www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa  

MAKABEARRAK
II. LIBURUA

 

I. KAP.

        1. Jerusalemen eta Judean diren Juduek, Egipton diren beren anaia Juduei, agur eta bake on.

        2. Jainkoak benedika bezaitzazte, eta orhoit bedi Abrahamekin, Isaakekin, eta Jakobekin, bere zerbitzari zinekin egin izan duen batasunaz.

        3. Eta orori bihotz bat eman bezazuete adora dezazuen eta haren nahia egin gogo handi eta olde hazkarrez.

        4. Zuen bihotza zabal biozote bere lege eta manamenduei, eta bakea eman biazazuete.

        5. Entzun betza zuen othoitzak, bake bedi zuekin eta ordu gaitzean zuen ganik urrunt ez bedi.

        6. Eta gu orai, hemen gare zuentzat othoitzetan hari.

        7. Demetrio errege zelarik, zortzitan hogoi eta bederatzigarren urthean, guk, Juduek iskribatu ginarotzuegun, urthe hekietan gure gainera jautsi ziren hestura eta tarrapaten erditik, Jason lur saindutik eta erresumatik ilkhi zen ondoan.

        8. Gaixtaginek athea erre zuten eta odol hobengabea ixuri; othoitz egin ginaroen Jaunari, eta entzunak izan gare; eskaini ditugu sakrifizioa eta irin-lorea, biztu ditugu kriseluak, eta ogiak jabalketako mahainaren gainean ezarri.

        9. Orai zuek ere egizue kasleuko hilabetheko tabernakleetako besta.

        10. Bederatzitan hogoi eta zortzigarren urthean, Jerusalemen eta Judean den populuak, biltzarrak eta Judasek, Aristobulori, Ptolemeo erregearen irakhasleari, zeina aphez gantzutuen odoletik baita, eta Egipton diren Juduei, agur eta osagarri.

        11. Jainkoak galmenta handitarik atheratu gaitu, eta eskerrik handienak bihurtzen diozkigu, zeren halako erregeari buru egin izan ahal diogun.

        12. Ezen harek Persiatik fharrastaka igortzen zituen, gure kontra eta hiri sainduaren kontra gudukatu diren gizonketak.

        13. Bainan bera nihonereko armada baten buruan zelarik Persian, Nanearen tenploan erori da, Nanearen aphezen amarruak enganaturik.

        14. Ezen nola Antioko bere adiskideekin tenplora ethorri baitzen, Nanearekin ezkontzeko, eta dote aitzakietan diru hainitzen hartzeko;

        15. Eta nola Nanearen aphezek agertu baitzituzten haren aberastasunak; Antioko lagun gutirekin athetik sarthu ondoan, hertsi zuten tenploa.

        16. Eta barnago goan zenean, athe itsu bat idekirik, harri ukhaldika jo zituzten errege eta harekin zirenak, zathikatu zituzten, eta buruak khendurik, kanporat arthiki.

        17. Horietaz orotaz benedikatua izan bedi Jainkoa, gaixtaginak galpenari eman dituena.

        18. Nola beraz kasleuko hilabethearen hogoi eta bortzgarren egunean egitekotan baikare tenploaren xahupena, premia iduritu zaiku zuei jakinaraztea, zuek ere besta detzatzuen tabernakleetako eguna, eta tenplo berria eta aldarea egin ondoan, Nehemiasek sakrifizioak eskaini zituenean emana izan zen suaren eguna.

        19. Ezen gure aitak Persiara gathibu zaramatzatenean, orduan Jainkoa zerbitzatzen zuten aphezek, sua aldaretik harturik, ixilik gorde zuten haran batean, zeintan baitzen putzu barren eta agor bat, eta han segurean ezarri zuten, haletan non gorde-lekhua orotaz ezagutugabea gelditu baitzen.

        20. Eta asko urtheren buruan eta Jainkoaren gogarako izan zenean Persiako erregek bidal zezan Nehemias, sua gorde zuten aphez hekien ilobasoak igorriak izan ziren haren bilha; eta berek erran darokuten bezala, etzuten sua khausitu, bainan-bai ur lodi bat.

        21. Orduan Nehemias aphezak manatu zioten athera eta ekhar ziozoten ur hura, eta hartaz ihinzta zetzazten bitimak, egurrak eta gainean ezarriak zirenak.

        22. Eta hori egin bezain sarri, eta iguzkiak, lanho-petik ilkhirik, dirdiratu zuen orduko, su handi bat biztu zen, haletan non espantatuak baitzauden guziak.

        23. Bizkitartean aphez guziek othoitza egiten zuten, sakrifizioa ahitu arteo, Jonathasek abiatuz eta bertzeek ihardetsiz.

        24. Eta hauxe zen Nehemiasen othoitza: Jainko Jaun, ororen egilea, ikharagarria eta hazkarra, zuzena eta urrikalmendutsua, errege on bakharra zarena;

        25. Bakharra handi, bakharra zuzen, guziz ahaldun eta bethi dirauen zarena, asturugaitz orotarik Israel itzurrarazten duzuna, gure arbasoak hautetsi eta sainduetsi ditutzuna;

        26. Sakrifizio hau onhetsazu Israelgo zure populu guziarentzat; zaint eta sainduetsazu zure zathia.

        27. Barraiatuak garenak bil gaitzatzu, jendaien gathibu direnak athera zatzu, arbuiotan eta gaitzirizkoaren azpian daudezenei begia emozute, jakin dezaten jendaiek zu zarena gure Jainkoa.

        28. Behera zatzu, burgoiki zaphatzen eta irainztatzen gaituztenak.

        29. Gogor zazu zure populua zure lekhu sainduan, Moisek erran izan duenaren arabera.

        30. Aphezek berriz, himnoak kantatzen zituzten, sakrifizioa ahitu arteraino.

        31. Ahitu zenean sakrifizioa, Nehemiasek manatu zuen harri handien gainera ixur zezaten uraren gainerakoa.

        32. Hori egin zuteneko, harri hekien gainetik biztu zen gar handi bat; bainan aldaretik dirdiratu zuen argiak iretsi zuen.

        33. Gauza jakina izan zenean, Persiarren erregeri eraman zaroten berria, ura agertu zela, aphez desherrituek sua gorde zuten tokian, eta Nehemiasek eta bere lagunek hartaz egin zutela sakrifizioen xahupena.

        34. Erregek berriz, gauza begietsi eta ardurarekin ikhartu ondoan frogatzeko zer zen gerthatu, toki hartan egin zuen tenplo bat.

        35. Eta frogak atheratu ondoan, aphezei eman ziozkaten ontasun handiak, eta bertze emaitza asko, eta bere eskuz ematen ziozkaten.

        36. Aldiz Nehemiasek lekhu hura deithu zuen Nefthar, erran nahi baita Xahupena; bainan hainitzek deitzen zuten Nephi.

 

II. KAP.

        1. Bada, Jeremias profetaren iskribuetan aurkhitzen da, desherripenera zihoazenei manatu ziotela har zezaten aldareko sua, gorago errana den bezala, eta gomendioak egin ziozkatela desherritzen zirenei.

        2. Eman zaroeten legea, ahantz etzezazten Jaunaren manamenduak, eta hekien izpirituek etzezaten makhurrerat egin, urhezko eta zilharrezko jainkomoldeak eta hekien edergailuak ikhustearekin.

        3. Eta horrelako bertze solasak erranez, dei egiten zaroeten legea etzezaten beren bihotzetik khen.

        4. Berriz, liburu hartan berean zen, nola profetak, Jainkoak erran zioenaren gainean, manatu zuen harekin eramatea tabernaklea eta arkha, hel zadien arteo mendira, zeintara iganik Moisek ikhusi baitzuen Jainkoaren primantza.

        5. Eta harat goanik, Jeremiasek aurkhitu zuen zilho bat; hartan sarthu zituen tabernaklea, arkha eta isentsuetako aldarea, eta tapatu zuen ahoa.

        6. Eta hari jarraikitzen zirenetarik zenbait hurbildu ziren, tokiaren nabaritzeko, eta ezin atzeman zuten.

        7. Jeremiasek orduan, jakin zuenean hori, hoben emanez, erran zaroeten, nihork etzuela toki hura jakinen, Jainkoak bil zezan arteo populuaren baldarna, eta begithartez itzul zadien arteo;

        8. Jaunak orduan erakhutsiren zituela hekiek; Jaunaren maiestatea agerturen zela, eta izanen zela hedoi bat Moiseri agertu zitzaioen bezala, eta hala-nola agertu baitzen Salomonek galdatu zuenean, Jainko handiarentzat sainduetsia izan zadien tenploa.

        9. Ezen ospetsuki erakhutsi zuen bere zuhurtasuna; eta zuhurtziaren jabe den gizon batek bezala, eskaini zuen tenploaren dedikazione eta akhabamenduko sakrifizioa.

        10. Eta nola Moisek Jaunari othoitz egin, eta zerutik jautsi baitzen sua eta erre baitzuen holokausta, hala Salomonek ere othoitz egin, eta sua jautsi zen, eta erre zuen holokausta.

        11. Eta Moisek erran zuen: Zeren jana izan ez den bekhatuarentzateko bitima, ahitua izan da,

        12. Eta Salomonek halaber zortzi egunez bestatu zuen dedikazionea.

        13. Horiek berak ekharriak ziren Nehemiasen iskribu eta istorioetan; eta nola liburutegi bat eginik, toki guzietarik, bildu zituen profeten eta Dabiden liburuak, erregeen gutunak eta tenploarentzateko emaitzen ageriak.

        14. Aldiz Judasek ere orobat bildu ditu, gerthatu zarozkigun gerlateetan galdu-gordean ibili ziren guziak, eta orai gure eskuetan dire.

        15. Beraz hekien gutiziarik balin baduzue, igor zatzue bilhariak, zuei ekhartzeko.

        16. Arren iskribatu darotzuegu tenploaren xahupenaren egiterakoan; ongi eginen duzue beraz, baldin zuek ere bestatzen baditutzue egun horiek.

        17. Jainkoak berriz, zeinak libratu baitu bere populua, zeinak bakhotxari bihurtu baitio bere primantza, zeinak lehengo urhatsera itzularazi baititu erresuma, aphezgoa eta lekhu saindua,

        18. Legeaz agindu zuen bezala, igurikimena badugu laster urrikalpen harturen duela gutaz, eta lekhu saindura bilduren gaituela zeruaren azpiko toki guzietarik;

        19. Ezen galmenta handitarik atheratu gaitu, eta lekhuaren xahupena egin du.

        20. Orai laburzki erranen ditugu Makabearrari eta haren anaiei, tenplo handiaren xahupenari eta aldarearen dedikazioneari begiratzen diren gauzak;

        21. Halaber Antioko Zoharraren eta haren seme Upatorren egunetako guduei darontzotenak ere;

        22. Erranen dugu nola su batzu agertu zitzaizkoten zerutik, Juduen alde gudutan bihotzoiki erauntsi zutenei; haletan non, gudulari guti ziren arren, nausitu baitziren eremu guziaz, ihes igorri baitzuten erdaldunen ostea,

        23. Berriz eskuratu lur guziko tenplorik deithatuena, libratu hiria eta berritan ezarri khendua zen legea, Jauna hekien alde jarririk eta bake osoa emanik.

        24. Horiek oro eta Jason Zirenearrak bortz liburutan sarthu zituen solasak, liburu bakhar batera laburtzera haritu gare.

        25. Ezen ikhustenez liburuketa handiak gaitz eragiten duela istorioa ikhasi nahi dutenentzat, erranketa handiaren ariaz,

        26. Artha izan dugu hau egiteko irakurtzea lakhet dutenen gogara; ikhasi nahiak direnei, berriz, burutan idukitzeko errex, eta irakurle guziei zerbait onik ekharriko daroeten bezala

        27. Eta guk, zeinak abiatu baikare obra hau laburtu beharrez, ez diogu lan errexa eman gure buruari; aitzitik atzarritasun eta behardura hainitz galdatzen duen lanari lothu gare.

        28. Nola barazkariaren aphaintzen hari direnek bilhatzen baitute bertzeen gogara egitea, askori atsegin ematea gatik, hala guk ere gogotik jasaiten dugu lana.

        29. Gauzen egia, iskribatu izan dituztenen gain utziz, gu aldiz lehengo moldearen arabera laburtzera gare bermatu.

        30. Alabainan, nola etxe berria egiten duenari baitagokio molde ematearen artha; thindatzaileak berriz, ez du egoki diren edergailuen bilhatzea baizik; gutaz dena, ez da bertzela ikhusteko.

        31. Ezen istorioa iskribatzen duenari zaio dakienaren biltzea, solasaren xuxentzea eta xehetasun guziak arthatsuki bilhatzea;

        32. Laburtzaileari ordean onhetsi behar zaio laburtasunaren bilhatzea eta hedaduretarik urrun egitea.

        33. Hemen hasiko dugu beraz solasa; aitzinetik erranik aski bada; alabainan zorokeria bat laiteke istorioa baino lehen ehun solasen atheratzea, eta gero istorioan murritz izatea.

 

III. KAP.

        1. Beraz bake osoenaz gozatzen zelarik hiri saindua, legeak ere hobekienik begiratuak zirelarik oraino, Onias aphez-handiaren jainkotiartasunaren, eta gaizkiarentzat zuen hastiakuntzaren ariaz;

        2. Gerthatzen zen erregeek berek eta buruzagiek ohore handitan zadukatela lekhua eta emaitza aberatsenez berregintzen zutela tenploa:

        3. Haletan non Seleukok, Asiako erregeak bere onetarik ematen baitzituen sakrifizioetako eginbideen gastuak.

        4. Bainan Simon, Benjaminen leinukoa, tenploaz kargutua zena, bermatzen zen hiriari zerbait tzarkeria egin beharrez, eta aphezen buruzagiak zeiher egiten zioen.

        5. Nola ordean ezin garhait baitzezakeen Onias, goan zen Tharseasen seme Apolonio gana, zeina baitzen orduan Zelesirian eta Phenizian buruzagi;

        6. Eta erran zioen ezin-khondatuzko diruketaz bethea zela Jerusalemgo khutxa, eta bazirela nihonereko aberastasun arrontekoak, sakrifizioei begiratzen etzirenak; oro erorraraz zitazkeela ordean erregeren eskura.

        7. Apoloniok jakintsun egin zuen errege tenploan phausatuak ziren dirutzeez, eta erregek, harturik Heliodoro, haren egitekoen kargua zuena, igorri zuen erran den diruaren altxatzeko manuarekin.

        8. Heliodoro bideari eman zen berehala, Zelesiriako eta Pheniziako hirien ikhusteko itxuran, bainan egiazki, erregeren manuaren bethetzeko xedez.

        9. Eta Jerusalemera ethorri eta aphez-handiak begitharte egin zioen ondoan, erran zuen zer aiphu heldu izan zitzaioen erregeri diru hekietaz; eta horrela agertu zen zer ariaz khausitzen zen hirian; galdatzen zuen, berriz, hean horiek hola ziren.

        10. Orduan aphez-handiak erakhustera eman zioen diru hekiek zirela altxatzerat emanak, eta alhargun eta umezurtzen biziaraztekoak.

        11. Aldiz, Simon gaixtoak salhatu zituenetarik bazirela Hirkan Tobiasenak, jendeen artean ikhusia zen gizonarenak; diru guzia berriz, zilharrezko lau ehun talendutara eta urhezko berrehunetara heltzen zela.

        12. Aldiz nihondik-ere ezin engana zitazkeela fidatu zirenak lekhu eta tenplo bati, zeina lur guziak ohoratzen baitzuen bere ahalkesunaren eta saindutasunaren ariaz.

        13. Bainan Heliodorok, erregeren ganik zituen manuen gainean, ihardetsi zuen diru hekiek alde edo molde erregeri eraman behar zitzaizkoela.

        14. Berezi zuen egunean, Heliodoro sarthu zen beraz, burutan zuenaren egiteko. Aldiz ikhara hiri guzian etzen aphurra.

        15. Aphezak berriz, aphez-soinekoekin aldarearen aitzinean lurrerat erori ziren, eta zerura dei egiten zioten diru phausatuen legea eman duenari, oso zain zetzozten phausatzaileei.

        16. Aldiz aphez-handiaren begithartea ikhusten zutenak bihotzeraino erdiratuak ziren; ezen haren ahurpegi eta itxura ubelduek erraten zuten haren arimarainoko min barrena.

        17. Halako ilhundura batez hartua zen guzia; eta haren lazturak, ikhusten zutenei erakhusten zioten bihotza zaurtzen zaroen oinhazea.

        18. Asko halaber moltzoka etxeetarik heldu ziren goraki errekeituz Jauna, arbuiotara erortzera zihoalakoz lekhu saindua.

        19. Emaztekiak, zurdatzak soinean, karrikak gaindi zabiltzan; neskatxak ere, barnean egoten ohi zirenak, lasterka heldu ziren Oniasen gana; bertze batzuek harrasietara laster egiten zuten; bertze batzu berriz, leihoetarik begira zauden.

        20. Bainan oro, eskuak zeruetara hedatuz, Jainkoari errekeika hari ziren.

        21. Erdiragarri zen egiazki oste hura nahasia eta aphez-handia iguri jarriak ikhustea.

        22. Aphezek ere dei egiten zioten Jainko ahalorotakoari, altxatzerat izan zituzten gauzak, emaileei osorik geldi zakiozkiten.

        23. Heliodoro berriz, bere gizonekin dirutegiaren inguruan jarria, gogoan hartu asmuaren bethetzen hari zen.

        24. Bainan Jainko ahalorotakoaren izpirituak agertu zuen bere burua garbitasun handitan; haletan non Heliodororen erranen egitera ausartatu ziren guziak, Jainkoaren berthuteak lurrerat arthikirik, indarrik gabe eta ikharan gelditu baitziren.

        25. Ezen agertu zitzaioten halako zaldi bat, aphaingailu ederrenez estalia, eta gainean bazuen norbait lazgarririk, eta aitzineko hatzez oldarrean jo zuen Heliodoro; eta haren gainean jarria zenak iduri zuen urhezko harmak zituela.

        26. Agertu ziren halaber bertze bi gizon-gazte osoki hazkar eta ederrak, ospez inguratuak eta ederki jauntziak, zeinak Heliodororen inguruan jarri baitziren, eta bi aldeetarik zafratzen zuten ukhaldika eta baratu gabe.

        27. Heliodoro berriz, han berean erori zen lurrera, lanhatu ziren haren begiak eta hagetan eraman zuten kanporat.

        28. Eta asko zain eta lasterkarirekin erran den dirutegira sarthu zen gizona, eramaten zuten, nihork laguntzarik ematen etziolarik, Jainkoaren berthutea garbiki baitzen ageri;

        29. Eta berthute harek zadukan etzana, mutu, pheskizarik eta hatsik gabe.

        30. Israel go umeek berriz, benedikatzen zuten Jauna, zeren handiesten zuen bere lekhu saindua; eta Jaunaren guzizko ahala zenean agertu, bozkarioz eta goiherez bethe zen, lehentxago beldurrez eta asalduz bethea zen tenploa.

        31. Orduan Heliodororen adiskideetarik zenbaitek lehiaka othoiztu zuten Onias, dei Guziz-Gorari egin ziozon bizia bihurtzeaz azken hatsean zen gizon hari.

        32. Aldiz aphez-handiak gogoeta eginik errege beharbada nabarmenduko zela, Juduetarik norbaitek Heliodorori behar etzen zerbait egin ziokeela, gizon harentzat eskaini zuen salbatzeko sakrifizioa.

        33. Eta othoitzean zagoelarik aphez-handia, aitzineko gizon-gazte berak, soineko berez jauntziak agertu ziren Heliodororen aitzinera, eta erran zioten: Onias aphezari bihur diotzok eskerrak, zeren haren gatik Jaunak ematen baitarok bizia.

        34. Hi ordean, Jainkoaren eskuaz joa izan haizena, orotan erantzun zatzik Jainkoaren sendagailak eta ahala. Eta horiek erranik, suntsitu ziren.

        35. Heliodorok berriz, bitimak Jainkoari eskainirik, eta bizia eman zioenari botu eta agintza handiak eginik, eskerrak bihurtu ziozkan Oniasi; itzuli zen armadara eta goan erregeren gana.

        36. Gero guzien aitzinean lekhukotasun bihurtzen zuen, bere begiz ikhusi zituen Jainko handiaren egintzez.

        37. Aldiz erregek galdatu zioenean nor othe zitakeen egoki Jerusalemera oraino behin igorria izateko, Heliodorok ihardetsi zuen:

        38. Balin baduzu etsai bat edo zure erregetasunari zelata hedatzen hari den norbait, igorrazu harat eta ikhusiren duzu zafraturik bihurtzen, itzur ahal baditake behintzat; zeren baita egiazki toki hartan Jainkoaren indar zerbait.

        39. Ezen zeruetan dagoena bera da lekhu hura ikhusten eta laguntzen duena, eta jotzen eta galtzen ditu, harat gaizki egitera heldu direnak.

        40. Horra beraz nola iragan ziren Heliodororen eta khutxako zain-penaren gaineko ariak.

 

IV. KAP.

        1. Bada, erran den Simon, diruen eta bere sortherriaren salbatzailea, gaizki mintzo zen Oniasez, harek hizitatu balu bezala Heliodoro egin zituenetara, eta hura balitz bezala gaizki guzietako itxindia;

        2. Eta etzen herabe erresumako zelatari erratera hiria zaintzen, bere herritarrak gerizatzen eta Jainkoaren legea khartsuki begiratzen zuena.

        3. Bainan nola etsaigoak hain urrun baitzoazen non heriotzeak ere egiten baitziren Simonen adiskide batzuen eskuez;

        4. Oniasek ikhusirik makhur horiek zakharzkaten galmentak, eta Apolonio, Zelesiriako eta Pheniziako buruzagi zena, erhotzeraino hari zela Simonen gaixtakeriari eragiten, goan zen erregeren gana,

        5. Ez bere herritarren kontra jazartzera, bainan bere bihotzean erabiliz guzien ona.

        6. Ikhusten zuen alabainan, errege ez bazen artera heldu, etzitakeela gauzetan bakerik ezar, ez-eta bararaz Simon bere erhokeria gaixtoetarik.

        7. Bainan Seleuko hil zen ondoan, Antioko, Zoharra deitzen zutena erregetu zenean, Jason, Oniasen anaia, aphez-handigoa eskuratu beharrez abiatu zen.

        8. Erregeren gana goan zen, agintzen ziozkalarik hirur ehun eta hirur hogoi talendu zilharrezko, eta bertze mozkinetarik lau hogoi talendu;

        9. Eta hekien gainera eskaintzen zituen bertze zazpitan hogoi eta hamar talendu, baldin ematen bazitzaioen jimnasio baten eta morroindegi baten egiteko eskua, eta Antiokiartzat onhesten bazituzten Jerusalemdarrak.

        10. Erregeren baia izan eta buruzagitasuna ardietsi zuenean, abiatu zen berehala bere herritarrak arrotzen ohitzetara iraganarazi beharrez.

        11. Eta khendurik erregeek beren bihotz-beratasunaren ariaz Juduei eman izan zaroezten lege onak Joanesen, Upolemoren aitaren bidez (Joanes bidalkintzan izatu baitzen, Erromarrekin adiskidantzen eta batasunaren berritzen), bere herritarren zuzenak hausten eta lege tzarrak ezartzen zituen.

        12. Ezen ausartatu zen jimnasio baten egitera gazteluaren beraren azpian, eta morroinik hautenak lizundegietan ezartzera.

        13. Etzen hori bada hastapen bat, bainan berhantza eta aitzinamendu batzuek jendaien eta arrotzen bizi-moldean, Jason aphez-aizun gaixtaginaren tzarkeria eta paregabeko belzkeriaren ariaz;

        14. Hanbateraino, non aphezak ez baitziren gehiago aldareko eginbideetara arthatsu, bainan tenploa arbuiotan emanez, eta ezaxolatuki sakrifizioak utziz, lehiatuki phartedun sartzen baitziren jimnasioan eta hango prezio tzarretan, eta jokoen ikhasten haritzen baitziren.

        15. Ezdeusentzat zaduzkaten sortherriko ohoreak; ederrago zitzaizkoten, Greziarren artean lelo ematen dutenak.

        16. Beren buruak hekietan erakusteko lehia galgarriak berotzen zituen; Greziarren ohitzez bekhaitz ziren, eta orotan nahi zuketen, beren etsai eta hiltzaile izan zituztenen iduriko agertu.

        17. Bainan Jainkoaren legeei ez da alferretan egiten damu, eta heldu diren solasek erakhutsiren dute gauza.

        18. Bada, bortz urthetarikako bestak egiten zituztelarik Tirren, eta errege han zelarik.

        19. Jason gaixtaginak Jerusalemdik igorri zituen gizatzar batzu hirur ehun bidrakmarekin Herkulsen sakrifiziokotzat; eta diru hura eraman zutenek galdatu zuten etzadien sakrifiziotan igor, etzelakoz egoki, bainan bertze zerbaitetan xahu zezaten.

        20. Diru hura bidali zuenak, Herkulesen sakrifiziokotzat eskaini zuen arren, ekharri zutenen ariaz untzi egiteko emana izan zen.

        21. Berriz, Apolonio, Mnestheoren semea Egiptora igorria izan zenean Ptolemeo Philometor erregearen gobernuko handien ariaz, Antiokok ezagutu ondoan erresumako egitekoetarik atze egin zutela, bere onari begiratuz, abiatu zen bere tokitik, ethorri zen Jopera eta handik Jerusalemera.

        22. Jasonek eta hiriak ongi-ethorri ederrena egin zioten; zuzi-argitara eta irrintzinen erdian egin zuen bere sartzea; eta handik Pheniziara bere armadara itzuli zen.

        23. Hirur urtheren buruan Jasonek igorri zuen Menelao, gorago aiphatu den Simonen anaia, diru eramatera erregeri, eta premiazko egiteko batzuen gainean ihardespenketa.

        24. Bainan Menelaok erregeren gogoa atzeman ondoan, haren ahalez espantu erabiliz bere buruaren gainera bildu zuen aphez-handigoa, hirur ehun zilharrezko talendu Jasonek baino gehiago eskainiz.

        25. Eta erregeren manuak harturik, ethorri zen etzuelarik deusere apheztasunari dagokionik, bainan nausi odolgiro baten bihotza eta basabere baten sepha.

        26. Eta horreletan Jason, zeinak anaia ber-berea atzeman baitzuen, enganatua izan zen bera, eta iraizia izanik ihes egin zuen Amon-herrira.

        27. Aldiz Menelaok nausitasuna ardietsi zuen hola; bainan erregeri agindu diruetarik etzuen batere igortzen, nahiz hortara hertsa zezan Sostratok, zeinak gazteluan manamendua baitzuen;

        28. Ezen hari zitzaioen zergen sarraraztea; aria hortaz izan ziren biak erregeren aitzinera deithuak.

        29. Apez-handigotik khendua izan zen Menelao, eta bere anaia Lisimako izan zuen ondoko; Sostrato berriz, Ziprora izan zen aldatua.

        30. Anartean Tharsearrek eta Melotarrek bihurrialdi bat eraiki zuten, emanak izan zirelakoz Antiokidari, erregeren ohaideari.

        31. Aria hortaz hekien jabaltzera laster egin zuen erregek, bere ordain utzirik Androniko, bere lagunetarik bat.

        32. Menelaok berriz, ustez ordu ona atzeman zuela, tenplotik ebatsirik urhezko untzi zenbait, Andronikori eman ziozkan batzu, eta bertzeak saldu zituen Tirren eta hauzoko hirietan.

        33. Oniasek horren garbitasuna jakin ondoan, Menelaori jazartzen zioen, bera lekhu segurean zagoelarik Antiokian, Daphneko ondoan.

        34. Hargatik, Andronikoren gana goanik, Menelaok othoiztu zuen hil zezan Onias. Androniko goan zen Oniasen gana; eta esku eskuina emanak zin egin zioen eta (nahiz Oniasi nabarmen zitzaioen) sinhetsarazi bere ihes-lekhutik ilkhitzea, eta ordu berean hil zuen, zuzenbidearen arrangurarik gabe.

        35. Horren gatik, ez bakharrik Juduak, bainan bertze jendakiak ere jauzten ziren, eta nekhez jasaiten zuten hanbateko gizonaren heriotze bidegabezkoa.

        36. Eta Ziliziako aldeetarik bihurtu zenean errege, Juduak goan zitzaizkon Antiokiara Greziarrekin batean, Oniasen heriotze bidegabezkoaz arranguren egitera.

        37. Oniasen heriotzeak barnea gobeldu zioen Antiokori; eta urrikaldurik, nigarrak ixuri zituen, zendua zenaren begirakortasunaz eta modestiaz orhoituz.

        38. Eta suharturik manatu zuen Andronikori khen ziozoten purpura, erabil zezaten hiri guzia gaindi inguruka, eta gaixtaginari bizia idek ziozoten toki berean zeintan izigarrikeria egin izan baitzuen Oniasen gainean. Jaunak horrela bihurtu zioen merezitu saria.

        39. Bada, Lisimakok tenploan asko sakrilio eginik, Menelaok hartaratuz, berri hori barraiatu zen eta ostea Lisimakoren kontra bildu zen, tenplotik orduko urhe hainitz eraman zuen ondoan.

        40. Aldiz jendea erresuminetan jaiki zelakotz, Lisimakok bildu zituen hirur mila gizonen ingurua aitzindari gaixto baten azpian, zeinak adin bezenbat gaixtakeria baitzuen, eta tzarkeria egiten abiatu zen.

        41. Bainan populuak ikhusi zuenean zertara zohan Lisimako, batzuek hartu zituzten harriak, bertze batzuek makhila lodiak; zenbaitek berriz hautsa arthikitzen zuten Lisimakoren kontra.

        42. Haren gizon hainitzek atzeman zituzten sarraskiak, zenbaitek lurra jo zuten eta guziak ihes igorriak izan ziren; sakrilio-egilea bera ere, dirutegiko ondoan hil zuten.

        43. Gauza horiez populua abiatu zen beraz Menelaori jazartzen.

        44. Eta errege Tirrera ethorri zenean, zaharrek igorririkako hirur gizonek haren aitzinera eraman zuten egitekoa.

        45. Eta nola Menelaok azpia hartzen baitzuen, Ptolemeori diruketa handi bat agindu zioen, erregeri nahi zuena sinhetsarazteko.

        46. Hargatik Ptolemeo erregeri hurbildu zitzaioen, ezkaratz batean freskatzen zagoelarik, eta gogoz aldarazi zuen.

        47. Erregek garbi atheratu zuen Menelao, gaixtakeria guziez hobendun zena; gaizo batzu berriz, Sithiarren aitzinean xuritu balute ere haren egitekoa, hobengabe atheratuko zirenak, hekiek kondenatu zituen hiltzera.

        48. Bidegabezko gaztigua berehala jasan zuten beraz, hiriaren, populuaren eta gauza sainduen alde jaiki zirenek.

        49. Aria hortaz gaitziturik, Tiriarrak berak guziz bizar agertu ziren hekien ehorzpenean.

        50. Menelaok berriz, botherea zadukaten gizonen jaramankeriari esker, buruzagitasunean irauten zuen, geroago eta maltzurrago bere herritarrei zelata hedatzeko.

 

V. KAP.

        1. Orduan arrimatu zen Antioko Egiptora bigarren atheraldiaren egiteko.

        2. Bada, gerthatu zen Jerusalemgo hiri guzian berrogoi egunez zaldizko batzu ikhusi izan zirela airetan tarrapataka, urhe-oihalez jauntziak eta lantzekin, gizon harmatuzko andanak bezala;

        3. Eta zaldiak lerroka jarriak, laster egiten, gudulariak eskuka abiatzen, erredolak dardaratzen, kaskadunen ostea ezpata biluziekin lotzen, geziak arthikitzen, urhezko harmen eta gerruntze mota guziak dirdiratzen.

        4. Aria hortaz guziak othoitzean zauden, onerat bihur zitezen sendagaila horiek.

        5. Bainan nola gezurrezko haro bat ilkhi baitzen, Antiokok bizia galdu zuela; Jasonek, ez mila gizon baino gutiago harturik, hirira laster egin zuen; eta hiritarrek harrasietara egin izan zuten arren, azkenekoz nausitu zen hiriaz eta Menelao gaztelura goan zen ihes.

        6. Jasonek berriz, bere herritarrak etzituen sarraskian guphide izatu; etzitzaioen burutaratzen zorigaitz handia dela bere odolekoen kontrako zoriona, ustez etsaien kontra eramaten zuela garhaizia, eta ez herritarren gainean.

        7. Eta halarik-ere ezin ardietsi zuen nausitasuna, bainan ahalkea bildu zuen bere zimarkhu guzien azken buru, eta berriz ihes goan izan zen Amon-herrira.

        8. Azkenekoz, Aretasek, Arabiarren erregek, hertsatzen zuelakoz, iheska zabilan hiriz hiri, orok higuindua, lege-arnegatzaile eta hasgarri bat bezala, bere sorlekhuaren eta herritarren etsaia bezala, eta Egiptora iraizia izan zen.

        9. Eta hanbat jende beren sorlekhutik iraizi zituen gizona, bera lekhu arrotzean akhabatu zen, Lazedemonara goanik, han ihes-lekhu bat atzemanen zuelakoan Juduekilako batasunaren ariaz;

        10. Eta nola ehortzi gabe utzi baitzituen asko, bera ere deithorerik gabe eta ehortzi gabe utzi zuten, ez baitzuen ez bere herrian ez arrotz lekhuan hobi bat aurkhitu.

        11. Horiek arren hola gerthatu ondoan, errege beldurtu zen Juduak urrunduko zitzaizkola berekilako batasunetik; eta horren gatik, burua sutan, ethorri zen Egiptotik, eta harmez hartu zuen hiria.

        12. Berriz, soldadoei manatu zioten hil zetzazten urrikari gabe atzemanak oro, eta hiltzera sar zitezen etxeetara.

        13. Sarraskitu zituzten beraz eta heriotzez jo zahar-gazteak, emaztekiak eta haurrak, neskatxak eta bulharreko urneak ere.

        14. Arren hirur egunik barnean izan ziren laur hogoi mila hilak, berrogoi mila gathibu hartuak, eta berriz, ez gutiago salduak:

        15. Bainan horiek etziren aski: Antioko ausartatu zen oraino tenploan, lur guziko tokirik sainduenean, sartzera, bidari zuelarik Menelao, legeak eta sortherria traditu zituena;

        16. Eta bere esku hobentsuez hartuz untzi sakratuak, bertze erregeek eta hiriek lekhu haren berregingarri eta ospagarri emanak, izigarri zen bezala erabiltzen eta khutsatzen zituen.

        17. Holetan Antioko, burutik jauzia, etzen begiratzen Jainkoa aphur batentzat zela samur Jerusalemdarren bekhatuen gatik, eta aria hortaz lekhu sainduaren inguruan gerthatu zela laidoa.

        18. Ezen bertzela, asko bekhatutan izan ez balire pulunpatuak, Antioko ere, hala-nola Heliodoro, Seleuko erregeak dirutegiaren larrutzera igorri zuena, Antioko ere agertu bezain laster izanen zen zafratua eta bere urhats ozarretik eragotzia.

        19. Bainan Jainkoak ez du populua lekhuaren gatik hautatu, bai ordean lekhua populuaren gatik.

        20. Aria hortaz lekhua ere populuaren asturugaitzetan phartedun egina izan da; bainan gero zorionetan ere hala izanen da; eta Jainko ahalorotakoaren hasarre-orduan bazterrerat utzia izan den tokia, berriz ospe handitara altxatua izanen da Jaun handiaren baketzeko egunean.

        21. Beraz tenplotik hemezortzi ehun talendu eramanik, Antioko zalhurik itzuli zen Antiokiara, bere hanpuruskerian iduritzen baizitzaioen leihorrean untziz eta itsasoan oinez ibiliko zela, hanbat baitzen harro haren gogoa.

        22. Berriz, jendea hesturan idukitzeko utzi zituen kargudunak: Jerusalemen Filipe, ethorkiz Friyiarra, karguaren emailea baino odolkoiagoa berenez;

        23. Garizimen berriz, Androniko, eta Menelao, zeina bertzeak baino gogorrago baitzen bere herritarren alderat.

        24. Eta nola Antioko Juduei aiher baitzen, igorri zuen Apolonio, aitzindari gaitzesgarria, hogoi eta bi mila gizonekin, manatuz, emaztekiak eta gazteak saldurik, hil zetzan adin oneko gizonak oro.

        25. Hau Jerusalemera ethorri zenean, bake alegia batean deskantsuz egon zen larunbateko egun sainduraino; eta noiz-ere Juduak lanetik geldituak baitziren, bere gizonei manatu zioten har zetzazten harmak.

        26. Hil zituen ikhustera ethorriak ziren guziak, eta gizon harmatuekin kurrituz hiria, oste gaitza xahutu zuen.

        27. Bada, Judas Makabearra, bera hamargarren toki mortu batera bildua zen, eta han basabereen erdian bere lagunekin mendietan zaraman bizia; eta belharra janez egoten ziren, bertzeen khutsapenean ez sartzea gatik.

 

VI. KAP.

        1. Bainan handik laster erregek bidali zuen Antiokiar zahar bat, bortxa zetzan Juduak herriko legeetarik eta Jainkoa ganik aldatzera;

        2. Eta Jerusalemen tenploaren profanatzera, Jupiter Olinparraren izena emanez, eta Garizimen zen tenploa Jupiter arrotzalearen izenetik deithuz, arrotzak zirelakoz toki hartako egoiliarrak.

        3. Horreletan erori zen guzien gainera ondikozko uharrik gaitzena.

        4. Ezen arrotzek tenploa bethetzen zuten lizunkeriaz, eta beren aseez, eta lilitxoekin khutsatzen ziren gizonez; eta emaztekiek zilhegi etziren gauzak sartzen zituzten lekhu sakratuetara:

        5. Aldarea ere bethea zen haizu etziren haragiz, legeek debekatzen zituztenetarik.

        6. Larunbatak berriz, eta tokiko bestaburuak ere etziren idukiak, eta bakharrik Judua zela ere nihork etzuen aithorra eginen.

        7. Premia latzak erregeren sort-egunean sakrifizioetara zaramatzan; eta Bakoren bestak zelebratzen zirenean, bortxatzen zituzten karriken inguratzera huntz-ostoz khoroaturik Bakoren ohoretan.

        8. Erabaki bat berriz, atheratu zen jendaietako hauzo hirietan, Ptolemaidarrek bururaturik, molde berean hekiek ere Juduen kontra egin zezaten, sakrifikatzera bortxatzeko,

        9. Edo hil zetzazten arrotz-legeetara iragan nahiko etzirenak. Etzen beraz nihon hesturarik baizen ikhusten.

        10. Ezen bi emazteki salhatuak izanik ingurebaki zituztela beren umeak, hiria gaindi agerian erabili ondoan inguruka, haurrak bulharretarik urkhaturik, harrasien gainetik arthiki zituzten.

        11. Bertze gizon batzu berriz, hurbileko lur-zilhoetara elkhar gana biltzen zirenak, eta larunbat-eguna ixilka bestatzen zutenak, Filiperi salhatuak izanik, suz erreak izan ziren, herabe zirelakoz, erliyionearen eta larunbat begiratzearen ariaz, eskuz beren buruei laguntza ekhartzeko.

        12. Aldiz othoizten ditut liburu hau irakurturen dutenak ez ditezen lazturari eman asturugaitz horien gatik, bainan uste izan dezaten halakoak gerthatu direla, ez gure odolaren galpenerako, bai ordean nehortarazteko.

        13. Ezen ongi-nahi handi baten erakhuskaria da bekhatoreak beren lehien arabera egitera ez uztea luzez, bainan azurrialdiak laster iratxikitzea.

        14. Alabainan Jaunak ez du gurekin bertze jendakiekin bezala jasankorki igurikitzen, hekien gaztigatzea gatik beren bekhatuen osotasunean, ethorriko denean juiamenduko eguna.

        15. Eta gurekin hola nahi izan du egin, asperkunde gure gainean ez atheratzeko noizbait, gure bekhatu guziak azkenean bilduak ditazkeenean.

        16. Aria hortaz ez du behinere gure gainetik aldaratzen bere urrikalmendua; bainan asturugaitzez azurriatuz, ez du bere populua bazterrerat uzten.

        17. Hitz guti haukiek irakurleen argitako izan beitez erranak. Beraz gure solasera itzuli behar gare.

        18. Bada Eleazar, lehenbiziko iskribauetarik bat, adineko gizona eta begitharte ahalkesunekoa, urdeki jatera nahi zuten bortxatu, ahoa bortxaka zabalaraziz.

        19. Bainan heriotze ospetsu bat bizitze hasgarri bat baino nahiagoz, hura bere oldetara bazihoan hiltzeko tokira.

        20. Ikhusiz zenbat beharko zuen egarri, eta jasankortasunean gogortuz, gogotan hartu zuen etzuela biziaren minez sori etzenik deusere onhetsiko.

        21. Han zirenek berriz, behargabeko urrikalmendu batez ukiturik harekilako azpaldiko adiskidantzaren ariaz, bazterrerat harturik othoizten zuten jateko zilhegi ziren haragietarik ekhartzera utz zetzan, erregek manatu zuen bezala sakrifiziotikako haragietarik jan alegia bat egin zezan berak,

        22. Eta hori eginik, heriotzeari itzur zadien; eta harentzateko adiskidantza zaharraren ariaz egiten zioten gizatasun hori.

        23. Bainan hura gogoetaka abiatu zen zenbat zor zioten bere adinari era zahartasunari, sortzetik ekhartzen zuen bihotz-handitasunari, bere ile zuriei, eta haurretik eraman zuen bizitze garbiari; eta Jainkoak ezarri lege sainduaren arabera, ihardetsi zuen berehala, nahiago zuela hobiari utzi bere burua.

        24. Eta zioen: Etzaio gure adinari zor alegiaka haritzea; beldurrez-eta gazteetarik asko, ustez Eleazar hau hogoi eta hamar urthetan iragan den arrotzen bizitzera,

        25. Berak enganatuak izan ditezen ene alegiakeriaren bidez, eta bizitze galkor baten ephe laburraren ariaz; eta horreletan ene zahartzeari bil niozoke notha bat eta nihonereko hatsgarritasuna.

        26. Alabainan oraiko orduan gizonen ganikako estiretarik athera banindadi ere, niholaz ez bizian ez hilean ezin itzuriko nintake Ahalorotakoaren eskuari.

        27. Horren gatik bizitzetik bihozdun ilkhiz, ene adinari dihoakioen bezala naiz agerturen;

        28. Gazteriari aldiz itxikitasunezko ikhuskari bat utziko diot, baldin gogo biphil eta hazkarrez jasaiten badu heriotze ohoragarri bat, gure lege premiatsu eta guziz sainduen ariaz. Hitz horiek egin orduko estirara herrestatu zuten.

        29. Hura eramaten zutenak berriz, aitzintxean ezti bezain bihurri egin ziren beren hasarrean, erran zituen solasen gatik, burgoikeriaz errantzat zaduzkatelakoz.

        30. Bainan ukhaldien azpian hiltzerakoan, hasgorapen batekin erran zuen: Jauna, jakitate sainduaren jale zarena, zuk garbiki dakizun bezala, heriotzeari itzur nindaiteelarik jasaiten ditut gorphutzeko oinhaze gogorrak, bainan arimaz gogotik ditut egartzen zure beldurraren ariaz.

        31. Horreletan bizitzetik ilkhi zen Eleazar, ez ezik gazteriari, bainan bere herritar guziei utziz bere heriotzearen orhoitzapena berthutezko eta indarrezko ikhuskaritan.

 

VII. KAP.

        1. Gerthatu zen berriz, zazpi anaia beren amarekin hartuak izan zirela, eta erregek bortxatu nahi izan zituen azote eta idi-hede ukhaldika urdekiaren jatera, zilhegi ez den bezala.

        2. Bainan hekietarik bat, adinez zaharrena, hunela mintzatu zen: Zer bilhatzen duzu eta zer nahi duzu jakin gure ganik? Hiltzera gaude, Jainkoaren eta herriko legeak hautsiko ditugun baino lehen.

        3. Hargatik erregek errabian manatu zuen khalda zitzazten paderak eta kobrezko bertzak; eta khaldatuak izan ziren bezain sarri,

        4. Manatu zuen mihia mozteaz lehenbiziko mintzatu zenari; eta buruko larrua khendurik, ebak ziotzozten esku eta zango muthurrak, bere anaien eta amaren begien azpian.

        5. Eta horrela ahal guziez gabetua izan zenean, erregek manatu zuen hurbil zezaten sura, eta hatsa bazuelarik oraino xigorraraz zezaten paderan; eta horrela luzez oinhaztatua zelarik, bertzeek amarekin batean bihotzoiki hiltzera berotzen zuten elkhar,

        6. Erraten zutelarik: Zintasunari begiraturen da Jainko Jauna, eta gutan harturen du gozakari, Moisek bere kantikako hitzetan erran duen bezala: Eta bere zerbitzarien baithan harturen du gozakari.

        7. Lehenbizikoa hil zenean beraz, ondokoa erakharri zuten estiratzeko; eta buruko larrua ileekin khendurik, galdatzen zioten hean janen zuen, bere alderdi guzietan oinhaztatua izanen zen baino lehen.

        8. Bainan harek bere herriko mintzaian ihardetsiz erran zuen: Ez dut eginen. Horren gatik harek ere jasan zituen bere aldian lehenbizikoaren estirak.

        9. Eta azken hatsetara ekharri zutenean, hau erran zuen: Oi gizonetarik gaixtoena, oraiko bizitzean galarazten gaituk; bainan munduko erregek haren legeentzat hil garenak bethirainoko bizitzera eraikiren gaitik.

        10. Haren ondotik, hirugarrena estiratu zuten; galdatu zioten mihia, eta atheratu zuen berehala, eta eskuak hedatu zituen kantitu gabe;

        11. Eta sinheste bethearekin erran zuen: Zerutik daduzkat haukiek; bainan orai erdeinu diotet Jainkoaren legearen ariaz, zeren igurikitzen baitut bihurtuko darozkidala berriz:

        12. Haletan non errege eta harekilakoak harritzen baitziren gizon-gaztearen bihotzaz, eztirak ezdeuskeria batzu bezala jasaiten zituelakoz.

        13. Hura ere horrela hil zen ondoan, estiratzaileak orobat abiatu zitzaizkon laugarrenari.

        14. Eta akhabatzera zihoalarik, hunela mintzatu zen: Hobe da gizonen eskuz heriotzeari emanak izatea, Jainkoaren ganik bizi berri bat igurikiz, ezen hire arrebiztea ez duk bizitzerakoa izanen.

        15. Eta bortzgarrenari lothurik, estiratzen zuten. Harek aldiz erregeri begiratuz, erran zuen:

        16. Gizonen artean ahala baituk, hilkizun haizen arren, nahi dukana egiten duk; bainan ez biazak usterik izan gure jendakia Jainkoaz bazterrerat utzia dela.

        17. Ordean ago ephez, eta ikhusiren duk nola haren bothereak estiratuko zaituzteten hi eta hire odola.

        18. Haren ondotik, erakharri zuten seigarrena, eta hau hiltzerakoan, hunela mintzatu zen: Ez behedi ustekeria hutsera eror: ezen gure hobena duk holakoak jasaiten baditugu, gure Jainkoaren kontra egin dugulakoz bekhatu, eta ez duk harritzeko haukiek gure gainera arthikiak izatea.

        19. Bainan hik ez uste izan nola-nahi goanen zaikala, Jainkoari gerla egitea bilhaturik.

        20. Aldiz ama, ohi den baino miresgarriago eta prestuen orhoitzapena merezi zuen harek egun batik barnean ikhusten. zituen bere zazpi semeak galtzen, eta gogoa onik jasaiten zuen, Jainkoaren baithan zadukan peskizaren ariaz.

        21. Herriko mintzaian oro aldizka hazkarki berotzen zituen solas zuhurrenez, emaztekiaren samurtasunari batuz gizonaren bihotza.

        22. Erraten zaroeten: Ez dakit nola ene sabelean agertu zareten; ezen ez darozkitzuet nik erran ez izpiritua, ez arima, ez bizia, eta ez ditut nik batu bakhotxaren alderdiak.

        23. Bainan munduaren egileak, gizonaren sortzea egin eta gauza guzien ethorkia aurkhitu duenak, izpiritua eta bizia urrikalmendurekin bihurturen darozkitzuete, egun zuen buruez axolarik ez dadukazuen bezala haren legearen ariaz.

        24. Antiokok berriz, ustez arbuio eta irainetara bihurtzen ziotela eta bere ezina; nola haurretarik gazteena gelditzen baitzen oraino, berotzen zuen, ez ezik bere solasez, bainan zinka segurtatzen zuen, aberats eta dohatsu eginen zuela, eta adiskidetzat hartuko zuela eta behar zituenak oro emanen ziozkala, uzten bazuen bere arbasoetarikako legea.

        25. Bainan gizon-gaztea ez baitzen horietara erortzen, erregek deithu zuen ama eta nahi zioen sinhetsarazi egin zadien gizon-gaztearen salbatzaile.

        26. Hainitz solasez hortara hizitatu zuten ondoan, amak agindu zuen hertsaturen zuela bere semea.

        27. Makhurturik beraz haren gainera, eta errege odolkoiaz burlatuz, herriko mintzaian erran zioen: Ene semea, urrikal zaite nitaz, bederatzi hilabethez sabelean ekharri zaitudanaz, hirur urthez ene bulharraz hazi, eta adin hortaraino altxatu zaitudanaz.

        28. Othoi, haurra, begira biozozute zeruari, lurrari eta hekietan diren guziei, eta ezagutazu Jainkoak ezdeusetarik egin dituela hekiek eta gizonkia;

        29. Eta hau gerthatuko da etzarela harakin horren beldur izanen; bainan zure anaien bethe eginik eta hekiekin phartedun, har zazu heriotzea, zu ere zure anaiekin aurkhi zaitzadan urrikalmenduzko egunean.

        30. Eta oraino mintzo zelarik, haurrak erran zuen: Zeren iguri zaudezte? Ez dut erregek manatua eginen, bainanbai Moisen eskuz emana izan zarokun legearen manamendua.

        31. Bainan hi, Hebrearren gaineko gaixtakeria guzien asmatzaile egin haizena, Jainkoaren eskuari ez haiz itzuriko;

        32. Ezen guk, gure bekhatuen gatik jasaiten ditugu haukiek.

        33. Eta baldin gure Jainko Jauna gure kontra aphur bat samurtu bada gure azurriatzea gatik eta gure nehortzeko, bere zerbitzariekin baketuren da berriz.

        34. Bainan hi, oi gaixtagina, eta gizon guzietarik laidagarriena, haren zerbitzarien kontra suharturik ez behedi alferretan hant peskiza hutsalez;

        35. Ezen Jainko ahalorotakoaren eta guziak ikhusten dituenaren juiamenduari ez haiz oraino itzuria.

        36. Alabainan ene anaiak, orai oinhaze aphur bat jasanik, bethiereko bizitzeko batasunean sarthuak dire; hik ordean Jainkoaren erabakiz hire burgoikeriaren gaztigu zuzenak egarriren dituk.

        37. Nik berriz, ene anaiek bezala, herriko legeentzat ematen ditut ene gorphutz-arimak, Jainkoari dei eginez, gure jendakiari lehen-bai-lehen begithartez itzul dakioen, eta hik oinhaze eta zafraldien bidez aithor dezakaian hura dela Jainko bakharra.

        38. Bainan ene heriotzean eta ene anaienen gainean baraturen duk Ahalorotakoaren hasarrea, zeina gure jendaki guziaren gainera zuzenki jautsia baita.

        39. Orduan erregek, hasarrearen khaldan, bertze guziei baino gogorkiago jazarri zioen huni, min baizitzaioen trufatua izatea.

        40. Hau ere beraz garbirik hil zen, gauza orotan Jaunaren baithan gogoa zabal idukiz.

        41. Aldiz amak semeen ondotik azkenik jasan zuen heriotzea.

        42. Bainan bada aski erranik sakrifizioez eta dorphekeria gaindizkakoez.

 

VIII. KAP.

        1. Bizkitartean Judas Makabearra eta haren lagunak ixilka sartzen ziren herrietan; eta deithuz beren ahaideak eta adiskideak, eta Judu-legean gelditu zirenak hartuz, beren gana bildu zituzten sei mila gizon.

        2. Eta Jaunari dei egiten zaroeten begira ziozon bere populu, guziez ostikatuari, eta urrikal bere tenplo, jende tzarrek khutsatzen zutenari;

        3. Urrikal zakioen halaber hiriari, zeina xahutzera eta lurraren bardin egitera baitzaramaten, eta entzun haren gana deihadar egiten zuen odolaren oihua;

        4. Orhoit zadien ere haurtto hobengabeen heriotze izigarriez, eta haren izenari arthikiak ziren burhoez, eta haren hasarrea phitz zadien horien gainean.

        5. Aldiz, oste handia bildu ondoan, Makabearra jendaientzat ezin-jasanezkoa bilhakatu zen; ezen urrikalmendutara bihurtua zen Jaunaren hasarrea.

        6. Oharkabean jauziz hiri eta gazteluen gainera, erretzen zituen; eta lekhu hoberenez nausituz, bazaramatzan etsaizko sarraski ez aphurrak.

        7. Aldiz ardurenik gabaz egiten zituen horrelako atheraldiak, eta haren setzotasunaren omena alde orotara hedatzen hari zen.

        8. Bada, Filipek ikhustenez Makabearra emeki-emeki nausitzera zihoala, eta gauzak maizenean ongi atheratzen zitzaizkola, Ptolomeori, Zelesiriako eta Pheniziako buruzagiari iskribatu zioen, laguntza ekhar ziozoten erregeren egitekoei.

        9. Harek berriz, berehala igorri zuen Nikanor, Patrokloren semea, gorteko lehenbizikoetarikakoa eta bere adiskidea, emanik jendaia nahasteka batetik gizon harmatuak, ez hogoi mila baino gutiago, xahu zezan Juduen jendakia oro; eta laguntzat eman zioen Gorjias, gizon gerlaria eta gerlako gauzetan bainitz jakina.

        10. Nikanorrek gogoan hartu zuen Judu gathibuetarik erregeri atheratzea bi mila talendutako zerga, Erromarrei eman beharra zena.

        11. Eta berehala igorri zuen itsastar hirietara, deithuz Judu gathibu erostera, eta aginduz talendu bakharreko lau hogoi eta hamar gathibu emanen zituela. Etzitzaioen bururatzen Ahalorotakoaren asperra, haren gainera erortzera zihoana.

        12. Judasek berriz, nabaritu bezain laster Nikanorren ethortzea, jakintsun egin zituen berekilako Juduak.

        13. Hekietarik batzu, lotsakeriaz eta Jainkoaren zuzentasunean sinhesterik ez izanez, ihesari ematen ziren.

        14. Bertzeek aldiz, deusere gelditu bazitzaioten, saltzen zuten, eta hanbatean errekeitzen zuten Jauna, itzurraraz zetzan Nikanor gaixtoari, zeinak saldu baitzituen hurbildu ere baino lehen;

        15. Athera zetzan, beren gatik ez bazen, bederen hekien aitekilako batasunaren ariaz, eta hekien gainera deithua zen izen saindu eta handiesgarriaren ariaz.

        16. Makabearrak berriz, bilarazirik berekin zituen zazpi mila gizonak, othoizka galdatzen zaroeten etzitezen bake etsaiekin, ez-eta lotsa buruz bidegabezki heldu zitzaioten etsai oste hartaz, bainan hazkarki guduka zitezen,

        17. Begietan idukiz lekhu sainduari hekiek tzarki ekharri laidoa, eskarnioz hiriari egin iraina, eta bertzalde arbasoen legeen ezeztapena.

        18. Eta erraten zuen: Alabainan hekiek beren harmetan eta oldarkoitasunean dute sinheste; guk berriz, gure sinhestea dadukagu Jaun ahalorotakoan, zeinak kheinu batez gure kontra heldu direnak eta mundu guzia ere xahu baitetzazke.

        19. Orhoitarazi zituen halaber beren aitei Jainkoak eman izan ziozkaten laguntzez, eta Senakeriben azpiko bederatzitan hogoi eta bortz mila gizon galduak izan zirenez,

        20. Eta Babilonian Galatiarren kontra eman guduaz, zeintan, guziak lotzera ethorri zirenean, Juduen lagunak, Mazedoniarrak khordokatuak zirelarik, sei mila Juduk bakharrik xahutu baitzituzten sei hogoi mila etsai, zerutik emanikako laguntzaren bidez, eta hortarik ardietsi baitzuten on asko.

        21. Hitz horiek gogortu zituzten, eta beren legeentzat eta sortherriarentzat hiltzera zauden.

        22. Ezarri zituen beraz bere anaiak, Simon, Josep eta Jonathas andana bakhotxaren buruan, bakhotxari hamabortz ehun gizon azpiko emanez.

        23. Arren Esdrasek ere irakurtu zioten ondoan liburu saindua, Judasek ezagutkaritzat emanik hitz haukiek: Jainkoaren laguntza; lehenbiziko lerroan berak abiatu zuen gudua Nikanorren kontra.

        24. Eta Ahalorotakoa Juduen alde jarririk, hil izan zuten bederatzi mila gizonez gainetik, ihes egitera bortxatu zuten Nikanorren armada gehiena, ordukoz sakhiz hebaindua.

        25. Aldiz hekien erostera ethorri zirenei khendurik beren diruak, berei urrun ondotik egin zioten.

        26. Bainan gibelerat itzuli ziren mugaren bortxaren azpian, ezen larunbat bezpera zen; aria hortaz etziren aitzina goan etsaiaren ondotik.

        27. Gero hekien harmak eta buluzkinak bildurik, bestatu zuten larunbata, benedikatuz Jauna, egun hartan libratu zituena, bere urrikalmendua gainera ixurtzen hasiz.

        28. Larunbat-ondoko egunean berriz, hebainei, umezurtz eta alhargunei buluzkinetarik zathiak berezi zaroezten; eta gainerakoa izan zuten berentzat eta beren etxetakoentzat.

        29. Horiek eginik beraz eta orok batean errekeituz Jaun urrikalmendutsua, galdatzen zioten behin-bethiko bake zadien bere zerbitzariekin.

        30. Horiez geroz, hekien kontra Timotheorekin eta Bakiderekin gudukatzen zirenetarik hil izan zituzten hogoi mila baino gehiago, nausitu ziren hazkargailu gora batzuez, eta zathitu zituzten asko harrapakin, zathi bardinak eginez hebain, umezurtz eta alhargunei, bai-eta gizon-zaharrei ere.

        31. Artharekin bildu ondoan etsaien harmak, behar-bezalako tokietan ezarri zituzten oro, eta gainerako buluzkinak eraman zituzten Jerusalemera.

        32. Eta hil zuten Philarkes, Timotheorekin zabilan gizon guziz gaixtoa eta Juduei asko gaizki jasanarazi ziotena.

        33. Jerusalemen esker-onen bihurtzen hari zirelarik, erre zuten Kalisthenes, athe sakratuen erretzailea, etxe batean gordea zagoena, eta bihurtu zioten bere izigarrikeriez merezitu saria.

        34. Aldiz Nikanor, gaixtakeria guzien egilea, mila tratulari erakharri zituena Juduak hekiei saltzeko;

        35. Jaunaren laguntzarekin, ezdeusentzat zaduzkan gizonez aphaldua, bere karguko jaunzkura aberatsa utzirik, herrialdeak barna ihes, bakharrik heldu izan zen Antiokiara, zorigaitzik handiena aurkhitu ondoan bere armadaren galtzean.

        36. Eta nork-ere agindu batzuen, Erromarren zerga pagatuko zuela Jerusalemgo gathibuen saritik, hedatzen zuen orduan Jainkoak gerizatzen zituela Juduak, eta haren gatik ezin-sakhituak zirela, harek ezarri legeei jarraikitzen zirelakoz.

 

IX. KAP.

        1. Ordu hartan berean Antioko Persiatik bihurtzen zen eder-ez-bezala.

        2. Ezik Persepolis deitzen den hirian sarthu eta abiatu zen tenploaren biluztera eta hiriaren hestutzera; bainan jendeak harmetara laster eginik, ihesari eman zen bere lagunekin; eta ihes egin ondoan, Antioko horrela gerthatu zen itsuski bihurtzera.

        3. Eta Ekhatanako inguruetara ethorri zenean, jakin zituen Nikanorri eta Timotheori gerthatu gauzak.

        4. Eta hasarreak zoraturik, uste zuen ihes igorri zutenen ganikako iraina Juduen gainera bihur zezakeela; hargatik manatu zuen eragin ziozoten haren orga-lasterrari, eta hatsarterik gabe bideari jotzen zuen, zeruraren aiherra ondotik, zeren burgoiki erran zuen ethorriko zela Jerusalemera eta hartarik eginen zuela Juduen hobiko munthoina.

        5. Bainan Israelgo Jainko Jaunak, oro ikhusten dituenak, jo zuen ezin-sendatuzko eta ezin-ikhusizko zauri batez; ezen solas hori akhabatu zuen bezain sarri, lothu zitzaizkon sabeleko min bat garratza eta barneko oinhaze gogorrak.

        6. Eta hori aski zuzen bide zen, berak asko estira berriz estiratu zituenaz geroztik bertzeen sabelak, ez baitzen oraino bere gaixtakerietarik niholaz-ere baratu.

        7. Aitzitik, horren gainean hanpuruskeriaz bethea, sudur-mizpiretarik Juduen kontra su zarioelarik, eta bere manuez bidaia herrasaka zaramalarik, gerthatu zen oldarrean orga-lasterretik erortzera, eta danbatakoak hezur guziak guritu ziozkala.

        8. Eta gizonen negurritik gorago hanpurustasunez betherik uste zuenak itsasoko uhinei ere mana eta balantzetan hazta mendi-bizkarrak, orduan lurreraino beheratua ekhartzen zuten hagetan, lekhukotasun bihurtzen zioelarik Jainkoaren indar haren gainean agertzen zenari;

        9. Haletan non harrak mulkhoka ilkhitzen baitzuren gaixtaginaren gorphutzetik, eta oinhazeen erdian bizi zelarik, haragiak puskaka erortzen baitzitzaizkon eta haren usainak ere eta urrin gaitzak khexatzen baitzuten armada.

        10. Eta lehentxago zeruko izarrak uki uste zuena, nihork etzezakeen ekhar gehiago, haren ezin-jasanezko usainaren gatik.

        11. Halaz bere burgoikeria gaitzetik atheratua, abiatu zen ezagutzara bihurtzen, Jainkoaren ganikako zauriak ohartarazten zuen bezala, ordu oroz garratzago lotzen zitzaizkon oinhazeen bidez.

        12. Eta nola berak ere azkenekoz ezin jasan baitzezakeen bere usaina, hunela mintzatu zen: Zuzen da gizona izan dadien Jainkoaren meneko, eta hilkizun denak ez dezan uste izan Jainkoaren heineko dela.

        13. Gaixtagin harek othoizten zuen beraz Jauna, zeinaren ganik ez baitzuen urrikalpenik ardietsi behar.

        14. Eta hiria zeintara herresaka baitzihoan, hura lurraren bardinera ekharri eta hil-murruen hobi egin beharrez, orai libro nahi du egin;

        15. Eta agintzen du Athenatarren bardin eginen dituela Juduak, zeinek ez baitzuten haren erranera ehorztea merezi, bainan arthiki behar baitzituen hegastin eta basabereei jatera, eta haurttoetaraino kalitu;

        16. Agintzen du halaber, tenplo saindua aitzinean larrutu duena, emaitza ederrenez aphainduren, untzi sakratuak berhaturen, eta sakrifizioei darontzoten gastuak bere zuzenetarik eginen dituela;

        17. Eta horiez bertzalde, Judu eginen dela, eta lurreko bazter guziak gaindi ibiliren dela, orotan Jainkoaren ahala erantzunez.

        18. Bainan oinhazeak ez baratzenez (ezen haren gainera jautsia zen Jainkoaren juiamendu zuzena), etsiak harturik, Juduei errekei-arara iskribatu zioten gutun bat solas haukiek zaduzkana:

        19. Antioko errege eta buruzagiak Juduei, herritar guziz onei, agur, osagarri eta zorion.

        20. Osagarritan balin bazarete zuek eta zuen haurrak, eta zuen gogara badihoazkitzue guziak, eskerrik handienak bihurtzen diozkagu Jainkoari.

        21. Eta nik, eri jarria naizen arren, bainan zuetaz bihotz onez orhoiti, eta gaitz handiak Persiako eremuetarik gibelerakoan atzemana, uste izan dut guzien ona gatik egitekoez artha hartzea premia dela;

        22. Ez etsitzen dudalakoan ene buruaz, bainan gaitzari itzurtzeko igurikimen handia dudalarik.

        23. Ezarriz ordean ene begien aitzinera, ene aitak, hergaraietan gaindi bere armadaren buruan ziholarik, erakhutsi izan zuela nork hartuko zuen haren ondotik khoroa;

        24. Arren-eta, baldin zerbait makhur gerthatzen, edo berri gaixto zenbait barraiatzera heldu bazen, herrialdeetan zirenek, jakinez nori utzia zen egitekoen gaineko buruzagitasuna, etzezaten asaldurik har.

        25. Hortarakoz, begietsiz hurbilean badirela indarretako gizon batzu eta hauzoak, arteari zelatan eta gerthakizunari iguri dagozkiotenak, errege erakhutsi dut Antioko ene semea, zeina zuetarik askori ardura gomendatzen bainuen hergaraietako erresumetara goaten nintzenean; eta hari iskribatu diozkat gutun hunen azpian direnak.

        26. Othoizten zaituztet beraz eta galdatzen darotzuet orhoiturik nik agerian eta bakhartasunean egin darozkitzuedan ongiez, batbederak fedea iduk diazaguzuen niri eta ene semeari.

        27. Ezen badut ustea ezti eta gizatiar izanen dela, eta ene xedearen eta zuen guzien onaren arabera ibiliko dela.

        28. Beraz gizon-hiltzaile eta burholari hura, gaitz izigarrienaz joa, berak bertzeei egin izan ziotenaren arabera, lur arrotzean, mendi batzuetan akhabatu zen heriotze ondikozkoenetik.

        29. Haren gorphutza ekharri zuen Filipek, zeina bulhar beraz hazia izan baitzen; eta haren semearen beldurrez, Egiptora goan zen Ptolemeo Philometorren gana.

 

X. KAP.

        1. Bizkitartean Makabearrak eta harekin zirenek, Jaunak lagunduz hartu zituzten tenploa eta hiria.

        2. Urratu zituzten, berriz, arrotzek plazetan altxatu tenploak eta aldareak.

        3. Tenploaren xahupena eginik, egin zuten bertze aldare bat, eta su-harrietarik sua ilkhirik, eskaini zituzten bi urtheren buruan sakrifizioak, isentsua, kriseluak eta proposizioneko ogiak.

        4. Horiek eginik, lurrean ahuspez othoizten zuten Jauna etzitzan utz gehiago hanbateko asturugaitzetara erortzera; bainan bekhatu egitera heldu baziren, berak eztikiago gaztiga zetzan, eta ez arthik gizon gogor eta burholarien eskuetara.

        5. Tenploaren xahupena egitera gerthatu zen egun berean zeintan lohitu izan baitzuten arrotzek, kasleuko hilabethearen hogoi eta bortzean.

        6. Zortzi egunez bozkariotan egin zuten besta, tabernakleetako bestaren arara, orhoituz lehentxago ihiziek bezala mendietan eta har-ziloetan egin izan zutela tabernakleetako besta-burua.

        7. Horren gatik ekhartzen zituzten makhila flokatuak, hostoila berdeak eta palmak, tenploaren xahutzeko zoriona eman ziotenaren ohoretan.

        8. Eta erabaki bat hartu zuten, Juduen jendaki guziak urthe oroz bestatzeko zituela egun hekiek.

        9. Horra nola bizitik heriotzera iragan zen Antioko, Zoharra deithua izan zena.

        10. Orai erranen ditugu Upatorren, Antioko gaixtoaren semearen egintzak, laburtzen dugularik gerlateko asturugaitzen solasa.

        11. Upatorrek hartu zuenean erregetasuna, erresumako egitekoen artha eman zioen Lisias deitzen zen bati, zeina Pheniziako eta Siriako armadaren buruzagi baitzen.

        12. Ezen Ptolemeok, izen-goitiaz Mazerrek, gogoa hartu zuen Juduen alderako zuzentasunean gogor egotekoa, bereziki hekien gainean erabili zituzten gaixtakerien gatik, eta hekiei baketiarki hotsematekoa.

        13. Bainan hori zelakoz, Upatorren adiskideek jazartzen zioten erregeren baithan. Nola maiz aditzen baitzuen traidorearen izena, zeren utzi zuen Zipro Philometorrek zaintzera eman izan zioena, eta Antioko Zoharraren aldera iraganik, haren ganik ere urrundu izan baitzen, phozoinaz bere buruari khendu zioen bizia.

        14. Gorjiasek berriz, toki hekietako kargua izatu zuenean, soldado arrotzak harturik, ardura egiten zioten Juduei gerla.

        15. Aldiz, estanta oneko hazkargailuak zaduzkaten Juduek beren ganat hartzen zituzten Jerusalemetik iraiziak ziren gizonak, eta gerla egitera hari ziren.

        16. Berriz, Makabearrarekin zirenek, Jaunari othoizka galdaturik lagun zitzan, Idumearren hazkargailuen kontra oldar egin zuten;

        17. Eta indar handiarekin bermaturik, lekhuez nausitu ziren, atzemanak hil zituzten eta guzien artean etzuten xahutu hogoi mila gizon baino gutiago.

        18. Eta nola etsaietarik zenbaitek ihes egin baitzuten bi dorre guziz hazkarretara, zeinetan buru egiteko behar den guzia baitzen,

        19. Makabearrak hekien hartzeko utzi zituen Simon, Josep eta Zakeo, eta haukiei beren lagunetarik, behar zen bezenbat; eta berak laster egin zuen gudu premiago batzuetara.

        20. Bainan Simonekin zirenak, jaramankeriaren ariaz, dorreetan ziren batzuek hartaraturik, diruz izan ziren atzemanak; eta hirur hogoi eta hamar mila bidrakmentzat utzi zituzten zenbait itzurtzera.

        21. Bainan berri hori ekharria izan zitzaionean Makabearrari, hunek zaharren bilkhuaren aitzinean jazarri zioten, dirutan saldu zituztela beren anaiak, itzurtzerat utziz hekien etsaiak.

        22. Hilarazi zituen beraz traidore egin zirenak, eta bi dorreez nausitu zen berehala;

        23. Eta harmez eta indarrez traba guziak hautsiz, bi dorreetan hil zituen hogoi mila gizonez goiti.

        24. Bainan Timotheo, zeina lehenago Juduez garhaitua izan baitzen, ethorri zen arrotzezko armada bat eta Asiako zaldizkoak bildurik, iduri harmez nausitzera zihoala Juduez.

        25. Hurbiltzen hari zelarik, Makabearrak eta bere lagunek errekeitzen zuten Jauna, buruak hautsez eta soinak zurdatzez estalirik,

        26. Aldarearen oinetan ahuspez, begithartez jar zadien, beren etsaiei etsai, eta partidei partida athera zadien, legeak dioen bezala.

        27. Eta haletan othoitza eginik, eta hiritik urrun aitzinatuz, baratu ziren etsaiari hurbildu zirenean.

        28. Iguzkia ilkhitzearekin, batzuek eta bertzeak gudura egin zuten, haukiek beren indarrarekin Jauna zutelarik garhaiziaren berme, eta hekiek bere bihotza zuten guduko buruzagi.

        29. Bainan gudua muthiritu zenean, etsaiei zerutik agertu zitzaizkoten bortz gizon zaldiz, urhezko hedeekin, Juduen buruzagi jarriak.

        30. Hekietarik biek artean zadukatelarik Makabearra, beren harmez gerizatzen eta begiratzen zuten; berriz, arthikitzen zituzten geziak eta ozpinak etsaietara, eta haukiek itsutuak eta nahasiak, trunbilka lurrerat erortzen ziren.

        31. Hogoi mila eta bortz ehun oinezko eta sei ehun zaldizko hilak izan ziren.

        32. Timotheok aldiz ihes egin zuen Gazarara, gaztelu hazkarrera, zeintan manatzen baitzuen Kereasek.

        33. Bainan Judasek eta bere lagunek bozkarioz lau egunez sethiatu zuten gaztelu hura.

        34. Barnean zirenek berriz, tokiaren hazkartasunari fidatuz, nihonereko madarizioneak eta ahapaldiak arthikitzen ziozkaten.

        35. Bainan bortzgarren egunak argitu zueneko, hogoi gizon-gazte Makabearrarekin zirenetarik, burho horietaz subermatuak, gizonak bezala hurbildu ziren harrasira, eta bihotz handirekin aitzinatzen eta igaiten ziren;

        36. Eta bertzeak ere orobat iganez goan ziren dorreei eta atheei su ematera, eta bizirik erre zituzten burho-egile hekiek.

        37. Gero bi egun osoz gazteluaren xahutzen hariturik, hil zuten Timotheo zokho batean gordea zagoena; hil zituzten halaber Kereas haren anaia eta Apolophanes.

        38. Horiek egin ondoan, himnotan eta aithorretan benedikatzen zuten Jauna, zeinak eginkari handiak atheratu baitzituen Israelen eta berei eman izan baitzioten garhaizia.

 

XI. KAP.

        1. Bainan handik laster, Lisias erregeren ministro eta ahaidea, eta egitekoen kargua zuena, gerthatu zenaz jasangaitz,

        2. Bildurik laur hogoi mila oinezko eta zaldizko guziak, Juduen kontra bideari eman zen, ustez hiria harturik egoitzetako emanen zaroetala jendaiei;

        3. Tenploa berriz, diru egiteko baliaturen zitzaioela, hala-nola jendaien tenploak, eta aphezgoa urthe oroz salduko zuela.

        4. Den-gutienekorik etzitzaioen bururatzen Jainkoaren ahala; bainan gogoa gaihendurik, bere sinheste guzia zadukan bere oinezkoen ostearen gainean, bere zaldieria handiaren eta laur hogoi elefanten gainean.

        5. Judean sarthurik beraz, eta hurbildurik Betsurari, zeina arte hertsi batean baita, Jerusalemetik bortz estadiotan, sethiatu zuen gaztelu hura.

        6. Aldiz Makabearrak eta haren lagunek jakin zuteneko gazteluei jazartzen ziotela, deihadar eta nigarretan othoizten zuten Jauna (eta populu guziak hekiekin batean), aingeru on bat igor zezan Israelen salbatzera.

        7. Makabearrak berak lehenbizikorik harmak harturik, berarekin batean bizien mentura jasaitera berotu zituen bertzeak, eta beren anaiei laguntza ematera.

        8. Eta guziak bardin bihotzoiki zihoazelarik, Jerusalemgo aldean agertu zen zaldizko bat hekien aitzinean zihoala soineko xuritan, urhezko harmekin eta lantza bat dardaratuz.

        9. Orduan orok batean benedikatu zuten Jaun urrikalmendutsua, eta hanbat berotu ziren bihotzez, non ez ezik gizonen, bainan basabererik gogorrenen gainera jauztera, eta burdinazko harrasien zilhatzera baitzauden.

        10. Arin zihoazen beraz, zerutik baitzuten laguntza, eta Jauna hekien gainean urrikaltzen baitzen.

        11. Eta lehoinak bezala, oldarrean jauziz etsaien gainera, lurra joarazi zioten hekietarik hameka mila oinezkori eta hamasei ehun zaldizkori;

        12. Oro ihes igorri zituzten; asko berriz, sakhiekin eta buluzik itzuri ziren. Lisias bera ere itsuski ihes eginez itzuri zen.

        13. Eta nola ez baitzen zoroa, bere baithan iraganik zer galtzea egin zitzaioen eta ezaguturik ezin-garhaituzkoak zirela Hebrearrak, Jainko ahalorotakoaren laguntzaren gainean bermatzen zirenean, igorri ziozkaten bidalkinak,

        14. Eta agindu zioten onhetsiren zituela zuzen ziren gauza guziak, eta hertsaturen zuela errege hekiekin adiskidetzera.

        15. Makabearra aldiz, orotan herriko onari begiratuz, erori zen Lisiasen othoitzetara; eta erregek onhartu zituen Makabearrak Juduentzat iskribatu guziak.

        16. Ezen Lisiasek Juduei iskribatu gutunak hunela mintzo ziren: Lisiasek Juduen jendakiari, agur.

        17. Joanesek eta Absalomek, zuen bidalkinek, gutunak ematean galdatu dute bethe detzadan hekietan erranak direnak.

        18. Beraz erregeren begien azpian ezarri ditut, haren aitzinera eman zitazkeen guziak, eta onhetsi ditu egitekoek agintzen zituztenak oro.

        19. Baldin beraz zintasuna begiratzen baduzue egitekoetan, ni ere hemendik goiti hariko naiz zuei ongi ekhartzera.

        20. Bertze gauzez berriz, bakhotxaren gainean mintzatu naiz zuen bidalkinei eta eneei, zuekin solas egin dezaten.

        21. Izan ongi. Zazpitan hogoi eta zortzigarren urthean, dioskoroko hilabethearen hogoi eta laurean.

        22. Aldiz, hau zadukan erregeren gutunak: Antioko erregeak anaia Lisiasi, agur.

        23. Gure aita jainkoen artera eramana izan denaz geroztik, guk nahiz gure erresuman direnak asaldurik gabe bizi ditezen eta beren egitekoei artha ekhar diozoten;

        24. Entzun dugu Juduek ez dutela onhetsi ene aitak manatu zuena, iragan zitezen Greziarren legera; bainan beren ohitzak nahi dituztela iduki, eta aria hortaz galdatzen dutela utz diotzoguten beren legeak.

        25. Guk beraz populu hori ere bakean izan dadien nahi baitugu, erabaki bat hartuz juiatu dugu tenploa bihurtua izanen zaiotela, beren arbasoen ohitzaren arabera bizi ditezen.

        26. Ongi eginen duzu beraz norbait igortzen badiozute eta eskua ematen; arren-eta gure nahia jakinez, onik izan dezaten gogoa, eta beren beharrei hotseman diozoten.

        27. Juduentzat berriz, hunelakoa zen erregeren gutuna: Antioko erregeak Juduen biltzarrari eta bertze Juduei, agur.

        28. Osagarritan balin bazarete, guk nahi bezala zarete; guk ere badugu osagarri.

        29. Menelao ethorri zaiku erratera, zuen gizon gurekin direnetara nahi duzuela jautsi.

        30. Segurtasuneko eskua ematen daroegu beraz horra-hunaka ibiliko direnei ksantikoko hilabethearen hogoi eta hamargarren eguneraino,

        31. Juduak aitzinean bezala beren haragiez eta legeez zerbitza ditezen, eta nihork ez diozoten niholaz-ere jasanaraz ustegabeko hutsen ariaz.

        32. Berriz, Menelao ere igorri dugu zuekin ihardukitzera.

        33. Izan ongi. Zazpitan hogoi eta zortzigarren urthean, ksantikoko hilabethearen hamabortzean.

        34. Aldiz Erromarrek ere gutun bat igorri zuten hau zakharrena: Kinto Memio eta Tito Manilio, Erromarren bidalkinek Juduen populuari, agur.

        35. Onhesten darozkitzuegu Lifasek, erregeren ahaideak, onhetsi darozkitzuenak.

        36. Bainan erregeren eskura eman behar zituela uste izatu dituenez, berehala norbait igorrazue, zuen artean lehen-bai-lehen solas eginik, zuei ongi dihoakizuen erabakia har dezagun, ezen Antiokiara bagoazi.

        37. Hargatik laster iskriba darokuzue berriz, guk ere jakin dezagun zer nahikundetan zareten.

        38. Izan ongi. Zazpitan hogoi eta zortzigarren urthean, ksantikoko hilabethearen hamabortzean.

 

XII. KAP.

        1. Antolamendu horiek eginik, Lisias goan zen erregeren gana; Juduak berriz, lothu ziren lurreko lanei.

        2. Bainan gelditu zirenek, Timotheok eta Apoloniok, Jeneoren semeak, Hieronimok eta Demophonek ere, eta bertzalde Nikanorrek, Ziproko buruzagiak, etzioten uzten, ez bake, ez deskantsurik.

        3. Jopetarrek berriz, hunelako traidorekeria egin izan zuten: othoiztu zituzten hekiekin batean egoten ziren Juduak, beren haur eta emazteekin igan zitezen xuxenduak zituzten pinazetara, hekien artean etsaigorik etzen bezala,

        4. Hirian guzientzat atheratua zen erabakiaren arabera, eta berek onhartzen baitzuten, eta Juduek ez baitzuten bakearen gainean nabarmentzeko ariarik. Bainan zabalera heldu izan zirenean, Jopetarrek itho zituzten, ez berrehun baino gutiago.

        5. Judasek jakin bezain laster bere jendakitikako gizonen gainean egina izan zen gaixtakeria, manatu zituen berekilakoak; eta Jainkoari, juie zuzenari dei eginik,

        6. Ethorri zen anaien hiltzaileen kontra; portuari su eman zioen gabaz, erre zituen pinazak, eta suari itzuri gizonak ezpatatik iragan zituen.

        7. Eta horiek egin ondoan, goan zen, Jopetar guzien xahutzera bihurtzekotan.

        8. Bainan nola jakin baitzuen Jamniakoek ere orobat egin nahi ziotela hekiekin zauden Juduei,

        9. Jamniarren gainera halaber gabaz erori zen, eta portua untziekin erre zioten, haletan non suaren argia ageri baitzen Jerusalemen, hamabitan hogoi estadiotan.

        10. Handik bederatzi estadioz urrundu zenean, eta Timotheoren kontra zihoalarik, Arabiarrak guduka lothu zitzaizkon bortz mila oinezko eta bortz ehun zaldizko.

        11. Eta guduko beroenean, noiz-etare Jainkoaren laguntzaz garailiar baitzen Judas, gelditzen ziren Arabiarrek, bentzutuak izanez, galdatu zioten eskua, aginduz emanen ziozkatela alhapideak, eta orotan lagunduko zutela.

        12. Judasez aldiz, asko gauzetako baliaturen zitzaizkoelako ustean, agindu zioten bakea; eta Arabiarrak eskuak emanik, itzuli ziren beren olhetara.

        13. Gero jazarri zioen Kasphin deitzen zen hiri hazkar, zubiz eta harrasiz inguratua zen bati, eta zeintan baizauden jendaia nahasteka handi batzu.

        14. Barnekoek berriz, beren sinhestea ezarriz harrasien sendotasunean eta beren jatekoketen gainean, nagiki egiten zuten indar, Judasi madarizioneak eta burhoak arthikiz, eta zilhegi ez direnak erranez.

        15. Makabearra aldiz, dei egin ondoan munduko buruzagi handiari, zeinak Jesusen egunetan, aharirik eta tresnarik gabe eragotzi baitzituen Jerikoko harrasiak, beldurrik gabe jauzi zen harrasietara.

        16. Eta Jaunaren nahitik hartu zuenean hiria, hanbateko sarraskia egin zuen, non ondo hartako ezteinu batek, bi estadioz zabal zenak, iduri baitzuen uraren orde hilen odola zerabilala.

        17. Handik goanik, egin zuten zazpi ehun berrogoi eta hamar estadioren bidea eta Karakara ethorri ziren, Tubianarrak deitzen diren Juduetara.

        18. Toki hekietan ezin atzeman zuten Timotheo, zeina deusere akhabatu gabe gibelerat itzuli baitzen, gaztelu batean utzirik tropa guziz hazkarra lekhuaren zaintzen.

        19. Bainan Dositheok eta Solpaterrek, Makabearrarekilako buruzagiek, Timotheok utzi zainetarik hil zituzten hamar mila gizon.

        20. Aldiz Makabearrak bere inguruan lerrotan ezarri zituen sei mila gizon; eta andanaka berezirik, abiatu zen Timotheoren kontra, zeinak baitzitzuen sei hogoi mila oinezko eta bi mila eta bortz ehun zaldizko.

        21. Timotheok, Judaren ethortzea jakinik, aitzinean igorri zituen emaztekiak, haurrak eta hatuak, Karnion deitzen den gaztelu batera, zeren ezin-hartuzkoa baitzen eta hurbil-gaitza inguruko atheken gatik.

        22. Judasen lehenbiziko andana agertu zenean, beldurrak jo zituen etsaiak, han zelakoz Jainkoa, guziak ikhusten dituena, eta batak bertzea ihes igorri zuten, haletan non gehienean elkhar hiltzen baitzuten eta beren ezpaten ukhaldien azpira erortzen baitziren.

        23. Judasek berriz, muthiriki hertsatzen zituen, gaixtagin hekiek gaztigatuz, eta hil zituen hogoi eta hamar mila gizon.

        24. Aldiz Timotheo bera erori zen Dositheoren et Sosipaterren eskuetara, eta asko othoitz eginez galdatzen zuen utz zezaten bizirik goatera, zeren atzemanak baitzituen Juduen ahaide eta anaia hainitz, zeinek haren heriotzeaz, libratzeko pheskiza galduko baitzuten.

        25. Eta bere fedea emanik libratuko zituela, hekien artean egin patuaren arabera, minik gabe utzi zuten beren anaien salbatzea gatik.

        26. Gero Judas goan zen Karnionera eta hil zituen hogoi eta bortz mila gizon.

        27. Haukiek, batzu ihes goan eta bertzeak hil ziren ondoan, Judasek higiarazi zuen armada Efromera, hiri hazkarrera, zeintan egoten baitzen asko jendakitarikako oste handi bat, eta harrasien gainean bazen gazteria hazkar bat, bihotzoiki buru egiten zuena; hirian berriz, baziren gerlako tresna hainitz eta geziketa handi bat.

        28. Bainan Juduek dei eginik Ahalorotakoari, zeinak bere ahalaz hausten baititu etsaiaren indarrak, hartu zuten hiria, eta barnekoetarik hogoi eta bortz mila hedatu zituzten lurrean.

        29. Handik goan ziren Sithiarren hirira, zeina Jerusalemetik sei ehun estadiotan baitzen.

        30. Bainan Sithopolistarrekin egoten ziren Juduek lekhukotasun atherarik begitharte izatu zutela hekien ganik ordu gaitzetan ere, eta eztitasuna erabili ziotela;

        31. Judasen lagunek eskerrak bihurtu ziozkaten, eta hertsaturik bethi izan zitezen begithartetsu hekien odolekoen alderat, Jerusalemera ethorri ziren, zazpi asteetako besta-burua hurbildua zenean.

        32. Eta Mendekoste-ondoan goan ziren Gorjias, Idumeako buruzagiaren kontra.

        33. Ilkhi zen hirur mila oinezkorekin eta laur ehun zaldizkorekin.

        34. Gudutan lothu zirenean, Juduetarik bakhar batzu gerthatu ziren erortzera.

        35. Bainan Dositheo deitzen zen gizon hazkar bat, Bazenorisen zaldizkoetarik, lothua zagoen Gorjiasi; eta bizirik hartu nahi zuen orduan, Thraziar zaldizko bat jauzi zitzaioen eta ebaki zioen sorbalda; eta horreletan Gorjias itzuri zen Maresara.

        36. Bainan Esdrinekin zirenak luzez gudukatu eta nekhatuak baitziren, Judasek dei egin zioen Jaunari egin zadien hekien laguntzaile eta guduko buruzagi.

        37. Eta herriko mintzaian hasiz, himnoekin oihu bat eginik, ihes igorri zituen Gorjiasen soldadoak.

        38. Gero Judasek bilarazi zuen armada eta ethorri zen Odolamgo hirira, eta nola zazpigarren eguna ethorri baitzen, ohitzaren arabera beren buruak xahuturik, toki hartan bestatu zuten larunbata.

        39. Biharamunean Judas bere lagunekin goan zen guduan hilak izan zirenen altxatzera, beren ahaideekin, arbasoen hobietan ehorzteko.

        40. Bada, hilen xamarpeetan aurkhitu zituzten Jamnian ziren idolei eginikako eskaintzetarik, zeinetarik legeak debekatzen baititu Juduak: gauza ageria egin zen beraz guzien begietara, aria hortaz jo zutela lurra.

        41. Hargatik orok benedikatu zuten Jaunaren juiamendu zuzena, zeinak agerian ezarri baitzuen gordea zen gauza.

        42. Eta horreletan beren buruak othoitzari emanik, errekeika haritu ziren ahanspenera utzia izan zadien egin zen hobena. Berriz, Judas guziz balentak hizitatzen zuen populua bekhatutik bere buruaren begiratzera, begien azpian ikhusten zutelakoz zer zen gerthatu eroriak zirenen bekhatuen ariaz.

        43. Eta eske bat eginik, Jerusalemera igorri zituen hamabi mila drakma zilharrezko, sakrifizio bat eskainia izan zadien hil zirenen bekhatuentzat, bigarren biziaren gainean asmu on eta jainkotiarrak baitzituen

        44. (Ezen uste izan ez balu hil zirenak birphiztekoak zirela, lan huts eta behargabekoa idurituko zitzaioen hilentzat othoitz egitea),

        45. Eta haren idurira, jainkotiarki lotan sarthu zirenentzat berezia baitago saririk ederrena.

        46. Asmu saindu eta salbagarria da beraz hilentzat othoitz egitea, bekhatuetarik izan ditezen arinduak.

 

XIII. KAP.

        1. Zazpitan hogoi eta bederatzigarren urthean, Judasek jakin zuen Antioko Upator oste handi batekin heldu zela Judearen kontra,

        2. Eta harekin Lisias ministroa, egitekoen kargua zuena, zeinak baitzakharzkan ehun eta hamar mila oinezko, bortz mila zaldizko, hogoi eta bi elefant eta hirur ehun orga-laster segaztatu.

        3. Aldiz, Menelao ere hekiekin jarri zen, eta maltzurkeria handiarekin othoizten zuen Antioko, ez sortherria salbatu beharrez, bainan buruzagigoan ezarria izateko irritsean.

        4. Bainan erregeen erregeak eraiki zuen Antiokoren gogoa gaixtaginaren kontra; eta Lisiasek erranik hura zela gaitz guzien ithurburua, erregek manatu zuen, hekien ohitzaren arabera, harturik hil zezaten han berean.

        5. Bada, toki hartan bazen dorre bat berrogoi eta hamar beso gora zena, eta zeintara alde orotarik bildu baitzuten hausketa handi bat; gainetik lezea zen begien azpian.

        6. Erregek manatu zuen handik arthik zezaten sakriliotsu hura hautsera, oro haren hilaraztera hari baitziren.

        7. Horrelako legeaz hiltzera eta lurrari ez ematera gerthatu zen Menelao, lege guzien hauslea.

        8. Eta zuzenbide zen; ezik nola gaizki handiak egin baitzituen Jainkoaren aldarearen kontra, zeintako sua eta hautsa sainduak baitziren, hautsetikako heriotzera izan zen bera kondenatua.

        9. Bizkitartean errege tentutik jauzirik heldu zen, bere aita baino muthiriago, Juduei bere burua erakhusteko gogoarekin.

        10. Horiek jakinik, Judasek populuari manatu zioen gau eta egun deihadarka egon zakioela Jaunari, bethi bezala lagunt zetzan orduan ere.

        11. Ezen ikharan zauden, legeaz, sortherriaz eta tenplo sainduaz gabetuak izan zitezen; eta jendaia burholariei utz zezan azpikotzera berriz populua, doidoia hats-hartzen hasia zena.

        12. Hargatik guziek batean hori egin, eta hirur egun osoz ahuspeka, nigarrez eta baruretan Jaunari urrikalmendu galdatu zioten ondoan, Judasek berotu zituen abian jartzera.

        13. Berak aldiz zaharrekin atheratu zuen ilkhitzeko asmua erregek armada Judeara sarraraz eta hiria har zezan baino lehen, eta Jaunaren juiamendura uzteko egitekoaren ondorea.

        14. Hargatik Jainkoari, munduaren kreatzaileari, ezagutuz gauza guzien gaineko ahala, eta bere gizonak beroturik hazkarki gudukatzera; legeentzat, tenploarentzat, hiri, sorlekhu eta herritarrentzat heriotzeraino gogor egotera; Modingo aldaketan jarri zuen armada.

        15. Eta bere gizon-gazte hautei eta biphilenei ezagutkaritzat emanik hitz haukiek: Jainkoaren garhaizia; gabaz jauzi zen erregeren olharen gainera, eta hil zituen kanpetan lau mila gizon eta elefantik handiena, haren gainera iganak zirenekin.

        16. Eta ikhara eta asaldu handiaz betherik etsaien kanpak, eta gauzak ongi atheraturik, gibelerat itzuli ziren.

        17. Jainkoak bere laguntza emanik, hori egin zen argi-hastean.

        18. Bainan erregek Juduen oldarreria dastatu zuenean, amarruka hari zen lekhu gaitzen eskuratzera.

        19. Eta kanpak higitu zituen Bethsurara, zeina baitzen Juduen gaztelu hazkarra. Bainan batean ihes, bertzean erori, eta bethi aphurtuz zihoan.

        20. Judasek berriz, barnekoei behar zituztenak igortzen ziozkaten.

        21. Bainan Juduen armadako gizon batek, Errodokok, etsaiei salhatu ziozkaten gauzak. Hortaz bilhatua izan zen, hartua eta preso ezarria.

        22. Gero errege solasetan sarthu zen Bethsuran zirenekin; eman zuen eskua, bertzeen ganik ere hartu, eta goan zen.

        23. Judasekin gudukatu, eta garhaitua izan zen. Jakinik ordean Antiokian bihurri egin zuela Filipek, zeina egitekoen karguarekin utzia izan baitzen, gogoa erori zitzaion, eta Juduei othoizka eta jauspenka, zin egin zuen zuzen iduritu guzien gainean; eta bakeak eginik, eskaini zuen sakrifizio bat, ohoratu tenploa eta emaitzak ekharri.

        24. Besarkatu zuen lakabearra, eta egin zuen aitzindari eta buruzagi Ptolemaidatik eta Gerrenarretaraino.

        25. Bainan Ptolemaidara ethorri zenean, Ptolemaidarrak gaitzez zauden adiskidantza hortako patuaz, eta jauziak zauden hean ez othe zuten hautsiko antolamendua.

        26. Orduan Lisias igan zen tribunalera, begietara eman zituen bere ariak, jabalarazi zuen populua eta Antiokiara itzuli zen; eta horra zer ondore izatu zuten erregeren ethortzeak eta goateak.

 

XIV. KAP.

        1. Bainan handik hirur urtheren buruan, Judasek eta bere lagunek jakin zuten Demetrio, Seleukoren semea, armada hazkar batekin untzitan ethorri zela Tripoliseko portura, handik igan zela ephaitza hautenetara,

        2. Eta tokiaz nausitu zela Antiokoren eta haren azpiko buruzagi Lisiasen kontra.

        3. Bada, Alzimo deitzen zen batek, zeina aphez-handi izatua, bainan bere oldetara nahas-mahaseko denboran, khutsatua baitzen, ikhusirik etzela niholaz-ere harentzat ez lotzeko, ez aldarera hurbiltzeko biderik,

        4. Demetrio erregearen gana jo zuen zazpitan hogoi eta hamargarren urthean, eskaintzen ziozkalarik urhezko khoro bat, palma bat, eta bertzalde adar batzu ere, tenplotikakoak iduri zutenak. Eta batik-batean ixilik egon zen egun hartan.

        5. Bainan haren buru jauziak behar zuen bezalako artea atzemanik, Demetriok biltzarrera deitu eta galdatu zioenean zer indarren eta zer asmuren gainean bermatzen ziren Juduak,

        6. Ihardetsi zuen: Juduetan, zeinen buruan baita Judas Makabearra, Asidearrak deitzen dituztenek hazten dute gerlatea, bihurrialdiak bizten eta erresuman bake onik ez jasaiten.

        7. Ezen neroni ere ene arbasoen ospetik (aphez-handigotik diot) buluzia izanik ethorri naiz hunat,

        8. Lehenbizikorik erregeren zuzenei zintasunaren begiratzeko, eta bigarrenekorik ene herritarren onari halaber artha emateko; ezik gizon hekien gaixtakeriak gure jendaki guziari ez dio guti jasanarazten.

        9. Holetan horiez guziez jakintsun zaren ber, othoizten zaitut, oi errege, gure lekhuari eta jendaiari begira diozozuten, zure gizatiartasun orotaz ezagutua denaren arabera.

        10. Alabainan Judas geldituko deno, bakea ezina da egitekoetan.

        11. Harek holako solasak erran ondoan, bertzeek ere, haren adiskide eta Judasen etsai atheratzen zirenek, suztatu zuten Demetrio.

        12. Erregek berehala Judeara igorri zuen buruzagi Nikanor, elefanten kargua zuena,

        13. Manaturik atzeman zezan Judas, barraiaraz harekilakoak, eta Alzimo ezar tenplo handiko aphez-nausi.

        14. Orduan jendaiak, Judeatik Judasen ihes goan zirenak, moltzoka abiatu ziren Nikanorren gana biltzen; Juduen asturugaitz eta sarraskiak zaduzkatelarik beren egitekoen gorigarri.

        15. Hargatik Juduek aditu zituztenean Nikanorren ethortzeko eta jendaien biltzeko berriak, buruak lurrez estalirik othoizten zuten haina, zeinak jarri baitzuen bere populua bethi guzian zaintzeko, eta zeinak sendagaila ageriz gerizatzen baitzuen bere primantza.

        16. Gero, buruzagiaren manuz, handik higitu ziren berehala, eta Desauko gaztelura bildu ziren.

        17. Simon berriz, Judasen anaia, gudutan lothu izan zen Nikanorrekin; bainan harritu zen, etsaia bat-batean agertzearekin.

        18. Guzia gatik, Nikanorrek aditzen baitzuen nolakoa zen Judasen lagunen bihotzoitasuna eta zein gogo handia erakhusten zuten sortherriaren alde guduetan, lotsa zen odolezko juiamendura goateko.

        19. Aria hortaz bere aitzinean igorri zituen Pofrdonio, Theodozio eta Mathias eskuen ematera eta hartzera.

        20. Eta horren gainean biltzarrak luzez ihardukitzen baitzuen, eta buruzagiak berak ostearen aitzinera ekharri baitzuen solasa, guziak hitz bateko izan ziren adiskidantzen onhesteko.

        21. Hargatik egun bat hartu zuten buruzagiek egitekoaz ixilik elkharren artean ihardukitzeko, eta bakhotxarentzat alkhiak izan ziren ekharriak eta behar zen tokian ezarriak.

        22. Judasek aldiz manatu zuen gizonak harmetan egon zitezen ephaitza onetan, beldurrez-eta etsaiaren ganik batbatean ilkhi zadien makhur gaixto zerbait; eta solastaldia behar-bezala iragan zen.

        23. Nikanor Jerusalemen egoten zen; zuzen etzenik etzuen deusere egiten, eta gibelerat igorri zituen bilduak izan ziren osteak.

        24. Bihotzez maite zuen bethi Judas, eta haren gainera ixuria zen;

        25. Eta othoiztu zuen ezkont zadien, haurren izateko. Ezteiak egin zituen, bakean egon zen, eta elkharren artean lainoki bizi ziren.

        26. Alzimok ordean ikhustenez hekien arteko adiskidetasuna eta ihardukimenduak, Demetrioren gana goan zen, eta erraten zuen, Nikanorrek arrotzen aldeari esku ematen zuela, eta Judas, erresumaren zelatatzailea, eman gogo zioela ondoko.

        27. Aria hortaz erregek, sumindurik eta gizatzar haren jazargo gaixtoez gaizkuraturik, Nikanorri iskribatu zaroen, zioelarik, etzuela errexki jasaiten adiskidantzako patua, eta manatzen zioela Antiokiara laster igor zezan Makabearra estekaturik.

        28. Horiek ikhustean, bihotzak egin zioen Nikanorri, eta gaitzi zitzaioen patu eginen haustea, Judasek deusetan bidegaberik egin etzionean.

        29. Bainan nola ezin bihur baitzaitekeen erregeri, ephe onari begira zagoen haren manuen bethetzeko.

        30. Bainan Makabearrak ikhusirik Nikanorrek gordinkiago ihardukitzen zuela harekin, eta bere burua ohi baino handia go erakhusten zuela beren gerthaldietan, ezagutu zuen gordintasun hura etzela onetikakoa, eta bere lagunetarik zenbait bildurik, itzali zen Nikanorren begietarik.

        31. Nikanor ohartu zenean Judasek izan zuela hari aitzintzeko ahala, ethorri zen tenplorik handienera eta sainduenera; eta ohiko bitimen eskaintzen hari ziren aphezei manatu zaroten Makabearra eman ziozoten eskuetara.

        32. Hekiek zin eginik etzakitela non zen harek bilhatzen zuena, eskua tenploaren gainera hedatuz,

        33. Zin egin zuen erranez: Baldin ez badarotazue Judas estekaturik eskuetaratzen, Jainkoaren tenplo hau ezarriko dut lurrarekin bardin, eragotziko dut aldarea eta Bakori kontsekratuko tenplo hau.

        34. Eta horiek erranik, goan zen. Aphezek berriz, zerurat eskuak hedatuz, hekien jendakiaren zaintzaile bethi agertu zenari dei egiten zioten erranez:

        35. Gauza guzien Jauna, deuseren eskasik ez duzuna, gure erdian nahi izan duzu egin zakizun zure egoitzako tenploa.

        36. Eta orai, saindu guzien Jaun saindua, khutsugabe zain zazu bethi, duela guti xahutua izan den etxe hau.

        37. Aldiz, Errazias, Jerusalemgo zaharretarik bat, hiria maite zuen gizona eta aiphamen onekoa, populuaren aita deitzen zutena bere ekharritasunaren ariaz, belztua izan zen Nikanorren aitzinean.

        38. Aspaldidanik xahutasunean idukitzen zuen Judu-legean bere burua, eta bere gorphutzaren eta biziaren ematera gogotik zagoen irautea gatik.

        39. Nikanorrek berriz, erakhutsi beharrez bere gaitzirizkoa Juduen kontra, igorri zituen bortz ehun soldado Erraziasen hartzera;

        40. Uste zuen ezik eskura ahal bazezakeen gizon hura, bidegabe handia ekharriren ziotela Juduei.

        41. Noiz-ere beraz soldadoak murruka hari baitziren haren etxean sarthu nahiz, athea haute eta su eman beharrez, eta atzematera baitzaramaten, ezpata sarthu zioen bere buruari;

        42. Nahiagoz hil ohorezki, ezenez bekhatoreen menean izan, eta bere sortzeari etzagozkion eskarnioak jasan.

        43. Bainan nola harramaska hartan ez baitzen ukhaldi seguraz sarraskitu, eta soldadoak atheetarik barnerat tarrapatan sartzen baitziren, lotsagabeki laster eginik harrasira, bere burua bihotzoiki arthiki zuen ostearen gainera.

        44. Jendeak laster bide eginik erortzen zenari, buruz beheiti goan zen.

        45. Eta nola hatsa baitzuen oraino, bihotzeko su hartan jaiki zen; eta nahiz odola zurrutaka zihoakioen, eta sakhi gaitzez bethea zen arren, oldarrean iragan zuen ostea;

        46. Eta harri xut baten gainera iganik, orduko odolez hustu hurrana, bere hertzeak bi eskuez hartuz, ostearen gainera arthiki zituen, biziaten eta arimaren nausiari dei eginez, hekiek bihur ziotzon berriz; eta horreletan akhabatu zen.

 

XV. KAP.

        1. Bada, Nikanorrek jakin zueneko Judas Samariako aurkhintzetan zela, gogoan hartu zuen behar ziola larunbat-egunean gudu eman bere indar guziekin.

        2. Ordean nola ezinbertzez jarraikitzen zitzaizkon Juduek erraten baitzioten: Ez erabil horrelako gogorkeriarik eta dorphekeriarik, bainan ohore emozu sainduespeneko egunari, eta ohora zain gauza guziak ikhusten dituena;

        3. Dohakabe harek galdatu zioten, hean zeruan bazen ahaldun bat, larunbat-eguna bestatzea manatu zuena.

        4. Ihardetsi zuten: Jaun bizi, zeruan botheretsu denak, berak manatu du bestatzea zazpigarren eguna.

        5. Harek berriz, erran zuen: Eta lurrean ni naiz indardun, harmak hartzea manatzen dudana. Halarik-ere ezin obratu zuen burutan zuena.

        6. Ezen Nikanorrek, bere hanpuruskeriaren gaindiduran, amestu zuen Judasen eta haren lagunen buluzkinez orotaz trophe bat egin behar zuela.

        7. Makabearrak aldiz, pheskiza oso batekin uste zuen bethi Jainkoa ganikako laguntzak etzioela eskas eginen.

        8. Eta berotzen zituen bere gizonak jendaien ethortzeak etzetzan lotsa, bainan gogoan iduk zetzazten zerutik izatu laguntzak, eta orduan ere igurik zezaten Ahalorotakoak emanen ziotela garhaizia.

        9. Mintzatu zitzaioten legeaz eta profetez; eta orhoitaraziz halaber beren aitzineko guduez, suharrago egin zituen.

        10. Eta horrela hekien gogoak altxatu ondoan, hanbatean aitzinera ematen ziozkaten jendaien maltzurkeria eta zinhausteak;

        11. Eta harmatu zituen guziak, ez erredolak eta lantzak emanez, bainan solas hazkarrak eta berogarriak, erran ziotenean sinhesteko zen amets bat, guziak boztu zituena.

        12. Bada, hunelakoa zen ikhuspena: Onias aphez-handi izan zena, gizon on eta prestua, begiz herabea, azturaz lainoa, hizdun ederra eta haurretik berthute guzietan ohitua, ikhusi zuen besoak hedaturik zagoela, Juduen populu guziarentzat othoitzean.

        13. Gero agertu zitzaioen bertze gizon bat ere, adin eta ospez ederrestekoa, eta dirdira handi batez inguratua.

        14. Eta Oniasek erakhustean erran zuen: Hau da anaien eta Israelgo populuaren adiskidea, hau da othoitz hainitz egiten duena populuarentzat eta hiri saindu guziarentzat, Jeremias, Jainkoaren profeta.

        15. Jeremiasek berriz, hedatu zuen eskua eta urrezko ezpata bat eman zioen Judasi, erranez:

        16. Har zazu ezpata saindua, Jainkoa ganikako emaitza, zeinarekin eragotziren baititutzu Israelgo ene populuaren etsaiak.

        17. Horreletan borthizki berotuak izanik Judasen solas onez, zeinetaz Judasek altxa ahal baitzitakeen bihotzetan oldarra, eta hazkar gazteriaren gogoa, hartu zuten xedea behar zirela gudukatu eta gogorki borrokatu, fetzotasuna izan zadien egitekoen juge, zeren hiri saindua eta tenploa galmentetan baitziren.

        18. Ezen emazte eta haurrentzat, anaia eta ahaideentzat grina xumeagoa zen; bainan lehenbiziko beldurra eta handiena zen tenploaren saindutasunarentzat.

        19. Hirian zirenek berriz, etzuten grina gutiago gudukatzera zihoazenentzat.

        20. Eta nola guziak juiamenduaren iguri baitzauden, etsaia aitzinean baitzen, armada lerrotan ezarria, elefantak eta zaldizkoak behar ziren tokian jarriak;

        21. Makabearrak, begiratzen ziotelarik heldu zen osteari, eta asko moldetako harmen itxurari, eta basabere gogorrei, eskuak zerurat hedatuz dei egin zioen sendagailak egiten dituen Jaunari, zeinak ez harmen indarraren arabera, bainan berak atsegin duen bezala ematen baitu merezi dutenei garhaizia.

        22. Beraz hunela dei eginez, erran zuen: Zu zare, Jauna, zure aingerua igorri duzuna, Ezekias Judako erregeren egunetan, eta Senakeriben armadatik bederatzitan hogoi eta bortz mila hil ditutzuna.

        23. Eta orai, oi zeruetako nausia, igorrazu gure aitzinean zure aingeru ona, zure beso hazkarraren beldurra eta laztura hedatuko dituena,

        24. Laz ditezen zure populuaren kontra burhoak ahoan heldu direnak. Hori izan zen Judasen othoitza.

        25. Aldiz Nikanor eta harekilakoak heldu ziren turutak eta kantuak errepikatuz.

        26. Judasek berriz, eta haren lagunek, Jainkoari othoizka dei eginik, abiatu zuten gudua.

        27. Eskuez gudukatuz bainan Jauna bihotzez othoiztuz, Jainkoaren begiak harrigarriki goihereturik, etzioten hogoi eta hamabortz mila baino gutiagori joarazi lurra.

        28. Gelditu zirenean, eta bozkariotan bihurtzen zirelarik, ezagutu zuten Nikanor bere harmekin eroria.

        29. Orduan oihu bat eta tarrapata bat altxatu ziren, eta beren herriko mintzaian benedikatzen zuten ahalorotako Jauna.

        30. Judasek, noiz-nahi gorphutzez eta arimaz herriarentzat biziaren ematera zagoenak, manatu zuen Jerusalemera eraman zetzazten Nikanorren burua eta eskua sorbaldarekin ebakirik.

        31. Hiria ardietsi zuenean, aldarera bilarazi zituen bere leinukoak eta aphezak; gazteluan zirenak ere deithu zituen.

        32. Eta erakhutsirik Nikanorren burua eta esku hobenduna, zeina hedatuz ahalorotako Jainkoaren etxe sainduaren kontra, bere buruaz hanbateko espantuak erabili baitzituen;

        33. Judasek manatu zuen Nikanor gaixtaginaren mihia ere ebakirik, poxika ematea hegastinei; erho haren eskua berriz, tenplotik ezar zezaten dilindan.

        34. Orok benedikatu zuten beraz Jaun zerukoa, erraten zutelarik: Benedika bekio bere lekhua khutsurik gabe zaindu duenari

        35. Nikanorren burua berriz, gaztelu gainean ezarri zuen dilindan, ezagun eta ageri izan zadien Jainkoa ganikako laguntzaren erakhuskaria.

        36. Aria horietaz, guziek boz batez erabaki zuten egun hura etzela niholaz-ere bestarik gabe iraganen;

        37. Besta hura berriz, izanen zela, siriaraz adar deitzen den hilabethearen hamahirurean, Mardokeoren egunaren bezperan.

        38. Beraz horiek Nikanorren gainean eginak, eta ordutik hiria Hebrearrez gozatua izan zen bezala, nik ere hortan akhabaturen dut solasa.

        39. Baldin ongi bada eta istorioak galdatzen duen bezala, hori nahi nuke; ez bada ordean gauzak merezi bezenbat, barkhatu behar zait.

        40. Alabainan nola bethi arnoa edatea, edo bethi ura kaltekor baita, bainan aldizkatzea gozo; hala irakurleentzat ere solasa ez laiteke gogarako, baldin bethi zorroztasun batean balihoa. Huntan akhabo izanen da beraz ene solasa.

 

aurrekoa