www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren ebanjelio saindua
Joanes Haraneder
1740, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren evangelio saindua, Ioannes de Haraneder (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

J. PAULO
APOSTOLUAREN GUTHUNA
KOLOSIARREI

 

I. KAP.

        1 Paulo, Jainkoaren nahiz Jesukristoren Apostoluak, eta Timotheo bere anaiak 2 Kolosan diren sainduei eta fidelei, Jesukristo baithango gure anaiei: 3 grazia eta bakea dela zuekien Jainko gure Aita ganik eta Jesukristo gure Jauna ganik. Eskerrak diotzagu ematen Jainkoari, Jesukristo gure Jaunaren Aitari, eta bethi diogu zuentzat othoitz egiten, 4 aditurik Jesukristo baithan duzuen sinheztea eta saindu guzientzat duzuen karitatea, 5 zeruetan zuentzat daudezen onen esperantzan, zeiñen ezagutza ja izan baiduzue Ebanjelioko egiaren hitzaz, 6 zeiña heldu izan baida zuetaraiño mundu guzian predikatua den anzura berean, zeinetan ekhartzen baidu fruitu eta berretzen baida, zuen baithan egin den bezala, Jainkoaren grazia aditu izan duzuen egunaz geroztik eta ezagutu egiaren arauera, 7 nola baiduzue ere ikhasi Epafra gure lagun maite eta zerbitzarikidea ganik, zein baida zuentzat Jesukristoren ministro fidel bat, 8 eta zeiñek ezagutarazi baidaroku zuen karitate izpirituzkoa.

        9 Horren gatik gu ere jakintsun hortaz egin izan garen ordutik, ez gare gelditzen zuentzat othoitz egitetik eta Jainkoari galdetzetik, arren bethe zaitzaten bere nahiaren ezagutzaz eta eman diezazuen zuhurtzia guzia eta izpiritualeko jakintza guzia, 10 ibill zaitezten amorea gatik Jainkoari dagokon bezala, lehiatzen zaretelarik gauza guzietan haren gogarako izaterat, obra on suerte guzien fruituak ekhartzen ditutzuela eta Jainkoaren ezagutzan aitzinatzen zaretela; 11 izan zaiteztentzat indarrez betheak haren bothere gloriosoaren arauez, guziak pairatzen ditutzuelarik iraupenekien eta bozkariorekien, 12 eskerrak ematen diotzotzuelarik Jainko Aitari, zeiñek argi eginik gai egin baigaitu sainduen zorthean parzuner izateko, 13 zeiñek athera izan baigaitu illhunbetako botherearen azpitik, eta eraman bere Seme maitearen erresumarat, 14 zeiña baithan baidukegu erresketamendua haren odolaz, bai eta ere bekhatuen barkhamendua,

        15 zeina baida Jainko ezin ikus daitekenaren imajina, kreatura guziak baiño lehen jaioa. 16 Ezen haren baithan egiñak izan dire gauza guziak zerukoak eta lurrekoak, ikusten direnak eta ikus ezin daitezkenak; ala thronuak, ala dominazioneak, ala prinzipalitateak, ala bothereak, guziak hartaz eta haren baithan izan dire kreatuak. 17 Bera guziak baiño lehenagokoa da eta guziek haren baithan dute izatea. 18 Hura da ere Elizaren gorphutzeko buruzagia, hura da hastapena eta hillen artetikako lehen jaioa, guzietan lehentasuna atxik dezantzat. 19 Aitaren atsegiña izan baida gauza guzien bethetasuna haren baithan ematea 20 eta hartaz guziak baketzea berekien, hark gurutzean isuri izan duen odolaz bakearazirik nahiz lurrean direnak eta nahiz zeruan direnak.

        21 Zebonek ere noizbeit hastanduak ziñetenak Jainkoaganik eta haren etsaiak, gogoa obra gaixtoetarat emana izanez, 22 orai ordean bakearazi izan zaituzte heriotzeaz bere gorphutz haragizkoan, zuek egitea gatik saindu, garbi eta erratekorik gabeko bere aitziñean, 23 baldin behintzat fedean ungi fundatuak eta finkatuak egoten bazarete, behiñere higitu gabe esparantza eman darotzuenetik aditu izan duzuen Ebanjelioak, zeiña predikatua izan baitzaie zeruaren azpian diren kreatura guziei, eta zeiñaren ministre egin izatu bainaiz ni Paulo,

        24 orai atsegin dudana zuen gatik pairatzen ditudan gaitzez eta neure haragian konplitzen ditudana Jesukristoren sofrikarien gaiñerakoak haren gorphutza gatik, zeiña baida Eliza, 25 zeiñaren ministro egin izatu bainaiz Jainkoak zuen alderakotz eman izan darotan mezuaren arauera, Jainkoaren hitzari behatzen zaioena konpli dezadantzat, 26 predikatzen darotzuedalarik misterioa, mende guzietan eta adin guzietan estalia izatu dena eta orai erakutsia izan zaiena haren sainduei, 27 zeiñei ezagutarazi nahi izan baidiote Jainkoak zer diren misterio horren gloriaren aberatstasunak jentillen baithan, zein baida Jesukristo zuentzat gloriaren esparantza. 28 Eta hura darotzuegu predikatzen, gizon guziak abisatzen ditugularik eta guziei irakasten diogutelarik zuhurtzia guzizkoan, gizon guziak egitea gatik perfet Jesukristo baithan. 29 Hortan trabaillatzen naiz ere, guduan ari naizela ene baithan botheretsuki obrarazitzen duen berthutearen arauera.

 

II. KAP.

        1 Nahi dut ezen jakin dezazuen zeiñ griña eta ardura handia dudan zuentzat, Laodizean direnentzat, bai eta haragizko gorphutz huntan egundaiño ikusi izan ez nauten guzientzat ere, 2 konsolatuak izan daitezen gatik hekien bihotzak eta, elkharrekien bat egiñak izanik karitatez, izan daitezen gatik betheak jakintza perfet baten aberatstasun guziez, ezagutzeko Jainko Aitaren misterioa eta bai Jesukristorena, 3 zeiña baithan baidire zuhurtziaren eta jakintasunaren tresor guziak gordeak.

        4 Hau erraten dut bada nihork engana ez zaitzaten gatik solhas sothillez eta goratiarrez, 5 ezen gorphutzez urrun banaiz ere, izpirituz ordean zuekien naiz, atseginekien ikusten dudalarik zuen artean den ordenu ona eta zein ziñezkoa den zuek Jesukristo baithan duzuen sinhestea. 6 Hala beraz ibill zaitezte Jesukristo gure Jauna baithan hartaz irakatsi izan zaitzuenaren arauera, 7 erroak egiñik eta zimenduak harturik haren baithan, borthizten zaretelarik irakatsi izan zaitzuen fedean, eta frankoki eta perfetki haren baithan eskerrak ematen ditutzuelarik.

        8 Begirautzue nihork atzeman ez zaitzaten filosofiaz eta arrozoinamendu banoez eta enganiosez, gizonen asmuen arauerako munduko jakintzaren prinzipioen arauerakoez eta Jesukristoren arauera ez direnez; 9 ezen haren baithan datza jainkotasunaren bethetasun guzia korporalki 10 eta baditutzue gauza guziak mukuru haren baithan, zeiña baida prinzipalitate eta bothere guzien buruzagia, 11 zeiña baithan baitzarete zirkonzidatuak ere, ez zirkonzisione eskuz eginikako batez, gorphutzeko haragitik ebakitzez, baiñan Jesukristoren zirkonzisioneaz. 12 Ehortziak izan baitzarete bathaioaz harekien, zeina baithan halaber biztu izan baitzarete sinhesteaz Jainkoak biztu izan duela hilletarik bere botherearen eginkariz. 13 Ezen zuek ere hillak ziñaudeztenean zeben bekhatuetan eta zuen haragiaren zirkonzidatu gabean, bizarazi izan zaituzte Jesukristok berekien zuen bekhatu guziak barkhaturik.

        14 Urratu izan du gure kontra ginduen zedula eta borratu osoki gure kondenazionetako mezua, itzaturik hura bere gurutzeari. 15 Eta bulhuzirik prinzipalitateak eta bothereak ezarri izan ditu ikuskaritzat mundu guziaren aitzinean hetaz triunfaturik bere presunan. 16 Nihork beraz ez bezaitzate kondena jatearen edo edatearen ariaz, edo besta egunen, ilhargi berrien edo sabatho egunen ariaz, 17 zeinak ez baitziren ethorkizuneko gauzen itzala baizen; ordean hekien gorphutza Jesukristo da. 18 Nihork ez zaitzatela aldara bide xuxenetik, humill delako eta aingeruak ohoratzen dituelako ostendadez, ezagutzen ez duen bidez dabillala, ergelki hantua bere prudentzia haragizkoz, 19 ez datxakola buruari; zeiña ganik gorphutz guziak, bere parte guziak juntatzen eta estekatzen diotzaten zaiñetarik, errezibitzen baidu irautekoa, geroago eta gehiago handitzeraiñokoan Jainkoaren arauera.

        20 Baldiñetariak beraz hillak bazarete Jesukristorekien mundu huntako erakuspen arrunterei, zergatik zeben buruei lege egiterat uzten diozue, munduan bizi baziñete bezala? 21 «Begirautzue hori uki edo hortarik dasta; begirautzue hori erabill». 22 Eta dire hek guziak zerbitzatze beraz ahitzen diren gauzak eta zeiñetan baitzabiltzate gizonen maximen eta opinioneen arauera; 23 zeiñek alabainan baidute zerbeit zuhurtziaren idurikunde superstizione batean eta humiltasunezko sentimendu batzutan, gorphutza guphida ez izatean eta haragia sasiatzeaz ez antsia izatean.

 

III. KAP.

        1 Beraz baldinetariak biztu izan bazarete Jesukristorekien, bilha zatzue zeruan diren gauzak, non baidago Jesukristo Jainkoaren eskuiñean jarria. 2 Zeruko gauzentzat duzuen gustua eta ez lurrekoentzat; 3 hillak zarete ezen eta zuen bizia gordea da Jesukristorekien Jainkoa baithan. 4 Noiz ere agertuko baida Jesukristo, zein baida zuen bizia, orduan zuek ere agertuko zarete harekien glorian.

        5 Hilduma zatzue beraz zuen baithan den gizon lurrezkoaren menbroak: lohikeria, atseginetarako lehia, gutizia gaixtoak eta abarizia, zein baida idolatria bat, 6 gauza horien gatik erortzen denaz geroz Jainkoaren kolera presuna sinhets gogorren gainerat, 7 zeinetan ibilliak baitzarete noizbeit zuek ere, desordenu hetan bizi ziñetenean.

        8 Orai bada utzatzue zuek ere horiek guziak: irakidura, zumindura, malezia, gaixki errateak, zuen ahotik ilkhitzen ohi ziren hitz lizunak. 9 Gezurrik ez derrozuela batak bertzeari; erauntz zazue gizon zaharra bere egitateekien, 10 eta jauntz zazue gizon berei hura, zeiña erreberritzen baida, ezagutua izateraiñokoan hura kreatu izan duenkren imajinaren arauerakotzat, 11 zeinetan ez baida ez jentillik ez judutarrik, ez zirkonzidaturik ez zirkonzidatu gaberik, ez barbarorik ez Eszitharik, ez esklaborik ez librorik, baiñan zeiñetan Jesukristo baida guzia eta guzietan.

        12 Besti zaitezte beraz Jainkoaren hautatu sainduak eta maiteak bezala urrikalmenduzko erraiez, emetasunez, humiltasunez, modestiaz, pairakortasunez, 13 batak bertzea jasaten duzuelarik eta elkharri barkhatzen diozuelarik, nihork baldin badu errenkurarik bertzeen kontra. Nola ere Jaunak barkhatu izan baidarotzue zuei, eta hala egizue zuek ere.

        14 Horien guzien gaiñetik ordean duzuen karitatea, zein baida perfekzionearen lokharria. 15 Nausi bedi zuen bihotzetan Jesukristoren bakea, zeinetarat deithuak ere baitzarete guziak gorphutz bakhar bat egiteko; eta zareten hortaz eskertiar. 16 Jesukristoren hitza egon bedi zuen baithan bere bethetasun guzian, zuhurtzia guzizko batekien. Irakats diozozue eta gogoa on elkharri salmuez, himnoez eta kantiko izpiritualez, kantatzen ditutzuelarik bihotzez Jaunaren laudorioak edifikazionerekien. 17 Egiten dukezuen guzia, ala mintzatzez ala egitez, guziak egitzue Jesukristo Jaunaren izenean, eskerrak ematen diotzotzuelarik hartaz beraz Jainko Aitari.

        18 Emasteak, zareten obedient zuen senharren alderat, behar ere den bezala Jaunaren arauera. 19 Senharrak, maita zatzue zuen emasteak eta ez detzatzuela garraxki ekhar. 20 Umeak, obedi zatzue zuen burasoak gauza guzietan; hori Jaunaren gogara da ezen. 21 Aitak, ez detzatzuela damuzta zuen umeak, gogoa gal ez dakioten. 22 Sehiak, obedi zatzue gauza guzietan haragiaren arauera zuen nausi direnak, ez begia zuen gaiñean dutenean xoilki ditutzuela zerbitzatzen, gizonen gogara egitea gatik bezala, bainan bihotzezko sinpletasunarekien eta Jainkoaren beldurtasunarekien. 23 Egiten dukezuen guzia egizue gogo onez, Jaunarentzat bezala eta ez gizonentzat bezala, 24 dakizuelarik Jauna ganik duzuela izanen saritzat zeruko heredalgoa. Jesukristo Jauna da zerbitzatu behar duzuena, 25 ezen gaixki egiten duenak errezibituko du gaixki egin dukenaren pena; eta ez da presunen berezgurik Jainkoa baithan.

 

IV. KAP.

        1 Nausiak, justu eta beharki dena errenda diozozue zuen sehiei, dakizuelarik ezen zuek ere baduzuela nausi bat zeruan. 2 Zarraizkote othoitzari, gauak ere daramatzuela othoitz egiten eta eskerren ematen. 3 Egizue othoitz guziek elkharrekien guretzat ere, Jainkoak idek diezaguntzat athea bere hitzarentzat, predikatzeko Jesukristoren misterioa, zeiña gatik ere bainaiz gatheetan, 4 ezagutaraz ere dezadantzat hura hartaz mintzatu behar dudan bezalako molde onez. 5 Zuhurki ibill zaitezte Elizaz kanpoan direnekien, denbora erosten duzuelarik. 6 Zuen hitzetan duzuen bethiere grazia molde bat eta gatz bat sasoa detzakena, dakizuekentzat nola behar diozuen ihardetsi batbederari.

        7 Niri behatzen zaitan guzia jakiñen duzue Tikike gure anaia maitea ganik, zein baida Jaunaren zerbitzari fidel bat, Jauna enekien batean zerbitzatzen duena. 8 Berariaz igorri darotzuet hura, jakin dezan gatik zertan zareten zebonek ere eta konsola detzan gatik zuen bihotzak. 9 Igorri dut harekien batean halaber Onesimo ene anaia maitea eta fidela, zuen herritarat. Hemen iragaten den guzia jakinen duzue hekien ganik.

        10 Salutatzen zaituzte Aristarke enekien preso dagoenak, eta Mark Barnaberen kusiñak, zeinarentzat errezibitu baiditutzue gomendiozko buthunak. Ethortzen baldin bada zuen ganat, errezibi zazueke ungi. 11 Jesus justua daritzanak ere agur darotzue. Hainak baidire zirkonzisionekoak, horiek dire bakharrak Jainkoaren Erresuma ifintzen lagun ditudanak eta zerbeit konsolamendu ematen darotedanak. 12 Salutatzen zaituzte Epafras zuen herritarrak. Jesukristoren zerbitzari bat da bethi zeloz bethea zuentzat bere orazionetan, izan zaiteztentzat konstanki perfetak eta konpliak Jainkoak zuen ganik nahi duen guzietan. 13 Lekhukotasun hau errenda diozoket ezen: grina handi bat duela zuentzat, eta bai Laodizean eta Hierapolisen direnentzat ere. 14 Salutatzen zaituzte Lukas mediku maiteak eta bai Demasek ere.

        15 Saluta zatzue Laodizean diren anaiak, eta Ninfas haren etxean den Elizarekien. 16 Buthun hau irakurri daitekenean zuen artean, duzuen artha irakur dadin Laodizeako Elizan ere, eta Laodizearrentzat dena berriz irakur dezazuen zuek. 17 Errozue Arkiperi hitz hau niketz: konsidera zazu ungi Jauna ganik errezibitu duzun mezua, bethe detzatzuntzat hartako eginbide guziak. 18 Hauxe neure esku propioz eskribatzen dut nik Paulok, zuen salutatzeko. Orhoit zaitezte ene gatheez. Grazia dela zuekien. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa