www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren ebanjelio saindua
Joanes Haraneder
1740, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren evangelio saindua, Ioannes de Haraneder (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

J. PAULO APOST.
BIGARREN GUTHUNA
TIMOTHEORI

 

I. KAP.

        1 Paulok Jainkoaren nahiz Jesukristoren Apostolu denak Jesukristo baithan egin izan den bizitzezko agintzaren arauera, 2 Timotheo bere haur maiteari: grazia, miserikordia eta bakea dizula Jainko Aitak eta Jesukristo gure Jaunak. 3 Eskerrak errendatzen diotzat Jainkoari, zeiña zerbitzatzen baidut ene arbasoak danik konszientzia xahu batekien, zeren gau eta egun pausurik gabe orhoitzen bainaiz zutaz ene orazionetan. 4 Desira bainuke zu ikusteko bozkarioz bethe nadintzat, orhoitzen naizelarik zure nigarrez, 5 eta gogoan dudalarik zure baithan den fede garbi hura, zeiña lehenik izan baidu zure amaso Loidek eta zure ama Eunizek, eta zeiña segur bainaiz duzula zuk ere.

        6 Hargatik zaitut abisatzen bitz dezazun Jainkoaren grazia ene eskuen pausatzez errezibitu izan duzuna. 7 Ezen Jainkoak ez daroku eman izan beldurkundezko Izpiritu bat, aitzitik bai indarrezko, karitatezko eta kuhurtziazko Izpiritu bat.

        8 Ez zaitezela beraz izan ahalke gure Jaunari lekhukotasuna errendatzeaz, ez eta ni haren gatik gatheetan ikusteaz; aitzitik paira zazu enekien Ebanjelioa gatik Jainkoak ematen darotzun indarraren arauera; 9 zeiñek salbatu izan baigaitu eta dohatu izan baigaitu bere deia sainduaz ez gure obren ariaz, baiñan bai bere gogoaren arauez eta mende guziez aitzinetik Jesukristo baithan eman izan zaikun graziaren arauez, 10 zeina ordean orai baitzaiku agertu Jesukristo gure Salbatzaillearen ethortzeaz, zeiñek alabainan baidu desegin heriotzea eta erakutsi Ebanjelioaz bizitzea eta inmortalitatea. 11 Hargatik izan naiz ifinia jentillen predikari, apostolu eta nausi. 12 Eta hori da ere kausa pairatzen baiditut pairatzen ditudanak, baiñan ez naiz hortaz ahalke. Badakusat ezen nori natzaioen fidatu, eta segur naiz aski botheretsu dela ene deposituaren begiratzeko egun hartaraiño. 13 Moldetzat idukatzitu ene ganik aditu izan ditutzun erakuspen sainduak, Jesukristoren arauerako fedearen eta karitatearen gaiñean. 14 Begira zazu depositu preziatu hori gure baithan egoitza egiten duen Izpiritu sainduaz.

        15 Badakizu hastandu direla eneganik Asian diren guziak: Fijelle eta Hermojenes nonbre hortako ditezke. 16 Jaunak dagiola miserikordia Onesiforen famillari, zeren haiñitz aldiz deskantsatu izan bainau eta ez baida ahalke izatu ene gatheez. 17 Aitzitik Romarat ethorririk artha handirekien bilhatu izan nau eta aurkhitu izan nau. 18 Jaunak aurkhiaraz diozala miserikordia Jaunaren beraren aitziñean egun hartan. Eta zenbat endrezu egin izan darotan Efesan, nihork baino hobeki dakizu.

 

II. KAP.

        1 Zu bada, ene haurra, borthitz zaite Jesukristo baithan den graziaz 2 eta zer ere aditu izan baiditutzu ene ganik hainitz lekhukoen aitziñean, eta hek gomenda diotzotzute zenbeit gizon fidelei, hek bertzeei irakasteko gai izanen direnei. 3 Jasan zatzitzu nekhea-izerdiak Jesukristoren soldadu on batee bezala. 4 Nihor Jainkoaren milizian arrolatu geroztik, ez da enbarrasatzen munduko egitekoetan, hautetsi duenaren gogarako izateagatik. 5 Halaber borrokan abiatzen denak ez du khoroa eramaten, non ez den behar bezala gudukatu. 6 Lana egin duen laborariak behar du lehenik fruituez probetxatu. 7 Konpreni zazu ungi nik erraten dudana; ezen Jaunak emanen darotzu gauza guzietakotz entellegamendu.

        8 Orhoit zaite Jesukristo Jauna Dabiden hazitikakoa biztu izan dela hilletarik, nik predikatzen dudan Ebanjelioaren arauera, zeiña gatik pairatzen hari bainaiz gatheztatua izateraiñokoan gaixtagin bat banintz bezala; ordean Jainkoaren hitza ez da estekatua. 10 Hargatik pairatzen ditut guziak hautatuen amorea gatik, hek ere ardiets dezatentzat Jesukristo baithan den salbamendua zeruko gloriarekien. 11 Gauza da gerthua, baldin Jesukristorekien hill izan bagare, halaber biziko ere garela harekien. 12 Baldin harekien pairatzen badugu, erregiñatuko ere dugu harekien. Baldin hartaz ukhatzen badugu, hark ere ukhatuko du gutaz. 13 Gu desleial izana gatik, hargatik hura fidel eta leial dagoke, ezin ukha dezake ezen bere buruaz.

        14 Emotzute abisu hauk, lekhuko harturik Jainkoa. Begirautzu hitzez ihardukitzetik, ezen horrek deuseretako ez du balio, entzuten hari direnen izpirituak itzultzeko baizen. 15 Lehia zaite izaterat Jainkoaren gogarako zerbitzari bat, ahalkeriarik ez dukezuna eta egiaren hitza ungi darabilkezuna. 16 Solhas profano eta ergeletarik begira zaite, hagitz dute ezen ekhartzen gaixtaginkeriarat 17 eta halako jendeen hitza xankre bat bezala baratxe-baratxe irabaziaz doha. Nonbre hartako ditezke Himeneo eta Filete, 18 zein aldaratu izan baidire egiatik darasatelarik ja erresurrekzionea egin dela, eta itzuli izan baidute zenbeiten fedea. 19 Ordean Jainkoaren zimendua tieso dago, zigillutzat duelarik hitz hau: «Ezagutzen ditu Jaunak zein diren harenak». Eta bertze hau: «Aldara bedi gaixtakeriatik Jaunaren izena deithoratzen duen guzia». 20 Etxe handi batean alabaiñan badire ez xoilki urrezko eta zilharrezko baxerak, baiñan oraiño zurezkoak eta lurrezkoak ere; eta batzu ditezke enplegu ohorezkoetako eta bertzeak berriz zerbitzu likhitsetakotzat. 21 Nor ere bada xahu egonen baida hautarik, izanen da baxera ohorezko bat, santifikatua eta Jaunaren zerbitzuko propi dena, obra on thaillu guzietakotz aphaindua.

        22 Gastetasuneko gutiziei ihes egitzute, eta jarraik zakizko justutasunari, fedeari, karitateari eta bakeari, bihotz garbiz Jauna deithoratzen dutenekien batean. 23 Kestione erhoak eta deusetako on ez direnak iraizkitzu, baidakizu debadioak dakharzketela. 24 Jaunaren zerbitzariak ez du izan behar debadiorik; aitzitik behar du izan manso guzien alderat, irakatszaille eta pairakor, 25 emeki erreprenitzen dituelarik egiari amor egiten ez diotenak, agian nozbeit Jainkoak urrikimenduzko Izpiritua emanen diotelakoan, egia ezagut dezatentzat, 26 eta desamarra ditezentzat deabruaren arteetarik, zeiñek gathibu baidaduzka bere nahirat.

 

III. KAP.

        1 Hau bada jakizu, azkeneko egunetan ethorriko direla denbora perillos batzu; 2 izanen dire ezen gizon batzu bere buruen maitatzailleak, aberats izan nahiak, gora dakharketenak, superbioak, gaixki errailleak, burasoen desobedientak, ingratak, gaixtagiñak, 3 nihor maite ez dutenaK; bakearen etsaiak, kalomniatzailleak, lohikeriari emanak, bihurriak, mugida onik batere gabekoak, 4 traidoreak, temerarioak, orgilleriaz hantuak, Jainkoa baino bere atsegiña maiteago dutenak, 5 jainkotiartasunaren itxurapen bat bada dutenak, ordean haren egiazko Izpirituari ukho egiten diotenak.

        Halakoei ihes egiozute. 6 Badire ezen hetarik etxe barrenetan sartzen direnak, zeiñek bere ondotik gathibu bezala baidarabiltzate emakume batzu bekhatuz kargatuak eta gutizia mota hainitzei darraiztenak, 7 zeiñak bethi hari baidire ikasten eta behinere ez baidire heltzen egiaren ezagutzerat. 8 Hala nola bada lanesek eta Manbresek kontra egin baitzioten Moiseri, hauk ere kontra egiten ohi diote egiari; gizon batzu dire izpiritua gaizkoatua dutenak, fedeaz sentimendu erreprobatuak dituztenak. 9 Baiñan hekien balentria ez da urrun hedatuko, ezen hekien erhokeria ezagutua izanen da mundu guziaz, bertze bi hekiena ezagutua izan zen bezala.

        10 Zuk ordean badakizu zerikakoa den ene doktrina, ene gobernua, ene xedea, ene sinhestea, ene iraunkortasuna, ene karitatea, ene pasientzia; 11 nolakoak izan diren ene persekuzioneak eta sofrikariak, hala nola Antiokian, Ikonian eta Listren bathu izan zaizkidanak; zein persekuzione handiak jasan izan ditudan eta nola guzietarik athera izan nauen Jaunak. 12 Eta sainduki Jesukristo baithan bizi nahi duten guziek persekuzionea pairatuko dute. 13 Gizon gaixtoak aitzitik eta enganariak gaixkian aitzinatuz goanen dire, berak errebelu dabiltzala eta bertzeak errebelatzen dituztela.

        14 Zu ordean zaude tieso ikhasi izan ditutzun gauzetan eta fidatu izan zaizkitzunetan, baidakizu noren ganik ditutzun ikhasi, 15 Eta nola haurdanik izan zaren ikhasia letra sainduetan, zeiñek instrui baitzetzakete salbamendukotzat Jesukristo baithan den sinhesteaz. 16 Eskritura guzia baida Jainkoaz inspiratua, probetxos da irakasteko, erantzuteko, zentzarazteko, justiziarat erakhartzeko, 17 perfet izan dadintzat Jainkoaren gizona, obra on guzietako gai eta prest delarik.

 

IV. KAP.

        1 Errekeritzen zaitut Jainkoaren aitziñean eta Jesukristoren aitzinean, zeiñek jujeatuko baiditu biziak eta hillak; errekeritzen zaitut haren ethorguneaz eta erregintzaz: 2 predika zazu hitza, hertxa zatzu ordu onean eta ordu gaixtoan, erantzun diozozute, errekeri zatzu, mehatxa zatzu, bethiere pairatzen ditutzularik eta irakasten diozutelarik. 3 Ethorriko da ezen denbora, zeinetan gizonek ezin jasanen baidute dotrina sanoa; aitzitik bilduko baidituzte multzuka bere desirakundeen arauerako nausi batzu, beharriak kilikatuko daroztenak. 4 Eta egia aditu nahi gabez itzuliko dire elhe berrietarat.

        5 Baiñan zu zaude erne, jasan zatzitzu hel dakizketzun nekhe guziak, egizu Ebanjelioaren predikatzaille baten lana, bethe zatzitzu zure endrezuaren eginbideak, izan zaite sobre; 6 ezen ni sakrifikatua izateko menean naiz eta ene heriotzearen denbora hurbil da. 7 Gudu onez gudukatu naiz, ene karrera akhabo dut, fedea begiratu izan dut. 8 Gaiñerakoan ene begira dagot justiziazko khoroa, zeina emanen baidarot egun hartan juje justuak; eta ez xoilki niri, baiñan halaber haren ethor eguna desiratzen dutenei ere.

        Lauster egizu ene ganat ethortzeko, 9 ezen Demasek utzi nau mundu hau maite izanez eta goan da Thesalonikarat; 10 Kreszens Galiziarat, Tite Dalmatiarat. 11 Lukas da enekien bakharrik. Mark har zazu eta erakhar zurekien, ezen laguntza on bateko duket Ebanjelioko endrezuan. 12 Tixiko berriz igorria dut Efeserat. 13 Troaden Karpo baithan utzia dudan kapa ekhar diezadazu zeurekien ethortzen zarenean, eta bai liburuak ere, guziz ordean paperak. 14 Alexandre kobre harotzak gaitx hainitz erakutsi izan darot; bihurtuko dioke Jaunak bere egiñen arauera. 15 Zu ere begira zaite haren ganik, hagitx ezen jarri da gure erranei kontra egiterat.

        16 Neure burua defendatzeko mintzatu izan naizen lehen aldian nihor ez zait lagundu, eta guziek utzi izan naute. Iratxek ez dakiela hori. 17 Jaunak ordean lagundu izan nau eta borthiztu, akhaba dezadantzat Ebanjelioaren predikatzea eta adi dezatentzat nazione guziek; eta libratua izan naiz lehoinaren ahotik. 18 Libratu izan nau Jaunak eginkari gaixto guzietarik; eta goardatuko ere nau zeruko bere erresumakotzat. Hari eman dakioela gloria mendetako mendetan. Amen.

        19 Saluta zatzitzu Priska eta Akila, eta Onesiforen familia. 20 Erasto Korinthon gelditu da; Trofime berriz eria utzi dut Mileten. 21 Khexa zaite negua baiño lehen ethortzerat. Salutatzen zaituzte Eubulok, Pudentek, Linek, Klaudiak eta anaia guziek. 22 Jesukristo Jauna dela zure Izpirituarekien. Grazia dela zuekien. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa