www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoako Ibai andien azaldurea, beren jaio-tokiak non dituzten, zer joaira darabilten, eta nor zein lekutan itsasoari laztantzen zaiozkan.

 

        Sei ibai andi dira Gipuzkoan; lenengoa da Deba esaten zaiona; bigarrena Urola; irugarrena Oria; laugarrena Urumea; bostgarrena Lezo edo Oiarzungoa, eta seigarrena Bidasoa. Ibai andi oetara biribillatzen dira, aurreragoko Kapituluan izendatu ditudan iturri ugaritsu, erreka ziztor, eta ibai txiki guztietako urak, bata bestearen leian amilka txit gogoz, nor bere bide jakiñetik zuzen ta zintzoro, aur txiki bularrekoak beren ama maitatien kolko zabal gozatsuetara joan oi diran bezalako pozkida eta atsegintasun oso bete betean.

Modu onetan ibai andi bakotxak bere auzo inguruetatik jatxitzen zaiozkan ur zerrenda guztiak maitaro arturik, igarotzen dituzten toki ta Erriak ondo ureztatu eta guriro ongarrituaz, aurkeztutzen zaiozka itsaso ikaragarriari bere atarira, eder ta galant, pizkor ta leialkiro, seiak toki banatatik, bañan guztiak Gipuzkoako mugapean.

        Zenbaitek uste duten baino begirapen andiagoak dira ur maitagarri oen griña ta doaiak. Guztiz da arrigarria oen izaera eta ibillera, oarrez begiratu ezkero; zeintzuk erakusten diezaten beren Erritarrai zer egin eta nola bizi bear lutekean. Ur zoriontsu oek jaiotzen dira Gipuzkoan; ongarritzen dute Gipuzkoa, beraren bazter guztietan jira-bira dabiltzala; eta azkenean itsasoratzen dira Gipuzkoako mugapean. Egiazko ispillu argi onetan ikusten da garbiro, Gipuzkoako ur garbiak naspillatu nai ez dutela beñere, erbesteko belubi zakar loitsuakin. Ikust dezagun bada Gipuzkoako ibai andien jaiotza, beren ibillera, eta bukaera nondik nora, eta nola dan.

 

 

Lendabiziko ibaia

 

        Gipuzkoaren aurrenengo ibaiari deitzen zaio Deba, Probinziaren iru zatietatik lenengoa berezituaz itsasoratzen dalako; zeñari deitzen diote bertako jaiotarrak Zertan-ez. Ibai au berpera da arako, anziñaerako gauza-azaldari Ponponio Mela, eta Tolomeo jakintiak beren izkribu gogoangarrietan izendatu izan zutena, ark izen berperarekin, eta onek Deba deitzen diola. Aomen andiko ibai onen jaio-tokia arkitzen da Gipuzkoan Gatzagako mugapean, Pirineoen ifarraldeko aldatsean, Arabako Probinziarekin Gipuzkoaren mugaak berezitzen diraden txuntxurrean, ezagungarritzat ifinia dagoen mugarritik gertuan; bereala sartzen da zulo batean, eta andik aurrera bide-alditxo bat lurraren azpian dijoala igarorik, irteten da iru puskatan Iruerreketa esaten zaion tokian. Beste errekatxo bat, sortegialdetik jatxitzen dana laztantzen zaio Dorlasko etxadian, eta Gatzagako Erria arrikada bateko bidastian ezkerrerontz lagarik igarotzen da Zarimuzko Eliz-aurrea eskuitik dabela, Gaztañariko etxadiara, zeña dan, Mazmelako Eliz-aurrea berezitzen duten bietako bat; emen arkitzen dan zubipean igarorik jarraitzen du bere joaira Ezkoriatzako Erriaren erditik, eta bertako irteeran artzen du Bolibarko ibai txikia; igarotzen da Aretxabaletan Erria eskuitara utzirik, eta badoa Mondragoiko Errian ezkerrerontz egoi aldeko lurrak naierara ureztatuaz; beitiago artzen du Aramaionako ibaia, eta andik legua bateko bidastia igarotzean bereganatzen du San Prudenzioko Elizatxoaren ondoan, Oñatetik jatxitzen dana: jarraitzen du Bergarako Errira, Anzuola bide andiaren gañean eskuirontz, eta ezkerretarako txuntxurrean Elgeta dituela; Santa Mariako etxadia ureztaturik ongarritzen du naiera guztira, eta onerañokoan bide zuzena ekarri deban ibai au, aldondutzen da Bergara eskuitara utzirik ezkerrerontz, eta igarotzen da Plazenziako Errira: legua erdi batez lenago batutzen zaio beste bat ifarraldetik, Bizkaiatik jatxi eta Eibarko Erria ezkerretara gertuan lagarik datorrena, eta beste aldetik sartzen zaio Elgoibarkoa, ez txit urrun: Erri au eskuitara utzirik ekiten zaio bere sallari, Markina-Elgoibarkotik barrena Alzolasko etxadiara; zeñaren mugapera iritsi ezkero ugarotu ditekean ibai onetan; beitiago ureztatzen du Mendaroko ibarra, eta andik gertuan San Franziskoko konbentu Sasiolakoa. Geroenean, toki onetatik aurrera geldi-une andiak egiñaz igarotzen da emekiro Debako Erriaren ondora: eta au eskuirontz lagarik, Motriko legua bateko bidastian daukala, sartzen da Kantauriako itsaso zabalaren kolko gozatsura gogoz ta leialkiro.

 

 

Bigarren ibaia

 

        Gipuzkoako bigarren ibai andiari deitzen zaio Urola; izen au da Euskararen bere berekia, eta esan nai du Ur-ola, edo olaak erabilten ditubana, zergaitik bera igarotzen dan Erriberan txit asko diraden. Ibai au jaiotzen da Segurako Erriaren mugapean Araia-mendian, Gipuzkoaren guenean, eta Arabako Probinziaren gertuan. Toki au zan denpora batean Seguraren mugapekoa, beste alderri txiki anitzekin batean, bañan orain Legazpiko Erriaren bere berekia da, gozatzen ere daben bezala legez ta bidez, zeñetara jatxitzen dan ibai au lendabizi, eta gero dator Zumarraga Billa-errealetara. Bi Erri oek berezitzen ditu guztiz egoki eta txit era onean bere urakin; alako moduz ezik, bertako barri ez dakien edozeñek begiratu batean esan leike, bi Erriak bat dirala eta ibaia erditik dijoakila, zergaitik jendea batetik bestera igarotzeko beraren gañean dagoen zubitxoa beste ezagungarri agirikorik arkitzen ez dan batere. Zumarraga gelditzen da eskuitara, eta ezkerrerontz Billa-erreal; lagatzen ere ditu bidasti-aldi batean eskuirontz Gabiria, Ezkioga, eta Ormaiztegi. Jarraitzen du bere joaira Azkoitira, eta Azpeitira: bi Erri oetako ordeka zelaiak ureztatzen ditu murruak jotzeraño: lagatzen du ezkerrerontz Azkoitia, eta eskuitara Loiolako Jauregi ta Eliza andi ospatsu Erri bien bitartean dagoana: Azpeitiko Erriaren ondoan artzen ditu eskui aldetik Beizama, Urrustilla, eta Erreziltik jatxitzen diran urak, eta oekin ioritu ta andizkaturik igarotzen da ausardia betean Lasaoko etxadia eskuitara utzirik, Aizarnaren auzoko txuntxur batean dagoen Erri Zestoakora, zeña inguratzen daben biribillerdiaren idurian; emendik jarraitzen du Arroako ibarrera, eta andik Iraetako etxadiara; Aizarnazabal, eta Oikiñaren gertutik igarotzen du Zumaiara; eta emen egonaldi batzuk egiñaz Erri au ezkerrerontz, eta Getaria, ez urrun, eskuitara lagarik, Kantauriako itsaso gozoari laztantzen zaio naitasun bero bizi gartsuarekin.

 

 

Irugarren ibaia

 

        Gipuzkoako irugarren ibaiari deitzen zaio Oria, zeña dan probinzia onek dituen guztietan ugaritsuena, eta joairarik luzeenekoa. Beraren jaio tokia arkitzen da aomen andiko Aitz-zulatuan, zeñari komunkiro esaten zaion San Adriango portua, beraren izeneko arkaitzaren zatia dalako; toki au dago Zegamako mugapean, Erritik legua bateko bidastian bezalatsu, eta ura jaiotzen dan tokiari esaten zaio Iturbegieta. Emendik asitzen dan ibaiari irteten zaiozka bidera Aitzgorriko aitzak botatzen dituen erreka anitz, eta oen urakin geiagotu, eta indarturik ongarritzen du egoialdetik Zegamako Erria naierara; eta bereala ifarraldera igarorik jarraitzen du Segurako Errira; au eskuirontz, eta Zerain ta Mutiloa ezkerretara lagarik dijoala artzen du beitiago Mutiloako ibai txiki, izen bereko mendian jaiotzen dana, eta ekiten zaio bere bideari: Idiazabalko Erriaren gertura beraren ezker aldetik iristean, laztantzen zaio Erri onen erditik datorren ibai txiki izen berperekoa: andik igarotzen da Beasaingo Yarzako etxadiara, non sortaitz-aldetik bereganatzen daben Areriako ibarretik jatxitzen dan errekatxoa; lagatzen dituelarik ezkerrerontz bidasti aldi batean Astigarreta, Itxasoleorra, Arriaran, eta Gudugarreta, igarotzen da Beasaingo Erriaren eskui-aldetik; andik laster itsasten zaiozka Aralarko mendi ospatsuan jaiotako ibai Agauntzakoa, Ataun eta Lazkau igarorik Olaberriko itur-urakin datorrena eskuiko aldetik, eta ezkerrekotik Mariarasko erreka pizkor Murumenditik amiltzen dana: iru Erri oek eskuitara utzirik, eta ezkerrerontz Billafranka, zeñaren ordeka zelaiak ureztatzen dituen, bere bide zuzenari jarraituaz naierara, iristen da Erri onen, eta Aramaren mugako Arkarte esaten zaion tokira; emen artzen du beregana Zaldibiako mugapean jaiorik Erria eskuitara utzi eta bere ogei ta bi erreka ziztorretako urakin jatxitzen zaion ibai pizkor amorraitsua; Erri au, Gainza, Alzaga, eta Arama eskuirontz lagarik igarotzen da Isasondora, eta au ezkerreko aldera utzirik, badoa Legorretan barrena Beroztegiko urak arturik Ikaztegietara; Erri oek biak eskuirontz lagarik iristen da Alegeriara, zeñaren eskuiko aldetik sartzen zaion Amezketatik datorren ibai bizitxoa. Erri au, Orendain, Baliarrain, Abalzizketa, eta Alzo biak eskuirontz lagarik igarotzen da Otsaingo errotaren ondora, non itsasten zaion Albiztur aldetik amiltzen dan ibaitxoa; bereala artzen du Irarramendiren ondoan, Araxes deitzen zaion ibai, Nafarroan jaio eta Lizarzatik datorrena, eta emendik txit gertu, Elduain-aldetik jatxitzen diraden urak bereganaturik, ingurutzen du Tolosako Erria Santa Mariako Eliza-nagusiaren azpiko aldetik; Erri au ondo ureztaturik igarotzen da bertako Arramelean bost arruztairekin arkitzen dan aomen andiko zupian, lagatzen ditubala eskuirontz Eldua, Elduaien, Berastegi, Lizarza, Oreja, Gaztelu, Berrobi, Leaburu, Belaunza, eta Ibarra. Tolosatik irten eta laster artzen ditu alde batetik Zuloagara eta bestetik Iturraldera eta Malakapiora amiltzen diran urak. Hernialde, Alkiza, Larraul, eta Anoeta ezkerrerontz, eta Irura eskuitara lagarik, joaten da Amasa Billabonakora; zeñaren sarreran itsasten zaion bertako menditik jatxitzen dan erreka, eta irteeran Asteasu aldetik datorrena; Billabona eskuitara, eta ezkerrerontz Asteasu, Zizurkil, Aduna eta Sorabilla utzirik igarotzen da Andoaingo Santa Kruzko zubiaren ondora; non laztantzen zaion gogoz Leizarango ibai pizkor, Berastegikoarekin batean, Nafarraldetik datorrena: eta jarraitzen du bere joaira Andoaingo Erria ukitzen dabela eskuitara lagarik. Ubalategiko atarian artzen du bertako itur-urakin egiñeratzen dan errekatxoa, eta igarotzen da Lasarteren erditik Zubietara; au ezkerretara utzirik badoa Usurbilko Errira, zeñetara iritsi ezkero ugarotu leikean aixa ibai andi onetan; Erri au eskuirontz lagarik jarraitzen da Agiñagatik aurrera, ezkerretarako aldatsean Aia ikusten dabela, Orioko errira; au eskuirontz eta ezkerretara Zarauzko Erria bere Portuarekin legua erdiko bidastian utzirik sartzen da naitasun andiarekin, Kantauriako itsasoaren errai gozatsuetara.

 

 

Laugarren ibaia

 

        Gipuzkoako laugarren ibaiari esaten zaio Urumea, zeña jaiotzen dan Nafarroako Erresuman Iruñaren menpean dagoen Basaburu txikiko ibarrean Goizuetaren auzo-mendietan. Erri onen erditik igaro ta laster itsasten zaio erreka txikitxo bat; bereala irteten da Nafarroako lurretik, eta sartzen da Gipuzkoako Probinzian; Urnietako Erriari bidasti-aldi batean aldondurik jatxitzen da Hernanira; zeñaren erribera luzeak ureztatzen dituen naierara, eta Erria ezkerrerontz utzirik igarotzen da Astigarragara; au eskuitara lagarik jarraitzen du bere joaira legua bateko bidastian Alzaren azpiko aldetik Loiolako etxadi andi ospatsura, non arkitzen dituen eroso Donostiako andizkiak gozotoro egurastutzeko egiñak dauzkaten etxe eder begitango anitz ikusgarriro apainduak, beren baratza bitore galant eta loretoki bikain gaiñ gañekoakin; oek guztiak naierara ongarriturik ekiten zaio bere bideari, eta azkenean, Donostiako Uriaren murruak ureztatuaz ezkerrerontz bera lagatzen dabela, Santa Katalinako zurezko zubi lau eun berrogei ta zortzi oñ luze, eta ogei ta sei zabal arkitzen danaren azpian igarorik, Zurreola esaten zaion atakan laztantzen zaio itsasoari amodioz leialkiro pozkida betean. Urumearen izena Euskaraz aditaratzen da bi modutara; esan nai du batera, Ur-mea, eta bestera, Urre-mea. Bigarren onen alde diraden gizonen eretxia da, ibai onek berekin eraman oi zebala Urre-pikorta; eta Garibay jakintsuak ere esaten dabela, ezen, aren denporan ibai onetan urrea bildu eta landu oi zutela Baionatarrak. Euskaldun kondairatzalle gogoangarri onek, Florian de Okanporekin batean sinistatzen zeban, ezik, Urumeako ibaia dala, anziñako Gauza-azaldariak beren izkribuetan izendatzen duten Melasko; bañan Don Pedro Santxez Nafarroako Erregeak milla eun eta batgarren urtean Gipuzkoari emandako Gallaldi batean ikusten danaz, XIgarren eunkidan deitzen zitzaion Urumea. Felipe IIgarrenaren Erreinaldian asmoa artu zan ibai au Oriarekin bat egiñik Donostiatik Tolosara urezko ibilbidea ifinteko, saldu-erosiko gauzen eraman-ekarria merkeago izan zedin. Lanbide onen gañean, izen andiko Gomez de la Puerta jaunak eman zeban bere eretxia, beste lau gizon jakintik lagundurik, adierazten zebala argiroki, ezen, egitade andi au erara jarteko urean egin bear diran lan nekosoen balioak igoko zebala amabi milla dukatera. Geroztik ere itzpide au aipatua izan zan berriro milla zazpi eun irurogei ta amabigarren urtean Hernaniko Errian Probinzia guztiarekiko Batzarrean; bañan erarik oberenean gelditu izan zan leneko oñean.

 

 

Bostgarren ibaia

 

        Gipuzkoako bostgarren ibaiari deitzen zaio Oiarzun, izen onetako Erriaren mendietan jaiotzen diran itur-uretatik egiñeratzen dalako Gipuzkoaren mugapean. Mendi oetatik jatxitzen da bere Errira, eta onen ordeka zelai luzeak ondo ureztaturik bera eskuirontz lagatzen debala, igarotzen da Errenteriara, zeñetara iritsi ezkeroztik ugarotu ditekean errazkiro; Erri au ezkerrerontz, eta Lezo eskuitara utzirik aurkeztutzen da Pasaia bien erdian; non egiñeratzen deban itsas-arte bat, bai ta edozein ontzidientzako suple dan portu segurua ere; eta eskuitara lagarik San Juangoa, eta ezkerrerontz San Pedrokoa, menperatzen zaio itsaso andiari emekiro pozkida bete betean. Portu aomen andiko oni orain Pasaiakoa esaten zaion bezala, anziñaeran, alik eta XVgarren eunkida iritsi arterañoko guztian, deitu oi zitzaion Oiarzungoa. Batzuk ifini diote ibai oni izen berria Lezo, eta anziñako izkribuetan arkitzen da esaten zaiola Lezo baino geiagotan Oiarzun. Egiazki bakusku bada argi eta garbi, ibai au sortzen dala Oiarzungo mugapean munduaren asieratik; baita ere, bertako erribera luzeak ongarrituaz Errenteriako erribera igarorik Lezora jatxitzen dala ausarki, eta alere, ez da gauza arrigarria ibai oni ez opa izatea izen egoki gozo ain bere berekia? Beste gauza geiago ere Oiarzungo Erriak anziñaeran beretzat ezagutzen zitubanak, ikusten dira orain eskualdatuak bidez edo bide bage; egin izan diranak onelakoen jabe, berenak dituztelako ustean oi daude; bañan mendi ta ibaiak beti ezagungo dirade.

 

 

Seigarren ibaia

 

        Gipuzkoako seigarren eta azkenengo ibai andi zabal ioritsua da Bidasoa. Ibai au jaiotzen da Otanburdi, Otsondo, Ausa, Ariete, Izpegi eta Urritxikia deitzen zaioten mendi Pirineoen erroitzaetan, zeintzuk ingurutzen dabeen Baztango Ibar Nafarroaren Erresumakoa. Atxuela, eta Arakan izendatzen diran mendietatik amiltzen diraden urakin loditu eta pizkortzen dabelarik bere joaira, igarotzen da ifarraldetik sartaizara, eta egiñeratzen dira bi erreka, zeintzuk banakaturik joaten diran bidasti-aldi batean ifarralde ta sortegitik sartaizara ondo ureztatuaz Maiako Erria, eta Errazu; alkarganaturik gorputz bat egiten dira gero Arizkunekin Azpilkuetaren bitartean; au eskuitara, eta hura ezkerrerontz gelditzen dirala. Baztango Ibarrean bertako Erri batzuk ezker eskui laga eta beste zenbaiten erditik igaroaz batetik bestera jira-bira dabillen bitartean deitzen zaio Baztan-zubi; Askapeko eztarrian estututzen da anitz, Oronoza iritsi baino lenago, zeña lagatzen daben ezkerrerontz. Ernazabal, Arzesia, eta Belateko urakin ioritzen da galanki; eta erreka oetatik egiñeratzen dira bi ibai; zeintzuk, Irurita eta Almandoz igarorik batutzen diraden alkargana Zaraiako zubian, Oronoz baino beitiago Mugariko landetxan, Baztango eta Bertizarango muga bi ibarretakoak Baztan-zubirekin berezitzen diran tokian; andik badoa, Reparazeako Jauregiaren ondora;

emen artzen ditu indar berriak ugari, eta igarotzen da bertan daukan arrizko zubiaren azpian, nondik asitzen zaion Bidasoaren izena, Bertizko Erriarekin mugatzen diraden mendiak izen berperekoak direalako; jarraitzen du San Esteban Leringoaren ibarrera, eta emen, bost Erri menditarretatik datozen erreka pizkorrak bereganaturik loditu eta ibai zabal andi egiñik sartzen da Gipuzkoan, Endarlasa igarotzen dabela. Iristen da Irun aranzungo Errira, zeña lagatzen deban ezkerrerontz, Nanderran ugarte ospatsua egiñeratzen dan tokitik ez urrun; eta jarraitzen du bere joaira Gipuzkoako Probinzia, eta Franziako Erresuma berezitzen dituela argi eta garbi, bere ur iori oparoakin. Geroenean, Ondarribiako Uria ezkerrerontz, eta Endaiakoa eskuitara utzirik, Olearsoko Munoaren ondoan, edo Higerren bukaeran sartzen da Kantauriako itsaso indartsuaren bizi-leku zabalera, atsegintasun ezin andiagokoan. Bidasoak esan nai du Euskaraz, bide Oeaso, edo Olearsorakoa. Ondarribiako mendia, eta Higerko Gaztelua izen onekin bakarrik ezagutzen dira denporarik anziñakoenetik gaurko-egunerañokoan Errian eta Erbesteetan, bertako jaiotarrak itzez eta Kondairatzalle arrotzak izkribuz; ikusten dalako millaka urteak igaro arren argi eta garbi, ibai au datorrela beti bere bide zuzen jakiñean euretarontz. Egia onen sinitspen osoa artu nai debanak begiratzea dauka Iruñeko Apaizaitagoaren mugaak erabakitzeko Errege Don Santxo Andienak agindurik, milla ogei ta zazpigarren urtean egindako argibide ospatsu Sandobal, eta Moretek azaldutakoa;

non ikusiko daben argiroki, dagoela ezarria Bidasoa bere ezagungarri guztiakin, garbiro eta zuzen. Ibai au anziñaeran Españarena zan guztia osotoro, esaten duten bezala egiazki, Gipuzkoako gordeleku zuzenean topatzen diraden argibide eta sinitsgai asko ta askok. Probinziak luzaro eutsi izan zion bere eskubideari irme ta sendoki; bañan nork esan nolako jazarra gogor eta auzi aserretsuak egin izan zituen Urtubiako Etxejaun andi, eta Endaiako Erriaren asmo biurri kaltarkitsuen kontra? Despita amorruzko oen bidez gertatu izaten ziran sarriro odolgirozko eriotza izugarriak, errazoiak baino indarrak geiago agintzen zeban era ta tokietan. Alde askotatik dakigu bada seguru Españak beretzat ezagutu ez ezik, berak bakarrik gozatu ere oi zebala Bidasoako ibaia. Gaztelako Errege Enrike IVgarrena, eta Franziako Luis XIgarrengoa milla lau eun, irurogei ta irugarren urtean adiskidetasun andian alkar ikustera eta beren ixil gauzak batak besteari adieraztera etorri izan ziran Ibai onetara, Erresuma andi bien mugakoa dan bezala; eta emen beren gozarotsuko egon-aldian pozkidaz beterik jostaldiatzen gabarrarekin urean arontz onontz zebiltzala gertatu zan itzpide gogoangarri bat. Bein batean Errege biak Franziako alderontz ibaian zijoatzela leorrera irteteko denporan, Gaztelakoak oñ bata gabarran eta bestea Franziako ur bazterrean jarria zeukala esan zion, ezik, nere lurrean nago oraindik. Eta autortu zion Luisek egia zala. Errege bi oen arteko itzaldi gozo begiramen andiko au adierazten du garbiro Garibay jakintsuak.

        Ibai onen jabetasunaren gañean sarriro gertatu oi ziran eztabaida guztiak beingoan betiko bukatzeagaitik, Errege fededun biak eginkizun andi oni zegozkion eskubideak emanik, izendatuak izan ziran erabakitzalle, Españakoagandik Lizenziadu Kristobal de Akuña Gaztelako batzarrekoa, eta Franzisko Tellez de Ontiberos Korrejidore Gipuzkoakoa; eta Franziakoagandik Maestre Modot de la Martonie Burdeosko Dianagusia, eta Gillermo de La-Dux Baionako ule-kontu eskatzallearen ordekoa. Lau gizon eldu itzal andiko oek alkarren artean ondo baiendurik eman zuten beren epaia milla bosteun eta amargarren urtean Done Juango Errian adierazten zutelarik inkimako bage zuzen ta garbi, ezen, Portua eta Bidasoako ibaia, beraren urak, Franzia aldeko bazterrean ukitzen zuten mugape guztiarekin izan zitezela lenago ziraden bezala aurrera ere beti Ondarribiako Erriaren menpekoak. Erabaki ospatsu gogoangarri au ondo egiaztua eta zuzenkiro gordea izan zan urte askoan txit. Gipuzkoako Korrejidorea, Ondarribiko Alkatea, eta Probinzia bere Batzar guztiakikoan autaturik, kanpora ateratzeko gauzen kontu-artzalle Irun aranzungo Errian ifinten deban Buruzaria, beren agintaritzako zigor jasoakin ibilli oi ziran ibai onek Franziako aldetik daukan joaira guztian; eta Gipuzkoako Eskribauak ere ur onen alde artako bazterrean egiñeraturik sinitsgarrirotu oi zituzten beren langintzari zegozkion agerkai eta argibide guztiak.

 

                Orra zer eskubide andi ta gozoak

                Lenago oi zituen Ama Gipuzkoak;

                Maitaro izan ziran gorde ta jasoak,

                Bizi ziran denporan gure Gurasoak.

 

aurrekoa hurrengoa