www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gipuzkoako probintziaren kondaira
Juan Ignazio Iztueta
1847

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gipuzkoako kondaira, Juan Ignazio Iztueta (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN KAPITULUA

 

Milla bosteun ogei ta bigarren urtean Irun-aranzunen Franzesakin Alemanen kontra Gipuzkoatarrak egindako batalla andian azaldurea.

 

        Errege Franziakoa guztiz gorroto gaiztoan zegoen Gipuzkoatarretara, beraren menpekoai oek kalte andiak egiten ziezatelako itsasoz ta leorrez egun guztietan. Aserre minkaitz onen bidez, esan dedan urtean, biraldu izan zituen iru milla Alemanekin beste ainbeste Franzes ta geiago Monsieur de Chanfarron buruzari zutela, Gipuzkoako mugape goixoaren zati bat bederik kiskaldurik bellakatzera. Beren asmo galgarriak betetzeko ustean agertu ziran Irun-aranzungo ondora milla Franzes bezalatsu, Gipuzkoako Probinzia itsumustuan zegoela; eta alere, sei gizon bakar bertako jaiotarrak egun bat osoan eutsi zioten aiñ samalda andiari. Bigaramunean, Franzes ta Aleman guztiak gorputz bat egiñik, sartu ziran Erresuma biak mugatzen dituen Bidasoako ibaitik Irun-aranzungo lurrera; bañan Erri onetatik, Oiarzundik, eta Errenteriatik atxi atxika alkargana batutako irureun Gipuzkoatarrek gogor egiñik iduki zuten bertan Martizti andia, aurrera igarotzen laga bage, alik eta Probinzia barruko jendea biribillatu zan arterañoko guztian.

        Bereala, Gipuzkoako Ekautu zintzo ernaiak bere mugapeko Erri guztietara zer gertatzen zan gaztigaturik, batu zeban jende taldea gudarako bere Buruzari aurengoarekin igorri zeban Irun-aranzunen zeuden Franzes ta Alemanai erasotzera. Eta Gipuzkoatar oekin batean, joan zan Erregezko Buruzari Donostian zegoen Don Beltran de la Cueba bere soldadu apurrak arturik.

        Moda onetan alkarturik etsaietara iristeko zaletuak zijoatzela, Irun-aranzungo lurrean sartutako gauean Gipuzkoatarrak lendabizi egin zuten lana izan zan arbazta txotx pilla andiak or emen toki askotan ifinirik, berai irazeki eta su izugarriak egitea, etsaiak ardura guztia beretara jarri zezaten. Su-leku oei gar bizi bizian iraun eragiteko lainbat lagun bertan utzirik Gipuzkoatarrak gau erdian igo ziran San Marzial deitzen zaion mendiaren txuntxurrera Anbulodi, eta Azkue Buruzari zituztela. Bigaramun goizean eguna argitzean, Alemanak eta Franzesak beren buruak ikusi zituztenean alde guztietatik ertsituak arri ta zur biurturik, ikara larri gorri bizian jarri ziran, ez zeri ekin eta ez nora jo ezin asmatuz; eta oberik etzekutsatenean abiatu ziran ill edo bizi aldatsgora bidea irikitzeko asmoan Gipuzkoatarrak zeuden tokira. Ala bearrean ez leku txarrera bizkarrak berotzeko!

        San Marzialko gañean Gipuzkoatarrakin batean zegoen Erregezko Buruzari Don Beltran de la Cuebac ikusi zituenean Alemanak eta Franzesak aldapa gora zijoazkiola beraganontz eltxoa samaldaka bezin ugari, ikaraturik arras, agindu zeban ez sutan asitzeko, alik eta Probinzia barrutik jende geiago biribilla zedin arteraño. Bañan Gipuzkoatarrak garrazkiro mindurik erantzun zioten, ezik, etzirala berak egongo etsaiai eraso bage iñolako moduz ere. Mendi-mutil oek aiñ beldur gitxiko ausardiarekin arras berotuak ikustean pizkorturik arrotu zan Don Beltran Jauna, eta esan zien berai, ondo egingo zutela etsaiari gogorkiro ekitea; eta bera ere gogoz jarriko zala aiñ jatorri argidotar leialakin batean bizia galtzera, ezen, ez koldar txar beldurti txaldanaren izen lotsagarriarekin betiko gelditzera.

        Esan ta egin, Gipuzkoatarrak Don Beltranekin batean ekin zitzaiozkan portizkiro erasotzen Franzes, ta Aleman samalda andiari; zeña banaturik arras porrokatu zuten uste baino ere lenago. Ain gogorra eta oroitpengarria izandu zan batalla andi au, non Alemanetakorik bat bakarra ere gelditu izan etzan ill edo lotu bage; eta bizirik gelditu ziran banaka oek Gipuzkoatarrak eraman ziozkaten Erregeri Gaztelara, berak nai zebana egin zegiela. Franzesetatik ere asko ziran txit illak eta erituak. Oñai eragin al zekioten apurrak sartu ziran beren lurrera nai baino nekezago Senpereko Jauna ez besteak, zeñas naiago izan zeban Gipuzkoatarren menpean gelditu, Franziara igesi lotsagarriro joan baino. Gertakari onen ezagungarri egiazkoak gaurko egunean ere arkitzen dira San Marzialko mendian, non, atxurkintzari ekiten zaiozkan nekazariak topatzen dituzten orduan gelditutako gizonen ezurrak ugarri.

 

                Aleman ta Franzesak alkarri jarraio,

                San Marzial gañera ezin ziran igo;

                Ha Mondieu! esanaz negarra jario,

                Gipuzkoatarrentzat deus etzuten balio.

 

aurrekoa hurrengoa