www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren ebanjelio saindua
Joanes Haraneder
1740, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren evangelio saindua, Ioannes de Haraneder (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

J. PAULO APOST.
LEHENBIZIKO GUTHUNA
TIMOTHEORI

 

I. KAP.

        1 Paulo Jainko gure Salbatzaillearen eta Jesukristo gure esperantza denaren manuz Jesukristoren Apostolu denak 2 Timotheo fedean bere seme maiteari grazia, miserikordia eta bakea Jainko Aitaren eta Jesukristo gure Jaunaren partez.

        3 Othoitz egiten darotzut, Mazedoniarat goaterakoan egin izan narotzun bezala, Efesan egoteaz eta zenbeiti adiarazitzeaz ez dezaten irakats dotrinarik gureaz bertzelakorik. 4 Ez datxeizten elhe zaharrei eta zedarririk gabeko hidalgoei, zeiñek sorarazitzen baidituzte aitzitikako ihardukitzeak, ezen ez baidute edifikatzen Jainkoaren arauera fedeaz egiteri dena. 5 Manamenduaren harxedea bada karitatea da, bihotz xahu batetarik, konszientzia onetik eta alegia gabeko fedetik sortzen dena, 6 zeiñetarik zenbeit aldaraturik itzuli izan baidire elhe banoetarat, 7 legeko dotor izan nahiz, aditzen aditzen ez dituztelarik erraten dituzten eta segurtzat ematen ere dituzten gauzak. 8 Badakigu bada ona dela legea, baldin nihor hartaz beharki baliatzen bada. 9 Jakinik behintzat legea ez dela ifinia izan prestu denaren gatik, baiñan bai gaixtaginen gatik eta desobedienten gatik, Jainkoaren beldur ez direnen gatik eta bekhatorosen gatik, gizon galduen eta nothatuen gatik, aita-amen hiltzailleen gatik, gizon hiltzailleen gatik, 10 lohien gatik, gizakoi abominableen gatik, gizon arrapatzailleen gatik, gezurtien eta juramentu falso egilleen gatik eta dotrina garbiaren kontrako diren guzien gatik, 11 zein dotrina baida Jainko dohatsuaren gloriako Ebanjelioaren arauera, zeiñaren predikatzeko mezua fidatua izan baitzait niri.

        12 Eskerrak ematen diotzat Jesukristo gure Jaunari, zeiñek indarra eman baidarot, zeren fidel iduki izan bainau bere zerbitzari egitean, 13 ni lehen blasfemari izan naizena eta haren persekutatzaille eta injuriatzaille; bainan miserikordia ardietsi dut Jainkoa ganik, zeren jakin gabean egin izan baidut hori, sinhesterik ez izanez. 14 Gaindiz ethorri izan da ordean gure Jaunaren grazia fedearekien eta Jesukristo baithan den karitatearekien. 15 Egia gerthua da eta bozkario handirekien errezibitzekoa Jesukristo ethorri izan dela mundu huntarat bekhatoreen salbatzerat, zeiñetarik lehena bainaiz ni. 16 Ordean miserikordia egin izan zait, ene baithan lehenik erakuts dezan gatik Jesukristok bere pairu guzia; hortarik exenplu har dezatentzat, bizitze eternala gatik haren baithan sinhetsiko dutenek. 17 Bada mendetako Erregeari, inmortalari, ezin ikus daitekenari, Jainko bakharrari, dakioela ohore eta gloria mendetako mendeetan, Amen.

        18 Nik hemen exlejitzen darotzudana, ene seme Timotheo, eta gomendatzen darotzudana da zutaz lehenago egin izan diren profezien arauera guduka zaitezen, soldadu on bat bezala hei zarraiztela, 19 konserbatzen duzularik fedea eta konszientzia ona, zeiñari ukho eginaz zenbeitek galdu izan baidute fedea. 20 Nonbre hortako dire Himeneo eta Alexandre, zeiñak libratu izan baidiotzat Satani, ikhas dezaten gatik ez blasfematzen.

 

II. KAP.

        1 Errekeritzen zaitut bada guzien gaiñetik, egin daitezen errekerimenduak, othoitzak, galdeak eta esker emateak gizon guzientzat, 2 erregeentzat eta dignitateetan altxatuak direnentzat, bizitze bakezko bat eta soseguzko bat eraman dezagun amorea gatik, jainkotiartasun eta garbitasun suerte guzietan. 3 Hori ezen gauza on bat da eta Jainko gure Salbatzailleari agradatzen zaioena, 4 zeiñek nahi baidu gizon guziak salba ditezen eta ethor ditezen egiaren ezagutzerat. 5 Jainko bat da ezen bakharra, halaber ararteko bat bakharra, Jainkoaren eta gizonen artekoa, Jesukristo gizona; 6 zeiñek eman izan baidu bere burua guzien erresketamenduarenzat, lekhukotasuna errendaturik exlejitua izatu zen denboran. 7 Hortakotz izatu naiz ifinia —egia erraten dut eta ez gezurra— predikatzaille eta apostolu eta jentillen irakhatszaille fedean eta egian.

        8 Nahi dut bada gizonek othoitz egin dezaten lekhu guzietan, altxatzen dituztelarik eskuak xahurik, hasarratzerik eta debadiorik gabe.

        9 Halaber bai emasteek ere jauntzkura honest batean, ahalkeriarekien eta modestiarekien aphaintzen direla eta ez ille frisatuekien, ez urrezko ez perlazko edergailluekien, ez soiñeko garastiosekien, 10 baiñan obra onez bere jainkotiartasuna erakutsi nahi duten emastekiei dagoten bezala. 11 Emastekiak beudez ixillik ikhasten sumizione oso batekien. 12 Irakastea ordean emasteei ez daroet baliatzen, ez bere senharren gaiñean nausitasunik hartzea, bainan egon daitezela ixillik. 13 Adam ezen lehenik izan zen moldatua, gero ondoan Eba. 14 Eta ez zen Adam enganatua izan zena, baiñan emastea erori zen desobedientzian enganatua izanik. 15 Hala ere ordean salbatuko da, haurrak egiten dituela, baldin irauten badu fedean, karitatean eta bizitze saindu eta modest batean.

 

III. KAP.

        1 Egia gerthu bat da, baldin nihork desiratzen badu aphezpikutasuna, lan on bat eta saindu bat desiratzen duela. 2 Mengoa da bada aphezpikua izan dadin erratekorik gabekoa, behin baizen ezkondua izan ez dena, sobrea, prudenta, modesta, garbia, arrotzen errezibitzaillea, irakasteko gai dena, 3 ez arnoari emana, ez kolpe emaillea, baiñan maltsoa eta moderatua, ez hauzillaria, ez intresatua, 4 bainan bere familia ungi dakharkena, bere umeak obedientzian eta garbitasun oso batean atxikitzen dituena. 5 Baldiñetariak ezen edozeiñek ez badaki bere maiñadaren gobernatzen, nola emanen dio hots Jainkoaren Elizari? 6 Ez du izan behar giristino aprendiza, orgilleriaz hauntzeraturik 7 eror ez dadintzat deabruaren kondenazione bererat. Mengoa da halaber kanpokoak ere lekhukotasun bat errenda dezaten hartaz, desohoretan eror ez dadintzat eta deabruaren artetan.

        8 Diakreak ere izan behar dire orobat honestak eta garbiak, ez bi hitzetakoak, ez arno hainitz edaterat emanak, ez irabazte lizunei darraiztenak, 9 fedearen misterioa konszientzia garbi batekien konserbatzen dutenak. 10 Eta hauk ere lehenago frogatu behar dire; gero zerbitzu sakratuan errezibitu, baldin krimarik batere gabeak badire. 11 Emastekiak orobat izan beitez honestak eta garbiak, ez gaixki errailleak, bainan sobreak eta gauza guzietan leialak. 12 Diakreak izan beitez emaste bat baizen izan ez dutenak; bere haurrak eta bere familia ungi gobernatzen dituztenak. 13 Ezen ungi zerbitzatu duketenek ardietsiko dute herrunka hobeago bat eta fidantzia handi bat Jesukristoren fedean.

        14 Hauk eskribatzen darozkitzut, esperantza dudalarik lauster zeure ganako naizela; 15 baldin ordean berauntzen badut ere, dakizun gatik nola behar duzun gobernatu Jainkoaren etxean, zeina baida Jainko biziaren Eliza, egiaren harroiña eta habea. 16 Eta gerthuki handia ere da amudiozko misterio hura, haragian agertu dena, Izpirituaz justifikatua izan dena, aingeruez ikusia izan dena, jentillei predikatua, munduan sinhetsia, glorian errezibitua izan dena.

 

IV. KAP.

        1 Izpirituak bada klarki erraten du: azkeneko denboretan aldaratuko direla batzu fedetik, jarraiko baitzaizte enganiozko izpiritu bati eta deabruzko dotrina batzuei, 2 hipokrisiaz gezur erraille batzuk eta konszientia gaixkoatua dutenek irakhatsiei; 3 zeiñek debekatuko baidute ezkontzea eta jatea, fidelek eta egia ezagutzen dutenek esker onekien har detzatentzat Jainkoak kreatu izan dituen biandetarik. 4 Ezen Jainkoak kreatu izan duen guzia ona da, eta deusere ez da arbuiatu behar esker onekien jan ahal daitezkenetarik. 5 Santifikatua baiditeke Jainkoaren hitzaz eta othoitzaz.

        6 Gauza hauk irakhasten diotzatzutela anaiei, Jesukristoren zerbitzari on bat izanen zare, fedearen hitzez hazia baitzare eta ikhasi izan duzun dotrina onarenez. 7 Elhe ergeletan ordean eta atso kontuetan ez zaitezela trika, baiñan egin zaite jainkotiartasunean. 8 Ezen gorphutzeko hariketak probetxu gutitako dire; jainkotiartasuna ordean guzietako da probetxos, beretzat baiditu oraiko bizitzearen eta ethorkizunekoaren agintzak.

        9 Egia gerthu bat da bau, eta gogo bethez hartzea merezi duena, 10 ezen horri dagokala pairatzen ditugu nekheak eta madarizioneak, zeren esperantza baidugu Jainko bizia baithan, zein baida gizon guzien Salbatzaillea, beregainki fidelena. 11 Gauza hauk detzatzun exleji eta irakhatsi... 12 Begirautzu nihork mezpreza ez zaitzan zure gastetasuna gatik, bainan izan zaite fidelen exenplua zure hitzetan, zure bizitzeko moldean, karitatean, fedean, garbitasunean. 13 Ni nathorken bizkitartean zakizko irakurtzeari, exortatzeari eta irakasteari. 14 Ez dezazula gutiets zure baitan den grazia, zeiña emana izan baitzaitzu profezia baten arauera, aphezen batzarrak eskuak pausatu izan darozkitzunean. 15 Medita zatzu gauza hauk, zaude hautan, zure aitziñamendua guziek ezagut dezatentzat. 16 Gogoa emozu zeure buruari eta bertzeei irakasteari; zakizkote horiei, ezen hori egiñez salbatuko duzu zeure burua eta zu entzuten zaituztenak ere.

 

V. KAP.

        1 Adin handitako gizon bati ez diozazula dorpheki eranzun; aitzitik har zazu othoitzez zure aita balitz bezala; gasteak trata zatzu zure anaiak bezala; 2 emasteki adinetakoak zure ama bezala; gasteak zure arreba bezala garbitasun guzizko batekien.

        3 Emaste alhargunak ohora zatzitzu, egiazko alhargun direnak. 4 Baldin emaste alhargun batek baditu haurrak edo illobasoak, ikhas bezate lehenik bere familia gobernatzen eta bere burasoei ordaiñaren bihurtzen, ezen hori da gauza bat Jainkoari agradatzen zaioena. 5 Bada egiazki alhargundua eta gabetua denak izan beza esperantza Jainkoa baithan, eta iraun beza gau eta egun othoitzetan eta orazionetan, 6 ezen atsegiñetan bizi dena bizi delarik billa da. 7 Hau ere exleji diozozute, erratekorik gabe ibill daitezen gatik.

        8 Baldinetariak bada edozeiñek bereez eta bereziki bere etxekoez artha ez badu, fedeaz ukhatu duke eta infidel bat baiño areago da. 9 Alhargunen herrunkan ibenia izateko hautatua izanen dena ez bedi izan hirur hogoi urthe baiño gutiagotakoa, ez senhar bat baiño gehiago izan dukena, 10 bere obra onek lekhukotasun ematen diotena, hea bere umeak ungi altxatu izan dituen, hea atze herritarrak ostatatu izan dituen, hea sainduei oiñak garbitu darozten, hea aflijituak lagundu dituen, hea obra on guziei jarreikia izan den. 11 Alhargun gasteak ordean ez detzatzula iben nonbre hortan, ezen guriki bizi ondoan Jesukristoren zerbitzuan, ezkondu nahi dute, 12 bere kondenazionea dutelarik, zeren ezeztatzen baidute lehen eman izan duten fedea. 13 Bertze alde oraiño alferkeriari jarririk, kostumatzen dire etxez etxe ibiltzen; eta ez xoilki dire alferrak, bainan oraiño hitzuntziak eta kuriosak, behar ez diren gauzez mintzo direnak. 14 Nahiago dut bada gaste direnak ezkon daitezen, haurrak egin detzaten, familiako ama izan daitezen, eta ez diozaten eman gure errelijionearen etsaiei okasionerik batere gure kontra erasteko; 15 ja ezen batzu itzulirik gibelat jarraiki zaizko Satanari. 16 Baldin edozein fidelek badu alhargunik bere hurkorik, eman biozate behar dutena eta ez dadin Eliza hetaz izan kargatua, duentzat egiazki alhargun direnen haztekoa.

        17 Ungi gobernatzen duten aphezak izan beitez dobleki ohoratuak, guziz predikatzen eta irakasten hari direnak. 18 Erraten du ezen Eskriturak: «Ez diozu estekatuko ahoa bihikatzen hari den idiari; eta merezi du langilleak bere saria». 19 Aphez baten kontra akusazionerik ez dezazula errezibi, bia edo hirur presunen lekhukotasunaren gaiñean baizen. 20 Bekhatu egin dutenak errepreni zatzu guzien aitziñean, bertzeak ere beldur izan daitezen gatik. 21 Errekeritzen zaitut Jainkoaren aitziñean, Jesukristoren aitziñean eta aingeru berezien aitziñean, arren gauza hauk begira detzatzun aitzekiarik gabe, eta deusere egin gabe alde batetarat edo bertzerat makhurtuz. 22 Eskuak nihori ez diotzatzula lasterregi pausa eta ez zaitezela baltsa bertzeen bekhatuetan. Zeure burua idukazu garbi. 23 Ez dezazula ura edan hemendik harat; baiñan mahats arno guti batez usa zazu zure estomaka gatik eta zure eritasun husuak gatik. 24 Gizon batzuen bekhatuak bain ageriak badire, non aitzintzen baitzaizko jujeamenduari, bertzeenak berriz ez dire agertzen ondoan baizen. 25 Badire orobat obra onak ere mundu guziaz ezagutuak direnak; eta oraiño ezagutuak ez direnak ere ezin daudezke gordeak.

 

VI. KAP.

        1 Sehitasuneko ustarriaren azpian diren sehi guziek jakin bezate obligatuak direla ohore thaillu guziak errendatzerat bere nausiei, Jaunaren izena eta dotrina blasfematua izan ez dadin gatik. 2 Ordean nausitzat fidelak dituztenek ez betzate hek mezpreza, zeren anaiak diren; aitzitik are hobeki betzate zerbitza, zeren diren fidelak eta maitatzekoagoak, grazia berean parte dutenak baidire. Horra zer behar diozuten irakatsi eta zertarat behar ditutzun exhortatu.

        3 Baldin nihork bertzela irakasten badu eta ez baditu besarkatzen Jesukristo gure Jaunaren erakuspen sainduak eta jainkotiartasunaren arauerako den dotrina, 4 superbio bat da, deusik ez dakiena, izpiritu flakotakoa, hitzezko kestioneen eta debadioen ondoan dabillana, zeinetarik heldu baidire inbidiak, ihardukitzeak, gaixki errateak, itzalgaizkunde gaixtoak, 5 gizon izpiritu gaizkoatutakoen eta egiaz gabetuak direnen thema gaixtoak, zeiñek behatzen baidiote jainkotiartasunari aberatstasunen irabazteko bide bati bezala. 6 Irabazi handia da bada jainkotiartasuna, duenaz nihor kontent denean. 7 Deusere ezen ez dugu ekharri izan mundu huntarat, eta duda gabe da deusere halaber ezin hemendik eramanen dugula. 8 Hala, baldin bizitzekoa eta bestitzekoa badugu, aski badugu. 9 Ezen aberastu nahi dutenak erortzen ohi dire tentazionean eta deabruaren artean eta hainitz desirkunde arlote eta kaltekorretan, zeiñek hondatzen baidituzte gizonak ondikozko eta galmenduzko hosin batean. 10 Gaitz guzien erroa da ezen ontasunen gutizia, zeiñaz posedituak izanik zenbeit errebelatu izan baidire fedetik eta nahaspillatu hainitz doloreetan.

        11 Zuk ordean, o Jainkoaren gizona, gauza horiei ihes egiozute, eta jarraik zakizte justiziari, jainkotiartasunari, fedeari, karitateari, pasientziari, emetasunari. 12 Izan zaite borthitz eta animos fedearen gudu sainduan; atzemazu bizitze eternala, zeiñetarat baitzare deithua, eta zeiñaren ariaz errendatu ere izan baiduzu lekhukotasun glorioso bat hainitzen aitzinean. 13 Gomendatzen darotzut Jainkoaren aitzinean, zeiñek guziei bizia ematen baidaroe, eta Jesukristoren aitziñean, zeiñek bain lekhukotasun exelenta errendatu izan baitzuen Pontio Pilatusen azpian, 14 arren begira detzatzun ordenu hauk tatxarik eta erreportxurik gabeko molde batez, Jesukristo gure Jaunaren ethor eguneraiño, 15 zeiña bere denboran erakutsiko baidu guziz dohatsu eta xoillik botheretsu denak, Erregeen Erregeak eta Jaunen Jaunak, 16 zein baida bakharra inmortalitatearen jabe dena, eta nihor ezin hurbill daiteken argi batean egoten dena, zeiña gizon garabek ez baidu ikusi eta ezin ikus ere baidezake, zeinari baidagoka gloria eta bethiereko nausitasuna. Amen.

        17 Mundu huntako aberatsei exleji diozozute ez daitezen gogoz handiets eta ez dezaten iben bere esperantza deus gerthurik ez duten aberatstasunetan, baiñan bai Jainko bizia baithan, zeiñek ematen baidarozkigu gauza guziak frankiaz gure beharretan baliatzeko; 18 egin dezaten ungi eta egin daitezen aberats obra onetan; eman dezaten gogotik eta liberalki dutenetik; 19 bil dezaten beretzat thresor funts onezko bat ethorkizunekotzat, bizitze eternala irabaz dezatentzat.

        20 O Thimotheo, begira zazu fidatu izan zaitzun depositua, ihes egiten diozutelarik hitzezko berritasun profanoei, eta izen falsotako jakintza batetarik heldu diren kontrariatzeei, 21 zeiñez ostendade eginez zenbeit erori izan baidire fedetik. Grazia dela zurekien. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa