www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren ebanjelio saindua
Joanes Haraneder
1740, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren evangelio saindua, Ioannes de Haraneder (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

JOND. PAULO
APOSTOL. GUTHUNA
EFESIARREI

 

I. KAP.

        1 Paulo Jainkoaren nahiz Jesukristoren Apostolu denak, Jesukristo Jauna baithan Efesan diren fidel guziei eta sainduei: 2 grazia dizuela eta bakea Jainko gure Aitak eta Jesukristo Jaunak.

        3 Benedikatua dela Jainkoa Jesukristo gure Jaunaren Aita dena, zeiñek isuri izan baiditu gure gaiñerat zeruetarik benedizione izpiritual suerte guziak Jesukristo baithan. 4 Hala nola berezi izan baigaitu haren baithan munduaren kreazioneaz aitziñetik, izan gintezentzat saindu eta tatxa gabeko haren begietan karitatearen bidez, 5 eta zeiñek predestinatu izan baigaitu gu bere ume orde egiteko Jesukristoz, bere nahiak eman dioen arauera, 6 laudarioa eta gloria geldi dakioen amorea gatik haren graziari, zeinetaz bere gogarako egin izan baigaitu bere Seme maitea baithan, 7 zeiñaren baithan aurkhitzen baidugu erresketamendua haren odolaz eta eta bekhatuen barkhamendua haren graziaren aberatstasunen arauera, 8 zeiñetarik gaindi eragin baidu gure baithan zuhurtzia eta prudentzia suerte guzietakotzat, 9 agertzea gatik guri bere borondatearen misterioa, bere plazer onaren arauez, zeiñetan deliberatu baitzuen bere baithan 10 denbora exlejituak bethe zitezkenean berestaturako zituela guziak Jesukristo baithan, nahiz zeruan direnak, nahiz lurrean direnak, guziak haren beraren baithan, 11 zeinaren baithan halaber gu ere baigare deithuak heredalgorat, predestinatuak izanik gauza guziak bere nahiaren eta xedearen arauera egiten ohi dituenaren ordenuz, 12 haren gloriaren laudoriotako izan gaitezen amorea gatik gu lehendanik Jesukristo baithan esperantza izan dugunak. 13 Eta haren baithan zebonek ere entzun duzuen ondoan egiazko hitza, zuen salbamenduko Ebanjelioa, eta sinhetsi izan duzuen ondoan, izan zarete zigillatuak agindurikako Izpiritu Sainduaz, 14 zeiñ baida gure primezaren bahia, Jesukristok bere gloriaren laudoriotan konkestaturikako populuaren librantza perfeteraiñokoan.

        15 Horri dagokala neroni ere aditurik Jesus Jauna baitan duzuen fedea eta Saindu guzien alderat duzuen amudioa, 16 ez naiz gelditzen Jainkoari eskerrak zuentzat bihurtzetik, zuetaz orhoitzen naizelarik neure othoitzetan, 17 Jainko Jesukristo gure Jaunaren Aita gloriosoak eman diezazuenzat zuhurtziazko eta argizko izpiritua haren ezagutzeko, 18 argi detzan, arren, zuen bihotzeko begiak; jakin dezazuentzat zer esperantza duzuen izateko hartaz deithuak zaretenek, nolakoak diren hark sainduei destinatu daroen primezaren aberastasunak eta gloria, 19 eta nolakoa den haren botherearen handitasun soberanoa sinhesten dugunen gainean, bere botherearen eta indarraren eragintzaren arauera darabillana, 20 zeiña erakutsi izan baidu Jesukristoren presunan, hura hilletarik biztean eta jarrarazitzean zeruetan bere eskuiñeko aldean, 21 prinzipalitate guziez, bothere guziez, berthute eta dominazione guziez gorago; eta ez xoilki mende huntan, baiñan oraiño ethorkizunekoan ere aipha ahal ditezken izen guziez gorago. 22 Eman izan ere diotza gauza guziak bere oiñen azpian eta eman izan dio bera buruzagitzat Eliza guziari, 23 zeiña baida haren gorphutza eta guzia guzietan konplitzen duenaren konpligune osoa.

 

II. KAP.

        1 Hark eman darotzue bizia zuei ere, hillak ziñetelarik zeben hobenez eta zeben bekhatuez, 2 zeiñetan noizbeit ibilli izan baitzarete mundu hunen ohitzaren arauera, airetako bothereen prinze haren, orai ere sinhets gogortasunezko umeen gaiñean hari den izpiritu haren, nahikaretarat. 3 Guziok ere bada nozbeit desordenu beretan bizi izan gare gure haragiaren gutizien arauera, haragiaren nahikarak eta gogoak galdetzen zarokuna egiten ginduela; eta giñen gure sortzez koleraren ume, bertzeak bezala. 4 Ordean urrikalmendutan aberats den Jainkoak maitatu izan gaituen amudio sobraniazkoaren ariaz, 5 gure bekhatuez hillak giñaudezen orduan bizia eman daroku Jesukristo baithan, zeiñaren graziaz baitzarete salbatuak. 6 Biztu ere gaitu Jesukristorekien eta jarrarazi zeruan haren presunan, 7 erakusteagatik ethorkizuneko mendeetan bere graziaren aberatstasun gaindizkoak, Jesukristo baithan guretzat izatu duen ontasunaz. 8 Graziaz zarete ezen salbatuak fedearen bidez, eta hori ez da zuen ganik heldu, Jainkoaren dohain bat da ezen. 9 Eta ez obretarik ere, nihork buruperik ez duentzat. 10 Haren obra gare ezen, Jesukristo baithan kreatuak obra onetan, zeiñak aphaindu izan baiditu Jainkoak, hetan ibill gaitezentzat.

        11 Hargatik bada zareten orhoit, nola lehenago jentillak baitzineten ethorkiz, eta zirkonzidatu gabeak erraten baitzarotzuen, haragiaren gizonen eskuz eginikako zirkonzisione baten ariaz zirkonzidatuak daritzatenek. 12 Denbora hartan Kristo gabe baitzineten, Israelen baltsatik aldaratuak, agintzazko alientzietarik atze, mundu huntan esperantzarik eta Jainkorik gabe bizi ziñetenak. 13 Baiñan Jesukristo baithan baitzarete, noizbait Jainkoa ganik urrun zinetenak hurbildu izan zarete Jesukristoren odolaz. 14 Hura da ezen gure bakea, biak bat egin izan dituena; bien arteko pareta eta zerraillua, hekien arteko etsaigoa, bere haragian hautsi izan duena; 15 manamendu diazko legea bere ordenantzez khendu izan duena, bi populuez egitea gatik bere baithan gizon berri bakhar bat, bakea egiñik; 16 eta biak gorphutz batean errekontziliatzea gatik Jainkoarekien bere gurutzeaz, hekien etsaigoa deseginik bere baithan. 17 Ethorririk bada irakatsi izan darotzue bakea zuei, Jainkoa ganik urrun zinetenei, eta bakea hurbill zirenei ere. 18 Zeren eta hartaz baidugu batzuk eta bertzek hurbiltzea Aita ganat Izpiritu berean.

        19 Beraz gaur gehiago ez zarete arrotzak eta atzeak, bainan zarete sainduen herritarrak eta Jainkoaren egokideak, 20 bastituak baitzarete Apostoluen eta profeten zimenduaren gaiñean, zeinetan Jesukristo bera baida kantoineko barri prinzipala, 21 zeinaren gaiñean pausatua izanik edifizio guzia altxatzen baida Jaunarentzat tenplu saindu bat egiteraiñokoan. 22 Eta zuek ere, jentillak, sartzen zarete edifizio hartan Jainkoaren egoitza izateko Izpiritu Sainduaz.

 

III. KAP.

        1 Aria hortaz naiz ni, Paulo, Jesukristoren presonier zuek jentillak gatik, 2 baldiñetariak behintzat aditu izan baduzue mintzatzen zuen ariaz eman izan zaitan Jainkoaren graziaren ministerioaz. 3 Errebelazione batez erakutsi izan baitzait misterioa, hitz gutitan eskribatzetik heldu naizen bezala. 4 Eta irakurtzean ezagut ahal dezakezue ere nolako jakintasuna dudan Jesukristoren misterioan, 5 zeiña bertze denboretan ez baida ezagutua izatu gizonen umeez, orai Izpiritu Sainduaz Apostoluei eta profetei erakutsi izan zaien bezala: 6 jentillak primukide direla eta gorphutz bereko juduekien eta parzuner Jainkoaren agintzetan Jesukristo baithan Ebanjelioaz, 7 zeiñen ministre egin izatu bainaiz Jainkoaren graziaren dohaiñez, zeiña eman izan baitzait haren botherearen operazionez.

        8 Baiki niri saindu guzien arteko mendreenari eman izan zait grazia hori, jentillen artean irakasteko Jesukristoren aberatstasun ezin konprenituzkoak, 9 eta guziei agian erakusteko, zer maneraz dispensatua izatu den misterio hori, hanbat mende danik gordea zena gauza guziak egin dituen Jainkoa baithan, 10 zeruetako prinzipalitateek eta bothereek ezagut dezatentzat Elizaz Jainkoaren zuhurtzia, bere manaiuaren ordenu diferentetan bain miragarri dena, 11 Jesukristo gure Jaunaz konplitu izan duen xede eternalaren arauera, 12 zeinetan baidugu haren baithan dugun fedeaz burupe eta fidantzia Jainkoa ganat hurbiltzekoa. 13 Hargatik zaituztet othoizten ez dakizuen gogoa hill nik zuen ariaz pairatzen ditudan lazerien gatik, horrek egiten baidu zuen gloria.

        14 Horri dagokala jartzen naiz belhauriko Jesukristo gure Jaunaren Aitaren aitziñean, 15 zeiña ganik baidu izena aitatasunaren omena duen guziak, bai zeruan eta bai lurrean, 16 eman diezazuentzat bere gloriaren aberatstasunen arauera bere Izpirituan indarrezko berregune bat gizon barrenekoarentzat. 17 egon dadintzat fedeaz Jesukristo zuen bihotzetan, eta zuek karitatean erroak eginik eta finkaturik, 18 konpreni dezakezuentzat saindu guziekien, zerikakoa den misterio hunen zabaltasuna, luzetasuna, goratasuna eta barrentasuna, 19 eta ezagut dezazuentzat halaber Jesukristoren amudioa, ezagutza guziez goragokoa, betheak izan zaitezten amorea gatik osoki Jainkoaz.

        20 Guziak egin ahal detzakenari, bada, guk galdetzen edo pensatzen dugun baiño frankokiago, are gure baithan obratzen duen bothereaz, 21 eman dakioela gloria Elizan Jesukristoz ondoren-ondo adin guzietan eta mende guzietan. Amen.

 

IV. KAP.

        1 Othoitz egiten darotzuet, bada, nik Jauna gatik gathetan naizenak, arren ibil zaitezten zuen deiari eta bokazioneari dagokon bekala, 2 gauza guzietan erakusten duzuela, humiltasun, emetasun eta pazientzia handi bat, elkhar jasaten duzuela karitaterekien, 3 ardura duzuelarik zuen izpirituak bat eginak idukitzeko bakearen lokharriz, 4 zareten gorphutz bat eta izpiritu bat, esperantza bererat deithuak zareten bezala, 5 eta jaun bat baizen, fede bat baizen eta bathaio bat baizen ez den bezala, 6 Jainko bat baizen, eta hura guzien Aita, guzien gaiñetik dena guzien artean eta gu guzien baithan dena.

        7 Gutarik betbederari, bada, eman izan zaiku grazia Jesukristoren emaitzaren neurriaren arauera. 8 Hargatik da errana: «Iganik goiti, gathibu eraman izan du gathibudia eta egin darozte emaitzak gizonei». 9 Eta zergatik da errana igan izan dela, baizen zeren jautsi izan baitzen lehenago lurraren toki beherenetarat? 10 Jautsi izan den hura bera da igan ere izan dena zeru guziez gorago, gauza guziak konplitzea gatik. 11 Eta hark berak egin izan ditu batzu Apostolu, bertzeak profeta, bertzeak ebanjelista, bertzeak berriz artzain eta irakatzaille, 12 sainduak osoki gai errendatzea gatik ministerioko lanen egitekotzat eta Jesukristoren gorphutzaren edifizioa moldatzekotzat, 13 hel gaitezen artean guziok bat egiterat sinheste berean, eta Jainkoaren Semearen ezagutzan izaterat gizon perfet baten estatuan eta ardiesterat Jesukristoren adin konplituaren neurria; 14 gaur gehiago ibill ez gaitezen kordokan haur batzu bezala, eta erabill ez gaitzaten harat hunat dotrinetako haize guzietarat enganaturik gizonek bere maleziaz eta nihor enganioan arthikitzeko duten antzez; 15 aitzitik egia dugularik predikatzen karitatez, handi gaitezentzat gauza guzietan Jesukristo baithan, zeiña baida gure burua eta gure buruzagia; 16 zeiña ganik gorphutz guziak bere zathitan ungi moldatua eta ungi josia denak hek elkhar iretxeikitzeko eta entretenitzeko behar diren josgune guziez, menbro bakhoitxari dagokon neurriaren arauerako eragintza baten berthutez hartzen baidu bere berretkaria, edifizioa akhaba dadintzat karitateaz. 17 Erraten darotzuet, bada, eta abisatzen zaituztet Jaunaren izenean, ez zaitezten gehiago ibill jentillak bezala, zeiñak baidarraizko bere gogoaren banitateari, 18 zeiñek ilhunbez goibeldua baidute izpiritua, zeiñak urrunduak baidire osoki Jainkoaren bizitzetik, bere jakingabetasuna eta bihotzeko itsumendua dela kausa, 19 zeiñak etsi etsia eman baitzaizko lohikeriari eta jarri baidire akzione lizun guzien egiterat lehiakarrean bezala. 20 Zuek ordean ez zarete borla irakatsiak izatu Jesukristoren eskolan, 21 baldin behintzat entzun izan baduzue hortaz erran izan zaitzuena eta baldin, egia Jesusen baithan den bezala, haren ganik ikhasi baduzue 22 eraunsten zuen lehenagoko bizitzean ohi ziñarabillaten gizon zaharra, bere nahikarako enganioei jarraikiz korrunpitzen ohi dena.

        23 Erreberri zaitezte, bada, gogoz eta izpirituz 24 eta jauntz zazue gizon berria, zeiñ kreatua izan baida Jainkoaren arauera egiazko justizian eta egiazko saindutasunean. 25 Hala utzirik gezurra, mintza zaitezte guziak egiaz zuen lagun proximoarekien, zeren elkharren menbroak baigare. 26 Hasarratzen zaretenean begirautzue bekhatu egitetik. Iguzkia ez dadillala etzin zuen hasarraduraren gaiñean. 27 Ez demozuela deabruari sarpiderik. 28 Ebasten ohi zuenak ez beza gehiago ebats; aitzitik trabailla bedi bere eskuz zerbeit lan onetan, izan dezantzat beharrean denari emateko ere. 29 Hitz gaixtorik batere ez bedi ilkhi zuen ahotik, aitzitik ilkhitzen diren guziak izan beitez onak fedearen borthitzteko, entzuten dituztenei inspira diozatentzat jainkotiartasuna. 30 Eta begira duzuela tristatzetik Izpiritu Saindua, zeinetaz baitzarete seinalatuak zigillu batez bezala erresketamenduko egunekotzat. 31 Khen zuen artetik zumindura guziak, kolera eta aiherkunde guziak, liskar eta gaixki errate guziak, finean malezia guziak; 32 aitzitik izan zaitezte elkhar ganat amultsu eta urrikalmendutsu, elkharri barkhatzen diozuelarik Jainkoak zuei ere Jesukristo baithan barkhatu darotzuen bezala.

 

V. KAP.

        1 Zareten bada Jainkoaren imitatzaille haur maite batzu bezala. 2 Eta ibill zaitezte amudioan eta karitatean, Jesukristok ere gu maitatu izan gaituen bezala eta bere burua gure gatik eman izan duen bezala, ofrenda bat bezala eta Jainkoaren gogarako den urrin onezko biktima bat bezala. 3 Zithalkeriarik ordean, ez eta lohikeriarik batere edo abariziarik ez bedi aipha ere zuen artean, sainduen artean aiphatu behar ez den bezala. 4 Ez bain guti dadin adi hitz lizunik, erhorik edo eskarniozkorik, zeiñak ez baidagozkitzue ungi, aitzitik bai eskerren errendatzekorik. 5 Jakin zazue ezen bau: lohirik batere, ez zithalik, ez abariziosik, zeiñen bizioa idolatria bat bezala baida, ez dela izanen Jesukristoren eta Jainkoaren Erresumaren primu. 6 Nihork ez zaitzatela engana hitz ergelez; gauza horien gatik ezen erortzen ohi da Jainkoaren kolera presuna sinhets gaitzen gaiñerat.

        7 Ez zaiteztela beraz jar hekien baltsako. 8 Noizbeit ezen ilhunbeak ziñeten, orai ordean argi zarete Jauna baithan. Ibil zaitezte argiren unie batzu bezala. 9 Argiaren fruitua bada dago ontasun, justizia, eta egia suerte guzietan. 10 Lehia zaitezte ezagutzerat zer den Jainkoari agradatzen zaioena. 11 Eta ez zaiteztela balsa ilhunbetako obra fruitu gabeetan, aitzitik kondena zatzitzue; 12 ezen jende hek ixillik egiten dituzten gauzak erratea ere itsusi liteke. 13 Kondenatzeko diren guziak bada argiak ditu agerraratzitzen, ezen agertzen den guzia argi diteke. 14 Hargatik da errana: «Jaiki zaite lo zauntzana, ilkhi zaite hillen artetik eta argituko zaitu Jesukristok». 15 Duzuen beraz artha, ene anaiak, ibiltzeko goita handirekien; ez zoroak bezala, 16 baiñan bai presuna zuhurrak bezala denbora erosten duzuela, zeren egun gaitzak baidire.

        17 Hargatik bada ez zaiteztela izan ergel, aitzitik jakin zazue ezagutzen zer den Jainkoaren nahia. 18 Begirautzue arno sobra edatetik, zeinetarik heldu ohi baida lohikeria; aitzitik bethe zaitezte Izpiritu Sainduaz, 19 mintzo zaretelarik zeben artean salmuz, himnoz eta kantu izpiritualez, kantu horiek eta salmu horiek heltzen diotzatzuela Jaunari zuen bihotzetan; 20 eskerrak ematen diotzatzuela bethiere eta gauza guziez Jesukristo gure Jaunaren izenean Jainko Aitari; 21 elkharri beheititzen zaiztela Jesukristoren beldurtasunean.

        22 Emasteak izan beitez bere senharrei sumetituak Jaunari bezala, 23 zeren eta senharra emastearen buruzagi baida, Jesukristo Elizaren buruzagi den bezala. Halaber haren gorphutzaren ere salbatzaille da. 24 Nola bada Eliza baida Jesukristoren manuko, hala izan beitez emasteak ere gauza guzietan bere senharren manuko.

        25 Senharrak, maita zatzue zeben emasteak Jesukristok Eliza maitatu duen bezala, bere burua eman izan baidu haren gatik, 26 hura santifikatzea gatik garbiturik urezko bathaioan bizitzearen hitzaz, 27 eta hura ageraratzitzea gatik bere aitzinean gloriaz bethea, narraiorik ez zimurdurarik, ez bertze horlakorik ez duken bezala; aitzitik saindu eta errankizunik gabe diteken bezala. 28 Hala senharrek ere maitatu behar dituzte bere emasteak bere gorphutz propialak bezala. Bere emastea maitatzen duenak, bere burua maitatzen duke. 29 Nihork ezen ez du gaitzesten bere haragia, aitzitik hazten du eta mainatzen Jesukristok ere Eliza egiten duen bezala. 30 Zeren haren gorphutzeko mienbroak baigare, haren haragitikakoak eta haren hezurretarikakoak.

        31 Horri dagokala utziko ditu gizonak bere aita eta ama, eta atxekiko dio bere emasteari eta izanen dire biak haragi bat eta bera. 32 Sakramendu hori handia da, diot Jesukristo baithan eta Eliza baithan. 33 Horlatan beraz zuetarik batbederak maita beza bere emastea bere burua bezala; emasteak berriz ekhar bioza beldurtasun eta errespetu bere senharrari.

 

VI. KAP.

        1 Haurrak, obedi zatzue zuen burasoak Jauna gatik, justu da ezen hori. 2 «Ohora zatzitzu zure aita eta zure ama», hori da manamenduetarik lehena Jainkoak saria agindu diokena, 3 ungi hel dakizuntzat eta bizitze luzetako izan zaitezentzat turraren gaiñean. 4 Eta zuek, aitak, begirautzue zuminarazitzetik zuen haurrak; aitzitik duzuen ardura hek ungi altxatzeko, korrejitzen ditutzuelarik eta instruitzen Jaunaren arauera. 5 Sehiak, obedi zatzitzue haragiaren arauez nausi ditutzuenak beldurtasunekien eta ikhararekien, zuen bihotzeko sinplizitatean, Jesukristo bera bezala. 6 Ez beha dagozkitzuenean xoilki ditutzuelarik zerbitzatzen, gizonen gogara egin nahi bazindute bezala, baiñan bai Jainkoaren nahia bihotzez egiten duzuelarik Jesukristoren zerbitzari bezala, 7 gogo onez zerbitzatzen ditutzuelarik, Jauna bera eta ez gizonak zerbitzatzen bazinituzte bezala, 8 dakizuelarik batbederak zer ere ungi egin baiduke, eta haren saria duela izanen Jauna ganik, ala den esklaboa ala den libroa. 9 Eta zuek, nausiak, gauza bera egiozue hei, utzirik mehatxuak, dakizuelarik hekien eta zuen nausia dela zeruan eta ez dela haren baithan presunen berezgunerik.

        10 Gaiñerakoan, ene anaiak, borthitz zaitezte Jauna baithan eta haren berthute guziz botheretsuan. 11 Jauntz zazue Jainkoaren armadura, atxik ahal dezazuentzat deabruaren arteen kontra. 12 Ezen ez dugu borrokatzeko haragiaren eta odolaren kontra, baiñan bai prinzipalitateen eta bothereen kontra; mundu huntako, erran nahi da, mende ilhunbetsu huntako nausien kontra, airetan dabiltzan izpiritu gaixtoen kontra. 13 Hargatik beraz har zazue Jainkoaren armadura, egun gaitxean atxik ahal dezakezuentzat tieso guziez probedituak zaudeztelarik. 14 Zaudezte beraz zinki, zuen gerrian gerrikotzat duzuela egia eta jakatzat jauzten duzuela justizia, 15 oiñetakoak jauntzirik prest egotea gatik bakearen Ebanjelioa predikatzerat goateko.

        16 Guzien gainetik harturik fedearen brokela, izpiritu gaixtoaren tragaza suztatu guziak iraungi ahal detzaketzuentzat. 17 Har zazue salbamenduko kasketa ere eta izpirituzko ezpata, zein baida Jainkoaren hitza, 18 othoitz eta errekerimendu suerte guziez zagozkotelarik Jainkoari denbora guzietan Izpirituz, atzartasun eta iraupen guzizko batekien egiten duzuela othoitz saindu guzientzat 19 eta enetzat ere, Jainkoak ahoa idekirik eman diezadantzat Ebanjelioaren misterioa libroki predikatzeko hitza, 20 zeiñentzat mandatarikoan hari bainaiz gatheetan ere, hartaz mintza nadintzat ausartziarekien.

        21 Dakizkitzuentzat ere bada ene egitekoak eta zer hari naizen, Tixiko gure anaia maiteak eta Jaunaren zerbitzari fidelak guziez jakintsun eginen zaituzte. 22 Eta hortakotz berekotzat igorri ere dut zuen ganat, jakin dezazuentzat zer iragaten den alde huntan eta konsola detzantzat zuen bihotzak. 23 Bakea eta karitatea fedearekien demotela gure anaiei Jainko Aitak eta Jesukristo Jaunak. 24 Grazia dela Jesukristo gure Jauna muda ez daiteken amudioz maitatzen duten guziekien. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa