www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren ebanjelio saindua
Joanes Haraneder
1740, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren evangelio saindua, Ioannes de Haraneder (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1990

 

 

aurrekoa  

J. JOANI APOST.
APOKALIPSA EDO
ERREBELAZIONEA

 

I. KAP.

        1 Jesukristoren Errebelazionea, zeiña eman baidio Jainkoak, agertzeko bere zerbitzariei lauster gerthatu beharrak diren gauzak; hark igorririk bere aingerua ezagutarazi baidiotza Joanes bere zerbitzariari, 2 zeiñek irakatsi izan baidu Jainkoaren hitza eta lekhukotasuna eman Jesukristo ganik ikusi izan dituen gauza guziez.

        3 Dohatsu irakurtzen eta aditzen dituena profezia huntako hitzak eta begiratzen dituena huntan eskribatuak direnak, denbora ezen hurbill da.

        4 Joanesek Asian diren zazpi Elizei: grazia eta bakea dela zuekien «denaren, zenaren eta ethorri behar duenaren» partez, eta haren thronuaren aitziñean diren zazpi Izpirituen partez, 5 eta Jesukristoren partez, zein baida lekhuko fidela, hilletarikako lehen iaioa, lurreko erregeen prinzea, zeiñek maitatu izan baigaitu eta garbitu izan baigaitu gure bekhatuetarik bere odolean 6 eta egin izan baigaitu Jainko bere Aitaren erresuma eta aphez; hari dagoko gloria eta nausitasuna mendetako mendeetan, amen.

        7 Huna non heldu den hedoipean. Ikusiko dute begi guziek, bai eta zilhatu izan dutenek ere, eta lurreko populu guziek auhenak egiñen dituzte haren gaiñean. Bai, hala izanen da. 8 Ni naiz alfa eta omega, hastapena eta akhabantza, diotsa Jainko Jaunak, «denak, zenak eta ethorri behar duenak», guziz botheretsuak.

        9 Ni Joanes, zuen anaia eta zuen parzunera behazunean, erresuman eta pairagunean Jesukristo baithan, nintzen Patmos daritzan irlan Jaunaren hitza gatik eta Jesukristori lekhukotasuna errendatzea gatik. 10 Nintzen izan Izpirituaz altxatua igande egun batez eta nuen aditu ene gibeletik boz handi bat klaroin batena bezala, 11 ziotsana: «Ikusten duzuna eskriba zazu liburu batean, eta igorrozute zazpi Eliza Asian direnei, Efesan, Esmirnan, Pergaman, Thiatiren, Sardisen, Filadelfian eta Laodizean».

        12 Itzuli nintzen ikusteko zer zen niri mintzo zitzaitan boza eta itzuli eta, ikusi nituen zazpi kandeler urrezko. 13 Eta zazpi kandeler urrezkoen erdian ikusi nuen Gizonaren Semea iduri zuen bat, arropa luze batez bestitua eta bulharren gaiñean gerrikatua urrezko gerriko batez. 14 Haren burua berriz eta haren illeak ziren xuri lana xurla bezala eta elhurra bezala, eta haren begiek distiatzen zuten suaren kharrak bezala. 15 Haren oiñek baziduriten kobre fina labe gori batean denean bezala, eta haren boza ur handi batzuen habarrotsaren pare zen. 16 zituen bere eskuiñeko eskuan zazpi izar, eta haren ahotik bi ahotako ezpata zorrotz bat zen ilkhitzen, eta haren bisaia bain zen distianta nola iguzkia bere indarrean.

        17 Ikusi nuen bezain sarri, erori nintzen haren oiñetarat hilla bezala; bainan ibeni zuen bere eskuiñeko eskua ene gaiñean, erraten zarotalarik: «Ez duzula beldurrik, ni naiz lehena eta azkena 18 eta bizi naizena. Izan naiz hilla, bainan orai bizia naiz mendetako mendeetan, eta nik ditut heriotzearen eta ifernuaren gakhoak. 19 Eskriba zatzitzu, beraz, ikusi ditutzun gauzak eta direnak, eta bai haukien ondoan ethorri behar direnak. 20 Huna misterioa ene eskuiñeko eskuan ikusi ditutzun zazpi izarrena eta zazpi kandeler urrezkoena. Zazpi izarrak dire zazpi Elizetako aingeruak, eta zazpi kandelerak dire zazpi Elizak.

 

II. KAP.

        1 Efesiako Elizaren aingeruari eskriba diozazu: Huna zer dioen zazpi izar bere eskuiñeko eskuan daduzkanak, zazpi kandeler urrezkoen erdian dabillanak. 2 Badakizkit zure egitateak, zure nekheak eta zure pairakortasuna. Badakit ezin jasan detzaketzula gaixtoak, frogatu ditutzula apostoluak direla diotenak eta ez direnak, eta gezurti aurkhitu ditutzula; 3 pairakor zarela, jasan ere duzula ene izena gatik eta ez zaitzula gogoa faltatu. 4 Ordean badut iroi bat zuri egiteko, zein baida utzi duzula zure lehenbiziko karitatea. 5 Orhoit zaite, beraz, nondik erori zaren eta egizu penitentzia; eta har zatzitzu zure lehenbiziko egitateak; bertzela sarri heldu natzaitzu eta khenduko dut zure kandelera bere lekhutik, baldin penitentzia egiten ez baduzu. 6 Baiñan hau baduzu: higin baiditutzu Nikolaiten egitateak, zeiñak neronek ere higin baiditut. 7 Beharriak dituenak adi beza zer erraten daroen Izpirituak Elizei: garaitzen duenari emanen diot jaterat bizitzearen arbolako fruitutik, zein baida ene Jainkoaren paradisuan.

        8 Esmirnako Elizaren aingeruari ere eskriba diozazu: Huna zer dioen lehen eta azken denak, billa izan denak eta bizi denak. 9 Badakit zure behazuna eta zure pobrezia, baiñan aberats zare eta belzten zaituzte bere erasia gaixtoez judutar erraten diren batzuk eta ez direnek, aitzitik Satanen sinagoga direnek. 10 Ez zaitezela izi sofrituko ditutzunez. Sarri ezarriko ditu deabruak zuetarik zenbeit presondegian, frogatuak izan zaiteztentzat, eta izanen duzue pairatzeko hamar egunez. Zaren leial heriotzeraiño eta emanen darotzut bizitzearen khoroa. 11 Beharriak dituenak adi beza zer erraten daroen Izpirituak Elizei: garaituko duena ez da zaurthua izanen bigarren heriotzeaz.

        12 Pergamako Elizaren aingeruari eskriba diozazu. Huna zer dioen ezpata bi aldetarik zorrotza darabillanak: 13 Badakit nola zaudezen Satanen thronua den tokian, badadukazula ene izena eta ez duzula ukhatu izan ene fedea, Antipes ene lekhuko fidelak heriotzea pairatu izan duenean zuen artean, non egoten baida Satan, eta han. 14 Ordean zerbeit gauza aphur badut zure kontra: zer baiditutzu hor Balaamen dotrina atxekitzen dutenak, zeiñek irakasten baitzioen Balak-i aurizkitzeko harriak ezartzen Israelgo umeen aitzinean, jan zezatentzat eta lohikerian eror zitezentzat: 15 Hala baditutzu zuk ere Nikolaiten dotrina atxekitzen dutenak. 16 Halaber penitentzia egizu: bertzela sarri heldu natzaitzu, eta gudukatuko naiz hekien kontra ene ahoko ezpatarekien. 17 Beharriak dituenak adi beza zer erraten daroen Izpirituak Elizei: garaitzen duenari emanen diot mana gordea dena, eta emanen ere diot harri xuri bat, eta harri hartan izen berri bat eskribatua nihork ez dakiena, errezibitzen duenak baizen.

        18 Thiatirako Elizaren aingeruari berriz, eskriba diozazu: Huna zer dioen Jainkoaren Semeak, begiak suaren kharra bezala dituenak, eta oiñak kobra fina iduri dutenak: 19 Badakizkit zure egitateak, zure fedea, zure karitatea, pobreez dadukazun artha, zure pairagunea eta zure azkeneko obrek ixitzen dituztela lehenbizikoak. 20 Ordean badut zerbeit gauza aphur zure kontra: zeren uzten baiduzu Jesabel, bere burua profetatzat egiten duen emaste hark, irakats dezan eta engana detzan ene zerbitzariak, erorarazitzeko hek lohikerian eta idolei sakrifikatuak diren gauzetarik hei janarazitzeko. 21 Eman izan diot denbora penitentzia egiteko, eta ez zaio nahi urrikitu bere lohikeriaz. 22 Sarh etzanaraziko dut ohean, eta adulterioa harekien egin dutenak atsekabe handitan izanen dire, baldin penitentzia egiten ez badute bere obra gaixtoez. 23 Haren umeak hillen ditut heriotzez, eta ezagutuko dute Eliza guziek ni naizela zundatzen ditudana gelzurriñak eta bihotzak; eta zuetarik batbederari emanen diot bere lanen arauera.

        Zuei ordean erraten darotzuet, zuei 24 eta gaiñerako Thiatiran zaretenei eta doktrina horri ez darraizten guziei, eta Satanen barrentasunak, erraten duten bezala, ezagutzen ez dituztenei: Ez dut ezarriko bertze kargarik zuen gaiñean. 25 Guziarekien ere duzuenari atxekozue nathorren artean. 26 Garaituko duenari eta azkeneraiño ene obrak begiratuko dituenari emanen diot bothere nazioneen gaiñean; 27 gobernatuko ditu burdinazko zigor batekien, eta lurrezko baxera batzu bezala xehakatuak izanen dire, 28 nik ere ene Aita ganik bothere hori errezibitu izan dudan bezala; eta emanen diot haiñari goizeko artizarra. 29 Beharriak dituenak adi beza zer erraten daroen Izpirituak Elizei.

 

III. KAP.

        1 Eskriba diozazu Sardiseko Elizaren aingeruari ere: Huna zer dioen Jainkoaren zazpi izpirituak dituenak eta zazpi izarrak. Badakizkit zure egitateak; izena duzu bizi zarela eta hilla zare. 2 Zaren atzarria eta borthitzatzitzu hiltzerat dohazenak, ezen ez ditut aurkhitzen zure egitateak betheak ene Jainkoaren aitzinean. 3 Idukazu, bada, gogoan errezibitu izan duzuna ete entzun duzuna, eta begira zazu eta egizu penitentzia; ezen atzarria ez bazaude, ethorriko natzaitzu ohoin bat bezala, eta ez duzu jakiñen zer orenez ethorriko natzaitzun. 4 Hala ere bada, baditutzu Sardisen zenbeit presuna bere jaunzkurak lizundu ez dituztenak, eta hek dire ibilliko enekien arropa xuritan, zeren merezi baidute. 5 Garaituko duena horla izanen da bestitua arropa xuriz, eta ez dut unatuko haren izena bizitzearen liburutik, eta aithortuko dut haren izena ene Aitaren aitzinean, eta haren aingeruen aitziñean. 6 Beharriak dituenak adi beza zer erraten daroen Izpirituak Elizei.

        7 Filadelfiako Elizaren aingeruari eskriba diozazu: Huna zer dioen Sainduak eta egiatiak, zeiñek baidu Dabiden gakhoa, zeiñek idekitzen baidu eta nihork ez zarratzen, zeiñek zarratzen baidu eta nihork ez idekitzen. 8 Badakizkit zure egitateak. Eman darotzut zure aitziñean athe bat idekia, zeiña nihork ezin hers baidezake; zeren indar aphurra baiduzu, eta begiratu izan baiduzu ene hitza eta ez baiduzu ukhatu ene izena. 9 Emanen darozkitzut sarri zenbeit Satanen sinagogatikakoak, juduak direla erraten dutenak eta ez baidire; baiñan gezurra erraten baidute, sarri erakharriko ditut zure oiñetan ahozpez jartzerat, eta jakinen dute maite zaitudala. 10 Zeren begiratu izan duzun ene errana pairagunearen gaiñean, nik ere begiratuko zaitut zu tentazionearen orenetik, zein ethorriko baida mundu guziaren gainerat lurrean daudenen frogatzerat. 11 Ethorriko naiz sarri. Atxekozu duzunari, bertze nihork har ez dezan zure khoroa. 12 Garaituko duenaz eginen dut harroin bat ene Jainkoaren tenpluan eta kanporat ez da ilkhiko gehiago, eta eskribatuko dut haren gaiñean ene Jainkoaren izena eta ene Jainkoaren hiriaren izena, Jerusalem berriarena, zerutik ene Jainkoa ganik jausten denarena, eta ene izen berria. 13 Beharriak dituenak adi beza zer erraten daroen Izpirituak Elizei.

        14 Eskriba diozazu Laodizeako Elizaren aingeruari ere: Huna zer dioen egia bera denak, lekhuko fidelak eta egiatiak, zein baida Jainkoak kreatu dituenen ethorkia. 15 Badakizkit zure egitateak; ez zarela ez hotz, ez bero. Oxala hotza baziñe edo beroa. 16 Baiñan zeren ephela zaren eta ez zaren ez hotza ez beroa, okhatuko zaitut ene ahotik, 17 baidiozu: Aberats naiz eta ontasunez gaindi egina eta ez dut deusen peiturik. Eta ez dakizu onbehar zarela eta urrikalkizun, pobre eta itsu eta bulhuzgorri. 18 Konseillatzen zaitut erosteaz ene ganik suan frogaturikako urrea, aberasteko eta arropa xuriak jaunzteko eta zure bulhuztasun ahalkagarria estaltzeko, eta kollirio bat begien gaiñean emateko ikus dezazun gatik. 19 Nik maite ditudanak erreprenitzen ditut eta gastigatzen; irazakazu beraz zure zeloa eta egizu penitentzia. 20 Huna, athean nago eta jotzen dut; baldin norbeitek aditzen badu ene boza eta idekitzen badarot athea, sarthuko naiz haren ganat eta afalduko naiz harekien eta hura ere enekien. 21 Garaituko duena jarraraziko dut enekien neure thronuan, neroni ere garai izanik jarri izan naizen bezala ene Aitarekien haren thronuan. 22 Beharriak dituenak adi beza, zer erraten daroen Izpirituak Elizei».

 

IV. KAP.

        1 Horien ondoan behatu nuen eta ikusi nuen athe bat idekia zeruan; eta lehenbiziko boza aditu nuenak tronpeta batena bezala mintzo zitzaitala erran zarotan: «Igan zaite hunat eta erakutsiko darozkitzut haukien ondoan arribatu behar diren gauzak». 2 Eta betbetan eramana izan nintzen Izpirituz, eta berehala ikusi nuen thronu bat ezarria zeruan eta norbeit jarria thronu haren gaiñean. 3 Eta jarria zegoenak iduri zuen jaspa harria eta sardanioa, eta thronua zen inguratua holtzadar batez esmaragda zidurienaz. 4 Thronuaren inguruan ziren hogoi eta laur bertze thronu, eta thronu hetan hogoi eta laur zahar jarriak, arropa xuriz bestituak, buruen gaiñean zituztela urrezko khoroak. 5 Thronutik ilkhitzen ziren xismistak, bozak eta ihurziriak, eta ziren thronuaren aitziñean zazpi lanpa irazakiak, zein baidire Jainkoaren zazpi Izpirituak. 6 Thronuaren aitziñean zen berinazko itsaso bat bezala, kristailla ziduriena; eta thronuaren erditsuan eta inguruan ziren laur animalia begiz betheak aitzin gibeletan. 7 Lehenbiziko animaliak lehoiña zidurien, bigarrenak iduri zuen xahala, hirur garrenak zuen bisaia gizonarena bezalakoa, eta laurgarrenak zidurien arrano bat hegaldaka dabillana. 8 Laur animaliek zuten bakhotxak seira hegal, betheak ziren begiz inguruan eta barrenean, eta ez ziren gelditzen gau eta egun erratetik: «Saindu, Saindu, Saindu da Jainko Jaun guziz botheretsua, zena eta dena eta ethorriko dena».

        9 Eta animalia hek ematen ziotenean gloria eta ohore benedizionerekien thronuan jarria zegoenari, mendetako mendetan bizi denari, 10 arthikitzen zituzten bere buruak hogoi eta laur zaharrek thronuan jarria zegoenaren aitzinean eta adoratzen zuten mendetako mendetan bizi dena, eta etxatzen zituzten bere khoroak thronuaren aitziñean, ziotelarik: 11 «Merezi duzu, o gure Jainko Jauna, errezibitzea gloria, ohore eta bothere, zeren zuk kreatu izan baiditutzu gauza guziak, eta kure nahia gatik baidiraute eta kreatuak izan baidire».

 

V. KAP.

        1 Orduan ikusi nuen thronuaren gaiñean jarria zegoenaren eskuiñeko eskuan liburu bat eskribatua barnetik eta kanpotik, zigillatua zazpi zigilluz. 2 Eta ikusi nuen aingeru bat bothere handitakoa deiagoraz erraten zuena: «Nor da gai idekitzeko liburua eta khentzeko horren zigilluak?». 3 Baiñan nihork ez zeruan, ez lurraren gaiñean, ez lurraren azpian ezin idek zezaken liburua, ez eta hartarat beha ere zezaken. 4 Eta ni urtzen hari nintzen nigarretan, zeren nihor ez zen aurkhitu gai zenik liburuaren idekitzeko, ez eta ere hari behatzeko.

        5 Orduan zaharretarik batek erran zarotan: «Ez dezazula egin nigarrik. Huna Judaren leiñutikako lehoina, Dabiden urthamea, zeiñek ardietsi baidu bere biktoriaz liburua idekitzeko botherea eta khentzeko haren zazpi zigilluak». 6 Behatu nuen eta ikusi nuen thronuaren eta laur aliamalien erdian eta zaharren erdian bildots bat hilla izana bezala, xutik zegoena eta zituena zazpi adar eta zazpi begi, zein baidire Jainkoaren zazpi Izpirituak mundu guzirat igorriak. 7 Ethorri zen eta hartu zuen liburua thronuan jarria zegoenaren esku eskuiñetik; 8 eta ideki izan zuenean liburua, laur animaliak eta hogoi eta laur zaharrak erori ziren ahuzpez bildotsaren aitziñean, zituztelarik guziek harpak eta urrezko anpoillak urriñ onez beheak, zein baidire sainduen othoitzak. 9 Eta zuten kantatzen kantiko berri bat, ziotelarik: «Digne zare, Jauna, hartzeko liburua eta haren zazpi zigilluak idekitzeko, zeren hillarazia izan baitzare eta erresketatu izan baigaitutzu Jainkoarentzat zure odolaz leiñu guzietarik, lengoia guzietarik, populu eta nazione guzietarik; 10 eta are egin izan baigaitutzu errege eta aphez gure Jainkoarentzat; eta erregiñatuko ere dugu lurraren gaiñean».

        Behatu nuen oraiño eta aditu nuen hainitz aingeruen boza thronuaren inguruan eta animalien eta zaharren inguruan; eta millaka eta millionka ziren, 12 zeiñek erraten baitzuten oihu goraz: «Digne da hillarazia izatu den bildotsa errezibi dezan botherea, Jainkotasuna, zuhurtzia, indarra, ohorea, gloria eta benedizionea». 13 Eta zeruan, lurraren gaiñean eta lurraren azpian diren kreatura guziak eta itsasoan direnak, eta bai hetan diren guziak aditu nituen erraten: «Thronuan jarria dagoenari eta bildotsari dagokote benedizione, ohore, gloria eta bothere mendetako mendetan». 14 Eta laur animaliek erraten zuten: «Amen». Eta hogoi eta laur zaharrak erori ziren bere bisaien gaiñerat eta adoratu zuten mendetako mendetan bizi dena.

 

VI. KAP.

        1 Ondoan ikusi nuen ideki zuela bildotsak zazpi zigilluetarik bat, eta aditu nuen laur animalietarik bat erraten ihurzuriaren pareko boz batekien: «Zato eta ikusazu». 2 Denbora berean ikusi nuen betbetan agertzen zaldi zuri bat, eta haren gaiñean jarria zenak zuen arbalesta bat, eta eman zitzaioen khoroa bat, eta abiatu zen Biktoria biktoriaren gaiñean eramaten dohan biktorios bat bezala.

        3 Ideki zuenean bigarren zigillua, aditu nuen bigarren animalia erraten: «Zato eta ikusazu». 4 Ordu berean ilkhi zen bertze zaldi bat gorria, eta haren gaiñean jarria zenari eman zitzaioen botherea eramateko bakea lurretik, eta egiteko gizonek elkhar hill zezaten; eta eman zitzaioen ezpata handi bat.

        5 Ideki zuenean hirurgarren zigillua aditu nuen hirurgarren animalia erraten: «Zato eta ikusazu». Ordu berean agertu zen zaldi beltz bat, eta haren gaiñean jarria zenak zuen balentza bat bere eskuan. 6 Eta aditu nuen boz bat laur animalien erditik bezala erraten zuena: «Lakha bat ogi kornadu batean, eta hirur lakha garagar kornadu batean. Ez diozazutela egin kalterik mahats arnoari eta olioari».

        7 Ideki izan zuenean laurgarren zigillua, aditu nuen laurgarren animaliaren boza, zeiñak erraten baitzuen: «Zato eta ikusazu». 8 Denbora berean ikusi nuen zaldi ferdats bat, eta haren gaiñean jarria zenak zuen izena Herioa eta ifernua ondotik zarraioen; eta eman zitzaioen botherea lurraren laur parteen gaiñean, hillarazitzeko gizonak ezpataz, gosetez, heriotzez eta lurrean diren bestiez.

        9 Ideki izan zuenean bortzgarren zigillua, ikusi izan nituen aldarearen azpian Jainkoaren hitza gatik eta hari lekhukotasuna errendatzea gatik heriotzea pairatu izan zutenen arimak. 10 Eta deiagoraz zeudezen erraten zutelarik: «Noiz artean, Jauna, saindua eta egiatia zarena, egonen zare justizia egin gabe eta bendekatu gabe gure odola lurrean daudezenen gaiñean?». 11 Eta eman zitzaien guziei arropa xuri bana, eta erran zitzaien idurik zezatela errepausuan oraiño denbora guti bat, konpli zedin artean hek bezala Jainkoaren zerbitzari direnen nonbrea eta hekien anaia hek bezain ungi heriotzea pairatu behar zutenena.

        12 Ikusi nuen halaber, ideki zuenean seigarren zigillua, lur ikharatze handi bat egiten zela; iguzkia egin zen beltz sakhu illezko bat bezala, ilhargia berriz egin zen guzia odola bezala. 13 Eta izarrak erori ziren zerutik lurraren gaiñerat, fiko ondo batek, haize handi batez higitua denean, bere fiko sasoatu gabeak erortzerat uzten dituen bezala. 14 Zerua goan zen liburua itzulikatu bat bezala, eta mendi guziak eta irlak higitu ziren bere lekhuetarik; 15 eta lurreko erregeak, prinzeak, gerlako ofizialeak, aberatsak, botheretsuak eta gizon guziak, ala esklaboak ala libro zirenak, gorde ziren lezeetan eta mendietako arroketan, 16 eta erran zaroen mendiei eta arrokei: «Eror zaitezte gure gaiñerat eta geriza gaitzatzue thronuaren gaiñean jarria dagoenaren bistatik eta bildotsaren koleratik, 17 zeren ethorri baida hekien irakiduraren egun handia. Eta nork iraun dezake hekien aitziñean?».

 

VII. KAP.

        1 Haukien ondoan ikusi nituen laur aingeru turraren laur kantoinetan, itxekitzen zituztela lurreko laur haizeak, egin ez zezatentzat haizerik lurraren gaiñerat, ez itsasoaren gaiñerat eta ez arbola baten gaiñerat ere. 2 Ikusi nuen oraiño bertze aingeru bat igaten zela iguzki jaikitzetik, zakharkela Jainko biziaren seiñalea; eta deiagora egin zaroen lurrari eta itsasoari, kalte egiteko botherea zuten laur aingeruei, 3 erraten zuelarik: «Ez diozazuela egin kalterik lurrari ez itsasoari eta ez arbolei, seiñalatu dituzkegun artean gure Jainkoaren zerbitzariak bere bekhokietan». 4 Eta aditu izan nuen ere seiñalatuen nonbrea zela ehun eta berrogoi eta laur millena Israelgo umeen leiñu guzietarik.

        5 Judaren leiñutik ziren hamabi milla seiñalatuak; Rubenen leiñutik hamabi milla seiñalatuak; Gad-en leiñutik hamabi milla seiñalatuak; 6 Aser-en leiñutik hamabi milla seiñalatuak; Nepthaliren leiñutik hamabi milla seiñalatuak; Manaseren leiñutik hamabi milla seiñalatuak; 7 Simeonen leiñutik hamabi milla seiñalatuak; Lebiren leiñutik hamabi milla seiñalatuak; Isakaren leiñutik hamabi milla seiñalatuak; 8 Zabulon-en leiñutik hamabi milla seiñalatuak; Josefen leiñutik hamabi milla seiñalatuak; Benjaminen leiñutik hamabi milla seiñalatuak.

        9 Ondoan ikusi nuen tropela handi bat nihork ezin konda zezakena, nazione guzietarik, leinu guzietarik, populu guzietarik eta lengoaia guzietarik, xutik zeudezela thronuaren aitziñean eta bildotsaren aitziñean, bestituak arropa xuriz eta palmak bere eskuetan zituztelarik. 10 Eta oihu goraz zeudezen, erraten zutelarik: «Eman bekio gloria gure Jainkoari, zein jarria baidago thronuaren gaiñean, eta bildotsari, zeren hark salbatu baigaitu». 11 Eta aingeru guziak zeudezen xutik thronuaren eta zaharren eta laur animalien inguruan; eta ahozpez jarririk thronuaren aitziñean, adoratu zuten Jainkoa, 12 ziotelarik: «Amen. Gure Jainkoari dagoka benedizionea, gloria, zuhurtzia, esker ona, ohorea, botherea eta indarra mendetako mendetan. Amen».

        13 Orduan zaharretarik batek hitza harturik, erran zarotan: «Arropa xuriz bestituak diren horiek nor dire eta nondik ethorriak dire?». 14 Ihardetsi nioen: «Jauna, zuk dakizu». Eta erran zarotan: «Horiek dire aflikzione handiak pairaturik heldu direnak, eta bere arropak garbitu izan dituztenak eta xuritu bildotsaren odolean. 15 Hargatik dire Jainkoaren thronuaren aitziñean eta dute hura zerbitzatzen gau eta egun bere tenpluan; eta thronuan jarria dagoena egonen da horien gaiñean. 16 Ez dire gosetuko ez egarrituko gehiago, eta ez iguzkiak ez berorik batek ere ez ditu gehiago nekhatuko, 17 zeren thronuaren erdian den bildotsa izanen baida horien artzaiña, eta eramanen baiditu ur bizizko ithurrietarat eta xukatuko baiditu Jainkoak nigar guziak horien begietarik».

 

VIII. KAP.

        1 Ideki zuenean Bildotsak zazpi garren zigillua, guziak egon ziren ixillik zeruan oren erdi batez hurren. 2 Eta ikusi nituen zazpi aingeru Jainkoaren aitziñean daudezenak, eta eman zitzaizten zazpi tronpeta. 3 Orduan ethorri zen bertze aingeru bat eta egon zen aldarearen aitziñean urrezko inzensario bat zadukala, eta eman zitzaizkon hainitz urrin on suerte, ofrenda zitzantzat saindu guzien othoitzak Jainkoaren thronuaren aitziñean den aldare urrezkoaren gaiñean. 4 Eta igan zen sainduen othoitzez eginikako inzensuen khea aingeruen eskutik Jainkoaren aitziñerat.

        5 Ondoan hartu izan zuen aingeruak inzensarioa eta bethe zuen aldareko sutik, eta arthiki zuen lurraren gaiñerat, eta egin ziren ihurtzuriak, bozak eta xismistak eta lur ikharatze handi bat. 6 Orduan zazpi aingeru zazpi tronpetak zituztenak preparatu ziren tronpeta jotzerat.

        7 Lehenbiziko aingeruak tronpeta jo zuen; eta erori izan zen lurrerat babazuza eta sua odolez nahastatua, eta lurraren eta arbolen heren partea errea izan zen eta belhar ferde guzia xizkortua.

        8 Bigarren aingeruak jo zuen tronpeta eta mendi handi sutan zen bat bezala erori zen itsasorat, eta itsasoaren heren partea egin zen odol. 9 Eta itsasoan bizi diren kreaturen heren partea hill izan zen, eta untzien heren partea galdu.

        10 Hirur garren aingeruak jo zuen tronpeta, eta izar handi bat suz irazakia, zuzia bat bezala, erori zen zerutik ibaien heren partearen gaiñerat eta ithurrien gaiñerat. 11 Izar hark zuen izena Azenzioa, eta uren heren partea ganbiatu baitzen azenziotarat, gizonetarik hainitz hill izan ziren ur hetarik edanik, zeren kharmindu izan baitziren urak.

        12 Laur garren aingeruak jo zuen tronpeta, eta joa izan zen iguzkiaren heren partea eta ilhargiaren heren partea eta bai izarren heren partea; halako moldez, non ilhundu izan baitzen hekien heren partea eta egunak galdu izan baitzuen bere argiaren heren partea, eta gauak ere bai orobat.

        13 Orduan ikusi nuen eta aditu nuen arrano baten boza, zeruaren erditik hegaldaka zohanarena, zeiñek erraten baitzuen oihugoraz: «Zorigaitz, zorigaitz, zorigaitz lurrean daudezenei, tronpeta jo behar duten bertze hirur aingeruak erraterat dohazenaren ariaz».

 

IX. KAP.

        1 Bortzgarren aingeruak jo zuen tronpeta eta ikusi nuen izar bat zerutik erori zena lurrerat eta eman zitzaion lezeko putzuaren gakhoa. 2 Ideki zuen lezeko putzua, eta altxatu zen putzutik khe bat labe handi batetako khea bezalakoa; eta ilhundu ziren iguzkia eta airea putzuko kheaz. 3 Eta putzuko khetik ilkhi ziren larrepota batzu, zein barraiatu baitziren lurraren gaiñerat eta eman zitzaien bothere bat lurreko eskorpionek duten bezalakoa; 4 eta exlejitu izan zitzaien, ez ziozatela egin kalterik lurreko belharrari, ez ferde ziren garabei, eta ez arbolei ere; baizen xoilki Jainkoaren seiñalea bere bekhokietan izanen ez zuten gizonei. 5 Eta eman zitzaien botherea ez hek hiltzekoa, baiñan tormentatzekoa bortz ilhabetez; eta hek sofriarazitzen duten tormenta eskorpionak gizona zilhatzen duenean egiten ohi duena bezalakoa da. 6 Denbora hartan bilhatuko dute gizonek herioa, eta ez dute aurkhituko; desiratuko dute hiltzea, eta ihesi goanen zaie herioa.

        7 Larrepota hekien figura, bada, zen zaldi gudukotzat preparatu batzuen idurikoa. Bere buru gaiñetan zituzten khoroa batzu bezala, urrezkoak ziduritenak, eta hekien bisaiak ziren gizonen bisaiak bezalakoak. 8 Illeak zituzten emasteen illeak bezalakoak, eta hekien hortzak ziren lehoiñenak bezalakoak. 9 Bazituzten halakreta batzu burdinazko halakretak bezalakoak, eta hekien hegalen habarrotsa zen hainitz zaldi gudurat lauster egiten dutenetako xarriotena bezalakoa. 10 Buztanak zituzten eskorpionenak bezalakoak, eta eztenak ere bazituzten buztanetan; eta bazuten bothere gizonei kalte egiteko bortz ilhabetez. 11 Eta zuten bere gaiñeko erregetzat Leze hosiñeko Aingerua, hebraikoz daritzana Abadon, grekez berriz Apollion, erran nahi baida Galtzaillea. 12 Lehenbiziko zorigaitz hori iragan da, eta huna bertze bia oraiño ondotik heldu direnak.

        13 Seigarren aingeruak jo zuen tronpeta eta aditu nuen boz bat Jainkoaren begien aitziñean den aldare urrezkoaren laur kantoinetarik ilkhitzen zena, 14 ziotsana tronpeta zuen seigarren aingeruari: «Lexa zatzitzu Eufrateko ibaia handiaren gaiñean estekatuak daudezen laur aingeruak».

        15 Berehala lexatuak izan ziren laur aingeruak, zeiñak preparatuak baitzeudezen orenaren, egunaren, ilhabethearen eta urthearen begira, hiltzeko gizonen heren partea. 16 Eta zaldizko armadaren kontua zen berrehun millionetakoa; aditu nuen ezen erraten hekien nonbrea. 17 Eta huna nola ikusi izan nituen zaldiak bisionean: Hekien gaiñean jarriak zirenek zituzten halakreta suzkoak, hyazintazkoak eta sufrezkoak, eta zaldien buruak ziren lehoiñen buruak bezalakoak; eta hekien ahotik sua eta khea eta sufrea ziohan. 18 Eta hirur plaga horietaz, erran nahi da, hekien ahotik ilkhitzen zen suaz, kheaz eta sufreaz, hilla izan zen gizonen heren partea. 19 Zaldi hekien botherea ezen hekien ahoetan da eta hekien bustanetan; zeren hekien bustanak sugeenak bezalakoak baidire, buruak dituztenak, eta hetaz dute ere zaurtzen. 20 Eta bertze gaiñerako gizon plaga horietaz hillak izan ez zirenak ez ziren jarri ere urrikitan bere eskuezko obrez, ez gehiago adoratzeko deabruak eta urrezko, zilharrezko, kobrezko, harrizko eta zurezko idolak, zeiñek ezin baidezakete ez ikus, ez adi, eta zeiñ ezin ibill ere baidaitezke. 21 Eta ez zuten egin penitentzia bere gizon hiltzez, ez bere pozoatzekeriez, ez bere lohikeriez, ez bere ohoinkeriez.

 

X. KAP.

        1 Ikusi nuen berriz bertze aingeru bat indar handitakoa jausten zela, zerutik hedoi batez inguratua eta holzadar bat buruaren gaiñean zuena; haren bisaia iguzkia bezala zen eta haren oiñak ziren suzko harroiñak bezala. 2 Zuen bere eskuan liburutto bat idekia eta ezarri zuen bere eskuiñeko oiña itsasoaren gaiñean, ezkerrekoa berriz lurraren gaiñean. 3 Eta egin zuen oihu gora bat lehoinaren orroa bezalakoa, eta hark oihu egin zuenean, zazpi ihurtzurik adiarazi zituzten bere bozak. 4 Eta zazpi ihurtzuriek adiarazi zituztenean bere bozak, ni eskribatzerat nindohan, baiñan aditu nuen boz bat zerutik erraten zarotana: «Zigilla zatzitzu zazpi ihurtzurien erranak eta ez detzatzula eskriba». 5 Orduan itsasoaren eta lurraren gaiñean xutik zegoela ikusi izan nuen aingeruak altxatu zuen eskua zerurat; 6 eta juramentu egin zuen mendetako mendetan bizi denaz, zeiñek kreatu izan baiditu zerua eta zeruan diren guziak, lurra eta lurrean diren guziak, itsasoa eta itsasoan diren guziak, denborarik ez zela izanen gehiago, 7 baiñan zazpi garren aingeruak bere boza adiaraziko zuken egunean eta tronpeta jonen zukenean, akhabatuko zela Jainkoaren misterioa, bere zerbitzari profetez deklaratu izan duen bezala.

        8 Eta aditu nuen zerutikako boza berriz ere mintzo zitzaitala eta erraten zarotala: «Zohaz eta har zazu liburu idekia itsasoaren eta lurraren gaiñean xutik dagoen aingeruaren eskutik». 9 Joan nintzen aingerua ganat eta erran nioen eman ziezadala liburua, eta erran zarotan: «Har zazu liburua eta irets zazu; kharminduko du zure sabela, baiñan zure ahoan gozo izanen da eztia bezala». 10 Hartu nuen bada liburua aingeruaren eskutik eta iretsi nuen, eta zen ene ahoan eztia bezain gozo; ordean iretsi izan nuenean, kharmindu zen ene sabela. 11 Orduan erran zarotan: «Berriz ere behar diozute profetisatu nazioneei, populuei, lengoaia diferentetako gizonei eta hainitz erregeri».

 

XI. KAP.

        1 Eman zarotedan gero kanabera bat haga bat bezalakoa eta erran zarotedan: «Altxa zaite eta neurth zazu Jainkoaren tenplua eta aldarea; neurtzatzitzu han adoratzen dutenak ere. 2 Tenpluaren kanpoko aldea ordean utzazu eta ez dezazula neurt, zergatik utzi baitzaie hura jentillei eta hiri saindua ostikatuko dute berrogoi eta bi ilhabethez. 3 Baiñan emanen daroet mezua ene bi lekhukoei, eta profetisatuko dute milla eta berrehun eta hirur hogoi egunez sakhuz bestituak. 4 Hauk dire bi azitun ondo eta bi kandeler lurraren Jaunaren aitziñean daudezenak. 5 Baldin nihork hei gaixkirik egin nahi badaroe, su bat ilkhiko da hekien ahotik, hekien etsaiak iretsiko dituena; eta baldin nihork hei kalterik egin nahi badaroe, horla beharko du haiñak hilla izan. 6 Hauk badute botherea zarratzeko zerua, uririk egin ez dezantzat hek profetisatuko duketen denboran; eta badute botherea ganbiatzeko urak odoletarat eta jazartzeko lurrari plaga suerte guziez nahiko duten guzian.

        7 Eta akhabatuko duketenean bere lekhukotasuna, leze barnetik igaten den bestiak eginen du gerla hekien kontra; garaituko ditu eta hillen ditu. 8 Eta hekien gorphutzak egonen dire etzanak hiri handiko karriketan, zein deitzen baida izpiritualki Sodoma eta Ejiptoa, zeinetan gurutzefikatua izan baida hekien Jauna ere. 9 Eta ikusiko dituzte leiñu guzitako, populu guzitako,lengoaia guzitako, nazione guzitako jendeek hekien gorphutzak hirur egun eta erdiz, eta ez dituzte utziko ezartzerat sepulturan. 10 Lurreko habitantak boztuko dire hekien heriotzeaz; alegerantziak egiñen dituzte eta presentak igorriko darozte elkharri, zeren bi profeta hek tormentatu izan baidituzkete lurraren gaiñean zeudezenak».

        11 Baiñan hirur egunen eta erdiren buruan bizitzezko Izpiritua sarrarazi zuen Jainkoak hekien baithan; altxatu ziren xutik bere oiñen gaiñean, eta hek ikusi izan zituztenak sesituak izan ziren izialdura handi batez. 12 Orduan aditu izan zuten boz handi bat zerutik hei erraten zaroena: «Igan zaitezte hunat» eta igan ziren zerurat hedoipe batean, bere etsaiek ikusten zituztela. 13 Ordu hartan berean egin zen lur ikharatze handi bat eta hiriaren hamargarren partea erori izan zen, eta hill izan ziren lur ikharatze hartan zazpi milla gizon; bertze gaiñerakoak izitu ziren, eta eman zioten gloria zeruko Jainkoari. 14 Bigarren zorigaitza goan da; eta horra hirurgarrena non heldu den.

        15 Zazpi garren aingeruak jo zuen tronpeta eta aditu izan ziren zeruan boz handi batzu ziotenak: «Iragan da mundu huntako Erresuma gure Jauna ganat eta haren Kristo ganat, eta erregiñatuko du mendetako mendetan. Amen».

        16 Denbora berean hogoi eta laur zaharrak, Jainkoaren aitzinean bere kadiretan jarriak daudezenak, erori ziren ahozpez eta adoratu izan zuten Jainkoa, ziotelarik: 17 «Eskerrak darozkitzugu ematen, Jauna, Jainko guziz botheretsu ziñena, zarena eta ethorri behar zarena, zeren baliatu baitzare zure bothere handiaz eta erregiñatzen baidutzu. 18 Hasarratu dire nazioneak eta ethorri diteke zure koleraren denbora eta golardoa ematekoa zure zerbitzari profetei eta sainduei eta zure izenaren beldurra dutenei, xiperrei eta handiei, eta desegitekoa lurra gaizkoatu dutenak». 19 Orduan ideki izan zen Jainkoaren tenplua zeruan, eta ikusi izan zen haren alientziaren arka haren tenpluan, eta egin ziren xismistak, bozak, lur ikharatze bat eta babazuza handi bat.

 

XII. KAP.

        1 Gauza miragarri bat agertu izan zen zeruan: emaste bat iguzkiaz inguratua, ilhargia bere oiñen azpian zuena eta hamabi izarrezko khoroa bat buruan.

        2 Eta izorra baitzen, heiagoraz zegoen erditzeko minez eta erditzean sentitzen zituen doloreez. 3 Bertze gauza miragarri bat ere ikusi izan zen zeruan: dragoin handi gorri bat zazpi buru zituena eta hamar adar; eta bere buruetan zazpi burute. 4 Bere buztanaz herrestan zaraman zeruko izarren heren partea, eta erorarazi zituen lurrerat, eta dragoin hura gelditu izan zen emazte erdi behar zuenaren aitziñean, erdi zitekenean haren semea irestea gatik. 5 Erdi zen bada seme batez, zeiñek gobernatu beharko baitzituen nazione guziak burdiñazko zigor batekien, eta goratua izan zen haren semea Jainkoa ganat eta haren thronurat. 6 Eta emastea goan zen ihesi deserturat, zeinetan baitzuen gorde lekhu bat Jainkoaz preparatua, han hazia izateko milla eta berrehun eta hirur hogoi egunez.

        7 Egin zen gero gudu handi bat zeruan: Mikael eta bere aingeruak hari ziren guduan dragoiñaren kontra, eta dragoiña ere berriz eta bere aingeruak hari ziren guduan. 8 Ordean hauk izan ziren flakoenak, eta haukientzat tokirik gehiago ez zen aurkhitu zeruan. 9 Eta dragoin handi hura, suge zahar hura, Deabrua deitzen dena eta Satana, mundu guzia enganatzen duena, arthikia izan zen lurrean behera eta haren aingeruak ere arthikiak izan ziren harekien batean.

        10 Eta aditu nuen boz handi bat zeruan ziotsana: «Orainxe da ifinia gure Jainkoaren salbamendua eta indarra eta erresuma eta haren Kristoren botherea, zeren arthikia izan baida gure anaien akusatzaillea, gure Jainkoaren aitziñean gau eta egun hekien akusatzen hari zena. 11 Ordean hek garaitu izan zaizko bildotsaren odolaren ariaz eta haren hitzari errendatu izan dioten lekhukotasunaren ariaz; eta guphidetsi gabe bere biziak, pairatu dute heriotzeraiñokoan. 12 Hargatik bada zaitezte alegera zeruak, eta zuek, hetan zaudeztenak; zorigaitz lurrari eta itsasoari, zeren jautsi izan baida deabrua zuen ganat irakidura handi batez bethea baidaki ezen denbora aphurra duela».

        13 Ikusi izan zuen ondoan dragoiñak egoitzia zela lurrerat, jarraiki zitzaioen seme batez erdi izan zen emasteari; 14 ordean eman zitzaizkon emasteari bi hegal arrano handi batenak, hegalda zedin gatik deserturat bere gorde lekhurat, zeiñetan hazia baida denbora batez, denborez eta denbora erdi batez, sugearen bistatik kanpoan.

        15 Orduan arthiki izan zuen sugeak bere ahotik urez ibaia bat bezala emastearen ondotik, hura bere uretan atzematea gatik. 16 Baiñan lagundu zuen lurrak emastea, ideki zuen bere galtzarbea, eta hurrupatu izan zuen dragoiñak bere ahotik arthiki izan zuen ibaia. 17 Eta hasarraturik dragoiña emastearen kontra, goan zen gerla egiterat haren bertze haurrei, zeiñek begiratzen baidituzte Jainkoaren manamenduak eta zeiñek baidiraute Jesukristori lekhukotasuna errendatzen. 18 Eta gelditu zen itsasoko harearen gaiñean.

 

XIII. KAP.

        1 Eta ikusi nuen itsasotik igaten bestia bat zituena zazpi buru eta hamar adar, eta bere adarren gaiñean hamar diadema, eta bere buruen gaiñean blasfemiozko izenak. 2 Nik ikusi nuen bestiak iduri zuen leoparta bat; haren oiñak ziren hartzaren oiñak bezalakoak; haren ahoa zen lehoiñaren ahoa bezalakoa, eta hari eman zioen dragoiñak bere indarra eta bere bothere handia. 3 Eta ikusi nuen haren buruetarik bat hiltzeraiñokoan zaurthua bezala, baiñan zauri hillgarri hura sendatu zitzaioen eta mundu guzia miretsirik jarreiki zitzaioen bestiari. 4 Adoratu zuten dragoiña, zeiñek eman baitzioen botherea bestiari, eta adoratu zuten bestia ere erraten zutelarik: «Nor da bestiaren pare? eta nor guduka ahal diteke haren kontra?».

        5 Eta eman zitzaion aho bat orgilleriazko hitzak eta blasfemioak erraten zituena; eta eman ere zitzaion botherea gerla egiteko berrogoi eta bi ilhabetez. 6 Ideki zuen bada ahoa blasfematzeko Jainkoaren kontra, blasfematzeko haren izena eta haren tabernaklea eta zeruan daudezenak. 7 Eman ere zitzaion botherea sainduei gerla egiteko eta hek garaitzeko; eta eman zitzaion bothere leiñu guzien gaiñean, populu eta erdara eta nazione guzien gaiñean. 8 Adoratu izan zuten turraren gaiñean daudezen guziek, zeiñen izenak ez baidire eskribatuak munduaren hastean danik hillarazia izatu den bildotsaren bizitzezko liburuan. 9 Baldin nihork badu beharririk, adi dezala. 10 Gathibutasunerat eramanen duena goanen da bera ere gathibutasunerat. Ezpataz hillen duena bera ere ezpataz hilla beharra izanen da. Hemen da sainduen pairagunea eta fedea.

        11 Ikusi nuen oraiño bertze bestia bat lurretik altxatzen zena, eta zituen bi adar bildotsarenak bezalakoak; ordean mintzo zen dragoiña bezala. 12 Eragiten zuen lehenbiziko bestiaren bothere guzia haren begietan, eta adora arazi zaroen lurrari eta han daudezenei lehenbiziko bestia, zeiñaren zauri hillgarria izan baitzen sendatua. 13 Egin zituen prodijio handi batzu, bai halako moldez, non sua jautsarazitzen baitzuen zerutik lurrerat gizonen begietan. 14 Eta balakatu izan zituen lurreko egokiak, bestiaren aitziñean egiteko botherea zuen prodijioen gatik, erraten zaroelarik turraren gaiñean egoten direnei, egin ziozatela imajina bat ezpata kolpea errezibitu izan zuen bestiari eta hala ere bizia zenan. 15 Eman zitzaion ere botherea bestiaren imajinara izpiritua emateko, eta imajina hura mintzaratzitzeko eta bestiaren imajina adoratuko ez zuketen guziak hillaratzitzeko. 16 Obligatuko ere ditu guziak, xiperrak eta handiak, aberatsak eta pobreak, libro direnak eta gathibu direnak, ekhartzerat bestiaren karaktera bere esku eskuiñean edo bekhokian, 17 halako moldez, non nihork ezin erosiko baidu, ez salduko, bestiaren karaktera edo izena edo haren izenaren kontua izanen duenak baizen. 18 Hemenxe da zuhurtzia. Adimendurik duenak konda beza bestiaren kontua; kontua da ezen gizon batena, eta haren kontua da sei ehun eta hirur hogoi eta sei.

 

XIV. KAP.

        1 Behatu nuen eta ikusi nuen Bildotsa xutik zegoela Siongo mendiaren gaiñean, eta harekien ehun eta berrogoi eta laur milla presuna, zutenak haren izena eta haren Aitaren izena eskribatua bere bekhokietan. 2 Eta aditu izan nuen boz bat zerutik ur handi batzuen habarrotsa bezalakoa eta ihurtzuri handi baten habarrotsa bezalakoa; eta nik aditu nuen boz hura zen githarra jotzen hari diren hainitz gitarra joilleen soiñua bezalakoa. 3 Zuten kantatzen kantu berri bat bezala thronuaren aitziñean eta laur animalien eta zaharren aitziñean; eta nihork ezin kanta zezaken kantu hura, baizen ehun eta berrogoi eta laur milla hek, zeiñak erosiak izan baidire lurretik. 4 Hek dire emastekiekien lohitu izan ez direnak, birjinak baidire. Hek dire Bildotsari darraitzanak dohan toki guzietarat. Hek dire gizonen artetik erosiak izan direnak, lehenbizikoetarik konsekratuak izateko Jainkoari eta Bildotsari. 5 Eta hekien ahoan ez da aurkhitu izan gezurrik; hala tatxa gabe ere dire Jainkoaren thronuaren aitziñean.

        6 Gero ikusi nuen bertze aingeru bat hegaldaka ziohana zeruaren erditik zakharkela Ebanjelio eternala, hura irakasteko lurreko egokiei, nazione guziei, leiñu guziei, erdara guzietakoei eta populu guziei; 7 eta ziotsan heiagoraz: «Zareten beldur Jainkoaren eta emozue gloria, zeren ethorri baida haren jujeamenduaren ordua; eta adora zazue zerua eta lurra, itsasoa eta ur ithurria egin ikan dituena».

        8 Ondoan ethorri zen berze aingeru bat eta erran zuen: «Erori da, erori da Babilonia, hiri handi hura, zeiñek bere lohikeriaren irakidurako arnotik edanarazi izan baidaroe nazione guziei».

        9 Haukien ondoan berriz ethorri zen hirur garren aingeru bat, ziotsana oihu goraz: «Baldin nihork adoratzen badu bestia eta haren imajina edo hartzen badu haren karaktera bere bekhokian edo bere eskuan, 10 haiñak edanen du Jainkoaren irakidurazko arnotik, haren irazakiduraren kalitzean preparatua den arno phuru hartarik eta izanen da tormentatua suz eta sufrez aingeru sainduen aitziñean eta Bildotsaren presentzian. 11 Eta hekien tormentako khea altxatuko da mendetako mendetan, eta ez dute izanen sosegurik ez gauaz eta ez egunaz bestia eta haren imajina adoratu izan duketenentzat, edo haren izenaren karaktera hartu duketenentzat. 12 Hemenxe da sainduen pairagunea, zeiñek begiratzen baidituzte Jainkoaren manamenduak eta Jesusen fedea».

        13 Orduan aditu izan nuen boz bat zerutik, erraten zarotana: «Eskriba zazu: Dohatsuak dire hillak, Jauna baithan hiltzen direnak. Oraindanik dio Izpirituak: Deskantsatuko dire bere nekhetarik, ezen bere obrak badarraizte».

        14 Eta beha nindagoelarik, ikusi nuen hedoi xuri bat, eta hedoi haren gañean jarria Gizonaren Semea zidurien bat, zuena buruaren gaiñean urrezko khoroa bat eta eskuan igitei zorrotz bat. 15 Bertze aingeru bat ilkhi zen tenplutik, oihu handi egiten zioela hedoiaren gaiñean jarria zegoenari: «Erabillazu zure sega, eta egizu uzta, ethorri da ezen denbora uzta egitekoa, zeren lurreko uzta zorhitua baida». 16 Hedoiaren gaiñean jarria zegoenak, bada, erabilli zuen bere igiteia lurraren gaiñean eta uztatua izan zen lurra.

        17 Bertze aingeru bat oraiño ilkhi zen zeruan den tenplutik, hark ere baitzuen igitei zorrotz bat. 18 Bertze aingeru bat berriz ilkhi zen aldaretik, zeiñek baitzuen bothere suaren gaiñean; eta egin zioen oihu gora igitei zorrotza zuenari, erraten zioelarik: «Erabillazu zure igitei zorrotza eta ebaki zatzu lurreko mahastiko mulkhoak, zeren zorhituak baidire hango mahatsak». 19 Erabilli zuen, bada aingeruak bere igitei zorrotza lurraren gaiñean, eta ebakirik hango mahatsa, arthiki zuen Jainkoaren kolaren dolhare handirat. 20 Eta dolharea zapatua izan zen hiriaz kanpoan, eta dolharetik ilkhi zen odola bazen zamarien bridetaraiño milla eta sei ehun estadioren hedaduran.

 

XV. KAP.

        1 Ikusi nuen zeruan bertze prodijio bat handia eta miragarria: zazpi aingeru, zeiñek baitzituzten azkeneko zazpi plagak, zeiñetaz baida akhabatzen Jainkoaren irakidura. 2 Eta ikusi nuen beirazko itsaso bat bezala suz nahastekatua; eta bestia, haren imajina eta haren izenaren kontua garaitu izan zutenak zeudezela beirazko itsasoa bezalako haren gaiñean, Jainkoaren gitarrak zituztelarik. 3 Eta zuten kantatzen Moise Jainkoaren zerbitzariaren kantua eta Bildotsaren kantikoa, ziotsatelarik: «Handiak eta miragarriak dire zure egitateak, o Jainko Jaun guziz botheretsua; justuak eta egiazkoak dire zure bideak, o mendetako Erregea. 4 Nor ez da zure beldur izanen, Jauna? Nork ez du glorifikatuko zure izena? Ezen zu bakharra zare urrikalmenduz bethea; ethorriko ere zaizkitzu nazione guziak eta jarriko dire ahozpez zure aitzinean, zeren agertu baidire zure jujeamenduak».

        5 Horien ondoan behatu nuen eta ikusi, idekitzen zela lekhukotasuneko tabernaklearen tenplua zeruan. 6 Eta ilkhi ziren tenplutik zazpi plagak zituzten zazpi aingeruak liño garbiz eta xuriz bestituak, eta urrezko gerrikoez bulharren gaiñean gerrikatuak. 7 Orduan laur animalietarik batek eman izan zaroen zazpi aingeruei zazpi xopera urrezko, mendetako mendetan bizi den Jainkoaren koleraz betheak. 8 Eta bethe zen tenplua khez Jainkoaren majestatearen eta handitasunaren presentzian; eta nihor ezin sar ziteken tenpluan, akhabatu zitezken artean zazpi aingeruen zazpi plagak.

 

XVI. KAP.

        1 Eta aditu nuen boz handi bat tenplutik erraten zaroena zazpi aingeruei: «Zohazte eta isur zatzitzue Jainkoaren irakiduraren zazpi anpoillak lurraren gainerat».

        2 Goan zen lehenbizikoa eta isuri izan zuen bere anpoilla lurraren gaiñerat, eta ethorri zitzaien zauri dorphe eta gaixto bat bestiaren seiñalea zuten gizonei eta haren imajina adoratu izan zutenei.

        3 Bigarren aingeruak isuri izan zuen bere anpoilla itsasoaren gainerat eta egin zen hill baten odola bezala; eta itsasoan bizia zuen guzia hill izan zen.

        4 Hirurgarren aingeruak berriz isuri izan zuen bere anpoilla ibaien gaiñerat eta ur ithurrien gaiñerat, eta odol bilhakatu izan ziren. 5 Eta aditu nuen uretako aingerua erraten: «Justua zare, Jauna, zarena eta ziñena. Saindua zare horlako jujeamenduak ematen baiditutzu; 6 zeren sainduen eta profeten odola isuri izan duten, zuk ere hei odola eman diozute edaterat, merezi dute ezen». 7 Aditu nuen bertze aingeru bat aldaretik erraten zuena: «Baiki, Jauna, Jainko bothere guzia duzuna; egiazkoak eta justuak dire zure jujeamenduak».

        8 Laur garren aingeruak isuri izan zuen bere anpoilla iguzkiaren gaiñerat eta eman zitzaion indarra tormentatzeko gizonak suaren berotasunaz. 9 Erre ziren gizonak su handi batez eta blasfematu zuten Jainkoaren izena, zeiñek baidaduzka plaga horiek bere botherean, eta ez zuten egin penitentzia hari gloria emateko.

        10 Bortzgarren aingeruak isuri izan zuen bere anpoilla bestiaren thronuaren gaiñerat eta egin zen haren erresuma ilhunbetsu eta ausiki zituzten gizonek bere mihiak dolorearen handiz. 11 Blasfematu izan zuten Jainko zerukoa bere doloreak gatik eta bere zauriak gatik, eta ez zuten egin penitenzia bere egitatez.

        12 Seigarren aingeruak isuri izan zuen bere anpoilla Eufrateko ibaia handi haren gaiñerat eta agortu izan zen hango ura, bidea egiteko iguzkia ilkhitzetik ethorri behar zuten erregeei. 13 Orduan ikusi izan nituen ilkhitzen dragoinaren ahotik, bestiaren ahotik eta profeta falsoaren ahotik hirur izpiritu lizun negalen idurikoak. 14 Dire ezen deabruen izpirituak prodijioak egiten dituztenak, eta mundu guziko erregetarat goaten direnak, hek billaratzitzeko gudurat Jainko bothere guzitakoaren egun handikotzat. 15 Sarri heldu naiz ohoiña bezala. Dohatsu atzarria dagoena eta bere tresnak begiratzen dituena, beldurrez bulhuzia ibill ez dadin eta ager ez dezan bere ahalkeria. 16 Bildu izan zituzten errege hek hebraikoz Armagedon daritzan lekhurat.

        17 Zazpigarren aingeruak isuri izan zuen bere anpoilla airerat eta ilkhi zen boz handi bat tenplutik, thronuaren aldetik, ziotsana: «Egin du hekienak». 18 Ordu berean egin ziren xismistak, habarrotsak eta ihurtzuriak; eta egin zen lur ikharatze bat hain handia bai, non egundaiño ez baitzen izatu, gizonak lurraren gaiñean direnaz geroztik, halako lur ikharatzerik eta hain handirik. 19 Eta egin zen hiri handia hirur zathitan; nazionetako hiriak erori izan ziren, eta Babilonia handia ethorri izan zitzaion gogorat Jainkoari bere hasarrean eta zuminduraren arnozko kalitza hari edaterat emateko. 20 Irla guziak goan ziren ihesi eta mendiak urmariatu izan ziren. 21 Eta babazuza handi bat talentu baten pisukoa erori izan zen zerutik gizonen gaiñerat; eta blasfematu zuten Jainkoa gizonek babazuzaren plaga gatik, zeren handia baitzen hainitz plaga hura.

 

XVII. KAP.

        1 Orduan ethorri zen zazpi anpoillak zituzten zazpi aingeruetarik bat. Mintzatu zitzaitan eta erran zarotan: «Zato; erakutsiko darotzut emasteki galdu handiaren kondenazionea, zeiña baidago jarria ur handiaren gaiñean, 2 zeiñarekien lohitu izan baidire lurreko erregeak, eta zeiñak hordiarazi izan baiditu lurreko egokiak bere lohikeriako arnotik».

        3 Eta eraman izan baininduen izpirituz bakhar lekhurat, ikusi izan nuen emaste bat jarria, blasfemiozko izenez bethea zen bestia eskarlata kolorezko baten gaiñean, zeinek baitzituen zazpi buru eta hamar adar. 4 Emasteki hura zen bestitua purpraz eta eskarlatez, berregindua urrez, barri preziatuz eta perlaz, eta zuen kopa urrezko bat eskuan bere lohikeriako abominazionez eta likhitsez bethea. 5 Eta haren bekhokian izen hau zen eskribatua: «Misterioa, Babilonia handia, lurreko lohikerien eta abominazioneen ama».

        6 Eta ikusi nuen emasteki hura horditua sainduen odolaz eta Jesusen marthiren odolaz, eta hura ikusteaz harritu nintzen eta espantatu. 7 Orduan erran zarotan aingeruak: «Zertaz zare miretsia? Nik erranen darotzut emastekiaren misterioa eta hura ekhartzen duen bestia, zazpi buru eta hamar adarretakoarena. 8 Ikusi izan duzun bestia izatu da eta ez da; eta igan beharra da tulunbiotik eta gero suntsitu beharra alde batetarat; eta espantatuko dire lurrean daudezenak, zeiñen izenak ez baidire eskribatuak bizitzeko liburuan munduaren hastapenetik, ikusteaz bestia ohi zena eta gehiago ez dena. 9 Eta hauxe da horren sentsua zuhurtziaz bethea: zazpi buruak zazpi mendi ditezke, zeiñen gaiñean jarria baidago emastekia; orobat zazpi errege ditezke. 10 Bortz hillak dire; bat bada oraiño eta bertzea oraiño ez da ethorri; eta dathorrenean denbora aphurrez egon beharko du. 11 Eta bestia, zein baitzen eta zein ez baida, eta hura bera da zortzi garrena; eta zazpitarik ere da eta sarri suntsitzerat doha. 12 Ikusi izan ditutzun hamar adarrak hamar errege dire, zeiñek erresuma ez baidute oraiño errezibitu, baiñan botherea errezibitu dute errege bezala oren batenzat bestiaren ondoan. 13 Hauk xede bat eta bera dute, eta bere indarra eta botherea emanen diote bestiari. 14 Hauk gerla egiñen diote Bildotsari, eta bildotsak garaituko ditu bek, zeren Jaunen Jauna baida eta Erregeen Erregea; eta harekien direnak dire deithuak, hautatuak eta fidelak».

        15 Erran zarotan oraiño: «Ikusi izan ditutzun urak, zeiñetan baidago jarria emasteki paillarda hura, dire populuak, nazioneak eta erdarak. 16 Bestiari ikusi diotzotzun hamar adarrak dire emasteki galdu hari gaitx nahiko diotenak, hura desolatuko dutenak, bulhuziko dutenak, haren haragiak iretsiko dituztenak eta bera suan erreko ere dutenak. 17 Jainkoak ezen eman daroe bihotzean egin dezaten hari lakhet zaioena, eman diozoten bere erresuma bestiari, konplituak izan daitezen artean Jainkoaren erranak. 18 Eta emasteki ikusi izan duzuna da lurreko erregeen gaiñean erregiñatzen duen hiri handia».

 

XVIII. KAP.

        1 Horien ondoan ikusi nuen bertze aingeru bat jausten zena zerutik, zuena bothere handi bat, eta lurrak argitzen zuen haren gloriaz. 2 Egin zuen oihu bere indar guziaz erraten zuelarik: «Erori da, erori da Babilonia handia, eta egin izan da deabruen egoitza eta izpiritu lohi guzien eta hegaztin lizun eta higingarri guzien gordelekhua, 3 zeren haren lohikeriaren kolerazko arnotik edan izan duten nazione guziek; eta lurreko erregeak lohitu izan dire ere harekien, eta lurreko merkatariak aberastu izan dire hark bere atsegiñetako erabilli izan dituen sobranietarik».

        4 Aditu nuen bertze boz bat ere zerutik, erraten zuena: «Ilkhi zaite hortik, ene populua, beldurrez ezen parterik duzuen horren bekhatuetan eta horren plagetan, 5 zeren igan izan baidire horren bekhatuak zeruraiño, eta orhoitu izan da Jauna horren gaixtakeriez. 6 Bihur diozozue ordainez zer ere berak egin izan baidarotzue, eta hura; eta are bihur diozozue bietakoa bere egitateen arauera; hark edaterat eman izan darotzuen edateko beretik edanaraz diozozue bietan haiñbertze. 7 Zenbat ibilli izan baida handiagoan eta atsegiñetan, eta hanbat eman diozozue tormenta eta dolore, zeren erraten baidu bere gogoan: «Jarria naiz erregiñatzat, ez naiz alhargun eta dolurik ikusiko ez duket». 8 Hargatik bada dire egun berean ethorriko haren plagak, herioa, dolua eta gosetea; eta da suaz errea izanen, zeren botheretsu baida hura kondenatuko duken Jainkoa.

        9 Orduan egonen dire nigarrez eta auhenez haren gaiñean harekien lohitu izan diren eta atsegiñetan bizi izan diren lurreko erregeak, ikusiko duten orduan haren erretzearen khea. 10 Urrundik egonen dire haren tormenten iziapenez, eta erranen dute: «Oi hau zoria eta zorigaitza, Babilonia, hiri handia eta hiri borthitza, betbetan ethorri izan baida hire kondenazionea!».

        11 Lurreko merkatariak ere nigarrez eta hats beherapenez egonen dire haren gaiñean, zeren nihork ez baiditu erosten gehiago hekien salkariak. 12 Urrezko eta zilharrezko salkari hek, harri preziatuak, perlak, liñu finak, purpurak, sedak, eskarlatak, usain onetako zur mota guziak, ebolikazko muble guziak, harri preziatuzkoak, kobrezkoak, burdinazkoak eta marbola harrizkoak, 13 zinamoma urrin onak, ur usain onetakoak, inzensua, arnoa, olioa, irin lorea, ogi bihia, kargako abreak, ardiak, zamariak, karrosak, esklaboak eta libroak, 14 hire desira eta atsegina egiten ohi zuten fruituak goan zaizkin hire ganik; delikatasun eta ostendade guzia akhabo dun hiretzat, gehiago aurkhituko ez ditun».

        15 Gauza horietako merkatariak eta harekien aberastu izan direnak haren ganik urrun egonen dire haren tormenten iziapenez nigarretan eta hats beherapenetan; 16 erraten dutelarik: «Helaz, helaz, hiri handi hura, liño finez, purpuraz eta eskarlatez bestitua zena, eta urrez, harri preziatuz eta perlaz estalia! 17 Betbetan urmariatu izan baidire hanbat aberatstasun; eta pillotu guziak, itsasoan dabiltzan guziak, marinelak eta itsasoan enplegu dutenak urrunduak egon zaizko. 18 Eta oihuz jarri dire ikusi dutenean hiri erre haren tokia, erraten dutelarik: «Zein hiri izan da egundaiño hiri handi hau bezalakorik?». 19 Estali dituzte herrautsez bere buruak eta deiagoraz jarri izan dire nigarretan eta auhenetan, erraten dutelarik: «Helaz, helaz, hiri handi hura, zeinetan aberastu izan baidire untziak itsasoan zituzten guziak harekien egiten ohi zituzten irabaziez; betbetan izan baida iraulia. 20 Bozkaria zaite horren gaiñean, zerua, eta bai zuek ere, apostolu sainduak eta profetak, zeren justizia egin baidarotzue hartaz».

        21 Orduan altxatu izan zuen aingeru borthitz batek harri bat, errota harri handi bat bezalakoa, eta arthiki itsasorat erraten zuelarik: «Hunelakotxe abiaduran izanen da arthikia Babilonia hiri handi hura, eta gehiago ez da aurkhituko. 22 Eta gitarrarien boza, ez musizianoena, eta ez xirola eta tronpeta joileena ez dun adituko gehiago hire baithan; zer nahi ofiziotako ofizialerik batere ez dun aurkhituko hire baithan gehiago, eta errota harriaren habarrotsa ez dun adituko hire baithan gehiago. 23 Lanpen argiak ez din argituko hire baithan gehiago, eta ez oraiño esposaren esposaren eta esposoaren boza dun adituko hire baithan, zeren hire merkatariak baitziren lurreko prinzeetarik, zeren hire edari pozoatuez zoratuak izan baidire nazione guziak». 24 Eta hiri hartan aurkhitu izan ere da profeten eta sainduen odola eta bai lurraren gaiñean hillaraziak izan diren guziena.

 

XIX. KAP.

        1 Horien ondoan aditu izan nuen tropela hainitzen boz bat bezala, zeruan erraten zuena: «Alleluia, agur, gloria eta bothere gure Jainkoari dagoka; 2 zeren egiazkoak eta justuak baidire haren jujeamenduak, zeren kondenatu izan baidu bere lohikeriaz lurra uhertu izan duen emagaldu handi hura, eta bendekatu izan baidu bere zerbitzarien odola, haren eskuek isuri izan dutena». 3 Eta berriz ere erran zuten: «Alleluia»; eta haren erretzearen khea altxatu zen mendeen mendetakotz. 4 Orduan erori ziren ahozpez hogoi eta laur zaharrak eta laur animaliak eta adoratu zuten Jainko thronuaren gaiñean jarria zegoena, erraten zutelarik: «Amen, alleluia». 5 Eta ilkhi zen boz bat thronutik, erraten zuena: «Lauda zazue gure Jainkoa haren zerbitzari zareten guziek eta haren beldurra duzuenek, xipiek eta handiek».

        6 Aditu izan nuen oraiño ere tropela handi baten habarrotsa bezala, ur handi batzuen habarrotsa bezala eta ihurtziri handi batzuen habarrotsa bezala, erraten zutenena: «Alleluia, zeren erregiñatzen baidu gure Jainkoak, bothere guzia duenak. 7 Boz gaitezen eta alegera gaitezen eta demogun hari gloria, zeren ethorri baidire Bildotsaren ezteiak eta haren emaztea preparatua baida, 8 eta eman baitzaio besti dadin lino finez, diztiantez eta xuriz, lino fin hura ezen sainduen justizia da».

        9 Aingeruak orduan erran zarotan: «Eskriba zazu: Dohatsu Bildotsaren ezteietako afarira deithuak direnak». Erran zarotan halaber: «Jainkoaren hitz hauk egiak dire». 10 Berehala arthiki nintzen haren oiñetarat hura adoratzeko, baiñan erran zarotan: «Begirautzu hori egitetik; zerbitzaria naiz, zure kide eta zure anaien zeiñek Jesusi errendatu izan baidiote lekhukotasuna. Jainkoa dezazu adora, ezen profeziazko Izpiritua Jesusen lekhukotasuna diteke».

        11 Gero ikusi nuen zerua idekia, eta agertu zen zaldi zuri bat; eta haren gaiñean jarria zena deitzen zen Fidela eta Egiatia, justutasunekien jujeatzen duena eta gudukatzen dena. 12 Haren begiak ziren suaren kharra bezala; bazituen buruan diadema hainitz, eta zuen izen bat eskribatua, nihork ezagutzen ez duena berak baizen. 13 Zen bestitua odolez tintatua zen arropa batez eta haren izena deitzen da Jainkoaren Berboa. 14 Zeruan diren armadak hari zarraizkon, zaldi zurien gaiñean jarriak, lino xuriz eta garbiz bestituak. 15 Eta haren ahotik ilkhitzen zen ezpata bat bi aldetarik zorrotza, hartaz jazartzeko nazioneei, ezen hark ditu hek gobernatuko burdiñazko zigor batekien, eta hark du ere ostikatzen Jainko bothere guzia duenaren furiazko eta irakidurazko arnoaren dolharea. 16 Eta du bere arroparen eta bere ixterraren gaiñean eskribatua: «Erregeen Erregea eta Jaunen Jauna».

        17 Ondoan ikusi nuen aingeru bat iguzkian xutik zegoena, zeiñek oihu egin baitzaroen gora zeruaren erditik hegaldatzen ziren hegaztin guziei, erraten zaroelarik: «Zatozte eta bil zaitezte Jainkoaren afari handirat, 18 jan detzatzuen erregeen haragiak, gerlako ofizialeen haragiak, indartsuen haragiak, zaldien eta hekien gainean direnen haragiak eta libro eta esklabo, xiper eta handi guzien haragiak».

        19 Eta ikusi nituen bestia eta lurreko erregeak eta hekien armadak bilduak, gerla egiterat zaldiaren gaiñean jarria zenari eta haren armadari. 20 Bainan hartua izan zen bestia eta harekien batean profeta falsoa, haren aitzinean prodijioak egin izan zituena, zeiñetaz enganatu izan baitzituen bestiaren karaktera hartu izan zutenak eta haren imajina adoratu izan zutenak; eta biak bizirik arthikiak ikan ziren sua eta sufrea zeitxaizkoen lekhurat. 21 Bertzeak hillak izatu ziren zaldi gainean jarria zegoenaren ahotik atheratzen zen ezpataz; eta hegaztin guziak ase ziren hekien haragietarik.

 

XX. KAP.

        1 Ikusi nuen berriz aingeru bat jausten zerutik leze hosineko gakhoa eta gathe handi bat bere eskuan zuena. 2 Hartu izan zuen dragoiña, suge zaharra, zein baida deabrua eta Satana, eta estekatu izan zuen milla urtherentzat. 3 Egotzi zuen tulunbioan behera, zarratu zuen han, eta ibeni zuen zigillu bat haren gaiñean, engana ez detzantzat gehiago nazioneak akhaba ditezken artean milla urtheak, zeiñen ondoan lexatua behar baidu izan denbora gutitakotz batetakotz.

        4 Ikusi nituen halaber thronu batzu eta hetan jarri izan zirenak, eta jujeatzeko botherea eman izan zitzaien hainei. Ikusi izan nituen oraino Jesukristori lekhukotasuna errendatze gatik eta Jainkoaren hitza gatik buruak ebakiak izan zituztenen arimak, bestia ez haren imajina adoratu izan ez dutenenak, haren seiñalea bekhokian ez eskuan hartu izan ez dutenak. Eta bizi izan ziren eta erregiñatu izan zuten Jesukristorekien milla urthez. 5 Bertze hillak ez dire biztu akhaba ditezken artean milla urtheak. Hori da lehenbiziko biztea. 6 Dohatsu eta saindu da parte duena lehenbiziko biztean. Hainen gainean bigarren heriotzeak ez du bothererik; aitzitik haiñak izanen dire Jainkoaren eta Jesukristoren aphez eta erregiñatuko dute harekien milla urthez. 7 Eta akhabatu ditezkenean milla urtheak, lexatua izanen da Satana eta atherako da bere presondegitik eta irabaziko ditu lurraren laur kantoiñetan diren nazioneak, Gog eta Magog, eta bilduko ditu gudurat, hekien kontua izanen baida itsasoko harea bezala. 8 Barraiatu ziren lurraren hedadurat «eta inguratu zuten sainduen ostea eta hiri maitea. 9 Ordean jaustarazi izan zuen Jainkoak zerutik su bat, zeinek iretsi izan baitzituen; eta deabrua, hek irabazten ohi zituena, arthikia izan zen suzko eta sufrezko lakhuarat, zeinetan bestia 10 eta bai profeta falsoa tormentatuak izanen baidire gau eta egun mendetako mendetan.

        11 Ikusi izan nuen halaber thronu handi zuri bat eta norbeit haren gaiñean jarria, zeinen aitzinetik goan baitziren ihesi lurra eta zerua, eta tokirik ere ez zen aurkhitu hekienik. 12 Ikusi izan nituen gero hillak, handiak eta xiperrak, xutik thronuaren aitziñean, eta liburuak idekiak izan ziren; gero berriz idekia izan zen bertze liburu bat, zein baida bizitzearena, eta hillak jujeatuak izan ziren liburuetan eskribatuak zirenen gaiñean bere obren arauera. 13 Itsasoak bihurtu zituen haren uretan hill izan zirenak; herioak eta ifernuak bihurtu zituzten halaber zituzten hillak, eta batbedera jujeatua izan zen bere egitateen arauera. 14 Eta ifernua eta herioa arthikiak izan ziren suzko lakhuarat. Hura diteke bigarren heriotzea. 15 Eta aurkhitu izan ez zena eskribatua bizitzearen liburuan arthikia izatu zen suzko lakhuarat.

 

XXI. KAP.

        1 Gero ikusi nuen zeru berri bat eta lur berri bat, lehenbiziko zerua ezen eta lehenbiziko lurra goanak ziren eta itsasorik ez zen gehiago. 2 Eta nik Joanesek ikusi izan nuen hiri saindua, Jerusalem berria, jausten hari zela zerutik, Jainkoa ganik, aphaindua bere senharrarentzat berregintzen den espos bat bezala. 3 Eta aditu nuen boz handi bat thronutik heldu zena eta erraten zuena: «Huna Jainkoaren tabernaklea gizonekillakoa eta egonen da hekiekien; hek haren populua izanen dire, eta Jainkoa bera hekien artean izanen da hekien Jainkoa. 4 Xukatuko ditu Jainkoak nigar guziak hekien begietarik eta heriorik gehiago izanen ez da, ez auhenik, ez heiagorarik, ez dolorerik; zeren lehenagoko gauzak iragan baidire». 5 Orduan erran zuen thronuan jarria zegoenak: «Huna gauza guziak berri egiten ditut». Eta erran izan zarotan niri: «Eskriba zazu, ezen hitz hauk hagitz dire gerthuak eta egiazkoak». 6 Erran zarotan oraiño: «Akhabo da. Ni naiz alfa eta omega, hastapena eta akhabantza. Egarri denari emanen diot nik edaterat ur bizizko ithurritik dohaiñik. 7 Garaituko duena haukien jabe izanen da eta izanen naiz haren Jainko eta hura izanen da ene haur. 8 Baiñan beldurtiez eta sinhets gaitzez, exekrableez eta gizon hiltzailleez, lohiez, pozoatzailleez, idolatrez eta gezurti guziez denaz bezanbatean, hekien partea izanen da suz eta sufreez dirakien lakhuan, zein baida bigarren heriotzea».

        9 Ethorri izan zen gero zazpi anpoilla azkeneko zazpi plagez betheak zituzten zazpi aingeruetarik bat; mintzatu zitzaitan eta erran zarotan: «Zato eta erakutsiko darotzut Bildotsaren emaste den esposa». 10 Eta eraman ninduen Izpirituz mendi handi eta gora batetarat eta erakutsi izan zarotan Jerusalem hiri saindua jausten hari zela zerutik Jainkoa ganik. 11 Bazuen hark distiadura bat jainkozkoa, eta haren argiak iduri zuen harri preziatu bat, jaspe harri kristaillaren pareko bat bezalakoa. 12 Zuen murrailla bat handia eta gora, zeinetan baitziren hamabi portale eta portaletan hamabi aingeru eta izen batzu eskribatuak, zein baitziren Israelgo semeen hamabi leiñuen izenak. 13 Iguzki ilkhitzetik ziren hirur portale, ouestetik hirur portale, eguberditik hirur portale eta iguzki sartzetik hirur portale. 14 Hiriko murraillak bazituen hamabi zimendu, eta hetan ziren Bildotsaren hamabi Apostoluen izenak.

        15 Niri mintzo zitzaitanak zuen urrezko kanabera bat, neurtzekotzat hiria eta hango portaleak eta murrailla. 16 Hiria da laur aldetarik berdin ezarria, hanbat luze zenbat baida zabal; neurthu izan zuen hiria bere urrezko kanaberaz, hamabi milla estadiotaraiñokoan; eta haren luzetasuna, haren goratasuna eta haren zabaltasuna berdin dire. 17 Neurthu zuen halaber haren murrailla ere, zein baitzen ehun eta berrogoi eta laur besotakoa gizonaren neurriz, zein baitzen aingeruarena. 18 Murrailla zen bastitua jaspe harriz eta hiria bera zen urre phuruzkoa, iduri baitzuen beira garbiz egiña.

        19 Hiriko murraillen zimenduak ziren harri preziatu mota guziez berreginduak. Lehenbiziko zimendua zen jazpezkoa, bigarrena safirazkoa, hirurgarrena kalzedoniazkoa, laurgarrena esmaraldazkoa, 20 bortzgarrena jardonixezkoa, seigarrena sardoniozkoa, zazpi garrena krisolitezkoa, zortzigarrena berillazkoa, bederatzigarrena topazezkoa, hamargarrena krisoparezkoa, hamekagarrena hyazinthezkoa, hamabigarrena amethistezkoa. 21 Hamabi portalak ziren hamabi perla, bakhotxarentzat bat, eta portale bakhotxa zen egina perla batez eta hiriko plaza zen urre phuruz, berina klar klara zidurienez. 22 Tenplurik ez nuen ikusi izan hirian, zeren Jainko Jaun bothere guzia duena baida eta Bildotsa hango tenplua. 23 Eta hiriak ez du iguzkiaz ez ilhargiaz argitua izateko beharrik, zeren eta Jainkoaren gloriak baidu argitzen eta Bildotsa baida haren lanpa. 24 Nazioneak ibilliko dire haren argitan eta lurreko erregeek ekharriko dute bere gloria eta bere ohorea harat. 25 Hango portaleak ez dire zarratuko egunaz, ezen gauik han izanen ez da. 26 Harat ekharriko dute nazioneen gloria eta ohorea. 27 Ez da sarthuko harat deusere lohi denik, ez abominazionerik edo falseriarik egiten duenik, baiñan xoilki Bildotsaren bizitzezko liburuan eskribatuak direnak.

 

XXII. KAP.

        1 Erakutsi izan zarotan oraiño ur bizizko ibaia bat, kristailla bezain klara, Jainkoaren eta Bildotsaren thronutik heldu zena. 2 Hiriko plazaren erdian eta ibaia haren bi basterretan zen bizitzezko arbola hamabi fruitu ekhartzen dituena, ematen duelarik ilhabethe guziez bere fruitua eta arbola hartako hostoak dire nazioneen sendatzeko. 3 Madarizionerik gehiago han izanen ez da, aitzitik Jainkoaren eta Bildotsaren thronua han izanen da, eta bere zerbitzariek zerbitzatuko dute. 4 Ikusiko dute haren bisaia, eta ekharriko dute haren izena eskribatua bere bekhokietan. 5 Gauik gehiago han izanen ez da; eta ez lanpen beharrik, ez iguzkiaren argiaren beharrik ez dute izanen, zeren eta Jainko Jaunak argituko baiditu eta erregiñatuko dute mendetako mendetan.

        6 Ondoan erran izan zarotan: «Hitz hauk hagitz dire sinhestea merezi dutenak eta egiazkoak; eta profeten Izpirituen Jainko Jaunak igorri izan du bere aingerua erakusterat bere zerbitzariei sarri gerthatu behar direnak. 7 Ethorriko naiz sarri. Dohatsu liburu huntako profeziaren erranak begiratzen dituena».

        8 Ni Joanes naiz, gauza hauk aditu eta ikusi izan ditudana. Eta aditu eta ikusi nituenean, arthiki izan nintzen hauk erakusten zarozkidan aingeruaren oiñetarat hura adoratzekotzat. 9 Baiñan erran izan zarotan: «Begirautzu hori egitetik, ezen zerbitzari bat naiz, zure kidea eta zure anaia profeten kidea; eta liburu huntako profeziaren erranak begiratuko dituztenen kidea: Jainkoa dezazu adora». 10 Ondoan erran izan zarotan: «Ez detzatzula zigilluaren azpian eman liburu huntako profeziaren hitzak, denbora ezen hurbil da. 11 Injustizia egiten duenak egin beza oraino; lohi dena lohi bedi oraiño; justu dena egin bedi justuago oraiño eta saindu dena santifika bedi gehiago ere oraiño. 12 Sarri heldu naiteke eta ene saria neurekien dut, bihurtzeko batbederari bere obren arauera. 13 Ni naiz alfa eta omega, lehena eta azkena, hastea eta akhabantza. 14 Dohatsu bere arropak garbitzen dituztenak Bildotsaren odolean, izan dezatentzat burupe biziaren arbolan eta athetarik sar daitezentzat hirian. 15 Khen hemendik ozarrak, pozoatzailleak, lohiak, gizon hiltzailleak eta idolatreak eta falseria maitatzen eta egiten duketen guziak. 16 Nie, Jesusek, igorri izan dut ene aingerua gauza hautaz zuei lekhukotasuna errendatzeko Elizetan. Ni naiz Dabiden urthamea eta semea, izar distianta, goizeko izarra. 17 Izpirituak eta esposak dute erraten: «Zato». Aditzen duenak ere erran beza: «Zato». Egarri dena bethor, eta nahi duenak har beza bizitzezko uretik dohainik.

        18 Deklaratzen daroet ezen liburu huntako profeziaren hitzak adituko dituzten guziei, baldiñetariak nihork hei deusik iratxakitzen badaroe, eroraraziko dituela Jainkoak hainaren gaiñerat liburu huntan eskribatuak diren plagak. 19 Eta baldin nihork khentzen badu deusik liburu huntako profeziaren hitzetarik, khenduko du Jainkoak ere hura biziaren liburutik eta hiri saindutik, eta ez dio emanen parterik liburu huntan eskribatuak diren agintzetan.

        20 Dio gauza hautaz lekhukotasuna ematen duenak: «Baiki, sarri heldu naiz eta lauster. Amen. Zato, Jesus Jauna». 21 Jesukristo gure Jaunaren grazia dela zuekien guziekien. Amen.

 

aurrekoa