www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu Kristoren ebanjelio saindua
Joanes Haraneder
1740, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu Christoren evangelio saindua, Ioannes de Haraneder (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1990

 

 

aurrekoa hurrengoa

JOND. PAULO APOST.
BIGARREN GUTHUNA
KORINTHIARREI

 

I. KAP.

        1 Paulok Jainkoaren borondatez Jesukristoren Apostolu denak eta Timotheo haren anaiak Jainkoaren eliza Korinthan denari eta Akaian diren saindu guziei: 2 grazia eta bakea dizuela Jainko gure Aitak eta Jesukristo gure Jaunak. 3 Benedikatua dela Jainkoa Jesukristo gure Jaunaren Aita, urrikalmenduen Aita eta konsolazione guzien Jainkoa, 4 zeiñek baigaitu konsolatzen gure atsekabe guzietan, guk ere konsola detzaguntzat bertzeak bere gaitz guzietan Jainkoak geroni konsolatzen gaituen konsolazione beraz. 5 Ezen zenbatenaz parte gehiago baidugu Jesukristoren sofrikarietan, hanbatenaz dugu halaber Jesukristoz heldu zaizkigun konsolazioneetan. 6 Ala izan gaitezen bada aflijituak, zuen instrukzionea gatik eta zuen salbamendua gatik gare; ala izan gaitezen animatuak, oraiño zuen instrukzionea gatik eta zuen salbamendua gatik gare, zeiña konplitzen baida guk pairatzen ditugun gaitz beren pairantzan. 7 Hala zuetaz dugun esperantza ziñezkoa da, baidakigu sofrikarietan parte duzuen bezala konsolamenduan ere parte izanen duzuela. 8 Nahi dugu ezen jakin dezazuen, ene anaiak, zer izatu dugun sofritzeko Asian; bain herstura handitan izan gare ezen, eta gure indarrez goragoko penetan, non unhatuak ere baiginen bizitzeaz. 9 Baiñan geronek gere baithan aditu bezala dugu gure heriotzeko sententzia, gere baithan fida ez gaitezentzat, baiñan bai Jainkoa baithan, zeinek bizten baiditu hillak, 10 zeiñek libratu baigaitu bain perill handitarik eta atheratzen ere baigaitu, zeinaren baithan baidugu esperantza oraiño ere atherako gaituela, 11 zuek ere guretzat egiñen ditutzuen othoitzen laguntzarekien batean, hainitz presunen ariaz errezibitu izan dugun graziaz hainitzek eskerrak errenda detzatentzat guretzat.

        12 Ezen gure burupea egiten duena da gure konszientziak errendatzen darokun lekhukotasuna: mundu huntan konportatu izan garela bihotz sinple eta xahu batekien Jainkoaren aitziñean, ez haragiaren zuhurtziaren arauera, baiñan Jainkoaren graziaren arauera, beregainki zuen alderat. 13 Ez derautzuegu ezen eskribatzen irakurtzean berean egiak direla ezagutzen ditutzuen gauzarik baizen. Esperantza dut bada fineraiño hala ezagutuko ditutzuela, 14 ezagutu ere gaitutzuen bezala parte zuen gloria garela, hala nola zuek ere izanen baitzarete gurea Jesukristo gure Jaunaren egunean.

        15 Eta fidantzia hortan ene lehenbiziko xedea izatu da zuen ikusterat ethortzea, bigarren grazia bat izan zinezatentzat. 16 Zuen baitharik ezen nahi nuen iragan Mazedoniarat goatean; Mazedoniatik gero berriz ethorri zuen ganat eta zuek gida nintzazuen Judearat. 17 Xede hori nuenaz geroz orduan, arintasunez utzi othe dut konplitu gabe? Edo xede bat hartzen dudanean, haragiaren arauera hartzen othe dut, bai eta ez ene baithan aurkhitzen balire bezala? 18 Aitzitik lekhuko hartzen dut Jainkoa, bere hitzetan fidel dena, zuen artean giñenean erran darozkitzuegun gauzetan ez dela bai eta ezik; 19 ezen Jesukristo Jainkoaren Semea baithan, zeiña predikatu izan baidarotzuegu nik eta Silbanok eta Thimotheok, ez da bai eta ezik; aitzitik ez da bai baizen haren baithan. 20 Jainkoaren agintza diren guziak ezen bai bat dire Jesukristoren presunan, eta hargatik ere erraten diogu Jainkoari hartaz Amen, glorifikatua izan dadintzat gutaz; eta horrek egiten du gure ministerioaren gloria.

        21 Jainkoa bera da, bada, Jesukristo baithan gu borthizten gaituena zuekien batean, eta bere gantzuduraz gantzutu gaituena; 22 bere zigilluaz markatu ere gaituena, eta bahitzat Izpiritu Saindua gure bihotzetan eman darokuna. 23 Bada nik Jainkoa hartzen dut lekhuko ene arimaren perillean, zuen guphidaz ez naizela bihurtu Korintharat; ez bada nausitzen garelakotz zuen fedeaz; aitzitik lagundu nahi baidugu zuen bozkarioa, finki zaudeztenaz geroz fedean.

 

II. KAP.

        1 Egin izan dut bada neure baithan, ez nuela berriz ethorri behar zuen ikusterat zuek doloratzekotan. 2 Baldinetariak ezen nik tristaraz bazintzatet zuek, nor diteke ni alegera nintzakenik, neronek tristarazi nintuzkenez lekhora? 3 Eta hori bera eskribatu izan darotzuet ere, izan ez nezantzat zuen ganat nenthorkenean tristezia tristeziaren gaiñerat bozkario eman behar laroketedanen ganik; fida naiz ezen zuez guziez ene bozkarioa zuen guziona daitekela. 4 Egiaz ezen aflikzione handi batean eta bihotzeko herstura handi batean eskribatu narotzuen orduan eta nigar hainitzekien; ez zuek tristaraztea gatik, bainan zuei ezagutazitzea gatik zuentzat zuen gaiñetik dudan karitatea.

        5 Baldin norbeitek tristarazi banau, ez nau ni bakharrik tristarazi, baiñan nolazbait bederen, hura gaindiz karga ez dezadan, zuek guziekien. 6 Asko du haiñak orai den estatuan hainitz presunen ganik izan duen zentzagune hori. 7 Eta are aitzitik barkhatu behar diozue orai, eta konsolatu behar duzue haiña, hondatua ez dadin tristezia handiegi batean. 8 Hargatik zaituztet othoitzten hari bethiere emateaz zuen karitatearen seiñale zenbeit. 9 Horren gatik eskribatzen ere darotzuet zuek frogatzea gatik eta ezagutzea gatik hea gauza guzietan obedient zareten. 10 Bada zuek zerbeit barkhatzen diozuenari, nik ere barkhatzen dioket: ezen neronek ere barkhatu diokedanari, baldin zerbeit barkhatu izan badut, zuen amorea gatik egin dioket Jesukristoren presunan, 11 Satanez atzemanak izan ez gaitezentzat; badakizkigu ezen haren xedeak.

        12 Ethorri nintzenean bada Troadarat Jesukristoren Ebanjelioa predikatzerat, eta athea ere idekia izan baitzitzaitan Jaunaren izenean, 13 ez nuen izan sosegurik ene izpirituan, zeren ez bainuen han aurkhitu Tito, ene anaia; bainan hei adiu erranik, abiatu nintzen Mazedoniarat. 14 Eskerrak diotzat bada Jainkoari, zeinek bethiere garai egiten baigaitu Jesukristo baithan eta banatzen ere baitu gutaz lekhu guzietan bere izenaren ezagutzaren urriña. 15 Ezen Jesukristoren urrin ona gare Jainkoaren aitziñean, nahiz salbatzen direnentzat eta nahiz galtzen direnentzat. 16 Batzuen alderat bada herio urrina heriotzekotzat, bertzeen alderat berriz bizitzeko urriña, biziarazitzen dituena. Eta non aurkhi presunak hortakotz gai direnak? 17 Ez gare ezen hainitz bezala, zeiñek desohoratzen baidute Jainkoaren hitza; aitzitik garbiki mintzo gare eta Jainkoaren mezuz bezala, Jainkoaren aitziñean eta Jesukristoren presunan.

 

III. KAP.

        1 Hasiko othe gare berriz ere gere buruen goratzen? Ala naski batzuk bezala gomendiozko buthunen beharra baidugu zuen ganat edo zuetarik bertzeen ganat? 2 Gure gomendiozko buthuna zebonek zarete gure bihotzetan eskribatua, zeiña ezagutzen eta irakurtzen baidute gizon guziek. 3 Ageri baida Jesukristoren buthuna zaretela gure ministerioz eskribatua ez tintaz, baiñan Jainko biziaren Izpirituaz; ez harrizko plametan, baiñan zuen bihotzetan, haragizko plama batzutan bezala. 4 Hortaz bada fida gare Jainkoaren aitziñean Jesukristoz; 5 ez gure baitharik gai garelakoan konzebitzeko zerbeit gere baitharik bezala; baiñan gure gaitasuna Jainkoa ganik heldu da, 6 zeiñek gai egin baigaitu alientzia berriko ministre izateko ez letraren, baiñan aitzitik Izpirituaren; letrak ezen hiltzen du, Izpirituak ordean bizia du ematen. 7 Baldinetariak harriaren gaiñean eskribatua zena, heriotzezko langintza bat zelarik, bain bethea izan bada gloriaz, non Israelgo umeek ezin beha baitziozaketen Moiseren bisaiari, haren begitarteko gloria zela kausa, berehala iragan beharra zen arren, 8 zenbatenaz Izpirituaren obrantza ez da gloriosagoa izanen? 9 Ezen baldin kondenazionearen langintza bethea izan bada gloriaz, gehiago are izanen bide da justiziarena. 10 Eta alde hartarik distiatu izan duena ez da ere glorioso izatu gloria exzelentago baten aldean. 11 Baldinetariak ezen iragaten ohi dena gloriaz bethea bada, are gehiago bide da bethiere iraun behar duena gloriaz bethea.

        12 Horlako esperantza beraz dugunaz geroz, libertate handirekien mintzo gare. 13 Eta ez gare Moise bezala, zeiñak belo bat ematen baitzuen bisaiaren gaiñean, Israelgo umeek ikus ez zezatentzat haren bisaiaren distiadura iragankorra. 14 Ordean tapatuak bezala egon dire hekien Izpirituak; egungo eguneraiñokoan ere ezen, Testament Zaharra irakurtzen dutenean, belo hura bera hekien bihotzen gaiñean dago, altxatua izan gabe, zeren Jesukristoz baizen ez baida khentzen. 15 Eta orai arteraiñokoan Moises irakurtzen zaienean, estalki bat bihotzaren gaiñean dute. 16 Ordean populu hura itzuliko denean Jauna ganat, khenduko zaie estalkia. 17 Jauna bada Izpiritu da, eta non ere baida Izpiritua, han diteke libertatea. 18 Gu guziak ordean, bisaia ageri dugula Jaunaren gloria kontenplatzen dugunak, mudatuak gare imajina bererat, iragaten garelarik klaritatetik klaritaterat Jaunaren Izpirituaz bezala.

 

IV. KAP.

        1 Hargatik bada, ministerio hori baidugu egin izan zaikun miserikordiaren arauera, ez gare etheltzen. 2 Aitzitik arthiki ditugu gordetzen diren gauzak eta ahalkeria dakharketenak, ibilli gabe finezian eta Jainkoaren hitza bertzelakatzen; aitzitik egiaren agertzeaz estimarazten ditugularik gere buruak gizon guziez, hekien konszientziaren jujeamenduan Jainkoaren aitziñean. 3 Eta baldin hala ere estalia bada gure Ebanjelioa, galtzen direnentzat da estalia, 4 zeiñen artean mundu huntako Jainkoak itsutu baiditu infidelen izpirituak halako moldez, non ez baidu hekien gaiñean argitzen Ebanjelioaren argiak, zeiña baida Jesukristo Jainkoaren imajina denaren gloria. 5 Ez ditugu ezen gere buruak predikatzen, baiñan Jesukristo gure Jauna dugu predikatzen; eta gere buruak zuen zerbitzari dauzkagu Jesusen amorea gatik. 6 Zeren illhunbetarik argia ilkhi dadillala manatu izan duen Jainkoak berak argi egin baidu gure bihotzetan distiadura gehiagorekien, ezagutarazitzeko Jainkoaren gloria Jesukristo baithan agertzen den arauez.

        7 Ordean thresor hori lurrezko jarro batzuetan dakharkegu; ezagutzerat emateko gure baithan diteken botherearen handitasuna Jainkoa ganik dela eta ez gure ganik. 8 Guzietan atsekabeak ditugu, baiñan ez gare unhatzen; griña handitan gare, ordean ez gare ilkhipiderik gabe. 9 Persekutatuak gare, baiñan ez gare abandonatuak; arthikiak gare, baiñan ez gare osoki galduak, 10 bethiere dakharkegularik Jesusen mortifikazionea gure gorphutzean, Jesusen bizitzea ere ager dadintzat gure gorphutzetan. 11 Bethi ezen gu bizi gareiño heriotzerat gare libratuak Jesusen gatik, Jesusen bizitzea halaber ager dadintzat gure haragi hilkorrean. 12 Beraz heriotzea hari da gure baithan eta bizitzea zuen baithan. 13 Baiñan fedezko Izpiritu bera baidugu, eskribatua den bezala: «Sinhetsi dut eta hargatik naiz mintzatu», guk ere sinhesten dugu eta hargatik mintzo ere gare. 14 Baidakigu Jesus biztu izan duenak gu ere halaber biztuko gaituela Jesusekien eta ageraraziko gaituela zuekien batean bere aitziñean. 15 Guziak ezen zuentzat dire, grazia frankiaz ethorririk, gloria gehiago bihur dakioentzat halaber Jainkoari, hainitzek eskerrak errendatzeaz.

        16 Hargatik ez gare gogo urritzen; aitzitik gure gizon kanpokoa desegiten den arren, hala ere gizon barrenekoa erreberritzen hari da egunetik egunerat. 17 Ezen orai ditugun lazeria iraupen gutitakoek eta ariñek gloria soberano eta neurri gabeko baten pisu eternala dute egiten gure baithan. 18 Hala ez ditugu konsideratzen gauza ikusten direnak, baiñan bai ikusten ez direnak; ikusten direnak ezen denborako dire, ikusten ez direnak ordean eternalak dire.

 

V. KAP.

        1 Badakigu ezen, baldin lurreko gure egoitza huntako etxe hau desegiten bazaiku, izanen dugula Jainkoa ganik bertze egoitza bat zeruetan, etxe bat gizonen eskuz egiña ez dena eta eternitatean iraunen duena. 2 Hortakotz gaudez ere hatsbeherapenez, gure egoitza zeruko den hartaz bestituak izan nahian, 3 baldinetariak behintzat bestituak edireten bagare eta ez bilhuziak. 4 Ezen egoitza huntan gareiño hats-beherapenez gaudez kargaren azpian, zeren ez baidugu desiratzen bulhuziak izatea, aitzitik bai gaiñetik bestituak izatea, hilkor duguna iretsia izan daiteken bezala bizitzeaz. 5 Eta hortarat bererat moldatu izan gaituena Jainkoa da, zeiñek herresatzat eman ere izan baidaroku bere Izpiritua. 6 Fida gare bada bethiere, eta dakigularik gorphutz huntan gaudezeiño Jauna ganik urrunduak gabiltzala 7 —fedez gabiltza ezen, eta ez ikustez—, 8 fida gare, diot, eta nahiago ginduke gorphutz huntarik ilkhi eta goan Jaunarekien egoterat. 9 Hargatik lehiatzen ere gare hari agradatzerat, nahiz izan gaitezen haren ganik urrunduak, nahiz izan gaitezen haren ganat helduak. 10 Guziok ezen agertu beharrak gare Jesukristoren tribunalaren aitziñean, batbederak errezibi dezantzat bere gorphutzaz bestitua zenean egin duken ungiari edo gaizkiari zor zaioena.

        11 Baidakigu bada zer den Jaunaren beldurtasuna, bertzeak ere ditugu hartarat erakhartzen; eta Jainkoak ezagutzen gaitu garen bezalakotzat. Uste dut bada zuen konszientzietan zuek ere ezagutazen gaitutzuela nolakoak garen. 12 Ez gabiltza berriz ere gere burua zuetaz prezarazi beharrez, bainan bai zuei okasione eman nahiz gure ariaz gloriatzeko, izan dezazuentzat zer ihardets bere gloria itxurapenetan ematen dutenei, eta ez bihotzean diren gauzetan. 13 Ezen, ala utz dezagun gure Izpiritua mugarriez haratago goaterat, Jainkoa gatik diteke; ala gaudezen baratxe, zuen gatik daiteke. 14 Ezen Jesukristoren amudioak hertxatzen gaitu; konsideratzen baidugu, baldinetariak bakhar bat bill izan bada zuen gatik, beraz guziak hillak direla, 15 eta guzientzat hill izan dela Jesukristo, bizi direnak ere gaur gehiago ez daitezentzat bizi beretzat, baiñan bai hekientzat hill eta biztu izan denarentzat.

        16 Hargatik guk hemendik harat ez dugu nihor ezagutzen haragiaren arauera. Eta baldinetariak ezagutu izan badugu Jesukristo haragiaren arauera, ordean orai ez dugu horla ezagutzen. 17 Baldinetariak bada norbeit Jesukristo baithan bada, kreatura berri bat haina egin da; zahar ohi zena iragan da; huna gauza guziak berri eginak. 18 Eta hauk guziak Jainkoa ganik dire, zeiñek baketu baigaitu berekien Jesukristoz eta eman baidaroku guri baketzeko kargua. 19 Zeren Jainkoa Jesukristo baithan baitzen mundua berekien baketzen hari zenean, kondatzen ez zaroztela bere bekhatuak; eta berak ibeni izan du gure baithan errekonziliazionearen hitza. 20 Beraz Jesukristoren enbaxadore gare, eta Jainkoak gutaz exhortatzen bazintuzte bezala da. Jesukristoren partez zaituztegu errekeritzen: bake zaitezte Jainkoarekien. 21 Bekhatua ezagutzen ez zuena gure gatik tratatu izan du ezen, bekhatua bera izan balitz bezala, egin gintezentzat gu haren baithan justu Jainkoaren arauerako justiziaz.

 

VI. KAP.

        1 Jainkoaren langille baigare, bada, exhortatzen zaituztegu arren ez dezazuen alferretan errezibi Jainkoaren grazia; 2 dio ezen berak: «Ordu onean entzun zaitut eta salbamenduko egunean lagundu zaitut». Huna orai denbora gogarakoa; huna orai salbamenduko egunak. 3 Hala ez bide diogu ematen nihori eskandalisatzeko lekhurik, desohoratua izan ez dadintzat gure ministerioa. 4 Aitzitik gauza guzietan agertzen gare Jainkoaren ministro batzuk izan behar duten bezalako, pairakortasun handi batez atsekabeetan, beharkizunetan, hersturetan, 5 zaurietan, presondegietan, albotaramenduetan, trabailluetan, Beillatzetan, baruretan, 6 garbitasunez, jakintzaz, pairakortasunez, mantsotasunez, Izpiritu Sainduaren berthutez, karitate garbi batez, 7 egiaren hitzaz, Jainkoa ganikako botherez, justiziaren armez, eskuin eta ezker; 8 bai ohorearen eta bai desohorearen artean; bai fama gaixtoaren eta bai onaren artean; enganatzaille batzu bagiñe bezala, egiatiak garen arren; ezagutu gabe batzu bagiñe bezala, ungi ezagutuak garen arren; 9 hiltzen hari bagiñe bezala eta hala ere bizi; kolpeka darabiltzatenak bezala, ordean ez hiltzeraiñokoan; 10 triste bezala, ordean bethi alegera; pobre bezala, ordean hainitz aberasten dugula; deusik gabe garenak bezala eta hala ere guzien jabe.

        11 Gure ahoa zuentzat idekia da, o Korinthiarrak; gure bihotza zabaldua dagotzue. 12 Ez zarete hertsiki gure baithan, baiñan zuek duzue bihotza hertsi enetzat. 13 Bada ordaiña bihur diezadazuentzat, neure haurrei bezala erraten darotzuet: zabal zazue zuek ere bihotza enetzat. 14 Ez zaiteztela balsa infidelekien; ezen zer balsagune izan ahal diteke justiziaren eta inikitatearen artean? Edo zer parzunezko, argiaren eta ilunbeen artean? 15 Zer erkidetasun Jesukristoren artean eta Belialen artean? Edo zer akordu fidelaren eta infidelaren artean? 16 Zer aria duke Jainkoaren tenpluak idolekien? Zuek ezen Jainko biziaren tenplua zarete, Jainkoak berak erraten duen bezala: «Egonen naiz hekien baithan eta ibilliko naiz hekien artean; izanen naiz hekien Jainkoa eta hek izanen dire ene populua».

        17 Hargatik beraz «ilkhi zaitezte jende hekien artetik eta aldara zaitezte hekien ganik, dio Jaunak; eta ez dezazuela ukhi lohi denik, 18 Eta nik hartuko zaituztet; izanen natzaitzue Aitatzat, eta zuek izanen zaizkidate niri seme eta alaba, dio Jaun guziz botheretsuak».

 

VII. KAP.

        1 Horlako agintzak ditugunaz geroz, ene maiteak, xahu gaitezen haragiaren eta Izpirituaren lohigune guzietarik, akhabatzen dugularik gure santifikazionearen obra Jainkoaren beldurtasunean. 2 Har gaitzatzue zuen bihotzean; nihori ez diogu egin bidegaberik; nihor ez dugu gaizkoatu; nihor ez du atzeman. 3 Ez dut hau erraten zuek kondenatzeko; erran darotzuet ezen ja bihotzean zakharzketadala, zuekien hiltzeko eta bai bizitzeko. 4 Libertate handirekien mintzo natzaitzue; burupe handi dut zuetaz gloriatzeko; konsolazionez bethea naiz; bozkarioz gaindi egiña naiz ene sofrikari guzien artean.

        5 Ezen Mazedoniarat ethorri eta ere, ez dugu izatu sosegu garabik haragiaren arauera; aitzitik sofritzeko den guzia sofritu dugu: kanpotik guduak, barnetik izialdurak. 6 Baiñan humillak eta aflijituak konsolatzen dituen Jainkoak, konsolatu izan gaitu Titen ethortzeaz. 7 Eta ez xoilki haren ethortzeaz, baiñan oraiño berak zuen ganik errezibitu izan duen konsolazioneaz, kondatu izan darokunean zuen desira ene ikustekoa, zuen nigarrak, zuen lehia enetzat; hala, non gehiago boztu izan bainaiz. 8 Ezen baldin tristatu bazaituztet ere ene buthunaz, ez nago urrikitan orai, lehen urrikitu izan bazait ere, ikusirik aphur batekotz tristatu zinituztela buthun hark.

        9 Orai atsegin dut, ez zeren tristatu zareten, baiñan zeren tristatu izan zareten penitenzia egiterainokoan; zuen tristezia Jainkoaren arauerakoa izatu da, eta hala kalterik ez zaitzue heldu gure aldetik. 10 Ezen Jainkoaren arauerako den tristeziak penitenzia iraupeneko bat du eragiten salbamendukotzat; mundu huntako tristeziak ordean heriotzea dakharke. 11 Horra ezen Jainkoaren arauera tristatze horrek nola ekharri zaituzten atzarriago izaterat; baiñan are zuen buruen justifikatzerat, suminduak izaterat, beldur izaterat, lehian jartzerat; baiñan zelo handi bat izaterat, baiñan arimaren punitzerat. Manera guziez erakutsi izan duzue xahu zaretela zuek egiteko hortan. 12 Hala beraz, baldin eskribatu izan badarotzuet, ez darotzuet egin injuria egin izan duena gatik, ez eta injuria jasan izan duena gatik; aitzitik bai zuei ezagutarazitzea gatik zuetaz dugun artha Jainkoaren aitziñean.

        13 Horrek gaitu ere konsolatu; ordean errezibitu dugun konsolazionean gehiago are boztu gare Titek izatu duen atseginaz, zeren deskansatua izan baida haren izpiritua zuetaz guziez. 14 Eta zeren baldin zerbeitez gloriatu izan banaiz zuen ariaz hari mintzatzean, ez baidut izatu ahalkatzeko sujetik; aitzitik bethiere egiaz mintzatu gaizkitzuen bezala, Titeri zuetaz errendatu izan diogun lekhukotasuna ere egiaren arauerakoa gerthatu izan baida. 15 Eta haren amudioa zuentzat berretzen ere da, orhoitzen denean zuen guzien obedientziaz, eta nola errezibitu izan duzuen beldurrekien eta ikhararekien. 16 Atsegin dut bada, zeren gauza guzietan izan ahal bainaiteke fida zuetaz.

 

VIII. KAP.

        1 Jakinarazi behar darotzuet bada, ene anaiak, Jainkoak Mazedoniako elizei egin daroen grazia; 2 Nola hekien bozkarioa hanbatenaz izatu den handiagoa, zenbatenaz izan baidire aflikzione handiagoez frogatuak; eta nola bere pobrezia ezin gehiagokoan, frankiak izatu diren bihotz onez amoiña handiak egiterat. 3 Ezen lekhukotasun hau eman behar daroet: bere baitharik ekharriak izatu direla ematerat ahal zutenaren arauera, eta ahalaz gehiago ere; 4 errekerimendu hainitzekien othoitzten gintuztelarik hekien amoiñak errezibitzeaz eta hek sainduei eramateko mezuan parte hartzeaz. 5 Eta hortan ez dute xoilki egin hekien ganik igurikitzen ginduena, baiñan eman diotzate bere buruak lehenik Jaunari eta gero eman darozkigute guri Jainkoaren nahirat.

        6 Horri dagokala othoiztu dugu Tite, arren hasi izan duen bezala akhaba dezan zuen baithan ere karitatezko obra hori; 7 ordean nola guzietan frankiak baitzarete, fedean, hitzetan, jakintasunean, artha suerte guzietan eta are gehiago guretzat duzuen amudioan, izan zaiteztentzat halaber frankiak karitatezko obra huntan ere. 8 Ez dut zuei manatzeko hau erraten, baiñan xoilki bertzen lehiaren exenpluaz zuek ere erakhartzeko zuen karitatezko gogo onaren frogak ematerat. 9 Badakizue ezen nolakoa izatu den Jesukristo gure Jaunaren miserikordia; nola aberats zelarik, zuen gatik pobre egin izatu den, haren pobreziaz zuek aberats zinteztentzat.

        10 Eta hau da nik ematen darotzuedan konseillua, eta zuen probetxutako ere baida; zeren ez xoilki zuek lehenik hasi izan baitzarete karitate horren egiten, bainan are xedea hartu ere baitzinduten hartakotz iazdanik. 11 Orai bada egiteaz ere akhaba zazue, nahia eta gogoa prest izan duzuen bezala, izan dezazuen halaber akhabatzea ere zuen ahalen arauera. 12 Baldinetariak ezen nihork gogo handi badu emateko, errezibitzen dio Jainkoak; eta ez dio galdetzen duenaren arauera baizen, eta ez ez duenaren arauera. 13 Hala ez da ene gogoa bertzeak izan daitezen guphidetsiak eta zuek izan zaitezten kargatuak; aitzitik bai gauzak izan daitezen igoal, 14 presenteko denboran zuen frankia hel dakioen hekien pobreziari, hekien frankia ere hel dakioentzat egun batez zuen gabeari, eta horla guziak egin daitezen igoal, eskribatua den bezala: 15 «Hainitz zuenak ez zuen izan bertzeek baiño gehiago eta guti zuenak ez zuen izan gutiago».

        16 Eskerrak diotzat bada Jainkoari, zeren eman baidu ardura bera zuentzat Titeren bihotzean, 17 zeren ez xoilki ungi hartu izan baidu nik egin izan diodan othoitza, bainan bere baitharik oraiño arduratsuago izanez, goan baida zuen ganat bere borondate onez. 18 Igorri izan dugu harekien batean gure anaia bat ere, zeiñak laudorio hainitz ardietsi baidu Ebanjelioaz Eliza guzietan. 19 Eta ez xoilki hori; baiñan zeiña hautatua izan ere baida Elizez gure biyaietako laguntzat karitatezko obra hortakotz, zeina egiten baida gure eskuz Jaunaren gloriako eta hartu izan dugun xedearen arauera; 20 ez nahiz nihork erratekorik duen guretzat, gure eskuz egiten diren amoiña handi horien ariaz. 21 Ardura dugu ezen ungi egiteko ez xoilki Jainkoaren aitziñean, baiñan halaber gizonen aitziñean ere.

        22 Igorri izan dugu, bada, hekiekien halaber gure anaia bat, zeina ezagutu izan baidugu hainitz gauzatan zeloz bethea eta huntan are gehiago; fidantzia handi bat dugu ungi hartuko duzuela. 23 Eta orobat Tite ere, zeiña ene laguna baida eta zuentzat haritu naizenetan nauena «, eta bai halaber bertze gure anaiak ere, Elizetako Apostoluak, Jesukristoren gloria. 24 Ager diozozue beraz Elizen aitziñean zuen karitatea eta erakuts zergatik glorifikatzen garen zuen ariaz.

 

IX. KAP.

        1 Ezen sainduentzat destinatua den laguntza hortaz sobrantzia zait zuei gehiago eskribatzea; 2 baidakit hortakotz duzuen gogo ona, zeinen ariaz glorifikatzen ere bainaiz zuetaz Mazedoniaren aitziñean, erraten daroedala Akaiko probintzia iazdanik hortarat preparatua dela eta zuen exenpluak eman izan diote ere hainitzei lehia bera. 3 Igorri izan ditut bada gure anaiak zuen ganat, gertha ez dadintzat alferrik glorifikatu naizen zuetaz pontu horren gaiñean, eta erran dudan bezala preparatuak aurkhi zaitzaten gatik; 4 beldurrez, enekien ethorriko diren Mazedoniarrek aurkhitzen bazinituzte preparatu gabeak, ahalkeriarik izan ez dezagun —ez errateko zebonek zinduketela— egiteko hortan. 5 Uste izan dut beraz othoiztu behar nituela anaiak aitzinerat goateaz zuen ganat eta artha izateaz, agindua duzuen liberalitatea izan dadin preparatua gu ethor orduko; ordean izan dadin emaitza bat amudioz egiña, ez abariziari idekia.

        6 Erraten darotzuet bada bau: guti ereiten duenak guti bilduko ere du eta frankoki ereiten duenak frankoki bilduko ere du. 7 Batbederak eman beza bere baithan emateko exlejitu dukena ez tristeziarekien edo bortxaz bezala; ezen alegeraki ematen duena du maite Jainkoak. 8 Jainkoa bada guziz botheretsu da graziak «guziak zuen gaiñerat gaindiz isurtzeko; gauza guzietan bethiere duzuelarik bizitzeko aski den guzia, duzuentzat frankoki zertaz egin obra on suerte guziak, 9 eskribatua den bezala: «Barraiatu izan du, eman izan daroe pobreei; haren justutasunak iraunen du mende guzietako mendeetan».

        10 Ereilleari ematen dioenak bada ereitekoa emanen darotzue halaber jateko behar duzuen ogia, erakharriko dio hainitz zuen ereintzari eta berretuko ditu hainitzez zuen justutasunaren fruituak; 11 manera guziez aberasturik, egin detzatzuentzat bihotz onez amoiña handiak; eta horri dagokala diotzagu eskerrak ematen Jainkoari. 12 Ezen karitatezko eginbide hortako ongundeak ez xoilki ditu bethetzen sainduen beharrak, baiñan oraiño esker franko errendarazitzen diotza Jainkoari; 13 zeren ongunde hortaz errezibitzen duten sokorria frogaturik, glorifikatzen baidute Jainkoa Jesukristoren Ebanjelioarentzat erakusten duzuen obedientziaz, eta hei eta bai bertze guziei zuen ontasunetarik parte egiteko duzuen karitateaz. 14 Eta Jainkoari othoitz egiten baidiote zuentzat, amudioz betheak baidire zuentzat Jainkoak zuen baithan ibeni izan dituen grazia exzelenten gatik. 15 Jainkoak eskerrak dituela bere dohain erran ahal daiteken guziaz goragokoaz.

 

X. KAP.

        1 Nik neronek bada, Paulok, zaituztet othoizten Jesukristoren manutasunaz eta modestiaz; nik, present naizenean alabainan bain xume agertzen naizenak zuen artean, eta absent naizenean bain ausart zuen alderat. 2 Diot bada: othoitz egiten darotzuet, present izanen naitekenean ez nadin behar fidantzia hartaz, zeiña uste baidute dudala zenbeiten alderat, zeiñei iduritzen baitzaie haragiaren arauera gabiltzala. 3 Bada haragian bizi garelarik, ez gare haragiaren arauera gudukatzen. 4 Ezen gure gerlako armak ez dire haragizkoak, baiñan bai Jainkoa baithan botheretsu direnak, kontra jartzen zaien guzia desegiteko; hala desegiten ere ditugu gizonen izpirituen afinuak, 5 eta bai Jainkoaren jakintzaren kontra goratasunekien altxatzen den guzia; eta arma horiez ditugu izpiritu guziak Jesukristoren obedientziaren azpian ezartzen gathibutasunean, 6 gure eskuko baidugu desobedient guzien punitzea, konplitu dukezuenean zuek behar den obedientzia.

        7 Jujea zazue bederen gauzez iduri duten arauera. Baldinetariak edozeiñ fida bada bere baithan Jesukristorena dela, pensa beza halaber bere baithan, hura Jesukristorena den bezala, gu ere Jesukristorenak garela. 8 Ezen gehixiago gloriatzen banintz ere dugun bothereaz, zeiña Jaunak eman izan baidaroku zuen edifikazionekotzat eta ez zuen destruzionekotzat, ez ninteke ahalke. 9 Ordean iduri ez duentzat izitu nahi zaituztegula buthunez, 10 (haren buthunak ezen, diotsate, pisuak dire eta borthitzak; ordean bera ikusten denean, gauza gutia da hura eta bere mintzoan mezprezagarri ere dena), 11 har bezate gogoan haiña bek, nolakoak baigare buthunez mintzo garenean urrundik hitzez, halakoak garela bada present garenean obraz.

        12 Ez gare ezen hauzu gere buruak berdin ematerat edo konparatzerat berze bere buruak laudatzen dituzten batzuekien; aitzitik gere buruak neurtzen ditugu gere baithan garenaren gaiñean eta konparatzen gere buruekien. 13 Ez eki; ez gare neurriz gorago gloriatuko, baiñan bai Jainkoak neurthu izan gaituen erregelaren eta neurriaren arauera, zeiña baida zuetaraiño heltzeko neurria. 14 Ezen ez gare behar baiño gehiago hedatzen, zuetaraiño heldu izan ez bagiñe bezala, zuetaraiño heldu izan garenaz geroz Jesukristoren Ebanjelioa predikatzen dugula. 15 Ez gare beraz sobraniaz gloriatzen eta bertzeren lanez, baiñan esperantza dugu zuen fedea bethi eta geroago eta gehiago berretuz goanen dela eta gure sailla hainitz urrunago ere hedatuko dugula, 16 Ebanjelioa predikatzen diotegula zuetaz haratago diren nazioneei, bertzeren saillan ja landua denaz gloriatu gabe. 17 Gloriatzen dena, bada, gloria bedi Jauna baithan. 18 Ez da ezen bere burua prezatzen duena egiazki prezagarri dena, baiñan bai Jainkoak prezatzen duena.

 

XI. KAP.

        1 Nahi nuke paira bazinezate aphur bat ene ergelkeria! Bainan aitzitik paira nazazue ere. 2 Jeloskor naiz naiz ezen zuentzat Jainkozko jelosia batez, zeren fedaztatu baitzaituztet espos bati, zeina baida Jesukristo, birjina garbi bat bezala zuek hari presentatzeko. 3 Beldur naiz ordean sugeak Eba enganatu izan zuen bezala bere fineziaz, hala zuen izpirituak ere gaixta ez daitezen eta hastan Jesukristoren arauerako sinpletasunetik. 4 Ezen baldinetariak heldu zaitzuen batek predika baliezazue guk predikatu ez darotzuegun bertze Kristo bat, edo errezibi baziñezate errezibitu izan duzuenaz bertze izpiritu bat edo besarkatu duzuen Ebanjelioaz bertze bat, arrozoin zindukete haiña pairatzeko. 5 Uste dut ordean deusere gutiago ez dudala egin Apostolu handienek baiño. 6 Ezen baldin ungi mintzatzen ikhasia ez banaiz ere, ordean ez naiz hala jakintasunean; aitzitik gauza guzietan aski ezagutuak gare zuetaz.

        7 Ala naski bekhatu egin duket neure burua beheratu izan dudanean zuek altxatzea gatik, zeren dohainik predikatu izan darotzuedan Jainkoaren Ebanjelioa? 8 Bertze Elizak bulhuzi izan ditut, hetarik bizitzekoa hartu baidut zuek zerbitzatzeko estatuan izatea gatik. 9 Eta zuen artean ere beharrean nintzenean, ez natzaio nihori karga izatu, ezen eskas nuenaz probeditu izan naute Mazedoniatik ethorri ziren anaiek; eta gauza guzietan begiratu izan naiz eta begiratuko ere naiz zuen karga izatetik. 10 Lekhuko hartzen dut Jesukristoren egia, zeiña ene baithan baida, gloria hori ez darotedala khenduko Akhaia guzian. 11 Eta zergatik? Zuek ez maite izanez? Jainkoak daki hori. 12 Hori egiten dut, bada, eta eginen ere dut ez uztea gatik atzekiarik atzekia bilha dabiltzanei, gure berdin agertu nahiz gloriatzen diren gauzetan. 13 Ezen halakoak Apostolu falsoak dire, eta langille enganiosak, Jesukristoren Apostoluen iduria hartzen dutenak. 14 Eta ez da miresteko, Satanek berak ere hartzen ohi duenaz geroz argizko aingeruaren idurikundea. 15 Ez da, beraz, gauza handia haren zerbitzariek hartzen badute justiziaren ministroen iduria; hekien azken fina ordean izanen da hekien obren arauerakoa.

        16 Berriz ere diot: nihork ez beza uste izan erhoa naizela, edo ezberen paira nazazue erho bat bezala, ni ere aphur bat handiets nadin. 17 Erraterat nohana, ez dut Jainkoaren arauera erraten, bainan erhokeriaz bezala gloriatzeko hartzen dudan burupe huntan. 18 Hainitzak gloriatzen direnaz geroz haragiaren arauera, handietsiko naiz bada ni ere aria hortaz; 19 ezen zebonek zuhurrak baitzarete, pairatzen ditutzue gogotik zuhur ez direnak. 20 Pairatzen duzue ezen gathibutasunean ezar zaitzazten, irets zaitzazten, zuen ontasuna har diezazueten, nausi dakizkitzueten, mazelakoz jo zaitzazten. 21 Ene ahalkerietan hori erraten dut, alde hortarik gu flakoegi izan bagiñe bezala.

        Zer nahi gauzaz hetarik nihor atrebi dadin bere burua bantatzerat (erhoki mintzo naiz), ni ere atrebi naiteke bantatzerat. 22 Hebrearrak dire? Bai eta ni ere. Israeldarrak dire? Bai eta ni ere. Abrahamen ume dire? Bai eta ni ere. 23 Jesukristoren zerbitzariak dire? (gizon guti zuhur bat bezala mintzo naiz). Bai eta ni gehiago; jasan baidut nekhe gehiago eta presondegi gehiago; izan bainaiz zehatua zilhegi den baiño gehiago; ikusi baidut neure burua asko aldiz hiltzat utzia. 24 Judutaren ganik bortz aldi diferentez errezibitu izan ditut azote kolpeak, aldian berrogoi bat guti. 25 Hirur aldiz izatu naiz zigorrez zehatua, behin izatu naiz harrikatua, hiruretan galdu izan naiz itsasoan, gau bat eta egun bat egin izan ditut itsasoaren ondoan. 26 Izan naiz maiz biyaietan, arribera gaiñean perilletan, ohoiñen ganik perilletan, ene nazionekoen ganik perilletan, paganoen perilletan, hirien erdian perilletan, bakhar lekhuetan perilletan, itsasoan perilletan, anaia falsoen artean perilletan; 27 lazerian eta miserian, beillatze hainitzetan, gosean eta egarrian, barurtzen hainitzetan, hotzean eta bulhuz izaten.

        28 Kanpotikako diren horietaz landan, egunoroz barrendatua nadukaten egiteko dia: Eliza guziez dudan artha eta griña. 29 Nor da flako, non ez banaiz «ni ere harekien flakatzen? Nor da eskandalisatua, non ez bainaiz erretzen hari? 30 Gloriatu behar bada ere, gloriatuko naiz ene humiliatzeko diren gauzez. 31 Jainkoak, zein baida Jesukristo gure Jaunaren Aita, sekulakotz benedikatua dena, badaki ez dudala gezurrik erraten. 32 Damasen errege Aretasentzat herri hartan manatzen zuenak, goardiak ezarriak zituen Damasko hirian ni preso hartzeko. 33 Baiñan leiho batetarik saski batean erautsi izan ninduten murraillan behera eta hala eskapatu nintzen haren eskuetarik.

 

XII. KAP.

        1 Baldin gloriatu behar bada (segur ez baida behar ere), ethorriko naiz Jaunaren bisionetarat eta errebelazionetarat. 2 Badakusat gizon bat Jesukristo baithan orai duela hamalaur urthe hirurgarren zeruraiño eramana izan zena (bere gorphutzarekien othe ala gorphutza gabe, ez dakit hori; Jainkoak badaki). 3 Eta badakit gizon hura (bere gorphutzarekien ala gorphutza gabe, ez dakit hori, Jainkoak daki) 4 eramana izan zela paradisurat eta aditu izan zituela gauza misterios batzu, zeiñetaz mintzatzea ez baitzaio zilhegi gizon bati. 5 Halako gizon batez bai gloriatuko naiz; neure buruaz ordean ez naiz gloriatuko, neure flakitatez baizen. 6 Hala ere, bada, nahi banu gloriatu, egin ninteke erho izan gabe, ezen egia erran nezake. Baiñan gelditzen naiz, nihork estima ez nazantzat ene baithan ikusten duenaz edo nitaz aditzen duenaz gehiagokotzat.

        7 Bada errebelazione handi horiek eman ez diezatedan gorapenik, eman izan zait ene haragiaren akhuilloa, Satanen aingeru bat bezala niri mazelakoka haritzeko. 8 Horren gatik hirur aldiz Jauna othoiztu izan dut, arien khen zezan hura ene ganik. 9 Eta ihardetsi izan darot: «Asko duzu ene grazia, ezen ene botherea gehiago agertzen da flakitatean». Gogotik beraz gloriatuko naiz ene flakitateetan, egon dadintzat ene baithan Jesukristoren botherea. 10 Hargatik zait lakhet neure flakitateetan, iroietan, beharkizunetan, presekuzioneetan, Jesukristo gatik jasaten ditudan hersturetan; noiz ere bainaiz ezen flako, orduan naiteke botheretsu.

        11 Gizon guti zuhur bat bezala mintzatu naiteke; zuek hortarat behartu nauzue. Ezen zuek behar nindukezuen laudatu, deusetan izan ez naizenaz geroz Apostolu handienak direnez gutiago, deusere ez naizen arien. 12 Baiki, ene apostolutasunaren seiñaleak eman izan darozkitzuet pairakortasun guzizko batez, mirakuilluez, prodijioez eta jainkozko botherearen seiñaleez. 13 Zer da ezen bertze Elizek baiño gutiago izatu duzuenik, baizen ni ez natzaitzuen karga izatu? Bidegabe hori barkha diezadazue. 14 Huna, hirur garren aldian heldu natzaitzue eta ez natzaitzue karga izanen, ez nabilla ezen zuenen ondoan, aitzitik bai zuen ondoan; ez dute ezen haurrek hari behar biltzen bere burasoentzat, baiñan bai burasoek haurrentzat. 15 Bada nik hagitz gogotik emanen dut dudan guzia, eta oraiño neure burua ere gaiñetik, zuen arimen gatik; nik zuek hain maite zaituztedalarik, zuek ni guti maitatzen banauzue ere.

        16 Bainan dela hala; ez natzaitzue karga izatu; ordean fina bainaiz, fineziaz naski atzeman zaituzketet. 17 Ala zuen ganat igorri izan ditudanetarik zenbeitez azikatu izan othe zaituztet? 18 Othoiztu izan dut Tite zuen ganat goateaz, eta igorri izan dut harekien gure anaietarik bat. Titek azikatu othe zaituzte? Ez gare Izpiritu berean ibilli eta urrats beretan?

        19 Ez othe duzue aspalditik uste gure buruen esenkusatzen hari garela zuen alderat? Jainkoaren aitziñean mintzo gaizkitzue Jesukristo baithan eta horiek guziak, ene maite maiteak, zuen edifikazionea gatik. 20 Beldur naiz ezen zuen ganat nathorkenean ez zaitzatedan aurkhi nahi nuken bezalakoak, eta zuek ere ni ez nazazuen aurkhi nahi zinduketen bezalakoa. Beldur naiz badaitezken zuen artean debadioak, jelosiak, aierkundeak, ihardukitzeak, gaixki errateak, baratalgoak, orgilleriak, altaramenduak; 21 eta berriz nathorrenean, humilia ez nazan Jainkoak zuen baithan, eta nigar egin beharko dudan lehen egiñikako bekhatuez eta erabilli dituzten lohikeriez, fornikazioneez eta itsuskeriez penitenzia egin izan ez duten hainitzen gatik.

 

XIII. KAP.

        1 Huna hirur garren aldia zuen ganat heldu naizena. «Bi edo hirur lekhukoek erranen duketenaren gaiñean jujeatuko dire gauza guziak». 2 Ja erran darotzuet, eta orai ere erraten darotzuet zuen artean banintz bezala, oraiño hor ez naizen arren, lehen bekhatu egin izan dutenei eta bertze guziei, berriz ethortzen banaiz, ez diotedala barkhatuko. 3 Ala frogatu nahiz zabiltzate Jesukristo ene baithan mintzo denaren botherea, zeiña ez baida bada flako agertu, baiñan aitzitik bai aski botheretsu zuen artean? 4 Ezen gurutzefikatua izan bada ere haragiaren flakitatearen arauera, ordean bizi da Jainkoaren berthutez; gu ere, bada, flako gare hura bezala, ordean biziko gare harekien batean Jainkozko berthutez zuen alderat.

        5 Examina zaitezte hea fedean zareten. Froga zatzue zebonek zeben buruak. Ala ez duzue ezagutzen zebonek Jesukristo zuen baithan dela? Baldin naski erreprobatuak ez bazarete. 6 Esperantza dut ordean ezagutuko duzuela gu ez garela arbuiatzekoak. 7 Othoizten dugu bada Jainkoa, ez dezazuen egin deusere gaixkirik, ez gu aprobatzekoak garela agertzea gatik, baiñan bai zuek ungi dena egin dezazuen gatik, gu arbuiagarriak agertuko bagare ere. 8 Ezen deusik ezin dagikegu egiaren kontra, aitzitik bai egiaren alde. 9 Eta atsegin ere dugu, zeren gu garen flako, zuek berriz zareten sendo. Oraiño galdetzen ere duguna da zuen perfekzionea. 10 Hau darotzuet eskribatzen zuekien ez naizelarik, hor naitekenean zorrotzkiegi balia ez nadin Jaunak edifikatzeko eta ez desegiteko eman izan darotan bothereaz.

        11 Gaiñerakoan, ene anaiak, zareten alegera, zareten perfet, konsola zaitezte, duzuen gogo bat eta bera, bizi zaitezte bakean; eta bakearen eta amudioaren Jainkoa zuekien izanen da. 12 Saluta zazue elkhar musu saindu batez. Salutatzen zaituzte saindu guziek. 13 Jesukristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren amudioa eta Izpiritu Sainduaren emaitza dela zuekien guziekien. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa