www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren ebanjelio saindua
Joanes Haraneder
1740, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren evangelio saindua, Ioannes de Haraneder (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

JONDONI PAULO
APOSTOLUAREN GUTHUNA
GALATIARREI

 

I. KAP.

        1 Paulok, Apostolu naizenak ez gizonen ganik ez eta gizon batez, baiñan Jesukristoz eta hura hilletarik biztu izan duen Jainko Aitaz, 2 eta enekien diren anaia guziek Galaziako Elizei: 3 grazia eta bakea dizuela Jainko Aitak eta Jesukristo gure Jaunak, 4 zeiñek eman izan baidu bere burua gure bekhatuen gatik eta gu atheratzea gatik mundu gaixkoatu huntarik gure Jainko eta Aitaren borondatearen arauera, 5 zeiñari bekio eman gloria mende guzietako mendeetan. Amen.

        6 Miretsia nago nola, utzirik Jesukristoren graziarat deithu izan zaituztena, bain lauster aldaratzen zareten bertze Ebanjelio baterarat; 7 ez bada izanez bertzerik, baiñan baidire jende batzuek altaratzen zaituztenak eta Jesukristoren Ebanjelioa irauli nahi dutenak. 8 Baiñan geronek predikatzen bagiñatzuegu ere edo zerutikako aingeru batek predikatzen balarotzue ere guk predikatu izan darotzuegun Ebanjelioaz bertze bat, biz anathema. 9 Erran dugun bezala berriz ere diot: Baldin nihork predikatzen badarotzue zuek errezibitu izan duzuen Ebanjelioaz bertze bat, anathema izan dadillala. 10 Ezen orai gizonak nahi dut alde dakizkidan ala Jainkoa? Ala gizonen gogara egin nahiz othe nabilla? Baldinetariak oraiño gizonen gogarako izaterat hari banintz, ez ninteke Jesukristoren zerbitzari.

        11 Deklaratzen darotzuet bada, ene anaiak, nik predikatu izan darotzuedan Ebanjelioa ez dela gizonen ganik heldu. 12 Ez dut ezen gizon garaben ganik errezibitu ez ikhasi, baiñan bai Jesukristoren errebelazionez. 13 Aditu duzue eki nola konportatu izan naizen lehenago judutalgoan; nola furiarekien persekutatzen nuen eta gudukatzen Jainkoaren Eliza; 14 nola ixitzen nituen Judutalgoan ene adineko eta nazioneko ziren bertze hainitz, zelo gehiago bainuen hek baiño ene aiten erakuspenentzat.

        15 Baiñan plazer izan darotanean Jainkoak (zeiñek berezi izan bainau neure amaren sabelean danik eta deithu izan bainau bere graziaz) 16 ezagutarazi bere Semea predika niozatentzat jentillei, ordu beretik egin izan dut, egon gabe haragiaren eta odolaren ganik konseillu hartzen. 17 Eta ez nintzen ere goan Jerusalemerat ni baiño lehen Apostolu zirenetarat; aitzitik goan nintzen Arabiarat eta gero berriz bihurtu nintzen Damaserat. 18 Ondoan hirur urtheren buruan goan nintzen Jerusalemerat Piarresen ikusterat, eta egotu nintzen hamabortz egunez harekien. 19 Bertze Apostoluetarik ordean batere ez nuen ikusi, Jakobe Jaunaren anaia baizen. 20 Eskribatzen darotzuedan gauzetan Jainkoa da lekhuko ez darotzuedala gezurrik erraten. 21 Handik goan nintzen Siriarat eta Ziliziarat. 22 Judeako Elizek, bada, Jesukristori zarraiztenek, ez ninduten ezagutzen ikustez. 23 Xoilki zuten erraten aditu: «Lehenago gu persekutatzen ginituen hura, nozbeit gudukatzen ohi zuen fedearen predikatzen hari da orai». 24 Eta Jainkoari zioten gloria ematen ene baithan egin izan zuenaz.

 

II. KAP.

        1 Gero hamalaur urtheren buruan goan nintzen berriz ere Jerusalemerat Barnaberekien, harturik Tite ere enekien. 2 Goan nintzen bada errebelazione baten ariaz; eta jentillei predikatzen diotedan Ebanjelioa komunikatu nioten han zirenei, beregainki ordean zerbeit zirela ziduritenei, beldurrez ezen alferrik nindabillan edo ibilli izan nintzen. 3 Baiñan Tite enekien baitzen eta jentilla ere . baitzen, ez zuten hertxatu zirkonzidatua izaterat. 4 Eta anaia falso batzu ixilka ethorriak sarthua gatik gure arterat Jesukristo baithan dugun libertatea zelatatzerat, gathibutasunean gu ezarri nahiz, 5 momentu bateko ere ez giñoten egin amorrik eta ez giñaizten beheititu, Ebanjelioaren egia bethi bat eta bera izan dadin amorea gatik zuen artean. 6 Zerbeit zirela iduri zutenek, bada, (nolakoak izatu ditezken noizbeit ez dohat niri deusik, Jainkoak ez dio behatzen presunen kualitateari), zerbeit zirela iduri zutenek, diot, niri ez darotet deusere irakatsi. 7 Aitzitik ikusi zutenean niri eman zitzaidala mezua zirkonzidatuak ez direnei Ebanjelioa predikatzekoa, hala nola Piarresi zirkonzidatuak direnei predikatzekoa, 8 (ezen Piarresen baithan haritu dena, hura zirkonzidatuak direnen Apostulu egiteko, haritu da ene baithan ere ni jentillen Apostolu egiteko), 9 ezagutu zutenean bada niri eman izan zaitan grazia, Jakobek, Zefasek, eta Joanesek, zeiñak agertzen baitziren harroiñak bezala, esku emanik hartu ginituzten parzuner ni eta Barnabe, gu izateko jentillentzat eta hek zirkonzidatuak direnentzat. 10 Xoilki gomendatu zarokuten orhoit gintezen pobreez. Eta artha handi ere dut horren egiteko.

        11 Ethorri zenean bada Zefas Anthiokiarat, bekhokirat lehiatu nintzaioen, zeren falta baitzuen; 12 ezen Jakoberen ganik heldu ziren zenbeit ethor zitezken aitzinetik, jaten zuen jentillekien; ordean hek ethorri geroztik, aldaratzen zen eta hastantzen jentillen ganik, beldur baitzitzaien zirkonzisioneko zirenei. 13 Eta bertze gaiñerako judutarrak ere jarri ziren hura bezala itxura bera egiten, halako moldez non erakharri baitzuten Barnabe bera ere hek bezala alegia egiterat. 14 Ikusi nuenean bada ez zebiltzala xuxen Ebanjelioaren egiaren arauera, erran nioen Zefasi guzien aitziñean: «Baldinetariak zu judutarra zarelarik jentillen antzura bizi bazare eta ez judutarren antzura, nolatan hertxatzen ditutzu jentillak judualgorat?».

        15 Gu sortzez judutar gare eta ez jentilletarikako bekhatorosak. 16 Baidakigu ordean ez dela gizona justifikatzen legearen obrez, baiñan bai Jesukristo baithango fedeaz, sinhetsi ere dugu Jesukristo baithan justifikatuak izatea gatik Jesukristo baithango fedeaz eta ez legearen obrez; zeren eta gizon garabik ez baida justifikatua izanen legearen obrez. 17 Baldiñetariak Jesukristo baithan justifikatuak izan nahiz gabiltzala aurkhitzen bagare geroni ere behkatoros, beraz Jesukristo bekhatuaren ministre liteke? Ez horlakorik. 18 Baldiñetariak ezen desegin dudana berriz egiten badut, neure burua prebarikatzaille errendatzen dut. 19 Ezen ni legeaz beraz hill natzaio legeari, Jainkoarentzat baizen ez gehiago bizitzeko. Jesukristorekien batean gurutzefikatua izan naiz. 20 Bizi naiz, bada, ez gaur gehiago ni, baiñan Jesukristo bizi da ene baithan. Eta orai hunela haragian bizi naizena ere, Jainkoaren Semearen fedeaz bizi naiz, zeiñek maitatu izan bainau eta eman izan baidu bere burua ene gatik. 21 Ez dut arbuiatzen Jainkoaren grazia. Baldinetariak ezen legetik heldu bada justizia, beraz alferrik hill izan da Jesukristo.

 

III. KAP.

        1 O galatar zoratuak! Nork xarmatu izan zaituzte egiari ez obeditzeko, eman zaitzuen ondoan begien aitziñean Jesukristo zuen erdian gurutzeari josia? 2 Hau xoilki nahi dut jakin zuen ganik: legearen obrez errezibitu duzue Izpiritu Saindua ala fedea entzuteaz? 3 Hain erhoak zarete, non Izpirituaz hasi ondoan orai haragiaz akhabatzen baiduzue? 4 Alferrik bada hanbat pairatu duzueke? Baldin behintzat alferrik egin baduzue. 5 Izpiritu Saindua eman darotzuenak eta mirakuilluak zuen artean egiten dituenak, legearen obrez ditu egiten ala predikatzen aditu duzuen fedeaz?

        6 Eskribatua den bezala: «Abrahamek sinhetsi izan du Jainkoaren hitzean eta kondatu izan zaio hori justiziatzat». 7 Ezagutzazue, beraz, fedearen ume direnak direla Abrahamen umeak. 8 Ikusirik bada Jainkoak fedeaz zituela justifikatuko nazioneak, erran izan dio aitziñetik Abrahami eskriturak dioena: «Benedikatuak izanen dire zure baithan nazione guziak». 9 Beraz fedetik direnak izanen dire benedikatuak Abraham fidelarekien.

        10 Ezen legearen obrei datxaiztenak madarizionearen azpian ditezke, eskribatua denaz geroz: «Madarikatua diteke legearen liburuan eskribatuak diren guziak egiterat zinki ez dagoen guzia». 11 Bada legeaz nihor ez dela justifikatua Jainkoaren aitziñean, gauza da ageria; zeren justua fedeaz bizi baida. 12 Legea ordean ez deitxaiko fedeari; aitzitik hark dio: «Horiek egiten dituena biziko da horietan». 13 Jesukristok erosi izan gaitu legearen madarizionetik, bera gure gatik madarizione egin izanik, eskribatua denaren arauera: «Madarikatua da zurean urkhatua den guzia». 14 Abrahami eman zitzaioen benedizionea jentilletarat hel zedintzat Jesukristo baithan eta agindurikako Izpiritua errezibi dezaguntzat fedeaz.

        15 Ene anaiak, (gizonkara mintzo naiz): alabaiñan gizon baten testamenta molde onean egiña denean, nihor ez dezake hauts ez ganbia. 16 Abrahami egin zaizko agintzak «eta haren haziari». Ez da erraten: «eta haren hazitikakoei», hainitz balire bezala; baiñan batean balego bezala, «eta zure haziari», erran nahi da Kristori. 17 Huna bada zer diodan: Jainkoak berak egin eta indarztatu izan duen testamenta laur ehun eta hogoi eta hamar urtheren ondoan eman izan den legeak ez ahal du hausten haren agintza ezeztatua gertha daiteken bezala. 18 Ezen baldin heredalgoa legetik heldu bazaiku, ez zaiku beraz agintzatik heldu. Ordean Abrahami agintzaz eman izan baidio Jainkoak.

        19 Zertako da beraz legea? Hobenen gatik da ifinia, ethor ziteken artean sorthu behar zuen hura, zeiña gatik egiña baitzen agintza: eta lege hura aingeruez izan ere da emana bitarteko baten eskuz. 20 Bada arartekoa ez da batena; Jainkoa ordean ez da bat baizen. 21 Legea beraz Jainkoaren agintzen kontrakoa othe da? Ez horlakorik. Baldinetariak ezen legea eman izan balitz bizia eman ahal zezaken bezala, egiazki legetik ethor liteke justizia. 22 Baiñan guziak ditu zarratu Eskriturak bekhatuaren azpian, Jainkoak agindua Jesukristoren fedeaz eman zekiotentzat haren baithan sinhesten dutenei. 23 Ordean fedea ethor ziteken baiño lehen, legearen azpian giñaudezen zarratuak eta begiratuak, agerthu behar zuen fede haren goithan. 24 Hala legeak nausi batek bezala gaitu gidatu Jesukristo ganat, fedeaz justifikatuak izan gaitezentzat. 25 Ordean ethorri geroztik fedea, ez gare gehiago nausi baten erakuspenen azpian, 26 guziok ezen Jainkoaren haurrak zarete Jesukristo baithango fedeaz. 27 Ezen Jesukristo baithan bathaiatuak izan zareten guziok Jesukristoz bestituak zarete. 28 Ez da gaur gehiago judutarrik ez grekorik; ez da gathiburik ez libro denik; ez da gizonik ez emasterik. Guziok gauza bat eta bera zarete Jesukristo baithan. 29 Baldiñetariak bada Jesukristorenak bazarete, beraz Abrahamen umeak zarete eta agintzaren arauez primuak.

 

IV. KAP.

        1 Diot bada herederoa haur deino ez dela deusetan berezia zerbitzaria ganik, guzien jaun eta jabe den arren. 2 Aitzitik hartaz eta haren egitekoez artha dutenen botherearen azpian da haren aitaz exleitua den denboraraiño. 3 Halaber gu ere haurrak giñenean gathibu bezala bizi giñen munduari erakutsi izan zaizkon lehenbiziko erakuspenen azpian. 4 Ordean konplitu izan direnean denborak, igorri izan du Jainkoak bere Semea emazte baten ganik sorthua, legearen azpiko egiña, 5 legearen azpian zirenak erresketatzekotzat eta gu adopzioneko ume egitekotzat. 6 Zeren zareten bada umeak, igorri izan du Jainkoak zuen bihotzetarat bere Semearen Izpiritua, zeiñek oihu egiten baidu: Aita, Aita. 7 Beraz gaur gehiago zuetarik nihor ez da sehi, baiñan bai ume. Baldinetariak ume bada, halaber heredero ere da Jainkoaren graziaz. 8 Egia da: lehenago ez baitzinduten ezagutzen Jainkoa, zerbitzatzen zintuzten jainko batzu berenez jainko ez direnak. 9 Orai ordean ezagutzen baiduzue Jainkoa, eta are aitzitik, ezagutuak baitzarete Jainkoaz, nolatan itzultzen zarete berriz ikaskari herbal eta pobre hetarat, zeiñen azpiko nahi baiduzue jarri berriz ere gathibu batzu bezala? 10 Egunen begiratzen hari zarete eta ilhabetheen eta urtheen. 11 Beldur naiz zuetaz ez othe naizen alferrik trabaillatu zuen artean.

        12 Izan zaitezte ene alderako ni zuen alderako naizen bezala: othoitz egiten darotzuet, ene anaiak. Deusetan ez nauzue egundaiño ofensatu. 13 Badakizue bada lehenago Ebanjelioa predikatu darotzuedanean, haragiaren lazerien eta persekuzioneen artean egin izan darotzuedala, 14 eta ez nauzuela mezprezatu izan, ez arbuiatu ene haragian sofritzen nituen humiliazione horien gatik ere; aitzitik hartu izan nauzue Jainkoaren aingeru bat bezala, Jesukristo bera bezala. 15 Non da bada orduko zuen dohatsutasuna? Ezen lehkukotasun hau errenda diezakezuet, posible izan balitz zuen begiak irazirik emanen zinarozkitedala. 16 Ala etsai egin natzaitzue, zeren egia erran darotzuedan? 17 Borthizki datxeizkitzue, ez ordean zuen onetan; aitzitik hastandu nahi zaituzte gure ganik, hei borthizki zatxaizkoten amorea gatik. 18 Baiñan zuek duzuen lehia onekotz, bethiere ungi egiteko, eta ez xoilki ni zuen artean present nauzuenean. 19 Ene haurtxoak, zeinez berriz ere erditzeko miñetan bainaiz, formatua izan daiteken artean Jesukristo zuen baithan. 20 Nahi nuke bada oraintxe zuekien izan eta mudatu ene hizkuntza, zeren khexu bainaiz zuentzat.

        21 Erran diezadazue legearen azpiko izan nahi duzuenek: legea ez duzue irakurri? 22 Eskribatua da ezen Abrahamek bi seme izan dituela, bata neskatoa ganik eta bertzea libroa zena ganik. 23 Ordean neskatoa ganikakoa haragiaren arauera sorthua zen; libroa ganikakoa berriz agintzaren berthutez sorthua. 24 Hauk allegoriaz erranak dire, ezen horiek bi testamentak ditezke: bata Sinaiko mendikoa, esklaboak egiten dituena, eta hura diteke Agar; 25 ezen Sina mendi bat da Arabiakoa, Jerusalem oraikoari ihardesten dioena, zeiña gathibu baida bere umeekien. 26 Ordean gaineko den Jerusalem hura libroa da eta hura da gure ama. 27 Eskribatua da ezen: «Boz zaite, agorra, haurrik egiten ez duzuna; ilkhi zaite bozkariozko deihagoretan, erditzeko minik ez duzuna, zeren haur gehiago baidu utzia zenak ezen ez senharra duenak». 28 Gu bada, ene anaiak, Isaak bezala agintzako haurrak gare. 29 Eta nola orduan haragiaren arauerako sorthu zenak persekutatzen baitzuen Izpirituaren arauerako zena, gauza bera gerthatzen da orai ere. 30 Ordean zer dio Eskriturak? «Khen zatzu neskatoa eta bere semea; ez da ezen neskatoaren semea primu izanen libro denaren semearekien». 31 Bada, ene anaiak, gu ez gare neskatoaren semeak, baiñan bai libro denarenak. Eta Jesukristok ardietsia dugu libertate hori.

 

V. KAP.

        1 Zaudete hortan, eta ez zaiteztela berriz jar gathibutasuneko uztarriaren azpian. 2 Huna nik Paulok diotzuedana: baldiñetariak zirkonzidatzen bazarete, Jesukristo deusentzat ez baitzaitzue baliatuko. 3 Deklaratzen diot bada berriz ere bere burua zirkonzidarazitzen duen gizon guziari, obligatua ditekela lege guziaren konplitzerat. 4 Gabetu zarete Jesukristoz legeaz justifikatu izan nahi zareten guziak. Graziatik erori zarete. 5 Guk behintzat fedearen berthutez dugu esperantza errezibituko dugula Izpiritu Saindua ganik justizia. 6 Ezen Jesukristo baithan balio duena ez da zirkonzidatua izatea, ez eta zirkonzidatua ez izatea ere, baiñan bai karitatez obratzen duen fedea.

        7 Ungi ziñabiltzaten. Nork geldiarazi zaituzte eta debekatu egiari obeditzetik? 8 Gogoramendu hori ez da zuek deithu zaituztena ganik heldu. 9 Altxagarri guti batek mintzen ohi du orbe guzia. 10 Ni fida naiz zuetaz Jaunarekien batean ez duzuela izanen bertzelako sentimendurik, baiñan zuek altaratzen zaituztenak ekharriko du horren pena, nor ere baida hura. 11 Bada nik, ene anaiak, baldinetariak oraiño zirkonzisionea predikatzen badut, zeri dagokola bada horrenbertze persekuzione dut jasaten? Beraz akhabo da gurutzearen eskandala? 12 Oxala ebakiak ere balire zuek altaratzen zaituztenak.

        13 Zuek ezen libertaterat deithuak zarete, ene anaiak; xoilki begirautzue libertate hori balia ez dakizuen estakurutzat haragiaren arauera bizitzeko; aitzitik lagun zazue elkhar Izpirituzko karitatez. 14 Ezen lege guzia zarratua da hitz bakhar hautan: «Maitatuko duzu zure lagun proximoa zure burua bezala». 15 Baldiñetariak elkhar ausikitzen eta jaten hari bazarete, begirautzue batzu bertzeez destruituak gertha ez zaitezten. 16 Erraten darotzuet bada: ibil zaitezte Izpirituaren arauera, eta ez ditutzue egiñen haragiaren nahikarak. 17 Haragia ezen gutiziatzen da Izpirituaren kontra; Izpiritua berriz lehiatzen da haragiaren kontra; eta hala batak bertzeari kontra egiten diote halako moldez, non ez baiditutzue egiten nahi zintuzketen gauzak.

        18 Baldinetariak Izpirituak bazarabiltzate, ez zarete legearen azpian. 19 Ageriak ditezke bada haragiaren obrak, zeiñak baidire fornikazionea, lohikeria, ahalke galtzea, banagunea, 20 idolatria, pozoaztatzea, etsaikoak, ihardukitzeak, jelosiak, aiherkundeak, liskarrak, targoak, heresiak, 21 inbidiak, gizon hiltzeak, hordikeriak, deboxkeriak eta bertze hunelakoak, zeiñetaz erraten baidarotzuet, jadan erran ere darotzuedan bezala, horlako gauzak egiten dituztenek Jainkoaren Erresuma ardietsiko ez dutela. 22 Aitzitik Izpirituaren fruituak ditezke karitatea, bozkarioa, bakea, pairakortasuna, eztitasuna, prestutasuna, iraunkorgunea, 23 mansotasuna, fedea, modestia, kontinenzia, kastitatea. Horlako direnen kontra ez da legerik. 24 Bada Jesukristoren direnek gurutzefikatu dukete bere haragia bere bizioekien eta bere gutiziekien. 25 Baldin Izpirituz bizi bagare, Izpirituz ibill ere gaitezen. 26 Ez gaitezen izan banagloriaren gutizia, elkhar tarritatzen dugula, elkharri bekhaizten gaizkola.

 

VI. KAP.

        1 Ene anaiak, baldinetariak norbeit erori izan bada ustegabez zenbeit faltetan, zuek izpiritual zaretenek emotzue abisu onak emetasunezko Izpiritu batean, begiraturik batbederak bere buruari, beldurrez ezen zu ere tentatua izan ez zaitezen. 2 Jasan zatzue batzuk bertzeen kargak, eta horla konplituko duzue Jesukristoren legea. 3 Ezen baldin nihork uste badu zerbeit dela deusik ez delarik, bere burua enganatzen du. 4 Batbederak examina betza bere obrak eta horla ez da gloriatuko bere baithan denaren ariaz baizen, eta ez bertzeak direnaren ariaz, 5 ezen batbederak bere karga jasanen duke. 6 Fedearen gauzen ikhasten hari denak, bada, lagun beza bere ontasunetarik molde guziez irakhasten hari zaioena. 7 Ez zaiteztela engana, ez da zeren Jainkoaz trufatu. 8 Ezen zer ere ereiñ balduke gizonak, eta hura du bilduko; hala bere haragian duenak ereiten bilduko du haragitik ustelgunea; Izpirituan ereiten duenak berriz Izpiritutik bilduko du bizitze eternala. 9 Ez gaitezela beraz unha ungi egiteaz, ezen bilduko dugu fruitua bere denboran, unhatzen ez bagare. 10 Hala denbora dugiño egiotegun ungi guziei, beregaingi ordean fedeko egokiei.

        11 Ikusazue zer buthun eskribatu darozkitzuedan neure esku propioz. 12 Ezen nork ere haragiaren arauera munduaren gogarako nahi baidute izan, eta hek hertxatzen zaituzte zirkonzisionea errezibitzerat; eta hori xoilki Jesukristoren gurutzeari datxeikon persekuzionea ez pairatzea gatik. 13 Non hala ez den, zirkonzisionea hartzen dutenek berek ere legea ez dute begiratzen. Baiñan zuek zirkonzisionea har dezazuen nahi dute, zuen haragiaren ariaz burupe izatea gatik. 14 Nitaz denaz bezanbatean, Jainkoak begira nazala handiestetik deusez ere bertzez, baizen Jesukristo gure Jaunaren gurutzeaz, zeinetaz mundua gurutzefikatua baida enetzat eta ni bainaiz munduarentzat. 15 Ezen Jesukristo baithan zirkonzidatua izateak ez du deusik egiten, ez bain guti zirkonzidatua ez izateak; baiñan kreatura berri bat izateak egiten du guzia. 16 Eta zein ere erregela huni jarraikiko baitzaizko, eta hekientzat diteke bakea eta miserikordia, bai eta Jainkoaren Israelentzat ere. 17 Gaiñerakoan ez nihork niri damurik egin; ezen nik Jesus Jaunaren inprenzuak ene gorphutzean dakharzket. 18 Jesukristo gure Jaunaren grazia dela, ene anaiak, zuen Izpirituarekien. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa