www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN KAPITULUA

 

Milla ta zazpi eun eta emeretzigarren urteko gertakarien barria.

 

        Izendatu dedan urte onetan etorri zan Franziatik Martizti andi batekin Duque de Bervich Donostiako ondoraño, Gipuzkoatarrak erdi ezjakinean zeudela edo bear bezala prestatuak arkitzen etziralako; zergaitik guda onen otsak etziraden izan aiñ aserretsuak, nola lenagokoak, eta beragaitik jazarra onetan etziran gertatu, beste askotan izandu diran bezalako ausiabartza eta odol-ixurteak.

        Gipuzkoako Probinziak uste bageko etorrera Franzesaren au jakin bezin laster ajindu zeban, Donostian murrupean zegoen Korrejimenduko aditzaña bere gidari guztiakin igaro zedilla bereal-bereala Tolosara, egiteko andi oni zegozkion neurri egokiak, toki zabal iriki onetan, etsaiaren beldur bage artzera. Esan ta egin, bertako Sakristiara biribillatu ziran mugapeko Alkate guztiak eta erabaki zuten garbiro, Probinziako jendea aitarren seme osotoro irten zedilla, biziaren nekepean, etsaiari goien beean erasotzera; eta Errege Jaunari berpertatik eman zekiola aditzera, Gipuzkoak itsumustuan artu zeban asmo seudo oiturazko au. Zeñean Beraren Majestadeari biraldu zioten gaztigu au izkribuz Don Joseph Areizaga Corralkoarekin, esaten ere ziotelarik, Probinzia onen egoitza negargarria esturarik larrienean arkituta ere, bertako jaiotar guztiak zeudela prest eta gogoz txit, beren bizi ta ondasunaz oroitu ere bage, aren Mesedea lanze gogor artan serbitzatzeko asmo oso bete betean. Karta onen erantzuera, Errege Jaunaren izenean Cardenal Alberoni jaunak egiñik ekarri zeban Areizaga jaunak Tolosan jarria zegoen Gipuzkoako Batzar andientsuagana. Eta esaten zeban, guztiz naitasun andiarekin artu zebala Beraren Majestadeak Probinzia leial onen mandatu zintzoa, zeñagandik etzeban gitxiagorik uste; eta ikusirik bertako jaiotar erru andikoak arkitzen zirala etsaiari erasotzeko aiñ gogor jarriak, gelditzen zala ezin geiagoko atsegintasun betean pozkidatua, zergaitik bere aurreragokoetatik zekien ondo, Gipuzkoatarren leialtadea, pintasuna, eta garboa diradela aiñ gain-gañekoak, nola iñork ere ez dituen berdindu izan gertatu zaiozkaten lanze estura larriko guztietan.

        Errege Jaunaren amodiozko naitasun andi au irakurtean, esan al guztien gañekoa zan, Gipuzkoako Batzar andientsuak artu izan zeban atsegintasuna; eta berpertatik bere mugapeko Erri guztiai adierazo zien, zenbaterañoko kariñoarekin Errege Jaunak maitatzen deban Probinzia au, andizkatzen ere dituelarik bertako jaiotarrak ezin geiagoraño; eta beragaitik lanze estu artan egin bear zala iñoiz ere baino geiago, Franzesa leinbaitlen botarik geren bizileku goixoa garbiro gordetzeko.

        Gipuzkoako Probinzia asmo sendo onekin bere prestamenetan ari zala, Duque de Bervich jaunak biraldu zion karta bat, Tolosan zegoen Batzar audientsuari, tronpeta jotzalle batekin, esaten ziolarik, ezen, Gipuzkoako Ekautu jaunak errendatu, eta obediturik aurkeztu zekizkiola denporarik galdu bage beren eskari bidezkoak egitetera, eta izango zirala amodioz entzunak eta ondo begiratuak; zeñari erantzun zion Probinziak bear zan moduan, ukatzen ziolarik garbiro errendatzea eta beraren menpean jartea. Bereala Errege Jaunari, eta D. Diego Alarcongoari eman zien aditzera Gipuzkoak, zer gertatzen zitzaion, nolako buruzpidean arkitzen zan, eta zer ames zituen. Ikusirik Beraren Majestadeak Probinzia onen leialtade pare bagekoa, erantzun zion naitasun andiarekin, ezen, etzedilla aiñ guztiz estutu Franzesaren orduko etorreraz, zeña biurtuko zan bere tokira denpora laburraren epean. Andik egun batzuetara jakin zeban Gipuzkoak, nola Duque de Bervich jauna arkitzen zan Franziara iraulteko asmoan bere martiztiarekin Marques de Silliren kontura kanpoa lagarik; aginde estua berari emanik, ezen, begira zegiola ondo Probinzia oni, eta beraren Fueroak gorde zitzala osotoro akatsik txikarrena ere egin bage. Markes onek, Bervichen esana zuzenkiro egiñik, Franziara joan bearra izan zebanean gaztigatu zion Gipuzkoari lendanaz, nola Probinzia onetatik bere Errira zijoan, eta guztiz asko naiko zebala, baldin beraren banderako soldaduetakorik igeska sakabanatzen bazan, bertako Errietan lekurik ez emateaz; zeñean ifinten zeban bere aldetik eginkizun onetarako kontu artzalle Monsieur Belrieu. Mandatu gozo pozgarritsu au artu bezin prest Gipuzkoako Probinziak bere mugapeko Alkate guztiak jarri zituen kontuan, baldin Franzes soldadu igestaririk joaten bazan beren Errietara, bereal-bereala atzemanik eraman zegiotela Monsieur Belrieu jaunari.

        Guziagoko bage biurtu ziran Franzesak beren tokira etorraldi onetan, iñoiz bezalako ausiabartza eta odol ixurterik egin bage.

 

                Guda au izan arren labur ta ariña,

                Ezagutua dago Franzesaren griña;

                Ez du atzo ta egun sartutako miña

                Gipuzkoa betiko beretu eziña.

 

aurrekoa hurrengoa