www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN KAPITULUA

 

Gipuzkoako mugapean bildu oi diran garauen errazoai.

 

        Probinzia onetako lurrak ematen dituen garaurik ezagungarrienak dira Gaztaña, Sagarra, Matsa, Intxaurra, Udarea, Gerizia, Ginga, Arana, Muxika, Albertxigua, Pikua, Urra, Mizpira, Irasagarra, Masusta, Baixakarana, Zidroña, Larantia, Almendrua, Mingrana, Marrubi, Ziza, Onto, Amoroto, Gidelurdin, Gidelori, Zizori, Zizgorri, eta ezkur mueta balioso anitz.

        Garau maitagarri oen artean ugariena ematen dabeenak eta baliorik geienekoak dira Gaztaña, Sagarra, Intxaurra eta Ezkurra. Ikusten da bada argiroki, Tolosaz beerontzeko Erri eta itsasbazterrekoetan sagarra ta matsa biltzen dala ioriago, goierritan baino; eta oetan gaztaña ta intxaurra askoz geiago, aetako aldean. Eta baldin galdetzen bazaiote bi aldeetako nekazariai, desberdintza au zeren bidez datorren, erantzungo dute itzetik ortzera itxu itxuan, ezik, lurraren berezko griñatik datorrela, eta ez bestetatik; bañan badu onek zer ikusi, abuntun itzegin bagetanik.

        Goi-errietako lurrak aiñ ondo ematen dituzte sagar guri mardulakin mats ezadetsu gozoak, nola bealdekoak; baita oetakoak ere, aetakoak bezin gaztaña galant biguñak eta intxaur pin mamitsuak. Beraz etzaiote bear atxakia egotzi lurrai, zergaitik ez diran artarako gai; bañan beste gauzaren bati bai; esango dizutet jakin nai dezutenai.

        Begiratzea dago bada Goi-erriko Etxalde Purubetar anziñakoetara, eta ez da arkituko bat bakarra ere, bere dolare eder galant erazkoak ez dauzkanik. Gauza jakiña eta sinistgarria da, bada, dolare oek dirala ifiniak noizbaiten ere, sagardoak egiteko; eta edari gozo osasungille au egin oi zala iori anziñaeran Gipuzkoako Erri guztietan. Egia ziertoro onen sinistpenerako ifiniko dizutet begien aurrean argiro, gure Ama maite maitagarri Gipuzkoak bere lege zarretako liburu gogoangarrian XXIgarren tituluko kapitulu lenbizikoan jakintsuro ezarria daukan Erabaki zuzen bidezkoa.

 

        «Probinzia onen Erri guztietako sagastien kopurua izanik aiñ andia beraren zumua sagardotara biurtzeko, zeña saldutzen dan euretan, bertako etxetar geienen bizikaitzat, eta sagardo edari au bere izatez dalako indar gitxikoa, urik egozten etzaiola ere, eta onek kemen bageturik maluskatzen dabelako; begiraturik ondo, sagasti jabeen gutiziak kaltarkitu ez dezan, sagardo edarira jarriak dauden guztien ona, ur asko edo gitxi ezarriaz, zeñaren gañean ezin izan leikean neurri zuzenik, jabeak asmo garbiarekin egin nai baluteke ere. Agintzen eta erabakitzen degu, ezen, orain ta beti gaurtik aurrera iñork ere Probinzia onetako biztanle eta ez etxetarrek ezdegiola egotzi urik saltzeko egiten dan sagardoari, lagatzen zaiola eskubidea nork bere etxean morroi, neskame ta osterontzeko etxetarrakin edan bear dabenari nai debana egiteko, sei milla marabediren nekepean bakotxak, eta gañera izango dabela galdua, ura emanik saltzen daukan sagardoa; zeintzuben iru zatietatik bat emango zaion Erregeren Ganbarari, beste zatia salatzalleari, eta irugarrena epaia ematen deban Ekadoiari: eta Probinziako Alkateak, Batzartarrak, eta Auzoak onela bete-erazorik gorde-eragin dezatela zuzenki; eta Agintari ta Buruzariak jarri ditzatela berpertatik aginde oek bear dan bide zuzen egokian irozotzeko moduan, ogei dukaten nekepean, baldin iñor zabartzen bada, lenago esan dan gisan irunaka zatiak ematen dirala».

 

        Begien aurrean dakusku bada argiroki sagardo on txauak egin oi zirala Gipuzkoako Erri guztietan; ez alere bertarako lainbat a-ten konten, baizikan, kanpoetara ere biraltzen zirala, eta Erbesteetatik onera ekartea eragozten zala. Itzbide oni dagokion argibide bat ezarriko det emen, aipatu dedan liburu Gipuzkoaren lege-zarretakoan arkitzen dana.

 

        «Probinziako mugapeko sagarrakin egiña ez dan sagardorik, ezin bertara ekarri diteke saltzeko, emengo garauakin egiña, kanpora ematea zillegi bada ere». Tit. 21. Cap. 2. pag. 269. c. 2

 

        Badakigu bada ziertoro, Probinzia onetatik eraman oi zituztela sagardotza andiak Erbeste urrunekoetara ere; Franzian eta beste toki askotan egiten dituztenak baiño bitoreagoak diradelako. Ameriketatik ere eskatu izan dute iñoiz edari garbi gozo osasungille au, non oi daukaten gaiñ gañekotzat.

        Gipuzkoatarrak beren ontzi andiakin irten oi zireanean Terranoba eta Groelandiara baleak arrapatzera, eraman oi zituzten sagardotza andiak, arraintza mueta onetara zijoatzenen ornidurarako, zeñaren bidez aserre andiak, eta leia gogorrak izan oi ziran Franziako Euskaldun Labortarrakin Gipuzkoatarren artean. Milla seieun, eta amabostgarren urtean, bale arrapatzera joan ziradenetik etorri bitartean arraintzale oek bakarrik edan izan zituzten iru milla, seieun, laurogei barrika sagardo bakotxa iruna zamakoak.

        Izendatu ditudan denpora joanetan Gipuzkoako sagardoen ugaritasuna aiñ andia bazan ere, egia da bi, edo iru gizaldi oetan sagardogitea arras lagatua egondu dala Tolosaz goitiko Errietan; zeñaren bidez dirutza andiak balio izan dituen sagarrak bealdean aspaldiko urteetan. Bañan orain Goierritako nekazariak sagardoaren balio andiaz (noizbaiten ere bear da), oarketurik, ekin zaiozka berriro sagastiak ifinteari; eta baldin ogei urtez onontz ari diraden bezalako gogoarekin aurrera jarraitzen badiote lanbide oni, denpora gitxiren epean ikusiko dira Gipuzkoako aldats, aitzarte, eta lur arro guztiak sagastiz beteak. Eta orduan zer gertatuko da? Lenago ikusi izan dana berpera.

        Gauza jakiña eta egiazkoa da txit, Erri txiki sakabanatuetako sagar-jabeak ezin baliatuko dirala beren sagar ta sagardoaz, Erri bildu andiak gertuan dauzkatenetakoak bezala. Ara zergaitik eta zeren bidez.

        Erri andien inguruko nekazariak beren etxeetako dolareetan edariak egiñik eramaten dituzte erostunetara, nork bere abelgorriakin txolarteetan lanik galdu bage, eta baliorik goienengoan emateaz gañera, gelditzen zaiote etxean pats guztia doarik, abereak negu beltzean naierara bazkatzeko. Bañan goialdeko Erri txiki barraiatuetan ez dago onelako ditxarik, zergaitik eraman bear duten sagarra osorik, eta bide luzean Erri andietara, baldin dirutuko badute, eta geienak besteren abelgorri alogerakoaetan. Modu onetan saldutzen dan sagardoaren balioa, orain diru asko egiten daben denporan zertxobait izan arren, ugaritasunak merkatzera dakarrenean, utsera biurtzen da Goierriko sagar-jabeetara iritsi orduko. Eta baldin beren Errietan sagardoak egiteko asmoa artzen badute, be-aldean bezala, are gaizkiago irtengo zaiote askoz ere. Esango det nola.

        Edari maitagarri onekin ondo baliatzeko gauzarik bearrena da upela asi, eta bereala saltzea: bestela galdurik gelditzen da guztia. Bertako jaiotarrak besterik ez dabillen Erri txiki batean nola saldu al diteke, bada, goizetik arratsera ez ezik, aste bat, bi, iru ta lauean ere upela sagardoa? Iñork ezin uka dezake bada bide onez, zergaitik dan gauza jakiña, guztiak ekiten zaiozkan lanbideak laka gutxi eman oi dabela. Bada auxen berpera gertatu izan zala uste det nik, Goierrietan sagardoak egiteari lagatu zioten denporan.

        Badira zenbait txoriburu uste dutenak, ezik, Tolosaz beetiko Erri, sagardo anitz orain egiten dituztenak idurikatzen asi dirala Goierritarrak. Ezda ordea ori egia, ez egiaren antzekoa ere; zergaitik goialdeko Erri txiki mendi-ondoetakoak askoz lenagokoak diraden, bealdeko Erri bildu andiak baino. Oen izenik ere iñork etzekien denporan, egin oi ziran sagardoak aetan, eta berai ikasia dute langintza zorioneko au, zeñari zor dioten bealdeko nekazariak beren izate guztia. Milla zortzi eun ogei ta amabigarren urtean, Donostiako baserri-etxe Goiatz-txiki deitzen zaionaren mugapean golde bat lur betebageko tokian badakit bildu izan zirala laurogei sagar ondozkotatik, laurogei ta bi zama sagardoren gaiak, eta oek saldu izan zirala zama bakotxa berrogei ta amabi errealen balioan, zeintzuk dakarten lau milla berreun irurogei ta lau erreal. Golde bat lur bete bageko alorrean, eta neke geiago egin bagetanik, atxurkintzan diarduanik, ez maizter eta Etxe-jaunik, ainbeste diru artu izan dabenik, iñon ere dela ez det uste nik.

        Goialdeko Erri txiki sakabanatuetan asi dira egiten bealdeko sagardorik oberenai ezer ere zor ez diotenak, edo geiagokoak. Ormaiztegiko Errian bertako sagarrakin Don Martin Etxezarretakoak beren etxean egindako sagardoa ikusi det Bitoriako kafean, iru txikiko bonbilla zazpi errealean saltzen. Jaun prestu oni eskatu izan niozkan sagardo beretik bi bonbilla Donostian bizi nintzala bertako iru edo lau andizkiri erakusteagatik; egin ziran mesede biraltzeaz, eta arriturik gelditu izan ziran frogatu zutenak beraren indar eta gozotasunaz.

        Maietarako jan sagarrak ere badira Gipuzkoan, beste lekuetan ezagutzen ez dituzten gisakoak. Oetako bati deitzaio, Panpanduja, zeñak debal aixal mea, mami guria, eta jate gozarotsua txit; bai ta usteldu bage egoteko iraupen luzekoa ere, eta beragandik zabaltzen dan urriñ gozoak ez du minberatzen burua, geza-gozoen geiegiak bezala. Sagar mueta oek, eta beste aixal medun asko goierrietakoak ez dira aiñ ustelkorrak, nola bealdekoak. Urte osoan, eta bian ere irauten duten sagar mueta anitz nekez biribillaturik ifini ditu Don Joakin Aldamarko jaunak bere mugape zabaletan ugari txit, zeintzuk daukaten jaso andia maietarako. Sagar oei izena jarri zaiote, Aldamar-sagarrak: beretakorik gitxi agertzen da merkatu agirikoetara, Garaizuma sartu arteraño; eta nola denpora artarako osterontzekoen geienak usteldu oi diran, Aldamar-sagarrak orduan datoz plazara guztiz ezadetsu eta guri guri sasoirik oberenekoak. Uste det bada, ezen, urte gitxi barru zabalduko dala Gipuzkoako Erri guztietara sagar mueta piñ, gozo, iraunkor oen txertakera, zeñaren bidez urte osoan izango ditugun iori sagar eder bikain mamitsuak.

 

                Aberatsak dira ta gozatsu eztiak

                Gipuzkoan arkitzen diran sagastiak;

                Gure asaba onak oparo utziak,

                Arras maitagarriak dirade guztiak.

 

 

Matsaren doaiak

 

        Gipuzkoaren mugapeko lurrak matsarentzako aiñ onak dira, nola sagarrarentzat. Argibide gogoangarri askotan arkitzen da ezarria garbiroki, matsdi andi ugaritsuak izan oi zirala anziñaeran Probinzia onetan; eta beretan bildutako zumu gozadetsuarekin egiten ziraden txakolin-ardo guztiak edan edo aitu arteraño, etzala zillegi erbestekorik ekartzea, eta are gitxiago oetakorik Gipuzkoa barruan saltzea. Ara zer esaten daben, bada, lenago izendatu dedan Itztegi Luzeazaltar Nafarroa eta iru Probinzia oetakoak Kapitulu Donostiakoan, irureun berrogei ta bederatzigarren orrikatik aurrera.

 

        «Anziñaeran Donostia inguruko uztabiltzerik geienetakoa zan txakolina non nai deitzaion ardoarena, zeña beratxoa eta gorputz gitxikoa izan arren, bazkatzeko aiñ ona zan, nola Kabretongoa, Kastrokoa, eta Gipuzkoako beste Erri itsas bazterrekoetan biltzen dana. Egiazki, guztiz zan andia Erriko ardo onen salera, eta Errege Fedariak 1489garren urtean ontzat emandako Donostiaren aginde anziñakoak debekatzen zuten besterik sartzea, alik eta txakoliñak bukatu zitezen arteraño, zeña gertatu oi zan Maiatzeko illean; eta oraindik goarnitzalle zeuden soldaduai ere ifini izan zitzaizten eragotzpen batzuk, Felipe II eta IIIgarrenaren aginduz, erbesteko ardoaz oitza egiteko, Errikoak kaltarkitu etzitezen. Ortik dator bada, urruneko denpora artan mats-jabeak beren ardauaz egin oi zuten merkataritza, petxa guztietatik aterarik, beste tokietara eramanaz; ikusten danez argiroki, Santxo IVgarrenak Apirillaren 3an 1286garren urtean emandako gallaldia batean; ortik Podatarien anziñako anaiatasuna, izenak adierazten daben bezala jardun oi zutela matsdiak podatzen, zeñari baiendu ziozkan bere agindeak Erregiña Doña Juanak Balladolin 1509garren urteko Maitzeko illaren 7an, eta anaikidara goratu zeban Aita Santu Sixto Vgarrenak. Gaurko egunean eroria dago arras atxurkintza lanbide au, eta bakarrik irauten dute nolapait matsdi banaka batzuk, besteen aztarnak ikusten diralarik ondar mordo moldakaitzetan, zeintzuk aspalditik onara altxatu diran ez arian pitinka Uliako aldean, aizeak bultzatuaz, eta itsasoaren betiko leia ta ekiñaren bidez».

 

        Gure Ama on Gipuzkoak ere aditzera ematen du argiroki, lege zarretako bere liburu maitagarrian, matsdi andiak oi zirala noizbaten ere Probinzia onetan. Beragaitik debekatzen du Tit, XL, Kap, 1322garren orrikan abereak matsdietan sartzea eta erabiltea. Podagiñen izen Euskararen bere berekiak ere argitaratzen du garbiro, mats asko podatu oi zala Gipuzkoan. Izen ondra andiko onekin ezagutzen ziran anziñaeran baserri-etxe purubetarrakin mendietako Buruzari edo agintariak. Izen onek irauten du oraindik ere Donostiako Uriaren paperetan, eta beraren mugapeko baserritarren artean; bañan ez agindeak, eskatu izan badute ere asko aldiz beren eskubide legezkoa. Askotan ifini oi dituzte Erriak beren naierako lege berriak, zeñaren bidez galtzen diran oitura maitagarriak!

        Ezlitzake bada kalterik orain ere, anziñaeran bezala baleude Podagiñak matsdiak ifinteko; zergaitik Nafarroara biraltzen dan dirutza andiaren erdia bederik geldituko litzakean Errian. Ez du bada iñork ere zer atxakiarik eman Gipuzkoaren mugapeko lurrai. Ikusi degu argiroki, gure asaba maitagarriak anziñaeran, matsdi ioriak ifinirik txakolin-ardantza andiak egin oi zituztela; eta badakusku oraiñ ere garbiro, bertako itsasbazterretako Errietan biltzen dala edari onen gaia ugari; bai ta ere gure Ama oneski Gipuzkoak petxarik eraztea nai ezdabela beñere beraren mugapean egiten dan gauzari. Ditxa andi ezin obeagoko oek begien aurrean daudela zer eragozpen arkitzen da, bada, matsdiak lenago bezala ez ifinteko? Batere ez nere ustez. Beraz asi ditezke Gipuzkoatarrak gogoz matsdiak ifinten beren lur gozoetan Asaba maitagarriak idurikatuaz, sagasti eder galantak berriro jarteari ekin zaiozkan bezalaixen.

 

                Anziñako denporan Gipuzkoan matsak

                Badakigu zirala guztiz aberatsak;

                Bide bagez galtzera onelako gauzak,

                Mingarri da uztea gizonaren antzak.

 

 

Gaztañaren ontasuna, eta ondasunak

 

        Gaztañak ematen daben garau maitagarria, sagarra ta matsa baino ere askoz obea eta bearragoa da Gipuzkoarako, zergaitik negu beltzaren zatirik andienean berarekin bazkatzen dan bertako langillerik geiena; eta ori, biltzen dutenaren erdia, edo irutatik bat plazan saltzen dutelarik. Au da janari mueta bat aiñ merkea, goseiltzallea, eta osasuntsua, ezik, gatz pitin bat egotzi eta beste gozagarri bage, berarekin bakarrik dago prestatua noiz nai otordua. Ez eo bearrik dauka, ez laka emankizunik, eta ez beste arazorik batere, ezpada morkotsetik artu, pazian egosi, edo zartanean erre eta jan zaka zaka. Gai guztietara ondo begiratu ezkero, nekazariak ez du lurrean ifinten landare oberik, ondasun geiago ematen dabenik, eta erosoago datorrenik, nola dan gaztaña. Edozein zoko une eta sasi bazterretan alea edo sapia sartu eta txertatzearekin bakarrik, neke geiago bage artzen ditu beragandik garau eder galant ugariak prest aski. Sagardi ta matsdiak bezalako laguntzarik izaten ez dute gaztañadi ontsu oek ez ongarriz eta ez lanketaz. Eta zer litzake baldin lagako balioteke ondoan, berak botatzen daben orbela gosea elikatzeko? Nekazariak bera datzan oe-aurrea ta gela ez ditu erratzarekin aiñ ondo garbituko, nola eskuareaz soildurik utziko deban gaztañaren inguru guztia, arkitu aldezan zabarra ta sas guztia okullura daramala.

        Esan ditudan gutiperiak baizik etzaio bada egiten gaztañadiari, alik eta ale eder galantak ematen asi dedin arteraño, eta orduan ere ara zer ta nolako palagu gozo eta leunketa eztitsuakin egingo zaiozkan, bere erraietatik oparo eskintzen daben janari ain maitagarria (eman nai ez balu bezala) nai ta naiez gogorrean kentzen. Zardai andiakin erasotzen diote goien bean dinbi danba portizki, bere erpin maite, eta muskil mimerakorrak zatitu ta urratuaz amiltzen diozkatela urdurikerian lurrera morkots mardul ale gizenez ondo beteak. Eta oek bildutakoan? Agur besteraño!

        Guztiaz ere, zuaitz mueta au da aiñ ondradua, eta opaia, ezik, batere zapuztu bage ematen du bere garau baliosoa gogoz; eta oraindik are geiagokoa da landare onen ontasuna. Arras zartu, eta barrunbeko mami guztia arrak janik dagoela ere, azal uts utsa txutik daukan arteraño ematen du alea. Eta azkenean ezin bizituz erorten danean ere, berarekin egiten dan ikatza da oberena ermentarientzako.

        Gipuzkoan badira etxeak, asko ta asko alere, beren mugapean bildutako gaztañatik sei edo zazpi illabeteko goiz arratsetan naierara bazkaturik, txiki arki guztia abereai jan-erazo, eta gañera irurogei anega ta geiago azokean saltzen dituztenak. Probinzia onetako mugape guztia da gaztaña tokia; eta onen ale gozo eldurik jalkia, bera da janari ta jakia.

 

                Gipuzkoako maizter, ta Etxe-jabeak

                Ezdira alfer, nagi, ardura bageak;

                Osotoro gorderik alor, ta larreak,

                Gaztañadi galantak dauzkate pareak.

 

 

Intxaurraren etekinak

 

        Zuaitz mueta onek naien dituen tokiak dirade, bada, ibai ertzakin erreka-ondoak, eta nola dan Probinzia onetako mugape guztia aiñ guriro ureztatua, gogoz ematen du oetan beren garau maitagarria. Beragaitik ikusten dira Gipuzkoako ur bazter eta arkaitztarte ezadetsuetan intxaur eder galantak ain ugari. Zuaitz oetatik badira asko ta asko, anega bana ale ematen dabeenak, eta bataz-beste anega erdi bana geienak urtabe onean. Sasoia duten arte guztian eman alak eman ta ere, azkenean balio izaten dabe zubagetarako bikain arkiak bost eun bana erreal ta geiago; et osterontzekoetatik ere geintsuak, erdia bederik, intxaur olak jaso andia dabelako beti gauza askotarako.

        Gipuzkoako nekazari zintzo beargilletsu argiak ezaguturik ondo landare onek ematen dituela ondasun andiak, ekin zaiozka gogoz bera ifinteari istingadi eta urnegar leku guztietan; eta uste det ikusiko dirala urte gitxi barru erreka ondo ta ibai ertzak, ematen dituztela askorentzat, ale mamitsuakin ol balioso beltzak.

 

                Intxaurrak izatea Errian ugari,

                Eskerrak zor zaiozka bertako lurrari;

                Eta gitxiago ez batere urari,

                Ditxa on au Jainkoak eman zigun guri.

 

 

Ezkurraren mirariak

 

        Ezkurra da garau mueta bat guztiz etekin andiak ematen dituena, eta anziñaeran are andiagoak eman oi zituena. Gizon jakinti askok esaten dabe, ezen, zuaitz mueta anitzek txertatu ere bage berenez dakartziten garau ugaritsuakin bazkatu oi ziradela abereak ez, ezik, gizakiak ere munduaren lendabiziko asieran; bai ta oraindik, gure Aitalenen Tubal Euskaldun garbia bere etxetarrakin Españara etorri ezkeroztik ere. Anziñako denporan gizakiak ezkurra jan oi zutela entzuteaz, ez du zer miretsi iñork ere; zergaitik gaurko egunean ere askok eta askok artzen degun gauza ontzat txit gogoz ezkurra egotzitako txokolatea, ezjakiñean bada ere. Iñork ere ezin uka dezake, bada, lurrari erraiak idikitzen gizona asi baino lenagoko denpora doatsu aetan, Gipuzkoatik ezkur anitz eraman oi zutela Erbeste urrunekoetara. Beragaitik zeban Probinzia onek anziñaeran ezkurraz txit kontu andia. Begiratzea dago, bada, gure Ama maitati Gipuzkoak bere Fueroetako liburu gogoangarrian XLgarren Tituluan, Kapitulu Ian 323garren orrikan ezarria daukan legeari, non arkitzen dan argi eta garbi, ezen, Ama Birjiña Aboztukotik Eguerri bitartean besteren ezkur lekutan ezin sar dezakela iñork ere abererik bazkatzera. Orra zer kontu andia zuten ezkurrraz gure gurasoak, orain arras aztua badago ere. Esan al guztien gañekoak dirade, bada, Probinzia onetan ezkurrak eman izan dituen ondasunak. Anziñako denpora zar igarotakoen billa ibilli bage, geren egun laburretan ere ikusi izan degu argiro, garau maitagarri onek aberatstasun andiak eman izan diozkala Gipuzkoari. Nere jaioterrian ezagutu izan ditut nekazariak, ezkur urte onean, Aboztuko illaren erdi alderontz bost edo sei zerri-ama beren umeakin erosi, Aralarko basoetara bazkatzera bota, eta Eguerrietarako irureun bana dukaten irabazia artu izan dabeenak, zaintzalle bat bakarra iru edo lau zerri-jaberen artean ifini, eta beste neke ta kasturik bage. Nekazariarentzat zer izango da irabazi eroagorik au baino? Beragaitik bear litzaioteke, bada, ondo kontu egin Gipuzkoako basoai, ikatzgilleai ainbeste eskubide eman gabe. Oek bein sartzen diran basoa, illa gelditzen da betiko; bañan ezkurrak urteoro ematen daben laka da sekula guztirako.

 

                Zuaitzak aizkorari diola beldurra,

                Sinistatu bear da, ez dala gezurra;

                Baldin artzen ezpada denporaz ardura,

                Agur gure basoak, ta agur ezkurra!

 

        Gerixa, Ginga, Alberetxigu, Aran, Udare, Muxika, Piku, Mizpira eta osterontzeko garauak ere, aiñ ederrak, gozoak eta galantak izan oi dira Gipuzkoan ugari, nola beste edozein tokitan, edo benturaz guriagoak, piñagoak, eta osasungilleagoak, gizon jakinti anitzek autortu izan dabeen bezala.

 

 

Baratza berarrak

 

        Gipuzkoako baratzaetan egiten dan janari gauza guztia da begitangoa, guria eta gozarotsua txit. Tokirik aurrenengoetan mairik andienetara agertu oi diran berar mueta guztietatik da ugari Probinzia onetan. Beragaitik aiñ merke berdura ikusten da Erri-bildurik andienetan ere. Donostiako plaza izanik garestienetako bat, egunik geienetan erosiko da bertan zortzi edo amar librako azaburu bildua sei edo zazpi koartoan; bai ta lau edo bost urraza-buru galantak ere txanpon batean. Esparrago mardul biguñak, azaloratu guri ederrak, orbura begitango gozoak, tomate leun mamitsuak, zainhori bikaiñ lodiak, borraja egostbera eztitsuak, tipula ezadetsu galantak, baratzuri pin gogorrak, piper me pizkor ta gizen gezarotsuak, eta osterontzeko baratza berar guztietatik egiten da Gipuzkoan ugari. España guztiko Erri-burua dalarik Madrill, urterik geienetan eraman erazo izaten dituzte bertara esparrago samalda andiak Probinzia onetatik aste Santurako. Gizon prestu goienengo zenbaitek aldeaurrez kontuan ifinirik, biraldu izan ditut neronek asko aldiz. Sebillako Zaldun gazte aberats bat ikusi izan det Donostiako plaza berrian esparragoak erosten, osoba maite bati bere jaioterrira igorritzeko, zeñari entzun izan nion, ezik, ibilli izan zan tokietan etzebala arkitu mardulago ta ederragorik; eta nai ziela adierazo osoba jaun ari eta bere lagunai, ezen, aek uste baino gauza bikañagoak egiten dirala Gipuzkoako arkaiztarteetan. Sarritan gertatu oi da, bada, iñork usterik gitxiena daben tokian, gauzarik oberenak arkitzea. Ez da, bada, oraindik urte asko auxen berpera gertatu dala azaburu-bilduakin Probinzia onetan. Esango dizutet nola, non, eta zeren bidez.

        Aralarko mendi goititua elurraz janzia ikusi oi dalako sarritan, etzitzaion iñori bururatzen amesetan ere, aiñ toki gogorrean baratza gauzak ezer eman al zezakeanik; bañan alabearrak nai debanean uste bageko gauza asko agertu oi dituen bezala, au ere argitaratu izan zan utskeria batetik. Zaldibiako Miranda-etxean gaur bizirik arkitzen dan artzaiaren emazteak senarrari arto-iriña mendira biraltzeko zeuzkan anekatxoak arkitu izan zituen urratuak, eta une artan arabatzeko betarik etzeukalako, jarri zituen zuloen iskarri, aurreragoko egunean sukalde bazterrera botarik zeuzkan azalandare kaiska banakaren batzuk: eta oek gizonak mendian anekak ustutzeko denporan arkitu zituen ustez ustekabe. Artzain oni ez nondik eta andik alabearrak ekarri zion burura, azalandare erdi igartu oek txabola inguruan landatzea, eta ifini ere zituen lurrik oberena zerizkion tokian. Beraren txabolako lagunak farra ta ixeka egiten zioten, azalandareak Aralarko mendi tontorrean jarri zituelako, bañan ikusi zutenean egin zireala beretatik azaburu bildu galantak, mendi guztiko artzainak erori ziran kontura, eta geroztik Aralarko mendian egiten dira arrigarrizko azatzak. Mendi onetan badira artzainak beren artizkuna inguruan egindako azarekin laureun bana erreal artzen dabeenak. Guztiz jaso andia izaten du mendi onetan egindako azaburu bilduak, Erriberaetakoa baino biguñagoa, guriagoa, kizkurragoa, piñagoa, ezadetsuagoa, eta gozoagoa dalako askoz ere; eta doai eder oezaz gañera du beste ditxa bat ona txit, zeña dan lurrean ifini ta egun gitxiren epean burubildurik anditu, eta bear bezala eldutzekoa. Milla zortzi eun, ogei ta amaikagarren urtean biraldu zidan neuri Zaldibiako adiskide batek Donostiara Aralarren egindako azaburu-bildu bat emezortzi libra pisatzen zituana, esaten zidalarik, ezen, beraren landarea lurrean ifinia izan zala Garagarrillaren ogei ta irugarren egunean, Mendibil deitzen zaion sarobean, eta kendu zutela toki beretik, Urri-illaren bostgarrenean. Eun ta lau egunen barruan ain mendi goitituan egindako garau ikusgarri eder galant au, erakutsi izan nioten Uri bereko andizki askori, jakin zezaten garbiroki, ezen, erriberaetan bezin gauza onak edo obeak eta piñagoak badirala arkaitz tarteetan, billatzera saiatu ezkero. Aralar-mendiko azaburu-bilduen agerkera zorioneko au zorko zaiote, bada, izendatu dan Miranda-etxeko senar emazteai. Gertakari onen barri ez dakiten askok esango dabe menturaz, Kapitulu au luzegia dijoala, eta ez dala ainbesteraño aintzat artzekoa; zergaitik azaburu galanten bagetasunik ikusten ez dan Gipuzkoan. Ordea bear zaie begiratu beste gauza geiagori ere. Gauza jakiña ta egiazkoa da txit, toki baterako ona dan eguraldia, besterako izan leikeala kaltarkitsua. Udako egun luzeetan eguzkia goienengo mallara igotzen danean, beraren berotasunak kiskaltzen ditu Erriberako baratzaetan arkitzen diran aza guztiak, burubiltzeko lekurik eman bagez arroturik lagatzen dituela; bañan Aralar-mendikoak orduan ta geigo irabazten dabe, eta mardulago ta guriago agertzen dira. Beragaitik izaten du mendi-aza onek ain jaso andia uda azkenean. Legorte urtean ikusi izan det Billafrankako merkatuan aza onetatik saltzen arroaka, libra bakotxa lau koartoren balioan. Garesti saltzeaz gañera daukate aza onen egilleak beste ditxa bat ezin andiagokoa. Doarik daukate bada mendian, nai duten ainbat kanpo baratza ifinteko. Eta nolako lurra? Ongarritu bearrik ez dabena; zergaitik beren ardiak egindako zimaur pisakin guriaturik ondo, arkitzen zaiozkaten txabola inguruan, nai baino ere geiago, esitu eta landarea ifintea beste lanik ez dabeenak. Zer izango da, bada, bere artaldearekiko lanbideak egindakoan, mendian geldirik egon bear daben artzainarentzako au baino irabazbide eroagorik aiñ denpora gitxirako? Nork sinistuko zeban, bada, orain ogei ta amabost urte inguruan, aza buru bildu eder galantak egin zitezkela Aralarko mendi goitituan? Iñork ere ez, nik derizkioanez. Beragaitik nai izan det, bada, ustez ustekabeko agerkera berri au jarri zearo ta garbi.

 

                Aralarko mendia izanik aiñ latza,

                Nor asiko zan bertan landatutzen aza?

                Iñori gogoratzen etzitzaion gauza!

                Oraiñ non arkitzen da alako baratza?

 

 

Lore begitangoakin, usan berar gozoak

 

        Gipuzkoako loretoki eder txukunki apainduetan arkitzen dira, Europa osoan arki al ditezkean mueta guztietakoak, aiñ bitoreak, ikusgarriak, eta usai gozodunak, nola beste edozein lekutakoak; eta gizonaren laguntzaren bidez ugaritzen diran berar begitango oezaz gañera da Gipuzkoako mugape guztia berenez bertan jaiotako lore eder kolore askotakoakin txit ondo janzia. Mendi goititu, arkaitztarte, basozakon, erreka-ondo, ibai-aldamen, itur-inguru, bide-bazter, eta tokirik izkutuenekoak arkitzen dira Probinzia onetan berar gozarotsu ta lore ikusgarriz arras beteak. Eta oraindik are geiagokoa da, errolla, luepaki, erreten, zingidadi, aldats ta malloetan sortzen diran arantza-beltz, laarzuri, sarats, ezkerain, txillar, zume eta oen lagun askok, alkar maitaro laztandu ta bata besteari irme josirik, egiñeratzen dituzten sasi andien nabardade ederra eta eoera miraritsua. Arbiak garatzen diradenetik gaztañak bildu arterañoko zortzi illabeteetan ikusten da lore ederrez janzia Gipuzkoako mugape guztia, eta osterontzeko lau-illetan ere berde berde irauten dute, abereak negu beltzean bazkatzeko lurrak berez ematen dituen gorosti, agin, ota, erramu, isats, untz, eta beste zenbait orni mueta, zeintzuben edertasunak alegeraturik pozkarritzen dituen mendiak, abereak, eta gizakiak.

        Esan al guztien gañekoa da, bada, Gipuzkoako mugapean berenez jaitzen diran berar ta lore eder usai gozokoen ugaritasuna; eta oraindik are geiagokoa izango litzake, baldin Oñatiko jaun prestuak bezalako gogoa beste zenbait andizkik balute, toki urrunekoetatik landare ta aziak biribillaturik beren baratzaetan ifinteko. Erri onetan arkitzen dira Asiatik, Siriatik, Armenia, Ejipto, eta beste Probinzia Europaz kanpokoetatik nekez eskuratutako landare mueta asko, bertako lurrak ondo arturik, eder ta galant, sasoirik oberenekoak. Lore ta berar Erbesteko oek, beren jaioterriko izenakin deitzen dituzte Oñatian, euskarazkorik oraindik ez dutelako. Ara nola.

 

                Alelia

                Anemon

                Arrayan

                Chauta de Brasil

                Chopo de Lombardia

                Ebano

                Estramonio

                Fitolaca

                Heliotropio

                Hierva Camin

                Igotunaco

                Jalapa

                Jazmin

                Magey

                Palo Santo

                Pasionaria

                Perpetua

                Pita

                Solano

                Talay

                Tilo, Tila o Cinanomo

 

        Oen guztien gañekoa beste landare bat ezagutu izan da Oñatiko baratza batean, zeñari deitzen zitzaion Minosa sensitiva, nork daki nondik eta nola eskuratua?

Landare miraritsu au azi izan zan urte bete barru iru kana laurenen luzetasunera, eta beraren orri ederrak gorputz bat egiñik, artzen zuten zabaltasunean kana-erdiko ingurumaia. Lore onen nabardade ederra izanik ain ikusgarria, beragana begira jarten ziraden guztiak gelditzen ziran zoraturik. Bañan nondik eta nola etzekitela gertatu zan, ezbearren baten bidez edo bestela, alako landare bitore maitagarria izkutatzea bat batean, beraren azirik gordetzeko ere lekurik bage.

        Borraja loreak ere biltzen dira Oñatiko mugapean iñon ere bezin onak, edo obeagoak; eta berakin egiten dan goixo gordegarria izanik aiñ bikaña, eramaten dute Españako Erresuma zabalaren tokirik geienetara, zeintzubetan ezagutzen dabeen ondo berezko guritasun ezadetsutik, eta Erriaren izeneko txarrotxoetatik.

        Begien aurrean dakusku bada argiroki, lore mueta guztietara diradela saiatuak Oñatiko Etxejaun ondraduak; baita ere, emengo lurrean zapuztutzen ez dirala Asia inguruko landareak. Beragaitik uste det bada nik, ezen, Gipuzkoako mendi, aitzarte, txara, eta basoetan izan ditezkeala menturaz, toki urrunekoetatik erakarri diran landareak bezalakoak, zergaitik berrogei ta amar urtez onontz gertatu izan dan Beasaingo Errian lanbide au berpera. Ara nola eta zeren bidez.

        Europaz kanpoko Erresumarik izendatuenetan gauza begitangoen billa zebillen gizon andizki Franziako batek ekarri izan zituen, beste gauza geiagorekin batean, landare ikusgarri batzuk Persiatik, Europa guztian alakorik arkitzen etzalako ustean: eta sinitspen oso bete onetan erregalatu ere ziozkan Errege Franziakoari. Onek, aiñ toki urrunekotik zetozkion landare ospatsuak maitaro arturik, beretako batzuk igorri ziozkan oparo Españako Erregeri. Landareak Madrillera zeramazkien Franzes mandatariarekin batu zan Irun aranzungo ostatu batean gauaz On Joakin Irizarko jauna, eta beren ezaguerak alkarri emandakoan jalki zitzaion franzesari zeren bidez zetorren Españara. Irizar jaunak entzun zebanean nondik norakoak ziraden landareak, egin zitzaion beretako baten gutizia; baita aditzera eman ere Franzesari guztiz modu-ezti andian, baldin eman al bazezakean; eta onek ikusirik aren prestutasunezko arpegiera ona, eman zion landare bat Erregerentzakoaz ostean bere adiskide mamientzat zeramazkienetatik; zeñari esker andiak emanaz gelditu zan Irizar jauna bere landarearekin pozkida bete betean. Bigaramun goizean goiz landare au biraldu zion bere arreba Doña Mariari Beasaingo Errira Irun aranzun arkitu zeban oñezkorik azkarrenarekin, esaten ziolarik izkribuz, nondik norakoa zan eta zer bidetatik eskuratu izan zeban ustez ustekabe aiñ gauza begitangoa; eta beraren baratzan arkitzen zan tokirik eguteraenekoan ifinierazo zezala denporarik galdu bage. Etxe-andra andi onek anaiaren mandatuarekin landarea artu bezin prest, erakarri zeban bere maizter nekazari bat etxera, zeñari adierazo zion garbiro anaiak gaztigatzen zeban guztia, eta zer egin bear zeban. Maizter zintzo ernaiak landarea eskuan artu orduko esan zion Doña Mariari, nere Etxeandra ona; ez da landare au bedorren anaia jaunak uste deban bezin bakana. Nola ez? eranzun zion Doña Mariak. Eta maizterrak; zergaitik Beasaingo txaraetan dauzkagun onelakoak ugari. Doña Mariak Ha gizajoa! ez daukazu burua leku txarrean! zoaz bereala baratzara, eta landare au ifini ezazu tokirik obeenean, anaiak gaztigatzen daben bezala. Maizterrak; bai andrea, egingo det gogoz bedorrek agintzen didana. Esan ta egin, jarri zeban landarea baratzan arkitzen zan tokirik alaienean, eta joan zan bere etxera. Andik urte betera bezalatsu Irizar jauna etorri zan Beasaina, eta arrebaren etxera sartu bezin laster galde egin zeban berak igorritako landareaz, zeñari erantzun zion Doña Mariak, beatza jasota baratza alderontz ifinirik, ara non dagoen eder ta galant, lurrak maitaro arturik sasoiekoa txit. Bereala joan ziran anaia arrebak landarea zegoen tokira eta bera ain mardul begitangoa arkitu zebalako zoratu nai zitzaion Irizar jaunari pozaren pozez; eta asi zitzaion arrebari kontatzen landare arekiko gertaerak, lenago izkribuz gaztigatu zion baino luzeago. Mirari andi aek entzuten zegoela oroitu zan Doña Maria landarea landatzera erakarri izan zeban maizterraren atera-aldiaz, eta esan zion Irizarri. Ez dakizu esan zidala landare au ifini-erazo nion maizterrak, ezik, onelakoak ugari bazeudela Beasaingo txaraetan? Ixekazko algara andi bat egin ondoan Irizarrek galdetu zion arrebari non bizi da Astolapikotzar ori? Emendik ez urrun, erantzun zion arrebak, eta nai badezu erakarriko det. Anaiak, datorrela bada. Bereala gaztigatzen diote maizter gizajoari etorri dedilla prest; eta badator au estura larrian, zer bear ote dioten ezin asmatuz. Baratzara iritsi ta arratsalde onak emanaz ongi-etorria egin orduko, Irizarrek galdetzen dio maizterrari, ezen, non ikusi izan dituzu zuk landare au bezalakoak? Erantzun zion maizterrak; jauna, Beasaingo txaraetan ugari. Au enzutean irazeki zitzaion Irizar jaunari su ta gar, eta bere berotasunarekin eraso zion goien bean maizter zintzoari, asmatu-al guztia esanaz; Ea uste al zeban Beasaingo mugapean, ez ezik, Europa osoan ere arkitu al zitekean aren landarea bezalakorik? Ea zeri dagokala eta zeren bidez esaten zituan ezkaida aek? Ea lotsatzen ere etzan farragarrikeri aek iñork entzutea? Ezagun zebala ondo, Astoa ispillu iduritzen zaioten basatietakoa zana... Maizter gizagaixoak burua makurturik oek guztiak entzundakoan esan zion emeki; jauna, bedorrek ala uste ez badu ere, egia garbiroa da nik esan dedana, zeña on egingo diodan bigar ordu onetarako, baldin Jaungoikoak oñen gañean banau eta Beasaingo mendiak bitartean ondatzen ezpadira. Au esan ta irten zan maizterra arras mindurik aserre bizi bizian, eta Irizarrek ixekaz esaten ziola, oa, oa, buru gogortzar ori, ez aiz nekatuko alfer gaiztoan. Bigaramun eguerdi-alderontz maizter prestu argi au badatorkio Irizar jauanri, landare pilla andi bat bizkarrean dabela; zeñaetan zekartzien, batzuk pipitadunak, besteak loratzen asiak, asi bagekoak bere orri, besanga ta sustraiakin, zar ta gazte, txiki ta andi gisa guztietakoak, urtearen sasoiak suertez alan agintzen zebalako. Eta beraren aurrean sorta botatzearekin batean esan zion maizterrak emekiro, Jauna, ona emen non dauzkan bedorren landare ospatsu toki urrunekoetatik ekarritakoaren senide egiazko garbi garbiak, Beasaingo menditik dakartzidanak; eta begira begie ondo berai, astoa ispillu iduritzen ote zaidan edo ez. Irizar Jaunak ikusi zebanean maizterra arras mindurik menetan zebillela txit, eraman-erazo zeban bere sorta pilla andiarekin baratzako landarearen ondora; zeñarekin bekaldu zituen maizterrak ekarriak bat banaka; eta nola etzeban ikusten beretan desberdintza agirikorik, asi zan purrustaka bein batari imurtxi, gero bestea tximikatu, zañak eten, besangak ausi, azalak zanpatu, mamiak miaztu, loreak usandu, orriak igortzi, pipitak otzkatu, eta beste asmakari burura ekarri al zitzakean guztiak egiten, beraren landare Persiatarraren antzekorik ere, Beasaingo mendian ezin izan zitekealako uste oso betean; bañan etzuten deus balio izan aren aztalka guztiak, zergaitik mueta batekoak zituzten sustrai ta aziak. Beasaingo andizki-arki eta Apaiz jaunak zekitelako Irizarrekin maizterraren arteko auziaren barri, eta ikusirik biak argurion zeudela baratzan, joan ziran beretara; zeintzuk erabaki zuten garbiro, ezen, Irizarren landare Persiatarra, eta maizterrak Erriko txaraetatik ekarriak, ore bateko senide egiazkoak zireala, Otsalizarra deitzen zaioten garbi garbiak. Geroenean erori zan kontura Irizar jauna, eta gaztigatu izan zion Parisera landareaemateaz mesede egindako gizon prestuari, berarekin zer gertatu zitzaion. Orobat izkribatu zeban Madrillera ere, bañan etzioten jaramonik egin, ez batetik, eta ez bestetik.

        Orra nolako gauzak agertu oi diran iñork usterik gitxiena daben tokietan. Beragaitik nai izan det, bada, gertaera au ezarri zearo ta zabalki, jakin dezan mundu osoak, Gipuzkoan badirala basoak, iñon ere bezin gozoak.

 

                Probinziako aitzak dauzkate gordeak

                Landare ederrakin berar ta loreak;

                Txuri, beltz, urdin, gorri, berde ta moreak,

                Zer nai gauzatarako non dira obeak?

 

aurrekoa hurrengoa