www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA BIGARREN KAPITULUA

 

Milla zortzi eun ta zortzigarren urtean Napoleonek saldukeriaz Españan sortu zeban guda kaltarkitsu bidebagekoaren azaldurea.

 

        Gure Errege maite maitagarria Karlos laugarrenak bere seme nagusi Fernando zazpigarrenari España guztiko agintza, eskubideak eta koroia gogoz edo gogo bage emandako egun oroitgarri aetan bertako biztanleak pozkida betean arkitzen zirala, Napoleonek bere jakinduria andi ezkutapetsuaren bidez artu izan zituen asmo estali galgarriak miruak txituari atzaparra ezarteko egin oi dituen bezalako jira birakin, Erresuma gaiñ gañeko au zorabiatu eta nasiturik bereganatutzeko.

        Españaren onerako adiskidetasun andian zetozelako iduripenean, martizti izugarriak etorri ziran Murat agintari zutela. Napoleonek beste gauzarik gogoan zeukala, sinist eraso zeban, ezik, Españako portu ta gaztelurik aurrenegoetan bere tropak kontu-artzalle ifinirik, beretara etortzea galerazo bear ziola Ingelesari, artu-eman ta saldu-erosien aitzakian zerabillen ibillera sarritangoa Franziarekin Españarentzako guztiz kaltarkitsua zalako.

        Gizon jakinti somari au egiazko naitasunarekin leialkiro zebillelako uste oso betean, Españak obebearrez Plazarik bikañenak utzi ziozkan bere eskura; eta oen jaun ta jabe egindakoan, zirriki marraka asi zan bere barrunpe lizunean zeukan matxura gordea agertaratzen, beraren asmo galgarriaz iñor ere oartzen etzalako ustean. Bañan Españan baziran gizon ernaiak, Napoleonek guretzako gauza onik etzerabillela ezagutzen zutenak, oen argitasunak eta onbideak denpora illunpeko artan asko balio ezpazuten ere.

        Napoleonek Paristik gaztigatu izan zion, bada, Fernando zazpigarrenari Madrillera, ezik, España guztiaren onerakoak ziraden gauza balio andiko anitz zeuzkala berarekin bakar bakarrean itzegin bearrekoak, eta irten zekiola Bitoriara beraren zoriontasunari zegozkion onbideak artzera.

        Fernando Jauna etorri zan Bitoriara, Napoleonek izendatu zion egunerako, bañan au gelditu zan Baionan, eta emendik biraldu zion mandatua berriro, esaten ziolarik, ezen, bere eginkizun neurri bagekoak eragozten ziotela Bitoriaka etortea, eta joan zekiola bertara, non itxoroten zegoen beraren etorrerari.

        Fernando zazpigarrenak bere alboan zeuzkan Ministroai bigarren aldiako gaztigu au adierazo zienean, ezagutu zuten oek garbiro, Napoleonek asmo onik Españarentzako etzerabillela, eta esan izan zioten beren Errege maiteari, biur zedilla berpertatik Madrillera bere goienengo jarlekura, nondik Napoleoni entzungo zitzaiozkan bere esakariak. Bañan Fernando Erregeak etzituen ontzat artu Ministroen esanak, eta erabaki zeban itsu itsuan Baionara joatea. Azkenik, kotxea bear bezala prestaturik arkitzen zala, Errege Baionara abiatzeko une berperean Bitoriako jende leialak, bertan geldierazoko zutelako uste oso betean, ubalak epakirik kendu ziozkaten mulak kotxeari, bañan onbidezko eginal oek guztiak etzuten deus balio izan.

        Geroenean ere, Fernando zazpigarrena Españako Errege Buru ta Agintari bera zan bezala, joan zan Baionara Napoleonen atzapar garratzetara, jarraitzen ziotelarik leialkiro beraren Ministro, Probinzia askotako Diputadu, eta beste Andizki anitzek, zer gertatu bear ote zitzaioten ezin somaturik beldur andian atsekabez beterik. Bereala Napoleonek beregana deitu zeban Fernando bakarrik; zeñari bertan utzierazo ziozkan, iñorekin ere egoteko lekurik eman bage, Españako koroia, eskubide ta agintza guztiak arras, gelditzen zebalarik bera Franzian, alik eta egiteko onetatik gertatu al zitezkean okerbide guztiak zuzendurik beren oñean ifini bitartean; eta onen ordez jarten zebala Jose Napoleon bere anaia España guztiaren Jaun ta jabe, nagusi ta Errege, bear zituen eskubide guztiakin. Orra zeiñ aixa eta ausardi andian Fernandori Españako koroi bere berekia kendurik, Napoleonek eman izan zion bere anaia Joseri, jatorritik berari legez ta bidez bazetorkion bezalako urgulluarekin.

        Fernando gaitzik bagekoa ustez ustekabeko buruzpide negargarri onetan arkitu zanean, joan zitzaien bere Ministro, Diputadu, eta Andizki Españatik jarraitu ziotenai esatera, zer gertatu zitzaion Napoleonekin, eta egin zezatela al zuten modurik oberena, Españako jende leialaren artean odolik ez ixurteko. Arri ta zur egiñik Jaun prestu oek gelditu ziran, bada, Fernandoren aotik barri aiñ galgarria enzutean, eta ezin gogorragoko lanze estura larriko artan toki arrotzean arkitu ziran, zer asmatu eta zer egin etzekitela.

        Guztiaz ere, bigaramunean Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko, eta Nafarroako Diputadu jaunak alkarturik aurkeztu zitzaiozkan Napoleoni, esaten ziotelarik, ezen, Jauna, gure Errege Fernando zazpigarrenak aditzera eman digu, Españako Erresuma andiaz jabetu dala bedori. Beragaitik gatoz, bada, Bedorren Mesedea jakiñaren gañean ifintera, gure lau Probinzia berezituak noiztik; zeren bidez, eta zer itzen azpian jarriak dauden Gaztelako Erregearengana; eta uste oso betean arkitzen gera, entzungo dizkigula gogoz ta donarioz geren esakari bidezkoak. Eskatu bezalaixen eman zien leku Napoleonek lau Diputaduai itzegiteko; zeintzubek ifini ziozkaten begien aurrean argi ta garbi eta zearo, beren denpora guztian gozatzen zituzten gallaldia maitagarri, jatorrizko oitura, eta eskubide beren berenkiak, Españako Erregeak zuzenkiro beti oparo gorde izan diezatenak.

        Diputadu oei beren esakuntza entzundakoan Napoleonek erantzun zien, ezik, Españako Probinziak jatorriz dituzten oitura ta eskubideak galtzeko asmorik etzebala artu izan beñere, ez eta artuko ere; eta berpertatik jarriko zebala gizon jakintsunakiko Batzar bat, gauza oen sustraia nondik nora zetorren ondo ikusirik, berari kontu emateko itzaren azpian; eta oek beren eginkizuna bear bezala betetakoan, gordeko zitzaiola nori bere eskubidea utsaldiarik bage. Españako Koroia aiñ erraz Fernandori kendu izan zion Napoleon andia bere indar guztiakin etzan ausartatu, Probinzia oei beren oitura eta eskubideak ukatzera, gogoaz bestera bazan ere.

        Napoleonek bere anaia Joseri Españako koroia emandakoan ere ezagutzen zeban argi ta garbi, gertatu zekizkiokeala okerbide andiak bertako jendeak artuko zeban atsekabetasunaren bidez; eta biztanle leial oek palakuz txurikaturik nai zeban guztia egingo zebalako ustean, asmatu zeban beste sortzari bat, esaten zebalarik, ezen, Jose Erregearen serbitzari guzti guztiak izango zirala Españako jaiotarrak, eta ez Franzesik bat bakarra ere. Bañan etzitzaiozkan asko baliatu bere asmakari zalagartuak.

        Españako jende ondra andikoa mindu zan lazki Napoleonek bere gogoz ta eskuz artu izan zituen neurri bidebageko oezaz; eta beraren kontra asaldatu ziran Erresuma andi onetako Probinzia guztiak.

        Gipuzkoatar leialak arkitzen zirelarik aurrenen aurrenengo atakan, bertako Plaza, Gaztelu, eta Erririk bikañenak Franzesak bere menpean zeuzkala, irten ziran mendi goitituetara samaldaka, gerora begira egon bage lendabizikotik, al zuten kalte guztia etsaiari egitera. Mutil oetakorik eunetatik bat ozta izango zan, mendira joatean su-arma zebanik, zergaitik Franzesak aginde gogorren azpian bildu izan zituen kanibeta zar akastun erdoituenetarañoko guztiak lendanaz. Bañan guztiaz ere, mendi-mutil oek zelata-lekuetatik etsaiari zintzoro kontra eginik, era egokia zetorkiotenean berari portizkiro eraso ta kentzen ziozkaten armakin jarten ziran gudari errutsu jesusgarrengo.

        Franzesak ikusi zebanean Gipuzkoako jendea zeren bidez eta nola gogortuaz zijoakion, Españaren lendabiziko atakan zegoelarik, artu zituen asmatu al zitzakean neurririk ezopeenak, mendi.mutillak beren etxeetara erakarriko zituelako uste oso betean. Mutil oen guraso, senide, eta aiderik urrenekoak arrestaturik, sartzen zituen ziega illunetan. Eta menditarretakorik iñoiz edo berriz gertatzen bazan etsaiaren eskuetan erortea, bereala ill, ta ifinten zituen zinzilika jenderik geiena zebillen tokian bide andiaren ertzean geiagok ikusteagatik. Gisa onetako illkintza bat edo beste egiten zutenean, beraren aide ziega illunean zeuzkatenak eramaten zituzten Franziara sekula beteko.

        Oek eta beste onelako odolgirodi bide bageko anitz eginaz, Napoleonek nai zituzkean Gipuzkoako mendi-mutillak beldurtu eta ikaraturik beren etxeetara erakarri erazo; bañan bere jakiuduria andi eta indar guztiakin ere etzeban atera izan lakarik. Napoleonek zenbat eta gogorrago artzen zituen Gipuzkoatarrak, oek anbat eta geiago ta goaltsuago mendietara zijoatzen beraren kontra. Gizon jakinti ernai txit argi onek etzeban ondo ikusi, eta are gitxiago ezagutu bear bezala, Gipuzkoatarrak beren bizileku goixoa garbiro gordetzeko jatorritik duten eresia portitza. Baldin begiratu izan balie oarrez ta artezaz anziñako gertaera gogoangarriai, beretan ikusiko zeban argiro, Probinzia leial au jarri izan eztala gogorrean beintxu ere erbestekoen uztarripean. Ordea Napoleoni bere arrokeria andi eta urgullu geiegikoak sinist erazo izan zion bazitzakeala egin, munduko gizonek oraindaño egin ez dituen gauzak. Beragaitik, denpora batez leoi panparroiak kirkir ele kemen gitxikoaz ainbat ardura, Napoleonek artzen zeban Gipuzkoako mendi-mutillaz; bañan azkenean ari igaro zitzaiona berpera, gertatu izan zitzaion oni ere.

        Gipuzkoatarrak beren oitura beti betikoaren bidez gizon ta mutil samalda andiak mendietara igorik, denpora laburren epean egin ziran erru andiko Soldadu. Egiñeratu ziran iru batalloitaraño, lenago esan dedan moduan, Franzes soldaduai or emen kendutako armakin ondo ornituak. Jarri zuten Diputazio berria berari dagozkion eskubideakin, zeñari obeditzen zioten Gipuzkoako Erri guztiak, batzubek agirian eta besteak ixillka. Franzesa lendabizitik asi izan zan mendi-mutillen zuzenbidea gal eragiteko asmatu al zitzakean gogortasunakin eginal guztiak egiten, Briganteen izen lotsagarria ematen zielarik, beren jaioterri onetsia eta jatorriko oitura gozoak oso ta garbi gorde naiean legez ta bidez zebilltzan gizon ta mutil ondra andikoai. Itz bide onetxek oroit erazo dizkit esakera bi anziña anziñakoak, Euskaldunen artean txit ezagunak, eta gaiari guztiz egoki dagozkionak.

 

                1. Gure katuak buztana luze

                Nor bera bezala besteak uste.

 

                2.            Nork nori?

                Pazia zarrak pertzari,

                Ken adi ipur beltz ori.

 

        Gauza jakiña da, bada, baldin Napoleonek bere ibillera bidebagekoai begiratu izan balie ondo, Briganteen izenik Gipuzkoatar prestuai etziela emango. Ordea, indarrez bidebagekiro goititurik, urgullu andiarekin arkitzen zalako, iduritzen zitzaion, beraren erranak eta egitadeak ziradela egiazkoak, eta onak baino ere are obeagoak.

        Iduripenezko asmakari oen bidez eraso zion Probinzia oni, beste España barruko guztiai baino ere portizkiago, Franziaren lendabiziko muturrean zegoelarik obeditzen etziolako, eta guztia beingoan arras iruntsirik aixa menperatzeko uste oso betean. Bañan Gipuzkoatar artezak ez diralako aketsak, gezurtatu zituzten Napoleonen lozorro ames traketsak.

        Probinzia onetako mendi-mutil errutsu azkarrak, lenago ere baita, iru batalloitaraño igo ziran ezkeroztik, Napoleonen Martizti ezopeaz ixekatzen ziran non nai. Franzesa aurren aldetik beartu izan zan, Gipuzkoako mugapean bide andiaren inguruan arkitzen ziran zuaitz guztiak botatzera, oen babesetik menditarrak kalte andiak egiten ziozkatelako; ordea, toki soil agirikoetatik ere orobat erasotzen zioten Gipuzkoatarrak. Ikusirik, bada, etsaiak, lanbide onekin etzebala asko aurreratu, somatu zeban, bereala, Erri batetik besterako bide luze samar goitituetan Gaztelu sendo irme gogorrak egiñeraturik, beretan soldadu talde andiak ifintea; baita jarri ere esan bezalaixen, bañan alperrik. Zergaitik, mendi-mutill gogorrakin ezin buruatu zutelako, igestu bearrean arkitu ziran Erri andi-arkietara, bide bazterretako Gaztelu portitz egin berriai zeuden zeuden bezala lagarik. Gisa berperean, Gipuzkoako Erri txiki Gaztelurik bageko guztietatik ere, bota zituzten ariñ aski, beretara berriz joateko gogoak kendurik; eta jarri ziran mendi-mutillak beren Diputazioarekin noranai ardura bage zebiltzala, eta nonnai jendea, zer jana, eta osterontzeko gauza preminazko guztiak, Probinziako Fuero ta oituraz batera, ateratzen zituztela, legez ta bidezko eskualde guztiak berekin zeuzkatelako. Denpora berean Napoleonen soldadu zinzarri andiakikoak Gipuzkoako mugapean ikusi izan ziran bide andiaz kanpora oinkara bat bakarra ere eman nai etzutela menditarren beldurraz.

        Ustez ustekabe sortutako guda luze kaltarkitsu au ikusitako guztiak badakite ondo, nola Kadizen urrerañoko Probinzia guztietara Franzes samalda andiak iritsirik, beretan arrestatutako soldadu Españatar anitz ekarri oi zituzten bide askoan Gatzagako gañeraño osotoro; eta mendi tuntur onetatik Irun-aranzungo arraiaraño, ozta ozta eramaten zutela ogeitatik bat, eta zenbait aldiz bat bakarra ere ez; zergaitik Gipuzkoako mendi-mutil errutsu azkarrak unetik unera or emen Franzes talde andiai bidera irtenik, portizkiro eraso ta arras banaturik kentzen ziezaten España barruan atzemanik zekartziten soldadu urrukigarriak. Oetako zenbat eta zenbat ikusi izan ziran Probinzia onetan, bertako menditarren ausardi pare bagekoaz zoraturik gelditu izan ziranak bertan, emengoakin batean Franzesari ekiteko pozkida betean?

        Gisa onetako azaña andi askoren bidez Gipuzkoako mugapea lasaiturik, bertako mendi-mutilak joan izaten ziran beren bizitokiaz kanporako Probinzia askotara etsaiari erasotzeko leku erosoa billatzeko pozaren pozez; eta beretan esturarik larrienean arkitzen ziraden asko ta asko atera izan zituzten lanze gogor irrisku andikoetatik.

        Egia garbiro onen sinistmenerako galdetu baizik ez da Araban, Bizkaian, Nafarroan, Santoñan, Santanderren, Asturiasen, Galizian, eta Aragoin; zeintzubek autortuko duten argi eta garbi, bertako Erri ta mendietan egin izan zituztela Gipuzkoako iru batalloiak Napoleonen soldaduen kontra jazarra andiak. Guztietan gogoangarriena, nere ustez, izango da, Aragoiko mugapean arkitzen dan Erri Sos deitzen zaionak esan dezakeana; zeñak bere izate guztia Gipuzkoako mendi-mutillai zor dien, oek gauak egun egiñaz, bide lazean ariñ-ariñka joanik, ta gallendua zegoen Franzes talde andia menperatu zutelako.

        Aipatu ditudan itzpide guztietan arrigarriena da, Franziaren lendabiziko atakan arkitzen dan Probinzia labur onetako mendi-mutillak, Napoleonen indar ezopeaz ixekaturik, beren jaioterri maitagarria lasaitasun andian ifini, eta beste Probinzia askotara joanik, azaña aiñ oroitzarriak egitea. Izendatu ditudan egikera andi oek ikusi bageko edozein gizonek esan dezake errazkiro, ezin izan leikean gauza dala, Gipuzkoako menditarrek beren bizitokiari lagarik Galiziaraño, eta Nafarroa guztia igarorik Aragoira joatea. Ordea, ikusi izan genduenak badakigu ziertoro egiazkoak dirala Gipuzkoako iru batalloiak egindako ibillera nekoso eta egikera andi oek. Asko aldiz gertatu izan zan, bada, menditar oek gaur Nafarroara bazijoatzen, bigar Bizkaiara, eta etzi Santanderko ondoan aurkeztutzea, nondik nora zebiltzan eta zer asmo zerabilten, Napoleon jakintsuaren morroirik ernaienak ezin somatu zutela. Geroenerako batalloi oek jarri ziran kanpo agirikoan, billatzen zuten Franzes guztia porrakatzen zutela, esaera dan bezala.

 

                Franzesaren sarrera

                Arroa ta ergela,

                Urtutzen da bereala!

 

        Jose Napoleon ere Errege-izen bidebagekoarekin etorri zan Españara, dunba andiari zirrin zarran ots izugarria eragiñaz; bañan bostgarren urterako, berreun milla ta geiago gizon bertan iges egin bearra izan zeban Franziara ixiltxorik.

 

                Gipuzkoako seme leial menditarrak

                Alkar maite dute txit gazte eta zarrak,

                Jatorriz diralako prestu ta azkarrak.

                Egin izan zituzten alako jazarrak.

 

aurrekoa hurrengoa