, eta bertako atxurlariak artu duten lasaitasuna. Eun baserri-etxetaraño izango dira Oiarzungo mugapean erostura berri oetan egiñak; eta Azpeitia, Azkoitia, eta beste Erri askotan nork daki zenbat? Guztiz da, bada, begiramen andikoa, lenago abereentzako larre pitin bat beste etekiñik ematen etzuten lurretan, orain aberatstasun andiak artzen erritarrak ikustea. Egitura berri andi oek guztiak egin izan dituzte bertako jaiotarrak, eta gozatzen ere daude berak. Beraz lur oekin ez da gertatu beste gauzarik, ezpada kolkotik eroria magalean gelditzea.

 

                Lurrak ematen daben ondasun garbia,

                Goieneneko mallan oi dago jarria,

                Izan ta izango da txit maitagarria

                Nekazaria ongi bizi dan Erria.

 

 

Zamari edo Zama-abereak

 

        Abere mueta au, ez geiagotu eta ez gitxiagotu beti neurritsu batean, eta gisa batekoa ezagutzen da Gipuzkoan, zergaitik beraganako ez daben ifinten nekazariak ainbeste ardura, nola abere txe, abelgorri, eta azienda beltzetara, ikusten duelako anziña anziñatik argiro, obeto baliatzen dala oekin, arekin baino. Gauza jakina ta egiazkoa ere da, Probinzia onetako jaiotarrak naiago dutela jardun nekazaritzan, ikatzgiten, mea ateratzen, burnigintzan, itsas lanetan, eta beste beargai nekosoetan, ezen, ez ibilli zaldi mutil eta mando zaintzan. Beragaitik ez dira izan berak aiñ zamari zaleak, nola beste leku askotakoak, naiago ere dituztelako idi ta beiak lan gogorretarako, zaldi ta mandoak baino.

        Guztiaz ere, bide andiak arrapatzen dituen Erribilduetan arkitzen dira zamari mueta guztietakoak zer nai lanbidetarako, eta edozein gizon prestu bere naierara serbitzatzeko. Osterontzeko Erri txiki sakabanatuetan dauzkaten zamariak dira menditik olara ikatza eramatekoak, altxeria etxeratzekoak, errotarako laborearen eraman ekarrirakoak, gazta ta arto gariak azokera eta etxera erabiltzekoak, eta beste onelako txirri mirri beren bizimoduari dagozkionetarakoak. Oetako geienak dira zaldiño gazte, beokatxume, eta asto txikitxoak, zeintzuk diraden balio gitxikoak, eta beren lan jakiñak egiteko zaldale bearrik ez dabeenak. Zamariki oek aproposak dira txit Gipuzkoako mendi goititu arkaitztartetsuetan ibiltzeko. Amil-biderik gaiztoen, eta aldatsik pikoenetan aiñ zuzen, zintzo ta seguru oi dabiltz, nola ordeka zelai zabaletan, eta are arrigarriagoa da beren lanbide guztiak nola egiten dituzten aiñ ondo, kabresturik, txalmarik, ubalik, eta perrarik bage, bizkar soill garbian soka batekin zama lotu, ta geiagoko laguntzarik egiten etzaiola.

        Bertako mugapean jaiotako zamari txume oetakoak Gipuzkoako Erririk geienetan arkitzen dira txit ugari. Nork daki, bada, zenbat zaldiño, moixal, ta beoka eramaten dituzten Probinzia onetatik Arabara, Bizkaira, Erriojara, eta beste lekuetara? Gipuzkoan ezagutzen dira gizonak, zamari txume oetakoak bertan erosi, eta Erbesteetan saldu, urtearen zatirik geienean beste egiteko bage dabiltzanak. Eta guztien gañekoa da Santa Luzia egunean Zumarraga Billaerrealetara batutzen dan zamari txiki oetako samalda andia. Beragaitik esaten zaio, bada, bi Erri oetan egun artan izaten dan merkatuari Moixalen Feria.

        Kapitulu au irakurtean izan leike benturaz nor edonor esango debana, ezik, zaldiño, beoka, eta moixalak aiñ ugari diran Probinzian, gauza arrigarria dala, galaren galako zaldi eta mando andietakorik bat bakarra ere ez jaiotzea; eta oetakorik batere ez dan tokian ea nola izan al ditezkean aetakoak aiñ iori? Argurio mueta au ifinten dabeenai erantzuten zaiote, ezik, ez dala Gipuzkoan zaldi ta mando andien bearrik, España barruan bezala, lur gogorrak ondo irikirik bear bezala landatzeko, eta mendi-bide txiorretan zama andiak nora nai erabilteko. Neke andiko lanbide oek egiten dira Gipuzkoan idi, zekor, ta beiakin, Gaztelan ta beste toki askotan zaldi mandoakin egin oi dituzten baino lasterrago, errazago, merkeago, eta obeto askoz ere. Eta zerekin ordaintzen da zaldi, mando, eta idi beiak zarturik, edo bestelako ez bearren baten bidez, ezin egiñera etorten direanean, berai azken bukaeran billatzen zaioten desberdintza andia?

        Lanbide onen gañean izkribatu izan duten gizon jakintsuak esaten dute, bada, garbiro, obeago dala askoz ere Gipuzkoan bezala abelgorriakin lurrak iriki ta landatzea, ezen, ez zamariakin España barruko modura. Itzbide balioso au adierazten du zabalki eta ondo Don Gaspar Meltxor de Jobellanos ernaiak atxurkintzako legearen gañean argitaratu izan zeban Vgarren liburuan.

 

                Lurrari agertzeko barrungo mamiak,

                Ez dirala ain onak mando ta zaldiak,

                Jobellanosek ditu esaten egiak,

                Obeak diradela beiakin, idiak.

 

 

Azienda beltzak

 

        Azienda-beltza esaten zaion zerri-abere au Gipuzkoan ugaritu da txit asko gizaldi onetan, lenago izendatu ditudanak bezalaixen. Denpora batean baserrietan bakarrik izan oi ziran zerrikumeak; bañan oraiñ Erribilduetako aiton-umeak ere ekin zaiozka azitzeari, berakin ondo baliatzen diralako. Ez da oraindik urte asko Franziatik ekarten zituztela zerri talde andiak Gipuzkoako merkatuetara, bañan merkataritzari nekazaritza gañera igo bezin laster gelditu izan zan Franziako azienda-beltzen etorrera, abelgorriena bezalaixen. Begiragarria izateaz gañera da arrigarria txit, urte guztiko asteazken, eta laurenbatetan Billafrankara, eta Tolosara Gipuzkoako Errietatik biribillatzen dan zerri gazte sail andien kopurua. Ogei gizonezko bederik gaurko egunean Probinzia onetakoak badira, izendatu ditudan bi Errietako merkatu guztietan zerriak erosi, eta Gipuzkoaz kanporako tokietan saldu, beste egiteko bage beti lanbide onetan dabiltzanak. Eta oezaz landara, Santiago egunean Segurako merkatutik, San Andreskoan Azkoititik, Santa Luziaz Zumarraga Billaerrealetatik, eta San Tomasetan Azpeitian, Seguran, eta Mondragoiko Errian egiten direanetatik nork daki zenbaterañoko zerri samaldak eramaten dituzten Bizkaitar, Arabatar, Erriojatar eta beste askok berariaz artara etorririk?

        Erbestetar oek oituraz dakite, bada, ondo, Probinzia onetako mendi-zerriak obeak dirala, Erriberaetakoak baino. Beragaitik izaten dute aiñ jaso andia urtearen sasoi guztietan; eta baldin iñoiz edo berriz Nafar-zerri banakaren batzuk agertzen badira, aipatu ditudan merkatuetara, belarrietatik ezagutzen dituzte dirala Gipuzkoakoak. Gauza jakiña da belarri txiki zutituak dituen zerria, ez dala izango lodi ta andia.

        Zerri gazte samalda andia aurrerako azitzen dituztenaz gañera, Probinzia onetan gizentzen dira ordots, irindu, eta txer ardi txikiratuak guztiz asko ta txit pisu andikoak, zeintzubetatik eramaten dituzten Nafarroara ugari, bizitan ez ezik, gazitutako urdaitan ere, koipatsuagoa eta gozoagoa dalako au, angoa baino. Badakit Azpeitiko Errian Don Bizente Alzibarko jaunak bere etxean gizendutako zerriak pisatu izan ziola ogei ta lau arroba, eta zortzi libra. Don Juan Franzisko Jauregi Bikario Zaldibian zegoela, beraren etxean gizendutako zerria ikusi izan det pisatzen ogei arroba eta bost libra. Erri onetako errotari Franzisko Nazabalek urterik geienetan gizentzen ditu amaseina eta amazazpina arrobako zerriak. Ez dira amar urte oraindik, Beasaingo etxe batean Ignazio Maria Muxika deitzen zaionak gizendu ditubala txer-ama bat, eta beraren bost ume; zeñean amaikana illabete zituzteneko, bost umeak pisatu izan zituzten amabostna arroba bataz beste; eta amak ere bai amairu igaroak.

        Gipuzkoako zerrien ugaritasun andi au irakurtean zer esango ote dabe, Barzelonan moldizkidatutako Itztegian egiatzat ezarria dagoela ikusten dutenak garbiro, Probinzia onen mugapeko zerrien kopurua milla, berreun, ogei ta zazpi baizik ez dala?

 

                Sinitspen osoa da gizon andietan,

                Gezurrik ez dutela jarten paperetan;

                Bañan iñoiz arkitzen dirade beretan,

                Andienetako bat ona emen bertan!

 

        Beste gauzatxo bat ere badakar Itztegi andi ark, ixilik uztekoa ez dana. Gipuzkoako laboreaz itz egitean esaten du, bada, ezik, beraren mugapean egiten dirala berreun, ta laurogei, eta amar milla anega gari; eta artoa, berreun, ta irurogei, eta amaika milla anega. Beraz garia geiago biltzen da emeretzi milla anegataraño, artoa baino! Onelakorik entzun ez degu oraindaño! Utsaldia bat aiñ andia, arras ezaguna ta txit argia, gizon jakintsuak dutela azaldu, eta mundu osoan zabaldu sinisteak ere lan du! Itzbide onek zer esan luzea du, eta ez det nai denporarik galdu; Gipuzkoak beredinbat arto ta gari badu.

 

                        Auntzak

 

                Orain datorkit bada auntzen itz-aldia,

                Bañan andizkatzea oen larru, esne, ta mamia,

                Zenbait gizonentzat da txit bekatu andia.

                Guztiaz ere esan bear det nere iritza,

                Izango bada ere bazterrean utzia;

                Auntzak askori ematen dio bizia,

                Berari ipini arren iltzeko sentenzia;

                        Nolakoa ordea?

                Gaitzgillerik andienentzako gordea,

                Ken dakiotela auntzai kordea,

                Suautsarekin balaz

                Egunaz ere bai ta orobat gauaz,

                Kanpoan dabiltzan guzi guziai arras.

                        Da gauza jakiña,

                Auntza ere dala gizonarentzako Jainkoak egiña;

                Batzuentzat gozoa; eta besteentzako samiña,

                Errapea bezin ona ez duelako agiña.

                Ezin ukatu leike, bada, dituztela auntzak,

                        Guztiz zorrotzak

                        Agiñakin ortzak,

                        Baita ere errapeak

                        Esnez ondo beteak,

                Eta uda ta negu bazkatzen guztiz merkeak.

                Onen ugari gozoa ematen duten auntzak,

                Nola utzi ditzake nekazariaren antzak?

                    Baldin egiten badute kaltea,

                    Ezarri muskillarekin katea,

                    Artarako ipinia dago Alkatea.

                Auntz jabeari ematen bazaio zakelan miñ,

                Aren auntzak ez dezake zuriketa asko egin,

                Zergaiti bera kontuan egongo dan ernai, zintzo, ta pin.

                Beldurrak gordetzen debala mastia,

                Esan izan zebana etzan gezurtia!

                    Nekazariaz artzen dala urrikia,

                    Guziari eman dakioke erabakia.

                Ez da, bada, ain nekeza artzea neurriak,

                Gorputz bat egingo balirake Erriak;

                Bañan auntzen etsaiak diralako erdiak,

                Poztu egiten ditu oen illberriak.

                Auntzak eta basoak ezagutu izan dira beti

                Munduaren lenbizi biziko asierati.

                        Eta orain zergatik

                        Ez degu bear auntzik

                        Ez gitxi ta asko?

                Basoak galtzen dizkigutelako!

                Utzi zizkiguten, bada, geren gurasoak

                    Txit ugari eta erosoak

                    Auntzakin basoak,

                Utsaldiarik bageko oso osoak.

                    Bañan geroztik dijuaz,

                    Auntzak gitxituaz,

                    Eta basoak txikituaz.

                    Aek ill ta oek ebaki

                Egin dituztelako ausarki,

                Modu onetan ezin diteke basorik jaiki.

                Egia da landareen eritzallea dala auntzaren ortza

                Eta basoen iltzallea?

                Aizkora zorrotza!

                    Ikatzgiña sartzen dan basoan

                    Eta beraren inguruko auzoan,

                Akullu gairik ere ezta ikusiko gizaldi osoan.

                Bañan auntzaren ausapaia izan arren gazia,

                Baldin basoa arkitzen bada zertxobat azia,

                Eder ta galant, berde ta mardul egongo da guzia.

                Ez det luzeagotu nai nere esankizuna;

                        Auntz gaxoai

                        Eta baso goixoai,

                Jaungoikoak diela betiko osasuna;

                Gipuzkoak izan dezan ugari ondasuna.

 

 

Abere basati edo Lar-abreak

 

        Gipuzkoako mendietan ezagutu izan diran abere basati edo lar-abreak dira Katamotza, Otsoa, Artza, Basurdea, Azkonarra, Orena, Basauntza, Azeria, Pitosa, Katardea, Muixarra, Udoa edo Untxarta, Erbiñurea, Lanixarra, Kikirioa edo Trikua, Basakatua, Puña-lepotxuria, Puña-lepaoria, Erbia eta Igaraba.

        Milla zazpi eun, ogei ta amabost urte inguruan Aralar mendian Zaldibiako bi baserritar eiztarik ill izan zuten Artz andi bat elurte batean. Eiztari oetako bat omen zan Markes de Balmedianoren maizter Ursugoena deitzen zaion baserri-etxean bizi zana. Etxejabe andi onek jakin zebanean Artzaren illberria, gaztigatu ziokean bere maizterrari, ezen, eiza larrurik kendu bage zegoen bezala gurdian ifinirik, etxeko uztar-idiarekin eraman zezala beraren Jauregi Billafrankakora. Maizter Ursugoenekoak mandatu au artu zebanean, bere eiztari-lagun Gorrienea izendatzen dan baserrian bizi zanari esan ziokean nagusiak zer gaztigatu zion, eta biak alkarturik eraman omen zioten artza oso osorik Markesari bere etxe-atarira, Ursugoenekoaren semea itulari zutela bertako idiakin. Eiz andi au Billafrankara zeramatelako barria inguruko Errietan zabaldu izan zalako, batu omen zan bertara, Santa Ana egunean pestara bildu oi dan jendea baino geiago, Artza ikustera; eta billera zoragarri onen atsegiñerako Markesak ifini-erazo omen zeban Artza altxagarriakin lau oñen gañean bera berez bizirik bazegoen bezalaixen, eta gisa berperean euki ere omen zuten, jendea bakandu zan arteraño. Arrastegian barrunpeko mami ta ezurrak larruari arras kendu eta au lasto zeatuz ondo beterik, jarri-erazo omen zeban Markesak bere Jauregiko ezkaratzean sartu eta eskuirontz dagoen Orman esekirik buruz beera. Artzaren larruari kendu ziozkaten aragi ta ezurrak pisatu omen zuten amazazpi erralde eta lau libra. Eiztari biai eman omen zien Markesak bazkaria bere maiean eta zortzi dukateko bana etxerako; bai ta itulariari ere bost ezkutuko bat. Artza ill zebanaren seme itulari au bizirik arkitzen zan nik ogei urte nituen denporan; zeñari entzun izan nion gertaera au bein baino geigotan, emen ezarri dedan modu berperean.

        Artz andi aren larrua berrogei ta geiago urtean ikusi izan neban neronek Baldemiano jaunaren ezkaratzean zinzilika zegoela bere mustur, belarri, beso, anka, atzapar, atzeki, eta osterontzeko zati azaleko guztiak osotoro berekin zeuzkala; bañan ogei ta amasei urte bezalatsu izango dira, larru gogoangarri hura ezkutatu zala, ezdakit nora eta zeren bidez.

Guztiaz ere, Artza nork ill izan zeban ezagungarri txiki bat gelditu zan Zaldibian. Balmediano jaunak bere Jauregian Artzaren larrua aiñ maitaro zeukalako, beraren maizter eiztariari jarri zioten izengoitia Markesa, zergaitik eiz andi hura Ursugoenean lenago egon izan zan Billafrankako Jauregian baino. Geroztik eiztari andi ari, beraren semeai, eta oen semeen semeai ere etzaiote Zaldibian beste izenik esaten, ezpada, Markesa; eta beragaitik Erri onetan ume txikietarañokoak dakite izen ondroso au zeren bidez datorkioten.

        Milla zazpieun, irurogei ta amaseigarren urte inguruan, Katamotz izugarri bat arrapatu zuten Idiziabalko artzaiak zepoan Aranzazu mendian; zeña ikusi izan neban Zaldibiako nere jaiotetxean, larrua kendu baino len bere aragi ta guzti zaldi gañean zerabiltela alderrietako artzaien artean atzitze-sari eske. Eiz kaltarkitsu au ikusirik aiñ andia, nere aitak pisatu izan zeban gizon askoren aurrean bera irurogei ta emezortzi libra. Iduritzait oraintxen ere, begien aurrean daukadala Katamotz ikaragarri aren itxura. Guztiz zeban kolore gorri oritarako ederra, bere pikort beltx distiatuakin unetik unera or emen txit egoki apaingarritua; bañan beraren ortz agiñak, sudurmintzetako bizar lodi gogorrak, eta azkazal luze kakotu zorrotzak ikusi ta beste bage, ezurretarañoko ikara sartu zekiokean edozeñi.

        Otsozar gaitzgilleak, basoak ugariago ziran denpora doatsu aetan ainbat ezpada ere, ardi jabeak nai baino geiago agertzen dira Gipuzkoako mendietan. Urte guztietan arrapatzen dituzte beretako asko zepoetan, batez ere, Oñate aldeko mendietan. Otsoen etzin-lekuen barri dakiten artzaiak izan dira Aralarko mendian, janari billa beretakoa noiz irteten dan kanpora kontuan ixiltxorik egon, eta otsakumeak zortziña, ta amarna apian dauden tokietatik arturik beren etxeetara ekarri izan dituztenak. Gisa onetan atzemandako otsakumeak askotan ikusi izan ditugu, otarratxo batean darabiltzatela bizirik Erriz erri, atzitzesari eske. Nere jaiot-errian ikusi izan det gizona, sari-eskatzalle oetakoari otsokumea erosi, eta bere etxean umeak eginda zeukan txakurrari azieragiten; bañan iru illabete zituaneko adierazo zeban garbiro, beraren griña gaiztoa zertarako zan. Ekin zitzaion bere etxe eta auzoetan arrapa al zitzan ollo ta arkumeak izotzeari. Guztiaz ere naiago zeban jabeak kalteak pagatzea, ezen, ez gelditu otsoa bage; bañan goiz batean arkitu zan bere etxe-atarian buru guztia puskaturik, ez nork eta ark, illa.

        Basaurdeak ugari dira txit Gipuzkoako baso ta mendietan. Berak arrapatzera joan oi dira askotan andizkiak alkarturik, aste osorako janariak abereetan dituztela beren morroiakin, pesta andi batzubetara balijoaz baino ere atsegintasun geiagoan.

        Modu onetan egin izan dituzten irten-era aldietan ekarri izan dituzte iñoiz, zortzi edo amar basaurdetaraño; eta oen artean ikusi izan da zortzi arroba pisatzen dituena ere. Milla zortzi eun ogei ta amargarren urteko elurte andi luzaroko artan, Andurio deitzaion mendi-adar Ataun, Zaldibia, eta Lazkauren mugapekoan, arrapatu zituzten bost basaurde, eta ogeita amasei basa-aunz bertako nekazari jendeak makilla utsakin su-armarik bage.

 

                Lar-abere asko zan orduan erori,

                Alere sortu dira nondikbait iori;

                Kalte anitz diote egiten iñori,

                Bañan ezin diteke sendatu miñ ori.

 

aurrekoa hurrengoa