www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren ebanjelio saindua
Joanes Haraneder
1740, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren evangelio saindua, Ioannes de Haraneder (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

J. PETRI APOST.
LEHENBIZIKO GUTHUNA

 

I. KAP.

        1 Piarres Jesukristoren Apostoluak fidel lekhortar eta barraiatuak direnei Ponteko, Galaziako, Kapadoziako, Asiako eta Bithiniako probinzietan, 2 hautatuak direnei Jainko Aitaren aitzinetikako jakiñaren arauera, santifikatuak izatekotzat Izpiritu Sainduaz, obeditzekotzat Jesukristori eta haren odolaz ihinztatuak izatekotzat, grazia eta bakea dakizuela eman frankiarekien.

        3 Benedikatua dela Jainko Jesukristo gure Jaunaren Aita, zeiñek bere miserikordia handiaren arauez berriz ere sorarazi baigaitu esparantza bizi batekotzat Jesukristoren hilletarik phizteaz, 4 primeza hartakotzat, zeiñetan deus ezin desegiñ, ez ustel, ez zimur baidaiteke, zeiña begiratua baidago zeruetan zuentzat, 5 Jainkoaren berthuteak fedeaz begiratzen zaituztentzat denboren akhabantzan agertu beharra den salbamendukotz. 6 Horrek behar zaituzte bozkarioz behe, aphur bat orai aflijituak izan behar baduzue ere hainitz herstura suertez, 7 zuen fedea izanik horla frogatua eta hainitz preziatuagoa suaz frogatua den urrea baiño, ediren dadintzat laudorio, ohore eta gloria merezi dukena, Jesukristo ager ditekenean, 8 zeiña ikusi ez duzuelarik maitatzen baiduzue, eta zeiña baithan orai ere ikusten ez duzuelarik sinhesten baiduzue eta, zeren sinhesten duzuen, izanen zarete betheak bozkario ezin erranezko eta guziz glorioso batez, 9 heltzen zaretelarik zuen sinhestearen harxederat, zein baida zuen arimen salbamendua.

        10 Salbamendu horren ezagutza bilhatu izan dute ardura handirekien zuentzat zagoen graziaz aitzindanik mintzatu ohi diren profetek; 11 eta lehia baitzuten jakin nahiz, noizko eta zer denboratsutako markatzen othe zioten Jesukristoren Izpirituak, ethorri behar zuenaz jakintsun egiten zituenak, izanen zitezkela Jesukristoren pairaguneak eta hekien ondoko gloria, 12 erakutsi izan zitzaien ez zarabiltzatela beretzat, bainan aitzitik zuentzat erabiltzen zituztela oraiko predikariek irakasten darozkitzueten gauzak, zeiñek zerutik igorri zaien Izpiritu Sainduaz predikatu bai darotzue Kristo, zeiñi beha nahi bailukete bethi egon aingeruek ere.

        13 Hargatik bada zuen arimako errainak gerrikaturik eta sobreki bizitzen zaretela, igurikazue esparantza perfet batekien Jesukristo agertuko denean emanen zaitzuen grazia, 14 begiratzen zaretelarik haur obedient batzu bezala, lehenago zuen ignorantzian zeben nahikarei abandonatzen ziñaiztenean, ohi ziñeten bezalako izatetik.

        15 Aitzitik izan zaitezte saindu zuen bizitzeko manaiu guzian, zuek deithu izan zaituztena saindu den bezala, 16 eskribatua denaz geroz: «Izan zaitezte saindu, zeren ni saindu bainaiz». 17 Eta zuen aita bezala deithoratzen duzuenaz geroz presunen berezgunerik gabe batbedera bere obren arauera jujeatzen ohi duena, bizi zaitezte beldurtasunekien lurraren gainean arrotz bezala zaudezten denboran, 18 dakizuelarik ez zaretela gal ditezken gauzez, urrez edo zilharrez, izan erresketatuak zuen aiten ganik hartua zinduten bizitzeko manera ergeletik, 19 baiñan bai Jesukristoren odol preziatuaz, bildots tatxa gabeko eta likhits gabekoarenaz bezala, 20 zeiña ja munduaren kreazioneaz aitziñetik baitzen exlejitua, eta zeiña ordean azken denboretan izan baida agertua zuen gatik, 21 zeiñek hartaz baiduzue sinhesten hura hilletarik biztu izan duen eta gloriaz bethe izan duen Jainkoa baithan, zuen sinhestea eta esparantza izan dezazuentzat Jainkoa baithan.

        22 Zuen arimak xahu errendaturik karitatearen legeari obeditzen diozuela, zuen anaien ganako amudioan maita zazue elkhar, bihotzaren barrenetik heldu den amultsutasun batekien. 23 Bizitze berri bat harturik baitzaudezte ez ustel diteken hazi batetik, baiñan ezin gal diteken batetarik, Jainko biziaren eta eternitate guzian irauten duenaren hitzaz. 24 Ezen haragi den guzia belharra bezala diteke eta gizonaren gloria guzia belhar lorea bezala. Ihartu da bai belharra, erortzen da haren lorea. 25 Jaunaren hitza ordean badago eternitate guzikotz eta hitz hura da Ebanjelioaz zuei irakatsi izan zaitzuena.

 

II. KAP.

        1 Utzirik beraz gaixtakeria guziak, tronperia, itxurapen, inbidia eta gaixki errate guziak, 2 orai sorthurikako haur batzuk bezala desira zazue zuhurtziaren esne garbia, hartaz haz zaitezten gatik salbamendukotzat, 3 baldin behintzat dastatu baduzue zein eztia den Jauna.

        4 Haren ganat hurbiltzen zaretelarik, zein baita barri bizia, gizonez bada arbuiatua, Jainkoaz ordean hautetsia eta toki ohorezkoan ibenia, 5 zuek ere barri bizi batzu bezala ezar zaitezte haren gainean, moldatzeagatik etxe izpiritual bat, aphezezko bilduma saindu bat, ofrenda diotzotzuentzat Jainkoari Jesukristoz bere gogarako sakrifizio izpiritualak. 6 Hargatik da Eskrituran errana: «Huna non dudan ezartzen Sionen kantoiñeko barri prinzipala, barri berezia, barri preziatua, eta haren baithan bere sinhestea ibeniko duena ez da ahalkatua izanen». 7 Harri hura beraz ohorezko zaitzue zuei, sinhesten duzuenei; sinhesten ez dutenei ordean, bastitzailleek arbuiatu izan duten harria eta kantoiñeko horma bethe egin den hura 8 batzen zaie behaztopamenduko eta eskandalozko harritzat, trebekatzen baidire hitzaren kontra eta ez baidute sinhesten; hortako ere dire ezarriak. 9 Zuek ordean zarete leiñu berezia, aphez erregeen bilduma, nazione saindua, populu irabazia, ezagutaraz detzatzuentzat ilhunbetarik bere argi miragarrizkorat deithu izan zaituztenaren handitasunak, 10 noizbeit Jainkoaren populua ez ohi ziñetenak, orai ordean haren populu zaretenak; miserikordia ardietsi ez zindutenak, orai ordean ardietsi duzuenak.

        11 Maiteak, errekeritzen zaituztet arrotz eta bideante zareten bezala, arren begira zaitezten haragikarako desirkundetarik, zeiñek gudu ematen baidiote arimari, 12 ibilgune on bat dadukazuela jentillen artean, zuetaz gaixki egille batzuz bezala erasten duten orde, zuen baithan ikusiko dituzketen obra onen ariaz gloria eman diozatentzat Jainkoari bere bisitako egunean.

        13 Zareten bada presuna suerte guzien manuko Jainkoa gatik: hala erregeren, guzien gaiñeko denaren bezala, 14 hala gobernadoreen, hartaz igorriak direnen bezala gaizki egilleen punitzeko eta prestuen alde izateko, 15 zeren borla baida Jainkoaren nahia: ungi eginez ixilaraz detzatzuen gizon ignorantak eta zoratuak, 16 libro zaretenak bezala, ez zuen libertatea gaixtakeriaren estakurutzat baliaratzitzeko, aitzitik bai Jainkoaren zerbitzari bezala ibiltzeko. 17 Guziak ohora zatzue; anaiak maita zatzue; zareten Jainkoaren beldur; errege errespeta zazue. 18 Sehiak, zareten errespetu suerte guziarekien zuen nausien manuko, ez xoilki prestu eta manso direnen, baiñan halaber dorphe eta bihurri direnen ere, 19 ezen Jainkoari lakhet zaioena da, haren gogara egitea gatik jasan detzan nihork bere gaitxak eta injustuki pairarazitzen diotzaten behazunak. 20 Ezen zertaz zindukete gloriatzeko, baldin zuen falten gatik jasaten baditutzue tratamendu gaixtoak? Bainan ungi egiten duzuelarik pasientki pairatzen baditutzue, hura da Jainkoaren gogara dena.

        21 Hortarat zarete ezen deithuak, halaz eta Jesukristok ere pairatu izan duenaz geroz gure gatik, exenplu uzten darotzuela, jarraik zakiztentzat haren urratsei; 22 zeiñek ez baidu egin bekhaturik eta zeiñen ahotik ez baida ilkhi egundaiño enganiozko hitzik; 23 zeinek ahakarrez jazarri izan zaioenean, ez baidu hitz gaixtorik ihardetsi; zeinek gaixki egin izan diotenean, ez baidu egin dixidurik ere; aitzitik bere burua ezarri izan baidu injustuki jujeatzen zuenaren eskuetarat; 24 zeiñek gure bekhatuak berak garraiatu izan baiditu bere gorphutzean gurutzearen gaiñean, bekhatuari hillak izanik bizi gakizkoentzat justiziari; zeiñaren zauriez finean izan baitzarete sendatuak. 25 Ziñeten ezen ardi errebelatu batzu bezala, bainan itzuli izan zarete orai zuen arimen artzaiña ganat eta aphezpikua ganat.

 

III. KAP.

        1 Halaber emasteak izan beitez bere senharren manuko, baldin bada hetarik zenbeit hitza sinhesten ez duenik, emasteen bizitzeko molde onaz irabaziak izan daitezentzat hitzaren laguntza gabe. 2 Konsideraturik Jainkoaren beldurtasunak zuei inspiratzen darotzuen konportamendu garbia, 3 zuen berregintza ez bedi izan kanpokoa, illeen izurduran, urrezko paramendutan edo tresna ederretan agertzen dena, 4 baiñan izan bedi bihotzeko gizon gordea, izpiritu eme eta sosegu baten garbitasun perfetean dagoena, zein baida Jainkoaren aitzinean balio handi batetakoa. 5 Horla ezen lehenago Jainkoa baithan esperantza zuten emasteak aphaintzen ohi ziren bere senharren manuko zaudezelarik. 6 Hala nola Sarak obeditzen baitzuen Abraham, bere jauna deitzen zuela; Sarak diot, zeinaren alabak izan baizaitezkete ungi eginez eta altaramendu garaben ez beldur izanez.

        7 Senharrak halaber bizi zaitezte zuen emasteekien zuhurki, baxera hautskorrago den bati bezala ohore ekhartzen diozuela, zeren diren emaste; konsideraturik zuen herederokide direla bizia ematen duen graziaren, zuen orazioneek trabarik aurkhi ez dezaten gatik. 8 Finean bada duzuen guziek izpiritu bat eta bera elkharrentzat, urrikalmendu amultsu bat, anaiatasunezko amudio bat. Zareten barkhatiar, eme eta humill. 9 Ez dezazuela bihur gaixkia gaixkiarentzat, ez ahakarra ahakarrarentzat, aitzitik ihardetsazue benedizione emanez, zeren hortarat baitzarete deithuak, benedizionezko heredalgoa errezibi dezazuentzat.

        10 «Nork ere nahi baidu ezen bizitzeaz gozatu eta nahi baiditu bere egunak dohatsu ikusi, begira beza bere mihia gaixki erratetik eta bere ezpaiñak enganiozko hitzetarik. 11 Aldara bedi gaixkitik eta egin beza ungia; bilha beza bakea eta jarraik bekio hari, 12 zeren Jaunaren begiak idekiak baidire justuen gainerat eta haren beharriak erne hekien othoitzetarat; Jaunak ordean bekhurunde dorphea egiten diote gaixkiak egiten dituztenei».

        13 Eta nor da zuei kalterik egin diezazuekenik, ungi egiterat lehia bazarete? 14 Halarik ere, baldin zerbeit sofritzen baduzue justizia gatik, dohatsu zaitezkete; hekien beldurrez ordean ez zaiteztela izi eta ez altara. 15 Baiñan Jesukristo Jaunaren saindutasunari eman diozozue gloria zuen bihotzetan. Eta zareten bethi prest ihardesterat esparantza duzuenaz arrozoin galdegiñen darotzueketen guziei, 16 ordean emetasunekien eta goardiarekien konszientzia xahu dadukazuelarik, zuetaz gaixki erasteaz ahalka daitezentzat zuek Jesukristo baithan daramazuen bizitze saindua itzalgaitzkatzen dutenak. 17 Hobe da ezen ungi egiten hari zaretelarik, Jainkoaren nahia hala bada, pairatzea, ezen ez gaixki egiten hari zaretelarik, 18 halaz eta Jesukristo bera ere behin gure bekhatuen gatik hill izan denaz geroz, justua injustuen gatik, gu Jainkoari ofrendatzea gatik; hilla izanik alabainan bere haragian, biztua izanik ordean Izpirituaz; 19 zeiñetaz halaber goan baitzitzaien predikatzerat presondegian ziren izpirituei, 20 zeiñak sinhetsgogor izan baitziren noizbeit, Jainkoaren pasientziaren begira zaudezenean Noeren denboran, arkaren preparatzen hari zirenean, zeiñetan gutiak, erran nahi da zortzi arima, izan baitziren salbatu zirenak uraren erdian.

        21 Hala zuek ere orai figura hari ihardesten dioen bathaioak zaituzte salbatzen, ez haragia bere lohigunetarik garbitzen duenak, balitan konszientzia Jainkoaren alderat xahu egoterat behartzen duenak Jesukristoren phizteaz, 22 zein baida Jainkoaren eskuiñean heriotzea hondatu duen ondoan, gu bizitze eternalaren heredero egin gintezen gatik iganik zerurat, eta bere azpiko eginik aingeruak, bothereak eta berthuteak.

 

IV. KAP.

        1 Bada Jesukristok pairatu izan duenaz geroz bere haragian, zuek ere arma zaitezte gogantze huntaz: nor ere hill baitzaio haragiari, eta haina gelditu dela bekhatu egitetik, 2 gaur gehiago haragian bizitzeko gelditzen zaioen denbora guzian bizitzea gatik ez gizonen gutizien arauera, baiñan bai Jainkoaren nahiaren arauera. 3 Ezen aski izan behar zaie, iragan dutela denborarik jentilien pasioneak kontentatzen, ibilli izan ohi direnei lohikerietan, gutizia gaixtoetan, hordikerietan, jankorretan, deboxkerietan eta idolen adorazione sakrilegoetan, 4 orai miretsiak baidaudez nola ez zabiltzaten hek bezala lohikeria eta desordenu beren ondoan eta blasfemioz baidaudez zuen kontra.

        5 Baiñan kontu errendatuko diote biziak eta hillak jujeatzerat prest presta dagoenari. 6 Horren gatik predikatu izan ere ohi zaie Ebanjelioa hillei; kondenatuak direlarik gizonen aitzinean haragiaren arauez, bizi daitezen gatik Izpirituaren arauez Jainkoaren aitziñean. 7 Gauza guzien akhabantza bada hurbill da. Zabiltzate beraz zuhurki eta zareten atzarriak othoitz egiterat. 8 Gauza guzien gainetik ordean duzuen elkharganako karitate bethi dirauken bat, zeren karitateak estaltzen baidu bekhatuen multzo handia. 9 Zareten elkharren ostatuz errezibitzaille erasiarik gabe. 10 Batbederak errezibitu duken dohaiñaren arauera zerbitzu errenda biozate bertzeei, Jainkoaren grazia diferenten dispentsatzaille on bezala.

        11 Baldin norbeit mintzo bada, ageri izan bedi Jainkoa mintzo dela haren ahoz; baldin norbeitek zenbait ministeriotan zerbitzatzen badu, zerbitza beza Jainkoak eman dioken berthuteaz bezala, gauza guzietan glorifikatua izan dadin gatik Jainkoa Jesukristoz, zeiñi baidagoka gloria eta nausitasuna mendetako mendeetan. Amen.

        12 Ene maiteak, ez dezazuela estranio aurkhi Jainkoak aflixioneen suaz frogatzen zaituztenean, zerbeit gauza ohiz kanpoko heltzen balitzaitzue bezala. 13 Aitzitik boz zaitezte, zeren zareten parzuner Jesukristoren sofrikarietan, haren gloria agertuko denean bozkarioz betheak izan zaiteztentzat. 14 Baldin iroiak eta injurioak pairatzen baditutzue Jesukristoren izena gatik, dohatsu zarete, zergatik ohore, gloria eta Jainkozko berthute den guzia eta haren Izpiritua bera ere errepausatzen baida zuen gaiñean. 15 Zuetarik bada nihork ez dezan paira gizon hiltzaille bezala edo ohoin edo gaixki erraille edo bertzeren onen gutizios bezala.

        16 Baldin ordean pairatzen badu giristiño bezala, ez dadillala ahalka; aitzitik glorifika beza Jainkoa aria hortaz. 17 Ezen huna non den ordua, zeiñetan hasi behar baidu jujeamenduak Jainkoaren etxetik; bada baldin gure ganik hasten bada, zer izanen da haiñen akhabantza, zeiñek ez baidute sinhesten Jainkoaren Ebanjelioa? 18 Eta baldin justua nekhez bada salbatzen, non agertuko da gaixtagina eta bekhatorea? 19 Halatan bada Jainkoaren nahiaren arauera pairatzen dutenek, obra onetan hari direlarik, gomenda biotzote bere arimak bere kreatzaille fidelari.

 

V. KAP.

        1 Zuen artean diren aphezei, bada, othoitz hau diotet egiten nie, zein bainaiz hek bezala aphez eta are Jesukristoren sofrikarien lekhuko eta bai egun batez agertu behar duen gloria haren ere: 2 Bazka zazue Jainkoaren arthaldea kargutan eman zaitzuekena, hartaz artha hartzen duzuelarik ez gogoaren bortxa, baiñan gogo onez, Jainkoaren arauera; ez irabazi lizun baten guraz, balitan amudioz; 3 ez eta Jaunaren primezaren gaiñean nausi egiten zaretelarik, bainan artaldearen exenplu izaterat zuen gogo guziaz jartzen zaretelarik. 4 Eta agertuko denean artzaiñen printzea, errezibituko dukezue gloriazko khoroa, iraganen ez dena.

        5 Halaber, gasteak, zareten zaharragoen manuko. Guziak bada lehia zaitezte elkharren alderat humill agertzerat; zeren Jainkoa kontra jartzen baitzaie superbioei, eta aitzitik humillei baidiote ematen bere grazia. 6 Humilia zaitezte beraz Jainkoaren esku botheretsuaren azpian, altxa zaitzatentzat bere bisitaren denboran, 7 zuen grina guzia etxatzen duzuelarik haren ganat, zergatik artha baidaduka zuetaz. 8 Zareten sobre eta erne, zeren deabrua zuen etsaia lehoin marrubialari bat bezala ingurutan baidabiltzue zein irets othe dezaken bilha. 9 Egiozue kontra fedean tieso atxekiz zaudeztelarik, dakusazuelarik munduan ditutzuen anaiek gauza berak dituztela pairatzeko.

        10 Grazia guzien Jainkoak bada, zeiñek deithu izan baigaitu bere gloria eternalerat Jesukristo baithan, aphur bat pairatu dukezuenean berak zaituzte perfet errendatuko, borthiztuko eta atesatuko. 11 Hari dagoko gloria eta nausitasuna mendetako mendeetan. Amen.

        12 Silbano gure anaia fidelarekin eskribatu darotzuet laburki neure ustez; deklaratzen eta frogatzen darotzuedalarik Jainkoaren egiazko grazia dela, zuek zeiñetan baitzaudezte, eta hura. 13 Salutatzen zaituzte Babilonian den Elizak, eta zuek bezala hautatua denak, bai eta ene seme Mark-ek ere. 14 Saluta zazue elkhar musu saindu batez. Grazia dela zuekien guziekien, zeinak baitzarete Jesukristo baithan. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa